
Gorka Urbizuren kanta bat ematen badu ere, liburu bitxi baten izenburua da. Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazle hendaiar-lesakarrak idatzitako harribitxia. Nola uztartu dolu istorio bat musikarekin (Itoiz, Petti, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Pepito Iantzi, Silvio Rodríguez, Zubigaineko dantzaren soinuak). Eta zelan lotu hau guztia zaldi (behor) batekin.
Maddi Aneren lehendabiziko eleberria leitu nuen, “Ene baitan bizi da”, Lapurdiko kostaldetik eta Bortzirietatik ekarritako haize freskoa izan zena niretzat, debut zinez dotorea. Bigarrena, “Ez erran inori”, ez dut oraindik irakurri, baina hirugarren honi bai ekin diot, eta lehenengo liburutik amankomuneko elementu batzuk sumatu ditut. Tarteka, Unai Iturriaga bertsolari eta multimediaren “Berandu da gelditzeko” hartaz gogorarazten didaten liburuak dira Txoperenaren bi hauek: gaztaroa, sexua, musika, taberna giroa…
Izan ere, erraten dugu sexua jada ez dela garai bateko tabua, eta horren ordez heriotza dugula gaur egun jendarte honetan tabu nagusia. Anitz jenderentzat heriotzaren pornografia egiten dugula honi buruz solastatzen garenean, alegia. Eta hain zuzen ere hauxe bera da Maddi Anek egin duena liburu honetan, tabuei buruz mintzatu, hala sexuari nola heriotzari buruz. Chapeau!
“Zahartzeak hori baitauka: gero eta hutsune gehiago ikusten dituzula bizi izandako tokietan, eta gazteagoek ez dituztela sumatu ere egiten. Beldurra ematen dit horrek: zu ere ahantziko ote zaituzten azkenean, zu oroitzeko gutako inor gelditzen ez denean”.
Asko identifikatzen naiz lehenengo esaldiarekin, gero eta hutsune gehiago nabaritzen dudala nik ere, jende ezagutu berriak orekatzen ez duena. Paragrafoaren bigarren zatia ere egia da, baina horretarako gaude gu, pertsona horiek guziak oroitzeko, bizirik gauden bitartean. Lantzean behin Lesakako kanposantura igo eta aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzeko.
Bertzela, hitzaldietan eta horrela sarritan azpimarratzen dudan kontu bat jaso du lesakarrak, eta poztu naiz honetaz konturatu izanaz: “Badira dolurik gabeko heriotzak. Gorroto zenituen edo ezagutzen ez zenituen pertsonenak, adibidez. Are ospakizun kolektibo bilakatu direnak ere”.
Labur erranda, oso pozgarria da ni bezalako adin ertaineko pertsona batentzat (xaharra ez esatearren) pertsona gazte batek dolua gaitzat hartzea, eta modu eder honetan gainerat. Esker mila!
PD.- Zaldi emozionalak gara (“Hamabostean behin” podkastetik).
