Gaua eta bakardadea

Heriotza. Bizitza. Haruf.

Antza Kent Harufek bazekien aurki hilko zela nobela hau idazten ari zen bitartean. Zer egindezake batek halako albiste bat jasotzean? Nire ustez aukera denak dira zilegi, denak ulertzen baititut. Tristuraz uzkur denarena eta azken segundo arte bizitza esku artean heldu nahi duenarena. Ingurukoez agurtzen denarena eta isil-isilik joatea erabaki duenarena. Harufek, blog honetan iruzkinduak ditut bere Holteko trilogiako hiru lanak, nobela labur soil eta eder-eder hau utzi zigun.

Holt Coloradoko fikziozko herria da, antza Yuma hiria duena inspirazio iturri, eta nekazaritza da bertako jarduera nagusia. Bertan kokatzen ditu 2014an hil zen Harufek bere lanak. Kasu honetan, hirurogeita hamar urteko gizon-emakume biren arteko maitasun istorioa da narrazioaren muina. Eta hari fin baina sendo horren bueltan txirikordatu ditu bakardadea, dolua, iraganeko akatsen zama, guraso eta seme-alaben arteko harremana, landa giroko herrien hustutzea, esamesen opresioa etab. Dena apenas paragraforik sobera ez duen 130 orrialdetan, non egileak bere burua baimentzen duen ere bere beste nobelekiko autoerreferentziala den aipamena egiteko. Random Housek 2017an ateratako Nosotros en la noche (Cruz Rodriguez Juiz-ek itzulia) nobelari buruz nabil, egilea hil ostean argitaratua.

Nik egun bakarrean irakurri dut baina ziur nago bertako pertsonaien arteko harremanak egun askotarako pentsamenduei bazka emango diela. Hain da samurra Louis eta Addieren artekoa, hain da soila, polita eta eraginkorra egilearen estiloa.

Nobelaren hasiera bera ez ote den aspaldian irakurri dudan ederrenetakoa. Ea zuei zer iruditzen zaizuen:

Y entonces llegó el día en que Addie Moore pasó a visitar a Louis Waters. Fue un atardecer de mayo justo antes de que oscureciera.
Vivían a una manzana de distancia en la calle Cedar, en la parte más antigua de la ciudad, con olmos y almezos y un arce que crecían a lo largo del bordillo y jardines verdes que se extendían desde la acera hasta las casas de dos plantas. Durante el día había hecho calor, pero al anochecer había refrescado. Addie recorrió la acera bajo los árboles y giró ante la casa de Louis.
Cuando él salió a la puerta, Addie le preguntó: ¿Puedo entrar a hablar de una cosa contigo?
Se sentaron en el salón. ¿Te traigo algo de beber? ¿Un té?
No, gracias. Puede que no me quede el tiempo suficiente para beberlo. Addie miró a su alrededor. Bonita casa.
Diane siempre tenía la casa bonita. Yo lo he intentado.
Sigue bonita. Hacía años que no entraba.

Irati Jimenezek bere Begiak irekiko zaizkizue saiakera liburu zoragarrian dio, gauza onak bezala apurka-apurka ari naiz hura irakurtzen, amerikarrek badutela talentua narraziorako. Haruf irakurrita ez dut horren zalantzarik.

36 metro eta bihurgune asko

Hondamena. Ambao. Barrett.

Testu honek arrain eta spoiler zantzuak eduki ditzake.

Aipatu izan dut nire irakurketen ordena edota desordena Arrasateko Bibliotekako nobedadeen apalak duen garrantzia. Estrategikoki kokatua atearen alde banatan, nire eta beste askoren begirada eta irriken itu da. Hala iritsi naiz ezustean Santiago Ambaoren Trenta y seis metros (Barrett, 2019, Sara Mesak editore lanak eginda) liburura eta horrek ekarri du blog honetan Panza de Burro eta gero aipatu argitaletxearen ekimen bitxi eta eder horri buruz bigarren sarrera idatzi izana.

