Mediku xaharrak gazteari

Jean Etxepare Baigorri.

Zarautzen oso bizitza atsegina dugu, egia da, eta ez nuke aldatuko beste ezerekin. Eta egia da, halaber, Bilbora itzultzea osagarria zaidala, eta maiz egitea, lagun baten urtebetetzea dela, kontzertua edo jardunaldia dela, edozein arrazoi balekoa da. Aurrekoan, La Casilla inguruan lasai paseatzen nenbilela, aspaldiko lagun bat topatu nuen. Bistan da lasaitasunez ibiltzea dela biderik onena horrelako topaketak izateko.

Manolo izan zen nire irakaslea AEKn, Indautxun, orain dela ia 30 urte. Ilea neukan orduan, atera kontuak. Ikastaro bakarra izan zen elkarrekin egon ginena, baina denbora nahikoa horren ostean behin baino gehiagotan bildu izateko, eta elkarren berri izaten jarraitzeko. Emankorra izan zen beraz ikastaroa, gainera orduan ezagutu nuen gaur egun lagunik handienetakotzat dudan Miguel, bera ere ikasle.

Lehengo egunean esan bezala, urteak pasa eta gero, Manolorekin berriz ere topo egin eta testu bat partekatu zuen nirekin: Jean Etxeparek (argazkian) idatzitakoa duela 100 urtetik gora, “Buruxkak” liburuan (1910), linketik sartuta osorik irakur daitekeena. Jean Diasporan jaio zen, medikua eta idazlea izan zen, eta Ipar Euskal Herrira gazte itzuli zen Argentina, familia Nafarroa Beherekoa baitzuen. Beste itzulkin bat beraz, hainbat paralelotasun aurkitu ditzaket nire biografia propioarekin, gainera.

“Mediku xaharrak gazteari” testua aztertuz, hainbat pasarte zinez bitxiak daude komentatzeko. Hilzorian dagoen sendagile zahar batek elkarrizketa bat mantentzen du mediku gazte batekin, eta horrela mintzatzen zaio hasieratik: “Ez baita orobat gutarik hil ondoan deus gelditzen ohartu gitzaizkioten eta bertzeer erakutsi dioztegun egia bakarrak baizen, dazkitan lehenbizikoak erran gogo daizteat hiri. Barkatuko daitak gure ofizioari eratxikitzen badira denak“. Alegia, hil ostean gutaz ezer gelditzen ez denez, hobe dugu ikasi ditugun egiak besteei irakastea.

Lehendabiziko aholkuak erabat aldrebesak dira, nire dekalogoan ditudanak behintzat guztiz alderantzizkoak dira: “Eriekin, elhe guti. Emeetek hanitz sendagailu. Ez die sinesterik erremedio ausarkietan baizik. Bitxiago bertzalde, eta hobeago zaizkoie”. Gaixoekin hitz gutxi, eta botika asko emateko, zenbat eta bitxiagoak hainbat eta hobeto. Badaude perfil horren pazienteak eta medikuak, noski, baita orain dela 100 urte ere. Baina neure patroia beste bat da puntu honetan.

Sendatzea hitzemak bethi. Ez baduk heltzea uste, eta aithortzera lerratzen bahiz, nundik nahi duk ukan dezaten sinesterik hi baithan? Ez zaitak halako astorik, nola baita eriaren aitzinean bere jakitateaz odol hotzean durduzatzen den medikua“. Beste hau ikaragarria da, gure zalantzak eta ahuleziak gaixoari ez erakusteko aholkatzen duena. Juxtu ikasten dabiltzan mediku gazteei kontrakoa esaten diet, ez baldin badakite zerbait, eta seguru ez badaude, zuzenean aitortzeko. Pentsatzen dut lotura terapeutikoa egiteko egiazko pertsona moduan agertzea estrategiarik hoberena dela. Eta horretarako, beti sendatu ahal izango dugula gezurra da, orain eta orain dela 100 urte. Eta hobe da hasieratik horixe aitortzea, nire ustez.

Aurrerago, gainera, bestelako hau botatzen du: “Aithorrak artetan —bakhan haatik— hire hutsetarik bat, ahalaz handienetarik: noizetik noizera zafratuak ez balire, etzakiat baluketenez sinesterik jendeek medikuntza baithan“. Akatsak aitortzeko esaten du, are gehiago huts handiak badira, jendeak ez galtzeko sinesmena Medikuntzan. Erabat ados.

