Etiketa honen artxiboa: iraila

Pilak kargatuta!

Hasierak beti izaten dira gogorrak. Esperientziak esaten dit zerbaitetan murgiltzen denean bat lehenengo pausoak direla zailenak. Erritmoa pixka bat hartu ez gara ongi sentituko.

Gizaki gehienoi gertatzen zaiguna gure egunerokoan irailean aipatutako hori izaten da. Udako egunik beroenak igaro dira (teorian – badirudi irailean tenperatura beroez gozatu ahalko dugula). Oporrak gehientsuenentzat amaitu dira, batez ere langile eta ikasleentzat. Abuztua eta uztaila deskantsatzeko garaia izan da. Bi hilabete horiek urtean zehar egiten ez ditugun gauzak egiteko aprobetxatu ditugu askok.


Iraila hasi da. Gure bailaran nabaritu da biztanleen itzulera egunerokotasunaren errealitatera. Goizetan eskoletan pertsianak igo egiten dira eta leihoetatik eguzkia berriro sartzen hasi da eraikin hauetara. Errekreo orduan ikasleen builak entzun daitezke leku hauetara hurbiltzen bagara. Inguruko lantegien eraginez mugitzen diren kotxe kopuruak gora egiten du goizeko lehen ordu eta bazkalorduetan. Eta aldaketa hori nabaritzen da goizetan herri batetik bestera mugitzen baldin bagara.


Urtero bezala, pertsonalki, pilak kargatu ditut 2011-2012 ikasturteari aurre egiteko. Aurretik erronka interesgarri ugari, helburuak ere. Horietako bat blog honetan maizago idaztea. Anjel Lertxundik bere azken eleberria atera zuenean aipatu zuen asko lagundu ziola egunero Berrian idaztea. Askok ikusiko zenuten Oriotarra euskarazko egunkarian egunero daukala bere tokia Iritzi atalean. Ez ditu hitz asko erabiltzen, baina hitz kopuru txiki horiekin gauza asko esaten ditu.


Amaitzeko animoak eman berriro zereginetan hasten zareten guztioi eta ez ezazue burua jaitsi arazoen aurrean. Bizitzari burua jasota aurre egin behar diogu!

Bero-bero dago itsasoa!

Urte batzuk dira irailean ez nintzela kantauri itsasoan bainatzen. Azken aldia Donostiako Klub Nautikoko igeriketa zeharkaldian izan zen, iraileko bigarren astebukaeran izaten dena.


Atzo iparraldera joan nintzen arratsalde pasa, nengoen tokitik hurbil zegoen eta aprobetxatu beharra zegoen. Lapurdiko Getaria ikusi nahi nuen. Ingurua ezagutu, baina herrira joan aurretik Bidarteko hondartzan pasa nuen pare bat ordu. Aipatzen dute hegoaldeko euskal kostako hondartzak eta iparraldekoak ezberdinak direla. Beno momentuz bakarra zapaldu dut eta hori horrela dela esan dezaket. Hegoaldean ohituta gaude hondartzak areazkoak izatera. Bidartekoa hondartza mixto bat dela esan dezaket, hots, area badauka baina harria ere. Hala ere, oso ondo dago arratsalde pasa egoteko iraileko egun batean: kotxea aparkatzeko tokia, jende askorik ez, leku ikusgarria…


Gainera atzoko baldintza klimatikoek lagundu zuten arratsaldea ona izan zedin. Tenperatura beroak agian eguzkipean egoteko baina ura… ura bero zegoen! Beno, 22 gradutan Andoni Aizpuruk esan zuen bezala ordu batzuk lehenago ETB1eko eguraldi iragarpenean… baina ur freskoak atsegin zaizkion batentzat ura bero zegoen! Ta olatuen egoerak bainua perfektua izan zedin lagundu zuen. Metro eta erdiko altuerakoak. Uste dut inoiz ez naizela bainatu itsasoan horrelako olatu motekin. Ertzetik nahiko hurbil apurtzen ziren. Dibertitu nintzen hauek harrapatzen saiatuz, hori bai, surf taula gabe.


Badirudi, aurreko urteekin konparatuz gero eta batez ere uztail-abuztua hilabeteekin alderatuz gero, eguraldi ona egingo duela. Aprobetxatu beharko dugu eta kosta inguruan bagabiltza hondartzara hurbilduko gara bainu bat edo beste ematera. Oñatin bagaude aldiz, Usakoko inguru berdeetara joango naiz (again uren tenperatura baxuek toki honetan ez didate ausardia nahikoa emango bainu bat emateko baina atsalde goxo bat gerizpean egoteko balioko dit).

Bueltan


Bueltatu naiz. Denbora asko
idatzi gabe egon ostean espero luzarorako gelditzea blogosferako
txoko honetan. Urte hasiera zaila izan dut. Hasteko deskonektatu
beharra nuen eta Peñafiel-eko herrira joan nintzen lagun baten
etxera (ia han erroldatu nintzen egon nintzen denbora luzearengatik).
Pilak kargatu ditut beraz eta urteari aurre egiteko inoiz baino indar
gehiago daukat.

Urte gogorra izango da.
Erabaki garrantzitsu ugari hartu beharko ditut nire etorkizuna zeharo
baldintzatuko dutenak. Ikasketei dagokienez espero karrera amaitzea
eta hortik aurrera momentuz ez dakit zer egingo dudan. Aukera ugari
ikuskatzen ari naiz baina oraindik zalantza ugari ditut. Orain
otsaileko azterketan nago buru belarri. Ikasturtea hala ere ez da oso
astuna baina lan egin beharko dut gauzak aurrera ateratzeko.
Irailetik aurrera beraz momentuz ez daukat proiekturik.

Kirol bizitzari buruz esan
behar haurrekin jarraituko dudala igerilekuan klaseak ematen eta
noizean behin txapelketetara joaten. Momentuz lan honetan pozik nago
eta estres maila igotzen badute ere ezin naiz asko kexatu nire esku
utzi dituzten aurrekin.

Triatloiaren inguruan ere
hitz egin beharko dut. Aurten urte lasaia hartzeko erabakia nuen,
duatloi bat bera ere ez dut egingo. Azken orduko gertaera batzuk uste
hori asko baldintzatu dezakete. Urte honetan ekainaren 26 Gasteizen
Europako txapelketa ospatuko da distantzia luzeko triatloiean.
Denboraldiko helburutako bat horrelako distantziako triatloia egitea
zen eta proban parte hartzea oso zaila izango zelakoan nire agendatik
ezabatu nuen. Federazioan sartuta dauden pertsona batzuek ez zidaten
itxaropenik eman, guztiz kontrakoa, ezinezkoa izango litzatekeela
proba horretan parte hartzea adierazi zidaten. Orain esperantzarako
ate bat ireki da. Jadanik izena eman dut proba honetan parte
hartzeko. Apirilaren 26ra arte itxaron beharko dut nire parte
hartzearen konfirmazioa jasotzeko baina oso ederra izango litzateke
Gasteiz-eko inguruan familia eta lagunak egotea animatzen udako egun
bero horretan.

Azkenik eguneroko bizitzan
egin beharko ditudanak izango ditut aurrean: lagunekin eta
familiarekin egon, idazten jarraitu, irakurri eta 111 akademiako kide
naizen heinean euskal literaturari buruz idatzi diren azken
nobedadeei buruz iritzia eman, bizitzan ahalik eta gehien goxatu…

Urte berri on guztioi
(berandu bada ere) eta animo urte berriari aurre egiteko.