Kafeak zer dio pertsona bati buruz? Azukreak edo azukre ezak gure izakeraz zer dio?Zuritik beltzera dagoen tarte kromatikoan non kokakatzen da bakoitza? Nobelako protagonistak Eduardok kafearen tenperaturarekin hasiko du bere hondamendia. Finean hori ez litzake arazo ez balitz izango bere bikotearekin duen harreman eskasaren sintoma: ez da ausartzen bikoteari esaten nahiago duela kafea bero hotza baino, hark prestatzen dio gosaria, eta egunero katilukada bete botako du fregaderatik behera. Hortik abiatuta bi semeekin duen harreman falta, komunikazio eza eta bere aitatasun eredu duda-mudazkoa.

Liburutik gauza batzuk ez zaizkit gustatu. Espainiako istiluen zera guzti hori, bakteria dirujale misteriotsu eta guzti, nekez uztar liteke nire ustez trama nagusiarekin. Gauza bera esan dezaket izenburua sortzen duen protagonistaren pentsamendu suizidari buruz. Hobe luke akaso Ambaok hari nagusiari soilik helduta obra landu: sintoma txikiak ezin irakurtzearen arriskua eta gizon baten erorrera ustelkeriara. Hasierako hogei orrialdeak, gutxi gorabehera miragarriak dira: prosa landua, gauza materialek sinbolizatzen dutenaren azterketa aparta, pertsonaia nagusi ezaugarri gutxi batzuekin borobila eta ministerio gris baten lan giroaren deskribapen aparta. Hortik aurrera nire ustez kontuak indarra galtzen du eta bukaera aldera tentsioa mantentzen bada ere esango nuke ordurako liburua “eroria” dela.

Eta halaber merezi du, irakurketa erraz eta atseginekoa baita, durduzagarria batzuetan eta besteetan iluna izanagatik ere, eta esango nuke ustelkerian erori diren batzuen ispilu ere izan litekeela. Finean, amildegira garamatzaten pausoak maiz txikiak eta hutsalak direlako banan-banan aztertuz gero.

Astoa ikusi nuen

Abreu. Tenerife. Freskura.

Ura eskutik eskura. Hori zen Imanolek abesten zuen freskura. Eta halakoa da iazko urte pandemikoan (edo zoritxarrez urte pandemikoen aurrenekoan) arrakasta lortu zuen liburu hau: freskoa hizkuntzan, bizia eta ahozkoa.

Andre Abreu idazle kanariarraren Panza de burro (Barrett, 2020) ahoz aho hedatu den nobela zoragarri horietakoa da. Bertan, 11 urteko bi neskatilaren uda zati bat kontatuko da, sumendiaren begirada boteretsuaren eta laino gogaikarriaren mendean bizi eta irla batean egonagatik ere hondartzara joatearekin amesten duten bi haur. Badu nondik heldu ugari nobelak: lehena, ebidenteena, hizkuntza fresko eta biziaren aldeko Abreuren hautua. Esamolde kanariar asko, anglizismoak, esaera kolokialak eta halako beste hamaika bitarteko darabiltza idazleak. Emaitza hasierako orrialdeetan liluragarria da irakurlearentzat, hala sentitu dut behintzat nik, eta badu harridura atseginetik asko. Kapituluen laburtasunak ere bizitasun handia ematen dio irakurketa erritmoari.

Gaiak ugariak dira, baina hauetatik nik nagusi gisa maitasuna azpimarratuko nuke. Protagonista eta Isoraren arteko harremanak badu laguntasunaren muga gainditzetik. Bi haur hauek une oso partikular batean bizi diren bi neska dira, haurtzaroa uzteko trantzean direnak, eta honen bueltan dantzan abandonua, txirotasuna, turismoa, sexu indarkeria eta beste ugari dira dabiltzen kontuak. Haur begiradak (une batzuetan duda egin dut narratzailea noiz ari den kontatzen gertatutakoa, ez ote den heldua bere hizkeragatik) eta pertsonai askoren graziak, Juanita Banana mundiala da, laguntzen du tonua gehiegi ez iluntzen.

Liburuaren erdia pasata pentsatu dut geldotu dela kontakizuna. Hiruzpalau kapitulu kenduta akaso hobeto funtzionatuko luke, baina ez nago ziur, izan ere azken txanpan abiadura bizia hartzen du kontakizunak amaierararte. Ez etsi, merezi baitu azken kapituluak. Liburu interesgarria, lagun artean irakurri eta komentatzeko modukoa eta eskertzekoa. Ez da gutxi, ezta?

Bukatzeko, hemen ausaz hautatutako pasartea, hizkeraren traza bat hartzen (akaso) lagun dezakeena:

En la venta, Chela estaba gritando que daba temor de Dios. Ya estuvieron esas putas otra vez cagando por fuera de la venta, decía, ya estuvieron otra vez esas cachoputas. Chela decía que a las brujas del monte cuando les daba cagaletiaban todo que parecían abobitos de tanto churre. Ella hablaba de las brujas del monte como si las conociera toda la vida. A veces las viejas del barrio contaban que cuando eran chicas e iban a buscar penillo al monte se las encontraban en los bailaderos, desnudas y con pelos largos, estregándose con los pinos. Nada más verme Isora me dijo shit, tengo que recoger la mierda bruja con una pala, ayúdame que o siempre te ayudo y después jugamos a las barbis.

Alfa

Hastapenak. Carvalho. Herbehereak.

Post honek spoiler arrastoak eduki ditzake.

Josteko makinari buruzko post ederra zatekeen. Guk etxean Singerra dugu, baina uste dut amamak Alfa ere bazuena. Ez nago ziur eta ez dio inporta egia esan. Izan ere, Eibarko enpresa ezagunaz ez, greziar alfabetoko letraz jardun nahi dut. Edo egozten diogun hasiera esanahiaz, hobe esanda. Vázquez Montalbánen detektibe ospetsuaren aurreneko abentura da Tatuaje izenekoa (Planeta 1976 lehen edizioa, nirea 2020ko Booket sailekoa). Polita da beste istorioak irakurri ostean ekitea honi eboluzioa agerian geratzen delako: Carvalho-Charo harremana, Biscuterren ausentzia, Bromuroren presentzia eta ondorengo fintzea, CIAko agente ohiaren zama ondoren Komite Zentraleko atalean ezik ia desagertua dena edota atzerriko hiri baten presentzia Bartzelona omnipresentearen ordez besteak beste.

Kasu honetan gizon ezezagun baten gorpua agertu da hondartzan, arrainek aurpegia janda dagoena, tatuaje handi eta nabarmen bat duena soilik bereizgarri. Barregarria eta ia xamurra da nola kontatzen den liburuan tatuajeen mundua, zein zen 1976 urrun hartan zeukan kontsiderazioa eta egun bizi duen eztanda. Ez da arraroa klase sozial denetako gizon nahiz emakumeetan ikustea halakoak, aspaldi utzi ziren atzean marinelen istorioak. Kasuan Carvalhok misioa du, bakarra, hildakoaren izena jakitearena. Bidean baina bere jakin-nahiak eroango du enkargutik harago joatera, ezin baitio muzin egin misterioa argitzeari. Hori da askoren galbide, hain zuzen ere, Galeanoren ipuineko papagaioari ez ezik askori bizitza mingostu diona.

Ondo dago liburua eta hastapenetik bertatik ageri dira Carvalhoren sagako hainbat bereizgarri: detektibe eszeptiko eta zakartasun erromantikoduna, gastronomiaren zentralitatea, emozio basikoen garrantzia krimenetan bestelako motiboen gainetik eta abar. Nik faltan bota dut Biscuter, iruditzen zait ematen diola grazia handia kontuari, baina eskertu dut Herberehetako deskribapena. Ondo betetzen du funtzioa nobelak.

Hadrianoren oroitzapenak

(2021eko urriaren 1ean Puntua aldizkarian argitaratutako testua, Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak nobela bikainean inspiratua).

Iraila da memoriaren hilabetea; Arrasaten, bederen. Irailaren
26an sartu baitziren tropa frankistak herrian, eta oraindik
bizirik dirau Txiki, Otaegi eta beste hainbaten oroitzapenak. Ez
da hori, halaber, testu honetan aipatu nahi dudan memoria mota,
pertsona batek bere bizitzaren edo aro jakin baten hondarrean
eginiko oroitze, galbahe, baztertze eta jasotze ariketa dena baizik.

Euskal letretan azken hilabeteotan atera da liburu interesgarririk
oroitzapen ariketa gisa, baina, egiari zor, ez ditut irakurri, eta beste
baterako utziko ditut. Nik buruan dudan liburua, zuekin partekatu
nahi dudana, Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano da,
1974an nobela historikoa goitik behera eraldatu zuen maistralana.
Flauberten esaldi bat aipatzen du Yourcenarrek oharretan:
“Jainkoak ez zirenean jada existitzen eta Kristo artean agertu gabea
zenez, momentu bakana egon zen, Zizeronetik Marco Aurelioraino,
soilik gizakia egon zena”. Hura garaia hura! Hain zuzen, Marco
Aureliori eskaintzen dizkio oroitzapenak fikzioko Hadriano
enperadoreak, gizon honen mentalitatea bikain jasotzen duen testu
marabilla honetan. Zertatik marabilla? Batetik, botere gorenaren
jabe den gizon baten pasio, kezka, itzal eta handitasunaren
konpilazio aparta delako. Bestetik, obra politiko brillantea delako,
Erromaren handitasunaren berme gisa konkista ez diren beste
metodo batzuk nabarmentzen direlako, eta horretan Hadriano
jakintsuak egiten duen ahalegina. Bukatzeko, gaztelaniazko
itzulpena Julio Cortazar handiarena da, eta aizue, egunero ez da
halakorik esku artean edukitzen. Euskaraz ere bada lana,
Hadrianoren oroitzapenak izenburuarekin, Joxe Austin Arrietak
1985ean itzulia, eta, aditu dudanez, itzulpen aparta da. Cortazarren
edo Arrietaren artean aukeratzea luxua da, ez da hala?

Memoriak irakurtzen memoria ariketari buruz aritu naiz
pentsatzen. Zer du batek ondorengoei kontatzeko? Nik gero eta
gutxiago, hori ziur. Hitz egiten ikastea baino gehiago kostatu zaidala
isiltzen ikastea, lodi egoteak ez nauela lodifobiatik libratu, gorroto
ditudala autobusetako eserlekuak hankak ezin kabitu egoten
naizelako eta interes gutxiko beste txikikeria batzuk. Hobe
Hadrianorenak irakurri eta Yourcenarren talentuaz gozatu.

Orbaitzetako ola

Intriga. Krimenak. Ibon Martin.

Azken urteotan argitalpen ugari dago Orbaitzetako ola ardatz duena. Nire ustez, esanguratsuenak dira Malli Txaparrek eginiko historia ikerketa lan zehatz eta fina, Pamielak argitaratua eta hemen aurki dezakezuena, eta Ibon Martinen La fábrica de las sombras (Travel Bug, 2015) nobela, Leire Altuna idazlea protagonista duena. Ez zait horrenbeste gustatu Legartza errekaren ertzean ere kokatua den Asisko eta Joseviskiren Basolatik berri onik ez komikia, baina horrek eskatuko luke eskua beste dilista plater batean (edo batzuetan) sartzea eta ez dut streaptease horretarako aldarterik.

Ibon Martin idazle talentuduna da. Eta niri, talentu horri beldurrez, kosta egin zait niretzat horren interes bizikoa den Orbaitzetan girotutako lan hau esku artean hartzea (H)ilbeltza bekarako dokumentazio lanak behartu nauen arte. Zergatik? Batetik inguruko batzuk irakurrita aurpegi arraroa jarri izan didatelako nobela honi buruz galdetu ostean. Ba talentuz lizentzia artistikoak oharkabean pasatzen direlako eta lizentzia horietako batzuk zauriak irekitzen dituzten horietakoak direlako.

Ea ondo azal dezakedan goiko ideia hori: lizentzia bat da esaterako Urkuluko dorrea Olatik bertatik ikusten dela esatea. Ezinezkoa da, haranak hor duen formagatik, baina Martinek istoriorako ezinbestekoa du eta uste dut permititu dakiokeela mendien forma bihurritzea. Beste lizentzia bat da, sakonagoa zentzu guztietan, Mikel Zabaltzaren erreferentzia oro ezabatzea. Olako plazan bertan dago oroigarria, Zabaltza familiaren etxe parean, eta omisio esanguratsua iruditu zait bertan egiten zaiolako omenaldia urtero Mikeli… Bada lotura afektibo argi bat dago askoren artean, Ola eta Mikel. Esanguratsua da omisioa ez zaidalako iruditu politikaren fenomenoari, politika kontu zaharrei eta berriei, uko egiten dion idazle bat: Podemos alderdia hitzez hitz aipatzen du, frankismoaren hainbat ondorio xehe kontatzen ditu, Foruzain eta Ertzainen arteko eskumen banaketa aipatzen da… Ulertzen dut ez dela erabaki erraza sartzea nahiz ateratzea, baina niri deigarria egin zait eta faltan bota dut aipuren bat.

Lizentziez gain badago beste kontu bat interesko egin zaidana: nola deskribatzen dituen herria eta batez ere herritarrak. Landa eremuko aje nabermen batzuk aipatzen ditu: jauntxokeria, mesfidantza, neguak duen presentzia astuna… baina ez diot argi batere antzeman eta hori ez da guztiz bidezkoa. Chandlerrek edo Hammettek Estatu Batuetako hirien ustelkeria nabarmentzen dutenean nobela beltz klasikoetan premisa batetik abiatzen dira: zinemak eta gobernuak aski propaganda egin dutela kapitalismoaren onurez. Antzeko zerbait pasatzen da nobela beltz eskandinabiarrean, haien ongizate gizarte eskuzabalaren ifrentzu dira krimenak. Kasu honetan ez dago halako kontraposiziorik: ageri diren aetzak motzak, fanatikoak, itxiak, kirtenak dira. Estereotipo koadrila galanta batu du Martinek Olan, hain justu akaso bisitari gehien jasotzen dituen Euskal Herriko txokoetako batean.

Bukatzeko nobelaren atal batzuk gustatu zaizkit: esaterako gaueko lana eta frankismoko giro opresiboa oso ondo kontatzen du. Trama edo hari ezberdinak josten ere trebea iruditu zait Ibon Martin. Entretenitua da eta thriller zaleek (aita Orbaitzetakoa ez dutenek akaso) gozatuko dute. Pena hori, Celia irakaslearen pertsonaia ez zaidala aski iruditu pertsonaia galeria ilunegiai kontrapisua egiteko.

Bilbao-New York-Bilbao

Autofikzioa. Ondarroa. Boga-boga.

Bat, ez zait okurritzen ezer askorik Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) nobelari buruz honezkero kritiken hemerotekan esan ez denik. Ados nago ñabardurak ñabardura kritikari askok dioenarekin eta zerbait gehitzekotan orriotako fikzio apurrak kalte egiten dio marinelei eta Ondarroari buruzko pasarte interesgarrien konpilazioari.

Bi, Artetaren mural baten lamina dakar liburuak orrialde artean ezkutatua. Badu zerbait obrak, Bastidatarren etxean egoteko eginak eta egun Bilboko museoan denak, aktuala eta tristea dena. Amildegia iradokitzen dit niri eta gustatu zait Uriberen ikuspuntua beste bat izatea. Begirada beste koadro dago lamina horretan. Artea batik bat interpretazioa baita eta hor bakoitzak du berea, maiz zerbait gustukoa edo ez gustuko dugula aitortzeak lotsa ematen badu ere. Hori du ona arteak, kritikak kritika, entzule-ikusle-irakurle bakoitzak eraikitzen duela harreman propioa artearekin eta kasu honetan esan dezala hemerotekak (nire bloga barne, jakina) nahi duena liburuak irakurlearen asebetetzea badakar. Horregatik irakurtzea merezi du liburu honek eta ondoren bakoitzak epai beza. Horra neronek kritiken hemeroteka soilik blog honetan idazteko kontsultatzearen arrazoi nagusia.

Amnesia

Oroimena. Ballinger. Noir.

Dudatan sartu eta ase atera, hala egin dut Bill S. Ballingerren Segundorik luzeena (Harper 1957 originala, Igela 2009 itzulpena Xabier Olarra itzultzaile) obraren irakurraldia. Onartu beharra dut orain arte Igelako Sail Beltzak eskaintzen dituen gutitziak majo disfrutatu ditudala. Baina azalak eta egile ezezagunak ez ninduten guztiz erakartzen. Tontoa ni! Nobela aparta baita, pertsonaiak ondo eraikiak eta narratzaileak trebezia handiz daramatza kapituletan tartekatzen diren bi denborak (narrazioaren zati bat lehenagokoa da kronologikoki bestea baino).

Ballingerri kritikak jarri dion epitetoa da nobela beltz lirikoen gurasotasunarena. Ez dakit horrenbesterako den, ez baitut aski jakintza hori hala denik baieztatzeko, baina egia da deskribapenak mamitsuak direla, pertsonaiak sakonak eta ageri den jende gogorraz harago doana kontatzeko bokazioa duela narratzaileak. Victor Pacific protagonista amnesikoaren barne ahotsa ederra da, Bianca Hillek transminitzen duen xalotasun onbera paperaz haragokoa da eta Rosemary Martinen larria irakurlea estutzen du.

Hemen protagonistaren identitate bilaketan bikain islatzen duen paragrafoa (12. or): Eskugainak, hobeto azterturik, ile sarriaren ilungunea erakutsi zuen, baina azala leuna eta zimurrik gabea zen.

Ez nituen eskuak erabiltzen ogia irabazteko; hori izan zen neure buruaz aurkitu nuen lehenbiziko gauza. Eskua ohe gainean erortzen utzi nuen. Baina izena? Zer izen nuen? Nor nintzen? Gero, izenak hasi zitzaizkidan pasatzen burutik, berez, ni saiatu gabe: Aly Khan, Windsorko dukea, Ernest Hemingway, Gary Cooper, Horstman koronela, Adlain Stevenson, Goethe.

Jarioa bat-batean eten zen, uhate bat braust itxi banu bezala. Zer aritu nintzen egiten? Zer aritu nintzen pentsatzen?

Pena bakarra Igelako edizioan dagoen spoilertzarra. Kontrazala irakurtzen duzuen horietakoak bazarete oraingoan ez dizuet halakorik gomendatzen. Horri eusten badiozue gerraosteko New Yorkeko bankuak, hotel kirasdunak eta pertsona adeitsuak ezagutuko dituzue Victor Pacificekin batera. Nork daki, akaso zuek ere beste bizi bat bizi izandakoak zarete eta ezin duzue oroitu.

Zakurra

Ozeanoa. Oihana, Quintana.

Konfiantzazko lekuan trabarik ez. Hala bizi dut Arrasateko Liburutegia, leku eder eta gozo gisa. Apalak ondo beteak, gomendioak zehatzak eta arreta profesionala. Gaurkoan irakurle baten gomendioa jarraituz hartu dut liburua, itsuan, eta ez nau batere dezepzionatu. La perra da liburua (Pilar Quintana, Penguin Random House 2019) eta badu sinplea dirudienaren sakontasuna.

Basora joatea bezalakoa da liburuaren orrietan murgiltzea. Badira baso batzuk, txikiak lehen begi kolpean. Pagadi txiki bat, hariztia, edota pinudia. Berdin dio. Kanpotik asekiblea izan liteke han sartzea, abentura kategoriarik inondik inora merezi ez duen paseoa. Baina behin basoan zaudela, itzalpean, kanpoko arauek ez dute balio. Pauso bakoitza ondo neurtu beharreko ariketa da lurrean diren enbor eta adarrengatik. Denboraren orratzak moteltzen dira. Zaratak ozenago dira eta tonuak ilunago. Basoan metro koadro bakoitzak du zer arakatu. Hori ez da parkean pasatzen. Basoak ohitua ez denaren zentzumenak nahas ditzake.

Quintanaren nobela (ipuin luzea?) oso sinplea da. Damaris eta Rogelio bi beltz txiro dira, lantxo ugari eginda minez bizi direnak. Rogelio zakarra da Damaris goxoa. Baina herria ez da edozein herri. Ozeanoa eta oihana batzen ditu. Bata gorpu gose eta bestea labirinto. Zakurrak ez dira soilik zakur. Zakurrak amatasun zauriak dira, erruduntasuna, gurasoen absentzia, txirotasuna, askatasuna, goxotasuna. Dena izan liteke zakurra eta aldi berean ez dio uzten ugaztun etxekoi hori izateari.

Idazlearen talentua, eta talentua behar da egin duena egiteko, nabarmena da. Honela hasten den nobela batek ezin du gaizki bukatu:

-Esta mañana la encontré ahí, patas arriba -dijo doña Elodia señalando un lugar en la playa donde se juntaba la basura que el mar traía o desenterraba: troncos, bolsas plásticas, botellas.

-¿Envenenada?

-Yo creo.

Nik ia hiru orduan irakurri dut, zeharo harrapatuta. Merezi du.

Zeruan eta infernuan

Gerra. Funanbulistak. Irisarri.

Iñaki Irisarri idazlearen …eta infernuko demonioa adiskide (Elkar, 2021) moduko lanak ez dira ugari euskal literaturan. Batetik ekintza hutsari ematen diolako lehentasuna, bestelako dibagaziotan galdu gabe, eta oso positibotzat dut hori. Bestetik oso ondo uztartzen duelako girotze historikoa, Napoleonek Euskal Herri osoa bere gain hartu zuenekoa, eta tramak berarekin dakarren intriga. Gehitu horri hizkuntzaren erabilera txukuna eta ekinaldi bakarrean irakurtzeko moduko liburua geratzen zaizu. Aipatu dudan hizkuntzaren erabile onaren froga gisa honako paragrafo hau (80. or):

Txarrok ez du nahi Babil bentan bakarrik gelditzerik. Oraindik ez da guztiz fidatzen Martinarekin, hark Babilekin erakutsitako ardura gorabehera eta gerrillaren hornitzailea izanagatik. Ikazkinarekin beltz eta errotazainarekin zuri aritzen den pertsona klase horietakoa iruditzen zaio, bi jaberen eskuak milikatzen dituen zakur ustez otzana. Nola demontre mantendu daiteke halako benta oparoa gerra-giro batean?

Gerra giroak baldintzatzen ditu nobelako hiru protagonistak. Babil, mutil mutu eta sentibera, tragedia batek bultzatua alistatzen da Espoz y Minaren gerrillan. Txarro gizon biolento eta zakarra da. Hau presondegitik fitxatutako gerrillaria da eta demostratzen du nola gerrak dakarren lausotze moral nahiz legalean halako pertsonaiek balioa irabazten duten (eta mugitzen dakite gainera giro horretan). Azkena, Lauren, komenientziaz alistatzen da ez dezaten koldartzat jo eta dituen ideal ilustratuek talka egiten dute Napoleonen tropen praktika bortitzarekin.

Bukatzeko niri bereziki gustatu zaizkit agertzen diren benten girotzeak, horren urrun eta aldi berean horren gertu dugun mundu horren narrazioa. Espero dut irakurle gisa abentura gehiagoz gozatzeko modua edukitzea, hari honi tiraka edo mataza berriak hasita. Bejondeiola idazleari.