Sendagailuak baino nahiago die oraino esku lana. (…) Erabilzkik beraz atzaparrak! Loth hitzeie nunbaitik, ahalaz tresnekin!“. Honekin bat nator, eskuak erabiltzea komeni dela, ukitu behar ditugu pazienteak, miaketa fisikoa egin (gero eta gutxiago egiten duguna, proba erradiografikoak eta ekografikoak ditugunez). Hau galtzen doa, baina ohartu behar gara garrantzitsua dela, auskultatzea eta abar.

Hau ere egia borobila da: “Jakitatea ez duk deus; jendearekilakoa duk guzia“. Jakinduria baino askoz garrantzitsuagoa dela jendearekin dugun tratua.

Hemen betiko borroka agertzen zaigu, hirietako medikuak versus herrietakoak. Urrutiko intxaurrena sarritan, eta gainera bikain amaitzen da paragrafoa beheko esaldi horrekin, zoriona hainbat modutan neurtzen delako: “Etzaikala gaitzi hire bihotz guziaz arthatu dituzkanek ardura uzten bahite, hiriko medikuenganat joaiteko, eman dezagun Baionarat. (…) Herri ttipian hagolakotz, etzauk nehor etorriko, zorigaitzez, ihes zoazkikan heien ordain. Bainan ez dik famak egiten, ez diruak ere, gizonaren zoriona“.

Hau mundiala da: “Ez erran behinere eri bati ez duela deusik: hainbertze baita gutartean eri nahi direnak izan, edo bederen eritzat hartuak!“. Anitzetan ikusten dugu kontsultan, behintzat. (Honezkero ziur aski jada hartuta diozue testuari neurria, behe-nafarrera zaharrari alegia).

Hona mediku zaharraren azken eleak: “Atxizkik halere hire eskuak garbi, laño hire bihotza. Medikuntza duk ofizioetan ederrena”. Aholku ona, eta bai, gure lanbidea ederra edo oso ederra izan daiteke.

Eta azken uneen deskribapena, Jean Etxepare mediku idazlearen maisu-lan txikia: “Bizpalau aldiz ideki zuen ahoa xoriño batek bezala; lanbro batek hartu zaizkon begiak; eskuaren emaitera baitzoan bere lagunari, biderdi baratu zitzakon, hotz eta geldi. Hila zen“. Chapeau.

Esker mila, Manolo. Zeu be maisu.

Medikuntza narratiboa (II)

Hiru urte dira Medikuntza narratiboaz lehendabiziko aldiz entzun eta idatzi nuela. Mikel Bazari esker izan zen, eta berak sartu nau saltsa honetan. Izan ere, “Narratiba eta osasuna: Nola sortu osasuna eraikitzen duten istorioak?” izeneko uda ikastaroa zuzentzen ari da, eta bertara gonbidatu nau parte hartzen, “Bizitza kontatzea amaierara arte: heriotza, dolua eta kontakizun bisualaren indarra”. Ekainaren 23 eta 24an, Donostian. Ikerkuntza kualitatiboz, literaturaz, praktika klinikoaz, isiltasunaz… Linkean klikatuta info guztia dator, zelan izena eman eta dena.

Abiapuntua, Rita Charon mediku internista newyorkarra dugu, esparru honen aitzindaria. Mikelek “Medicina narrativa. Honrando las historias de enfermedad” liburua oparitu dit, eta hemen nabil irakurtzen amaitzen.

Patografiak. Gertakarietan esangura aurkitzea. Giza izaeraren unibertsaltasuna argiztatu, bakantasunetatik abiatuta. Gaixotasunean eta heriotzan zentzua topatu. Besteen sufrimenduaren begiruneaz. Espiritualtasunaz, misterioaz. Barneko sostenguaz. Sinesmenak eritasunen inguruan. Izaki material eta metaforikoak.

Harremanak ospatu. Harreman klinikoa landu. Komunikazio gaitasunez. Hirugarren belarria. Itun terapeutikoaz. Zein lotuta daude pazienteen istorioak norberarenekin. Humanizazioa. Eredu bio-psiko-soziala (George Engel). Psikologia narratiboa. Entzuten dakien konfiantzazko medikua (soma, psikea eta arima).

