Suhiltzaileen biribilgunea

Mundu liluragarria zeukan ikusgai etxeko leihotik. Herrian gertatzen ziren une interesgarri ugariren lekukoa zen etxetik mugitu gabe, kalera atera barik, ez zuen telebistarik piztu behar. Bakardadea askoz ere eramangarriagoa zen horrela.

Autobus geltokia etxe azpiko biribilgunean ipini zutenetik, turisten mugimenduekin erraz entretenitzen zen. Ilehoriak, beltzak, bertakoak, magrebtarrak, asiarrak, latinoamerikarrak, adinekoak, gazteak, ikasleak, erromesak, surflariak. Aireporturako zerbitzua herrian ere gelditzen zenetik, gozamena zen. Nongoak izango ziren asmatu nahian ibiltzen zen leihoan asomatuta.

Lanegunetan, goiz esnatzen zenez, egiten zuen lehenengo gauza leihora hurbiltzea zen. Goizeko pastillak hartu aurretik ere, lehendabiziko gauza asomatzea zen. 07:00-08:00 tarte horretan mundu zoragarria zeukan begi-bistan. Buruz zekien nortzuk hartuko zuten hiribururako busa, nortzuk ondoko probintziara zihoana, nortzuk probintziako barnealdera. Izenak ipinita zizkien gainera. Baten bat ez bazen agertzen, ea gaixorik egongo zen pentsatzen zuen, eta handik bizpahiru egunetara berriro ikustean “hara, errekuperatu egin du” pentsatzuz lasaitzen zen. Zenbat urte izango zituzten, zein ogibide, ezkonduta zeuden ala ez, seme-alabak zeuzkaten ala ez asmatu nahian zebilen bere postuan ipinita.

Larunbat goizak desberdinak izaten ziren. Bezperako mozkorren bat geltokiaren inguruetan egon bazitekeen ere, goizetik mugimendua koloretsua eta alaia zen. Herriko gazteak uniformatuta gelditzen ziren suhiltzaileen aldean, eta koloreen arabera zein kirol eta zein taldetakoak ziren asmatu nahian ibiltzen zen asteburuetan ere leihoan azalduta.

Zelatariak ez zekiena zen bera ere zelatatuta zegoela. Guardako aingerua zeukan adi. Orduan, egunak zirela leihora ateratzen ez zela kezkaturik, hark abisua eman eta suhiltzaileek bota behar izan zuten atea emakumea erreskatatu ahal izateko, ke artean. Ospitalerako bidean, “eskerrak etxe ondoan ditudala” pentsatu zuen. Zenbat urte izango zituzten pentsatuz eman zuen bidaia guztia, ohatilan etzanda, erizain eta medikuari begira.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude