Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Hirurogeita zazpi urte



Hori da hemendik urte gutxi
batzuetara Espainiako gobernuak adostu duen adina lanetik behin
betiko erretiroa hartzeko. Ekonomian aditu bat ez naizen aldetik eta
irakurriz komunikabideetan azaltzen denaz, ez dut uste erabakirik
zentzuzkoena hartu duela Zapateroren gobernuak krisitik irteteko.

Ez dago dudarik pertsona
gutxi batzuk neurri honen alde egongo direla: PSOE alderdia,
bulegoetan lan egiten duten enpresariak, esfortzu fisiko eta
psikologiko handirik eskatzen ez duten lanpostuetako jendeak… Baina
zer esan dezake langile batek orduak eta orduak igarotzen dituena
astero katean, edo garbiketa lanetan, edo eraikuntzan… eta etxera
lanegunaren ostean neka-neka eta ezer egiteko gai ez dena? Uste dut
langileriaren gehiengo handi bati ez zaiola gustatu komunikabideetan
notizia hau azaldu izana.

Argi dago Espainiako estatuko
defizit publikoa izugarri handia dela eta azken urte honetan asko
hazi dela krisiaren eraginez. Baina zer egin du gobernuak bitartean
hau ekiditeko? Hartutako neurrien artean bankuei diru publikoa ematea
eta gastu publikoa murriztea. Eta langileek ordaintzea nahi dute
beraiek eragindako kalteak! Ezin dut sinetsi.

Hasteko krisia sortu dutenei
zigortu beharko litzaieke eta ez gure dirua eman finantza krisiak
izan dituztelako. Non dago bestela bankuak salbatzeko erabili den
diru publiko hori? Batek daki. Bigarrengoz defizit publikoa izugarri
hasten duten gastuak murriztu edo eliminatu. Afghanistanen tropa
espainiarrak daude eta horrek gastu bat suposatzen du
gobernuarentzat. Erabili den diru horrekin, orain arte 1500 milioi
euro. 2009an 365 milioi gastatu ziren eta Cayo Larak esan zuen
bezala, diru horrekin 60.000 lanpostu, 40 osasun eraikin edo 9125
haur eskola eraiki zitezkeen.

Ea konturatzen diren krisitik
irteteko eta defizit publikoa gutxitzeko irtenbidea ez dela lan adina
igotzea.

Gaur entzundako eta
irakurritako perla batzuk:

– Zer irudituko litzaizuke
orain esaten badizute bi urte egin behar dituzula lanean?

– Hori esan didatenei, hil
egingo nituzke.

Sherlock Homes XXI. mendean


Aste honetan Sherlock Holmes
filma ikusteko aukera izan dut eta egia esateko jasan dituen kritika
gogorrak nahiko arrazoizkoak iruditu zaizkit. Hauen inguruan
azpimarratu behar da gehienek aipatzen dutela Arthur Conan Doyleren
klasikotik asko urrundu dela pelikula, akzio ugari baitute Holmes eta
Watson bikoteak, baina era berean entretenigarria dela bi ordutan
ekintzak eta umorez betetako eszenak hamaika direlako.

Euskaraz irakurri nuen
lehenengo klasikoa izan zen Sherlock Holmes. Literaturaren historian,
ingeles literaturaren historian eta misterio nobelen historian
zeresana eman du Londreseko detektibeak. Ez dut oso ongi gogoratzen
noiz izan zen zehazki istorio horiek eskuartean izan nituen garaia
(gutxi gora behera 17 urte bete nituen urteko udan) baina bai
abentura horiek harrapatu egin zidatela eta amaierara arte irakurri
behar nituela kasuak.

Behingoan kritikei eta
kritikariei arrazoia eman behar diet. Pelikula entretenigarria da
baina badirudi merkatuak duen pisua irabazi duela klasikoen
errespetuaren aurrean. Holliwood ez da garai ona igarotzen ari eta
etekinak atera nahi ditu produzitzen duen guztian. Nire ustez oso
garesti atera zaio zine industria honi klasiko baten birziklapena.

Sherlock Holmes
arrakastatsuak

Guzti hau kontutan izanda
badirudi klasikoak errespetatuz izugarrizko porrotak jasateko aukerak
daudela. Horretan ez nago hain seguru batez ere bi adibide aipatuko
ditudalako jarraian fama onak izan dutenak.

Lehenengoa Disney etxeak
produzitutako El misterio de la piramide deituriko pelikulak Holmes
eta Watson gazte batzuk azaltzen ditu. Errespetu osoz egindako film
bat. Egia da pelikulako pertsonaiak ez direla Conan Doyleren
klasikotik hartutakoak fikzio batetik ateratakoak baizik. Istorioa
oso ongi dago landua. Horregatik izan daitezke Sherlock Holmes eta
Watson doktorearen gazte denborak filmean islatzen dena.

Bigarren adibidea XXI.
mendean kokatzen da. House telesailari buruz mintzo naiz.
Pertsonai hau oso garbi ikusten da Conan Doylek sortutakoaren ispilu
dela: misterioak gogoko eta argitzen ditu, drogazalea da, lagun
banaezin bat dauka bera gabe gauz gutxi egingo lukeena… Esan
dezakegu beraz House medikua XXI. mende honetan sortu den Sherlock
Holmes dela.

Beraz hasierako teoria bertan
behera gelditzen da, klasikoak errespetatuz gauzak ondo egiten badira
arrakastak lortu daitezke.

Urteko lehena


Amaitu dut urteko lehen
liburua irakurtzen. Unai Elorriagaren Londres kartoizkoa da. Publico
egunkariaren arabera 2010 urte honetako euskal nobelaren artean
arrakasta izan dezakeen liburutako bat erdarazko itzulpenean, Kirmen
Uriberen
Bilbao-New York – Bilbao nobelarekin batera.

Zorionez Unai Elorriagaren
eleberri guztiak irakurri ditut. SPrako tranbia, Van´t
Hoffen ilea
eta Vredaman. Asko gustatu zitzaizkidan,
lehena agian ez dut oso ondo oroitzen argumentua baina erraz irakurri
nuela oroitzen naiz. Herri urrats batean erosi nuen. Senpereko
aintziraren alboan hasi nintzen irakurtzen eguraldi eguzkitsuko
igande arratsalde batetan. Bigarrena eta hirugarrena
unibertsitaterako lan bat egiteko erabili nituen. Van´t Hoffen
ilea
analizatzea goitik behera izan zen lanaren helburua.
Hainbeste gustatu zitzaidan lana amaitu ostean Vredaman
irakurri nuela. Estilo aldetik ez nuen aldaketarik sumatu. Estilo
berezia kritika asko jaso zituena bere garaian helduei zuzendutako
literatura bat zelako haur literatura estiloarekin, baina berriro
errepikatuko dut, niri asko gustatu zitzaidan.

Londres kartoizkoa da
liburuan estilo aldaketa sumatu daiteke baina Elorriagak idazten
jarraitzen duela sumatu daiteke. Eleberria diktadura baten osteko
garai batean dago oinarritua. Pertsona bat bere familiar baten
itzuleraren esperoan dagoela du ardatz nagusi bezala. Horretarako
egunero hamazazpigarren teilatura igotzen da eta bere lagunekin
elkartzen da. Tartean misterio batzuk azaltzen dira pixkanaka
narrazioa aurrera doan heinean argitzen joaten direla. Diktadura
garaiko jendearen ohitura bitxiak deskribatzen dira nagusiki.

Oso gustura irakurri beraz
urteko lehen liburu hau eta ezbairik gabe irakurtzeko gomendatuko
nuke.

Bueltan


Bueltatu naiz. Denbora asko
idatzi gabe egon ostean espero luzarorako gelditzea blogosferako
txoko honetan. Urte hasiera zaila izan dut. Hasteko deskonektatu
beharra nuen eta Peñafiel-eko herrira joan nintzen lagun baten
etxera (ia han erroldatu nintzen egon nintzen denbora luzearengatik).
Pilak kargatu ditut beraz eta urteari aurre egiteko inoiz baino indar
gehiago daukat.

Urte gogorra izango da.
Erabaki garrantzitsu ugari hartu beharko ditut nire etorkizuna zeharo
baldintzatuko dutenak. Ikasketei dagokienez espero karrera amaitzea
eta hortik aurrera momentuz ez dakit zer egingo dudan. Aukera ugari
ikuskatzen ari naiz baina oraindik zalantza ugari ditut. Orain
otsaileko azterketan nago buru belarri. Ikasturtea hala ere ez da oso
astuna baina lan egin beharko dut gauzak aurrera ateratzeko.
Irailetik aurrera beraz momentuz ez daukat proiekturik.

Kirol bizitzari buruz esan
behar haurrekin jarraituko dudala igerilekuan klaseak ematen eta
noizean behin txapelketetara joaten. Momentuz lan honetan pozik nago
eta estres maila igotzen badute ere ezin naiz asko kexatu nire esku
utzi dituzten aurrekin.

Triatloiaren inguruan ere
hitz egin beharko dut. Aurten urte lasaia hartzeko erabakia nuen,
duatloi bat bera ere ez dut egingo. Azken orduko gertaera batzuk uste
hori asko baldintzatu dezakete. Urte honetan ekainaren 26 Gasteizen
Europako txapelketa ospatuko da distantzia luzeko triatloiean.
Denboraldiko helburutako bat horrelako distantziako triatloia egitea
zen eta proban parte hartzea oso zaila izango zelakoan nire agendatik
ezabatu nuen. Federazioan sartuta dauden pertsona batzuek ez zidaten
itxaropenik eman, guztiz kontrakoa, ezinezkoa izango litzatekeela
proba horretan parte hartzea adierazi zidaten. Orain esperantzarako
ate bat ireki da. Jadanik izena eman dut proba honetan parte
hartzeko. Apirilaren 26ra arte itxaron beharko dut nire parte
hartzearen konfirmazioa jasotzeko baina oso ederra izango litzateke
Gasteiz-eko inguruan familia eta lagunak egotea animatzen udako egun
bero horretan.

Azkenik eguneroko bizitzan
egin beharko ditudanak izango ditut aurrean: lagunekin eta
familiarekin egon, idazten jarraitu, irakurri eta 111 akademiako kide
naizen heinean euskal literaturari buruz idatzi diren azken
nobedadeei buruz iritzia eman, bizitzan ahalik eta gehien goxatu…

Urte berri on guztioi
(berandu bada ere) eta animo urte berriari aurre egiteko.

Ezbeharra Haitin


Kioskora hurbiltzeko aukera
izan dugunok konturatu gara egunkarien aukera zabalean gaur portadan
zorigaitzeko notizia bat duela protagonismoa guztien gainetik. Haitiko lurrikaraz mintzo naiz. Azken 200 urteetan uharteak jasan
duen lurrikararik larrienetakoa izan da.

Erabiltzen diren zifrak
hildako kopurua jakitera emateko orduz ordu igotzen ari dira. Zifra
ofizialek 10.000 hildako gutxienez daudela aipatu dute jada eta ez
ofizialek 50.000 hel daitezkeela. 100.000 hildako izatea ere
pentsatzekoa da.

Poliki-poliki nazioarteko
laguntza iristen ari da. Hori izan daiteke eduki dezakegun notizia on
bakarrenetakoa. Amerikako herrialde pobreenak orain inoiz baino
gehiago guztien laguntza behar du. Orain inoiz baino gehiagoez da
politika astia. Berdin du nondik iristen den laguntza,
garrantzitsuena iristea da.

Gabonak

Normal
0
21

false
false
false

MicrosoftInternetExplorer4

st1:*{behavior:url(#ieooui) }


/* Style Definitions */
table.MsoNormalTable
{mso-style-name:”Tabla normal”;
mso-tstyle-rowband-size:0;
mso-tstyle-colband-size:0;
mso-style-noshow:yes;
mso-style-parent:””;
mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt;
mso-para-margin:0cm;
mso-para-margin-bottom:.0001pt;
mso-pagination:widow-orphan;
font-size:10.0pt;
font-family:”Times New Roman”;
mso-ansi-language:#0400;
mso-fareast-language:#0400;
mso-bidi-language:#0400;}

Urtea amaitzeko gero eta gutxiago falta da.
Gaur unibertsitatean eta eskoletan ikasle askok oporrak hartuko ditugu (batzuk
hartuta izango dute jada). Familia giroan igarotzeko eta urteari errepasoa
emateko garaia iritsi da.

Oraindik klase bat falta zait oporrak
hartzeko, seiretan hasiko da nire neguko oporraldia. Hamaika plan gauzatzeko
ditut bi aste eta erdi luzeetan.

Bihar eta etzi Olentzeroren jaitsierarekin
familiaren afaldu eta bazkalduko dut. Hori bai 24ko goizean korrika egingo dut
(etxetik Olatera joan eta etorri) eta ostiral goizean Donostiara joango naiz amarekin
batera Kontxan 200 metroko igeri zeharkaldi batean parte hartzera (zita
eguerdiko 12tan da eta Gipuzkoako odol-emaileen elkartearen aldeko ekintza
solidario bat izango da. Guztiok gonbidatuta zaudete!).

Larunbatean goizean Tolosara igeriketa epaile
lanetan aritzeko birziklapen ikastaro batera eta arratsaldean Donostiara
Kontxako hondartzako krosean parte hartzera (4 km.-ko luzera izango du eta
izen ematea dohainik izango da).

Ia astebete igaroko da gabon zahar gaua iritsi
arte. Egun horretan Beasaineko San Silvestrean parte hartuko dut goizean eta
arratsaldean herriko kaleetan zehar korrika arituko diren kirolariei animatzen
egongo naiz. Hurrengo egunean bizikleta hartuko dut eta kostaldeko bira egingo
dut. Eta urtarrilaren 3an igandean, Gaztela Leonera joango naiz, Valladolid-eko
probintzian kokatua dagoen Peñafiel hirira hain zuzen ere.

Opor politak ditut aurretik, ea ongi aprobetxatzen ditudan.

Hotza baino gehiago


Bihar ziurrenik Diario de
Noticias de Alava edo El Correo, Arabako edizioa, hartzen baduzue eta
kirolen atarian Gasteizko Maratoi Erdiko kronika irakurtzen hasten
bazarete ziurrenik irabazleen izenak eta denborak aipatuko dute eta
egin duen hotza azpimarratuko dute. Baina Gasteizeko Maratoia hori
baino askoz gehiago da. Zaila da azaltzea zer den abenduko igande
hotz bateko ia 3000 korrikalariz osatutako lasterketa bat, baina
saiakera txiki bat egitera noa.

Ia 3000 korrikalariz
osatutako lasterketa bat komunikabideentzako muturreko tenperatura
batzuetan burututako ekintza bat izan daiteke, baina bere barrenean
hamaika istorioren sorleku da. Istorio bat izan daiteke pertsona
batek azken lau hilabeteetan burutik ezin kendurik egon dela egun
honekin bere marka onena gauzatuko duelakoan eta aste batean bere
itxaropen guztiak bertan behera gelditzea gaixorik egon delako eta
baldintzak ez direlako izan egokienak korrika egiteko. Edo izan
daiteke pertsona batek ezin korrika egitea eta lagunei animatu behar
izatea errepide aldamenetik. Edo…

Hamaika istorio aurki
daitezke ia 3000 pertsonako pelotoian. Antolatzaileena ere liburu
batean idaztekoa izan daiteke. Urte guztian prestatzen egon
abenduaren 20an guztia bikain irteteko eta izozteen ondorioz hamaika
buruhauste pairatu behar. Baina urte pila dira dagoeneko eta
hartutako premiazko neurriak ondorio positiboak izan ditu
lasterketan.

Istorio pertsonala zein den?
Aurten zoritxarrez edo zorionez errepide aldamenean egon behar izan
naiz. Argazki ederrak atera ditut, eta ez hain ederrak. Maratoi
Erdian beste era batera parte hartzeko aukera izan dut eta izango
dut. Bezperan parte hartuko zuten lagunekin igaro nuen arratsaldea.
Gaur goizean korrikalariei animatzen aritu naiz erabiltzen duten
ibilbidea oso ona delako ikusleentzat eta hurrengo egunetan atera
ditudan uneen artean hiruzpalau aukeratuko ditut antolatzaileek sortu
duten Gasteizko Maratoi Erdiko argazkilaritza lehiaketan parte
hartzeko.

Oso ondo igaro dut aste
bukaera hau Siberia Gasteiz inguruan eta pozik nago lortutako
emaitzez. Datorren urtean ere lasterketa honetara hurbilduko naiz, ez
dakit parte hartzaile bezala edo ikusle bezala, baina argi daukat
abenduko aste bukaera batean Gasteizen egongo naizela maratoi
erdiaren inguruan.

Desberdintasunak

Bi argazki. A eta B. Bi une desberdin. Bien artean 5 hilabeteko aldea. Bien artean 20 gradu inguruko aldea. Bata udaberrian egindakoa, bestea neguan.

Lasterketa batean 3 min eta 40 segundoko erritmoa kilometro bakoitzeko. Bigarren lasterketa 5 minutu kilometroko. Argazki bateko lasterketaren neurria 1.680 metro, beste argazkian berriz 9 kilometro.

Barkatu atzerapena. Itzuli naiz.

Iron man (burdinazko gizona)


Lehengo astean Iron Man
pelikula ausartu nintzen ikustera. Atera dudan konklusio nagusiena da
ez dagoela gaizki baina hobeto egin zitekeen eta dituen mezuak
argiago eman ere.

Orain dela urtebete inguru
gidoi zinematografikoak gauzatzeko ikastaro batean hartu nuen parte
unibertsitateak antolatua. Eta handik aurrera pelikulak beste era
batera ikasi ditut ikusten: ea gidoiak ondo dauden eraikiak,
zentzuzkoak diren, eszena motak, bigarren maila batean ezkutuan
dauden mezuak irakurri.

Gidoi aldetik nahiko ondo
dago landua baina zenbait lekutan huts egiten du. Baditu traman zehar
zenbait bira harian jarraitzea ahalbidetzen dutena. Hala ere
gertakari batzuk aurretik espero dira, eta horrek indarra kentzen dio
pelikulari, eta beste gertakari batzuk berriz sinestezinak dira.

Bigarren mailako mezuan
berriz kontraesan sakona du. Hasieran mezu zehatz bat zabaldu nahi
du: “ez gaude ados Amerikar Estatu Batuek daramaten politikarekin
armagintzan. Arma hauek Afganistango gerran erabiltzen dira bi
bandoetan eta ez baziren existituko ez litzateke gerrarik izango.”

Baina azkenean ikusten da
zuzendariak edo gidoigileak ez dutela adore ugari erakutsi. Mezua
airean uzten dute. Azkenean ez da ulertzen afera horren aurka dauden
ala alde.

Gomendagarria da pelikula hau
ikustea???
Marvel mundua gustuko baduzu ezbairik gabe gomendagarria
da. Baina kalitate aldetik kartelera betetzeko pelikula gehiago bat
da. Ez da ezohiko gauza bat eta bi ordutan entretenitzen zaitu. Ez du
askoz gehiago.

Bizitzako pasarte arraro batzuk


Situazio baten berri ematera
noa. Ahaztu buruan duzuen guztia eta imajinatu deskribatzera noana:
Maiatzeko hilabetean gaude. Liburutegi batean zaudete. Konturatu gabe
liburutegiko karneta itzuli duzun liburu baten barruan sartu duzu eta
hortik bi egunera konturatzen zara egindakoaz. Liburutegiko
arduradunarengana joaten zara eta galdetzen diozu zer egin dezakezun
galdutako txartel hori berreskuratzeko. Berak munduko edukazio
guztiarekin erantzuten dizu soilik gomendatu dezakeela behin-behineko
txartel bat egitea. Aurrekoa agertu arte erabiltzeko edo berri bat
egin arte. Behin-behineko txartel hori egiten duzu (hori bai bi aste
itxaron beharko duzu zure eskuetara iritsi arte) eta txartel berri
baten bila joaten zara (etxera iritsiko zaizuna posta bidez, hau da,
again hemendik bi astetara edo bi hilabetetara izango duzu
postontzian. Zeharo ahaztuta izango duzu gaia karta ikusten duzun
arte).

Baina behin-behineko hori
galtzen duzu era berean (liburu baten barruan utzita, nola ez). Baina
zorionez bi hilabete edo gehiago igaro dira eta txartel berri heldu
zaizu.

Hortik bi urtera gutxi gora
behera liburutegian liburu bat uzten duzu eta harreran dagoena
edukazio guztiarekin esaten dizu liburutegiko txartel bat duela zuri
emateko. Sorpresa!!! Orain dela bi urte galdutako karneta
berreskuratu duzu.

Baina horretan ez da
gelditzen asuntoa. Hortik sei hilabetera gutxi gora behera berriro
beste maileguan hartutako beste liburu bat itzultzen duzu eta
harrerakoak oraingoan esaten dizu behin-behineko karnet bat duela
galduta zenuen eta itzuli egiten dizu. Sorpresa!!! Orain dela ia hiru
urte galdutako behin-behineko txartela itzuli didate.

Harrigarria badirudi ere, hau
gertatu zait Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizeko kanpusean duen
Koldo Mitxelena liburutegian. Orain bi ikasle txartel ditut eta
behin-behineko liburutegiko txartela aurreko biak galtzen bazaizkit.