Teknologiaren sofistikaziotik haratago. Objektibotasuna, inpertsonaltasuna, hutsik dagoen medikuntza zurruna eta mesfidatia. AEBetako osasungintzaren panorama. Postmodernitatea.

Humanitateak eta medikuntza, literatura eta medikuntza. Zinema eta medikuntza. Sorkuntzaz. Plazer estetikoaz. Subjektibotasunaz. Ziurgabetasuna toleratu. Gertakari asko ausazkoak direla, aurretik ezin ditugula ikusi, esplikaezinak eta ezagutezinak.

Irakurketa arretatsuaz. Narratiban formakuntzaz. Flashback eta flash-forward. Nola irakurketek eraldatzen gaituzten. “Le Scaphandre et le Papillon” (Jean-Dominique Bauby).

Autobiografiak. Autoezagutzaz eta autokritika errukitsuaz. Apaltasunaz. Besteak ulertzeaz. Enpatiaz. Geure minak eta galerak ezagutu besteekin elkartasuna sakontzeko. Osasunaren isiltasuna.

Pairamenak ematen duelako bizitzari buruzko argitasun kiskalgarria.

Zaldi bat

Gorka Urbizuren kanta bat ematen badu ere, liburu bitxi baten izenburua da. Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazle hendaiar-lesakarrak idatzitako harribitxia. Nola uztartu dolu istorio bat musikarekin (Itoiz, Petti, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Pepito Iantzi, Silvio Rodríguez, Zubigaineko dantzaren soinuak). Eta zelan lotu hau guztia zaldi (behor) batekin.

Maddi Aneren lehendabiziko eleberria leitu nuen, “Ene baitan bizi da”, Lapurdiko kostaldetik eta Bortzirietatik ekarritako haize freskoa izan zena niretzat, debut zinez dotorea. Bigarrena, “Ez erran inori”, ez dut oraindik irakurri, baina hirugarren honi bai ekin diot, eta lehenengo liburutik amankomuneko elementu batzuk sumatu ditut. Tarteka, Unai Iturriaga bertsolari eta multimediaren “Berandu da gelditzeko” hartaz gogorarazten didaten liburuak dira Txoperenaren bi hauek: gaztaroa, sexua, musika, taberna giroa…

Izan ere, erraten dugu sexua jada ez dela garai bateko tabua, eta horren ordez heriotza dugula gaur egun jendarte honetan tabu nagusia. Anitz jenderentzat heriotzaren pornografia egiten dugula honi buruz solastatzen garenean, alegia. Eta hain zuzen ere hauxe bera da Maddi Anek egin duena liburu honetan, tabuei buruz mintzatu, hala sexuari nola heriotzari buruz. Chapeau!

“Zahartzeak hori baitauka: gero eta hutsune gehiago ikusten dituzula bizi izandako tokietan, eta gazteagoek ez dituztela sumatu ere egiten. Beldurra ematen dit horrek: zu ere ahantziko ote zaituzten azkenean, zu oroitzeko gutako inor gelditzen ez denean”.

Asko identifikatzen naiz lehenengo esaldiarekin, gero eta hutsune gehiago nabaritzen dudala nik ere, jende ezagutu berriak orekatzen ez duena. Paragrafoaren bigarren zatia ere egia da, baina horretarako gaude gu, pertsona horiek guziak oroitzeko, bizirik gauden bitartean. Lantzean behin Lesakako kanposantura igo eta aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzeko.

Bertzela, hitzaldietan eta horrela sarritan azpimarratzen dudan kontu bat jaso du lesakarrak, eta poztu naiz honetaz konturatu izanaz: “Badira dolurik gabeko heriotzak. Gorroto zenituen edo ezagutzen ez zenituen pertsonenak, adibidez. Are ospakizun kolektibo bilakatu direnak ere”.

Labur erranda, oso pozgarria da ni bezalako adin ertaineko pertsona batentzat (xaharra ez esatearren) pertsona gazte batek dolua gaitzat hartzea, eta modu eder honetan gainerat. Esker mila!

PD.- Zaldi emozionalak gara (“Hamabostean behin” podkastetik).

Begiprest

Begiz jota neukan iaztik Pako Aristi-ren liburua, “Iñaki bota daue” (Erein 2025). Bertan, Iñaki Etxabe Orobengoa arrasatearraren erailketaz zehaztasun posible guztiekin idazten du Aristik, 50 urte lehenago gertatutako atentatu ilunaz. Urte haietan, akzio-erreakzio eskemak zalantza gutxirekin funtzionatzen zuen. Diktaduraren amaiera ofiziala gertatzear zegoen, eta hainbat gertakari argitu barik gelditu ziren, besteak beste Etxaberen erailketa.

Begia begi truk. Kronologikoki, gertaerak sekuentzia honetan etorri ziren: 1973ko abenduaren 20an ETAk erail zuen Luis Carrero Blanco, frankismoaren agintaria. 1975eko irailaren 27an, Frankismoak Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituen. Urte bereko urriaren 5ean, goizean ETAk Juan Moreno, Esteban Maldonado eta Jesus Pascual guardia zibilak erail zituen Arantzazu aldean (Oñati), eta arratsaldean goian aipatutako Iñaki Etxabe erail zuen “Batallón Vasco-Español” delakoak Kanpazarren (Elorrio). Astebete geroago, urriaren 12an German Agirre taxilaria erail zuten hiru ezezagunek, Legutioko kuarteletik oso gertu. Azaroaren 20an, Francisco Franco diktadorea hil zen, kausa naturalez. Azkenik, 1985eko abenduaren 23an Juan Atarés erail zuen ETAk Iruñean, Guardia Zibileko burua izandakoa 1975 ilun hartan.

Begirada Iñaki Etxaberengan, bai eta Isaias Carrascorengan ere, ipinita daukat 2017tik. Orduan SB obra eszenikoa estreinatu genuen Arrasaten, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco alabak protagonistak direlarik. Egun hauetan Pako Aristiren liburuak lagundu dit apur bat gehiago sakontzeko Etxabetarren gurutzebidean, Juan Jose, Joakin eta Luis anaien ibilbideak ezagutzeko (1996an, 2003an eta 2025ean hil zirelarik, hurrenez hurren, modu naturalez). Halaber, istorio honekin zuzenean edo zeharka lotutako beste izen batzuk ere agertzen dira liburuan, Manuel Hidalgo guardia zibila alde batetik, eta Juan Zelaia enpresari oñatiarra bestetik.

Begi-bistakoa da zenbat buelta ematen duen bizitzak sarritan. Trilogiaren bigarrena egin eta urte batzuetara, Jesus Valle eta bere familia ezagutu nituen ospitalean, Zainketa Aringarrietako kontsultan. Burgosko iparraldetik Arrasatera etorriak 1960-70eko hamarkada haietan. Orduan topo egin zuten Etxabetarrak, Iñaki ezagutzen zuen Jesusen emazteak arraindegitik, astero bat egiten zuten “donde las bermeanas”. Bestela, Arantzazun 1975ean eraildako guardia zibilen lankidea zen Jesus, berari ez zitzaion tokatu atentatu hura pairatzea orduan. Gure ospitalean hil zen 2022an, heriotza ona eta naturala izan zuen. Haritik tiraka, Jokin Garmilla (Jesusen suhia) eta Radio Valdivielso ezagutu nituen. Eta Angela Sedano (Jesusen alarguna) 2022 hartan elkarrizketatu zuen Jokinek, hemen entzungai duzuen audioan: “Angela Sedano: de Valdivielso a la Casa Cuartel”. Bizitzaren txiribueltak, Angela ikusten ari gara orain kontsultan, berriro topatu gara bidean familia honekin.

Begitu zenbat kontu eta nola dauden gertakariak eta pertsonak lotuta, hainbatetan guk jakin gabe ere. Garrantzitsua da begiak (eta belarriak) prest edukitzea.

PD.- Isaiasen erailketaz profil bateko idazle euskaldun batek inoiz idatziko luke? Eta Iñakiren erailketaz beste profil bateko idazle erdaldun batek?

PD’.- “S(u/a)minetik bakera” on-line osorik ikus-entzuteko.

Hamabostean behin: #24, #25 eta #26

#24 “Hil arte dantzan”. Hil arte bizi, nor bere gustuko saltsetan. Ez ditut bereziki maite pop doinuak edo dantzatzea, baina beste pertsona batzuek bai. Gure amak adibidez maite zuen dantzatzea, ez zuen jakingo zehazki zer den pop musika eta zer ez. Baina berari dedikatuta doa Janus Lester-ren abesti hau. Bizirik egongo balitz, harrituta geldituko litzateke, ziur aski, doinuak nondik datozen jakin eta gero: hain zuzen ere Beratik.

#25 “Le bonheur est simple” kantua ere herri hortatik bertatik dator. Neure hirugarren eta zazpigarren abizenak, Iturria eta Etxeberria, zonalde horretatik datozkit. Amatxirenak eta aitarenak. Joseba Irazoki-ren harribitxi zoragarri hau ideala da, esate baterako, eztei batzuetan bi ezkontideek dantzatzeko. Berbarako, Naiak eta Aitorrek. Abestiak dioen moduan, zoriona kontu txikietan topatu dezakegu…

#26 Eli Conde Testa (argazkian) erizaina da Arrasateko ospitalean. Karrera amaitu berritatik ezagutzen dugu elkar, Maiderren ikaslea izan zen, hain zuzen ere. Haren bigarren abizena ere idatzi dut, ama ekarri dugulako elkarrizketara, Tanxugueiras-en hil eta biziko kanta hunkigarri honekin. Bere ama eta neurea (dantzatzea maite zuena) urte berean eta aste gutxiko diferentziarekin hil ziren 2015ean. Aitaren aldetik abuelo eta abuela ezagutu eta tratatu nituen ospitalean, eta eurei dedikatu diegu Enrique Morente eta Lagartija Nick-en kanta solemne bat. Dolu migratorioa sartu du podkast honen gai-zerrendan Elik, AEBetan mexikar askok pairatzen dutena gogoratuz. Palestina ere ekarri dugu gogora DAM-ekin. Eta minbiziaren aurrean erresilientzia, Rozalén eta Estoparekin.

PD.- Ez dugu aipatu, baina Eliren gustuko saltsen artean dantzan ibiltzea da. Bejondeizula!

Indarkeriaren epizentrora

Irati Goikoetxeak gomendatuta, igandean Donostiara hurbildu ginen antzerkira. Eszenaratze soila eta ia apaindurarik gabekoa duen antzezlana ikus-entzun genuen, itzulingururik gabeko izenburu duena: “Violencia”, zuzenean. Diego Garrido konpainiak antzeztua (argazkia), dekoratu barik, fokua 4 pertsonaiengan dago obra guztian zehar: eraildako gazte baten ama eta aita, alde batetik, eta hiltzaile gaztearen aita eta ama bestetik. Ordu bat eta erdiko tartea, lau pertsona hauen muin sakonera iristeko, indarkeriaren epizentrora.

Gidoia prestatzeko azpian lan handia susmatzen da, hain baldintza muturrekoetan bizi izandako doluak ulertzeko. Hala eraildako mutikoaren heriotzak nola hiltzailearenak eragindakoak, minez bete-betetako biak: hondatutako bizitza zonbiak, sumina kontrolatzeko ahaleginak, barkamenaren bide malkartsua, errukiaren ubera ulertu gabekoa.

Izan ere, gakoetako bat da erailketa anizkoitza eragiteko gai den mutiko baten eraldaketa ulertzeko saiakera. Indarkeriaren zergatiak ulertu nahia, neketsua eta are ezinezkoa ematen duena, baina pasabidea emango diona gupidari. Hain zuzen ere, besarkada baten balioa badakigu zein den, eta obra honetan are nabarmenagoa gelditzen da.

Estetikari dagokionez, minimalismoa da ezaugarri nagusia, baina musikak indar handia hartzen du antzezlanaren pasarte batean, Max Richterren “Spring 1” piezarekin, Vivaldiren “Udaberria”-ekin egindako bukle liluragarriarekin.

Laburpen moduan, bihotzak lortu ahal du buruak soilik ezin duena. Arteak, kasu honetan antzerkiak, lortu ahal du zientziak soilik ezin duena.

Malenkonia

Aurreko domeka goizean, guardiatik bueltan, Arrasatetik Zarautzerako tartea ohiko moduan egin nuen, irratia lagun. Amaren eguna zela eta, entzuleek proposatutako abestiak pintxatzen ibili ziren, norberaren amei dedikatuta. Jakina, amataz gogoratu eta zein kanta dedikatu niokeen pentsatuz joan nintzen A-8an gora (edo behera). Eta jakina, bat baino gehiago etorri zitzaizkidan burura. Triniren gustuko abeslari eta taldeen artean Mocedades, Paloma San Basilio eta Ainhoa Arteta zeuden, baina kantu bakar bat aukeratu behar izanez gero, ABBAren “Chiquitita” izango litzateke (irratiko entzule batek ere hautatu zuena).

Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkit oroimenera, 1970-80ko hamarkada urteak, Madrilen eta Valladoliden bizi izan ginenak. Han ospatu genituen Errealeko bi ligak eta Athleticeko beste biak. Diaspora hartan 1987ko Kopako final haren lekukoak ere izan ginen, oraingo 2026ko honetan egon diren aurkari berdinekin, emaitza eta txapeldun berarekin. Zirkulu oso bat, orduan gurasoekin ospatutakoa orain Pello eta Aiora seme-alabekin eta Maider emaztearekin.

Bestela, malenkonia hitza irakurri dut gaurko egunkarian, Carlos Garaikoetxearen heriotza dela eta:

«Malenkoniarako joera bat, bizi guztian iraun didana, eta musikan, literaturan eta denean erromantizismoaren zalea izatera eraman nauena. Alde positiboen artean, berriz, existentziaren ikuspegi transzendentea, nahiz eta fedearen eta arrazoimenaren arteko borroka unamunotar horrekin izan, agnostizismoaren eta fedearen arteko talkan. Fededuna naiz, eta eskatzen dut arrazoimenarekiko borroka horretan federa makurtu nadila».

Horrela idatzi du Elixabete Garmendiak, Garaikoetxearen hitzak transkribatuz. Urte haietan, txikiak ginela, irratian lehendakaria hizketan ateratzen zela, gure aitaren ahotsa entzuten genuela iruditzen zitzaigun, zinez antzekoak zirela. Fisikoki ere ukitu bat zeukaten. Gainera, Carlosen jarraitzailea zen Alberto. Eta goiko pasartean deskribatzen denarekin bat zetorren, arlo espiritualean. Bai eta ni ere, urteekin, gero eta gehiago.

Gure etxean ere norbait miretsia zen, hainbat eta hainbat familiatan bezala. Eta egun hauetan ere dolu kolektibo moduan antzematen ari naiz. Dolu kolektibo malenkoniatsua. Egia esan, Herri moduan pertsona gutxik eragin ahal izan duten maila honetako sentimendu partekaturik. Esanguratsua iruditu zait gaur goizean Arrasaten, kontsultan, paziente batek gaia ekarri izana. Ez da batere ohikoa kontu politikorik ateratzea, baina hau ziur aski politikatik askoz haratago dago. Eta esanguratsua begitandu zait arratsaldean, Zarautzen, pareko bizilagun batek ikurriña bat paratu izana xingola beltzarekin.

1980 eta 1985 artean egon zen Ajuria Enean, eta bitarte hartan ABBAk “Super Trouper” (1980) eta “The Visitors” (1982) albumak kaleratu zituzten, Mocedadesek “Desde que tú te has ido” (1981), “Amor de hombre” (1982), “La música” (1983), “La vuelta al mundo de Willy Fog” (1984) eta “15 años de música” (1985, zuzenean). Bernardo Atxagak “Etiopia” (1983) eta “Bi anai” (1985) argitaratu zituen, eta Arantxa Urretabizkaiak “Maitasun magalean” (1982), “Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik” (1983) eta “Albaniaren konkista” pelikularako gidoia (1983). Alan Parkerrek “Fame” musikala zuzendu zuen (1980), Hugh Hudsonek “Chariots of Fire” (1981), Steven Spielbergek “E.T.” (1982), Monty Pythonek “The Meaning of Life” (1983), Wes Cravenek A Nightmare on Elm Street (1984) eta Robert Zemeckisek “Back to the Future” (1985).

Etorkizunerako itzulera, nostalgia ote?

Terra incognita

Arantxa Urretabizkaiak idatzitako “Bidean ikasia” (Pamiela, 2016) erabat inspiratzailea izan zen SB-ren gidoia egitean. Denbora igarotzeaz eta zahartzeaz hitz egin nahi nuen, eta hainbat testu txertatu genituen, baita beste puntu batzuei buruzkoak ere. Gonbidatu nuen obra ikustera etortzeko, eta baiezkoa eman zidan (!). Beasainen egin genuen emanaldira etorri zen Arantxa, Petti-k egin zuen egun hartan narratzailearena, eta biak batera itzuli ziren Bidasoa aldera amaitzean.

Emakume dotorea, Euskal Literatura garaikidean top 5ean sailkatuko nukeena, zalantza askorik gabe. 80 urte betetzetik gertu dago, ezinbesteko erreferentzia da geure Herri txiki honetan “lurralde ezezagun” horri buruz hitz egiteko “negu demografikoaz”: “Helduarora heltzen garenean, begiratzen dugu gure ingurura eta ohartzen gara pertsona maitatuek osatutako gudaroste osoa galdu dugula“.

“Ez dugu hil nahi, baina ez dugu zahartu nahi, zahartzaroaz dugun ideiak ez duelako apenas ezer onetik”. Izan ere, “zaharrak besteak dira”. Baina etsipenean ez jausteko irakurri diot Arantxari. “Gaztetan iraultzaile, zahartzaroan kontserbadore” esaldia irauli, eta pentsiodunen mugimendua oso kontuan hartu, adibidez. Geure pentsioen alde kalean manifestatzen dabiltzanak. Edo Patti Smith, Susan Sarandon, Pepe Múgica, Jose Saramago, José Luis Sampedro, Periko Solabarria, Enrique Villareal “El Drogas” eta Arantxa bera. “Bizitzeko gogoa bukatzen zaizunean bukatzen da benetako bizitza. Hortik aurrerakoa biziraupena”.

Arantxak idatzi duen azken liburutik (ikus argazkia) ateratzen ari naiz letra etzanean agertzen diren esaldi guztiak, eta orain datorrena ere mundiala iruditu zait: “Munduan lau pertsona mota daude soilik: zaintzaile izandakoak, egun zaintzaile direnak, zaintzaile izango direnak eta zaintzaileak beharko dituztenak”.

Itxaropenez betetakoa da hurrengo hau: “Guztiok izan gaitezke geure garunaren zizelkari. Baldin eta saiatzen bagara. Bateko bat dugu eskura”. Izan ere, “ametsak betetzeko aukera ematen dizu zahartzaroak”. Biografia borobildu: “Gelditzen zaigun bizitza zentzuz bete”. Are gehiago: “Lotsagabetu, libreago sentitu” pentsatzen duzuna esateko.

Profesionalki geure onenean gaudenean, jakinduriaz eta esperientziaz geure gorenean, erretiroa hartu behar dugu. Behin entzun nion Koldo RB lagunari. Arrazoi osoa dauka. Gainera, berak utzi dit gaur komentatu dugun liburua. “Asko gustauko jatzu”, esan zidan. Eta asmatu du, jakina, ondo ezagutzen nauenez. Esker mila, lagun zaharra!

Zer moduz?

Badaude moduak eta moduak pertsona bati “zer moduz?” galdetzeko. Eta modu haien arabera, norberak era batean edo bestean erantzun dezake. Benetakoa baldin bada galdera, benetakoa izan daiteke erantzuna ere.

Asteazkenean izan dugu herrian, azkenean, “Aitatxo” dokumentala. Kostatzen duen guztiak balio erantsia hartzen du normalean, eta horrela izan da Anakotzen lanarekin ere. Gainera, ilusio berezia zeukan berak Zarautzen aurkezpena egiteko, herriarekin daukan loturagatik. Hemen piztu zen proiektua zelabait, ugariak eta ederrak dira hemen hartutako irudiak, zarauztarra eta itsastarra da pelikula neurri handi batean.

Eszenatokian, Arkaitz eta Aitor izan genituen erdian, sofan (argazkian). Eurekin batera, Saioa egon zen, “Esku Hutsik” elkartea ordezkatzen, baina baita testigantza pertsonalekin ere, Arkaitz et Aitorrekin batera. Jario ona egon zen solasaldian hirurekin, eta amaieran Anakotzek bat egin zuen gurekin. Momentu batean, Aitorrek bota zuen harribitxia, jendeak “zer moduz?” galdetzen digunean aipatzean. Hain zuzen ere, gakoa da erantzuna entzuteko prest egotea, ala ez. Eta entzutea gaitasun handi bat da, errukia bezala, garatuta eta entrenatuta eduki dezakeguna, ala ez.

“Zarautz Herri Zaintzailea” ekimenean jorratzen dugun arloetako bat dolu perinatala da, eta hortik aste honetako zine foruma “Aitatxo” pelikularekin. Halaber, helburua dugu Santa Klarako parkean oroimeneko leku bat izatea bidean gelditutako umeak ohoratzeko. Bi urtez, urriaren 15aren inguruan, ekitaldi bat egin izan dugu parke hartan. Aurten hirugarrena izango da. Eta espero dugu Zarautz laster sartzea Euskal Herriko udalerri haien zerrendan, dolu perinatalaz ohartzeko leku bat finkatu dutenak. Inshallah!

Eta egia da, gizonezkoak ere egon beharko ginateke esparru hauetan presenteagoak. Seme-alabak guri begira hazten dira, eta hemen ere eredu izan beharko ginateke aitok. Pagoetako Mendi Elkartean ere honen inguruan ibili ginen ostiralean, “Heriotzak eta doluak” liburuaren aurkezpenean. Gizonezkoen ezin emozionalari buruz jardun genuen, bereziki maskulinoa den mendizaletasunaren mundu honetan. Zahardadeari, hauskortasunari eta heriotza berari begiratzeko ezinaz. “Zer moduz?” horiei “ondo” baino zerbait sakonagoa eta benetakoagoa erantzuteko ezinaz.

Igorre

Zortzi udalerritan baino ez ditugu hiru dokumentalak, trilogia osoa, aurkeztu: Bilbon, Zarautzen, Arrasaten, Bergaran, Gasteizen, Donostian, Bartzelonan… eta Igorren. Irune Elexpe izan da anfitrioi lanak egin dituen emakumea hiru urte hauetan Arratiako herri horretan. Hiru urtez jarraian, formatua errepikatu dugu: ostiralez emanaldia + solasaldia, eta hurrengo egunean Marta Sariñena-rekin (argazkian) tailer modukoa, larunbatez. Monzón (Huesca) aldetik Bizkaira etorrita, ibilbide polita izan da denbora honetan egindakoa.

Aurten, SB-ren txanda izan da. Trilogian kronologikoki bigarrena dena, Igorren trilogiaren azkena izatea tokatu zaio. Eszenatokian, gehienetan legez, Bilbotik joandako Naia Egiluz eta Koldo Rodríguez narratzaile lanetan, eta Aitor “Mudoh” musikarekin. Bikain, beste behin ere. Batzuetan ematen du sekulako emanaldi pila egin ditugula, maiz errepikatzen dugula. Baina ez da horrela. Eta niretzat sekulako meritua dute hor gainean dauden hiru lagun hauek. “Amateur” guztiz. Zoragarria da gaur arte egin dugun ibilbidea, eta oraindik beste emanaldiren bat ateratzeko aukera egotea izugarria da.

“Suminetik”-en, Udalatx mendia aipatzen dugu Arrasaten dagoen etengabeko elementu edo presentzia moduan. Herriaren zaindari modukoa, edo historian zehar hainbat gertakariren lekukoa. Arratia aldean Gorbeia den bezalakoa. Hainbat gertakariren lekukoa izan da Bizkaiko eta Arabako mendirik altuena ere. Adibidez, 1978ko abenduaren 30ean Lisardo Sampil taxilaria hil zuen ETAk Igorren. Sampil Ourensetik etorri zen Bizkaira, eta haren erailketaren ostean familia noraezean ibili izan da, Irunek kontatu zidanez. Urte bat lehenago, Zeanuriko lurretan, Barazarreko mendatearen inguruan, Javier Ybarra enpresaria eta politikaria erail zuen ETA pm-k, 1977ko ekainaren 22an. Hain zuzen ere, haren ilobak idatzitako liburua aipatzen dugu SB-n (“El comensal”, Gabriela Ybarra).

SB-ren barikuko emanaldiaren ostean, zapatuan Martak eta biok espazio partekatu genuen. Lehenengo zatian, “Heriotzak eta doluak” liburua aurkeztu nuen, Igorren trilogiaren aurkezpena borobiltzeko. Ondoren, Martak hitzaldi zoragarria eman zigun dolua eta indarkeriaren inguruan, justizia errestauratiboaz, barkamenaz, partekatutako humanitateaz…

Bizi gara!