Estigmak

Diasporan bizi ginenean urtero birritan etortzen ginen Euskal Herrira, uda pasatzeko eta Gabonetan. Lekeition udatiarrak ginen, urte osoan nolabait udaren zain egoten ginelarik. Urte ederrak izan ziren haiek. Orduko udetan, bestela, bageneukan ohitura bat: Hondartzara joateko moduko egunik ateratzen ez zenean, hodeitsua, freskoa edo euritsua, Lesakara joaten ginen, aitaren herrira. Hango izeba batekin egoten ginen, batik bat, eta berarekin batera misterio handi bat sumatzen nuen.

Asuntoa da izebak adineko osaba bat zaintzen zuela, Lesakan hor nonbait zegoen etxe zahar batean bizi zena, ezkutatuta. Ezkutatuta niretzat, noski, baina egia da solas egin gabeko kontuak zeudela hor airean. Dementziaren bat omen zeukan gizon hark, edo osasun mentaleko bertze zerbait. Jakinmin itzela pizten zidan, sekula ez nuen ezagutu senide hura.

Beran, halaber, dementziadun bertze senide bat geneukan, bisitan joaten ginena udako egun euritsu eta hodeitsu haietan. Tia Joxepa. Hain ezkutatuta ez zen bizi, inkluso behin edo behin ikusi ahal izan genuen. Ohean zegoen, eta burua erabat joanda. Txikitan beldurra ematen zidan, nahiz eta guri gailetak emateko arduratzen zen eta guzti. Gure amatxi ere, Pilar Iturria, dementziak jo zuen. Eta orain izeko Pepa, Leioakoa, momentuz nahiko egonkor dagoena.

Hau guztia kontatzen dizuet oso pelikula gomendagarria ikus-entzun genuelako lehengo egunean, “Memory”, Jessica Chastain (Sylvia) eta Peter Sarsgaard (Saul) aktore nagusiak dituena. Saulek dementzia goiztiarra du, eta Sylvia hasiko da berataz arduratzen zaintzaile moduan. Estigma handia dute biek ala biek, emakumea alkoholikoa baita. Gaixotasunen atzean pertsonak daudela ezkutatzen diguten estigma horietakoak.

Hain zuzen ere, maitasuna pizten da bi protagonista nagusien artean, Saulen familia aberatsak onartzen ez duen maitasuna, bateraezina omen Alzheimerrarekin. Ez da ahaztekoa beste film hura, “Still Alice”, Julianne Moore-ek interpretatuta, dementzia goiztiarra ere duen emakumearen rolean. Gai bera plazaratzen dute.

Beste klabe batean, “The Sessions” pelikula gogoangarrian sexua eta desgaitasuna uztartzen dituzte. Protagonistak beste gaixotasun mota bat dauka, baina hemen, fondoan, kontua ez da gaixotasunetan (estigmetan) gelditzea, bata edo bestea izan. Hemen kontua da pertsonak ikusi ahal izatea horien atzean, euren behar, desira, grina eta borondateekin.

Bihar, San Fermin egunean, hondartzara joateko moduko eguna ez da aterako, diotenez. Lesakara joanen gara beraz, aitaren herrira. Gezurra badirudi ere, zubigaineko dantza ospetsua ez dut sekula ikusi, eta bada garaia. Hango hilerrian, amatxi Pilar, abuelo Salva, aita eta ama lurperatuta daude.

Bakoitza gaixotasun batek eraman zuen bestaldera, guraso biak tumore gaizto mota banak. Egia da aurrera egiten ari garela eta minbiziak jada ez daukala lehen zeukan estigma hura, dementziekin ere hor nonbait. Baina osasun mentalarekin, oro har, gauza handirik ez dugu aitzinera egin. Eta bada garaia.

Master

Master Cures Pal.liatives 2023-24. Ikasleok irakasleen eta teknikarien ordezkaritza batekin. 2024ko ekaina. Vic (Osona).

Azken hilabeteotan bloga gutxi atenditu ahal izatearen arrazoia hauxe da. 2023ko urrian ekin nion, azkenean, aspaldi luzean desiratutako asmoari. Familia kontuengatik ezinezkoa izan zen asmoa, hala ere, seme-alaba txikiegiak eta kokapen geografikoa urrunegia zirelako.

Bizitzan kontu garrantzitsuak laster edo berandu iristen dira, normalean. Deitu patua. Baina heldu da “Champions League” honetan jokatzeko aukera, eta pozik heldu diot abaguneari. Unibertsitatera itzultzeak gaztetzen badu ere, argi dago denborak markak lagatzen dituela, zurruntasunak. Eta 30 urte ingurukoek, benetako gazteek, beste freskura bat daukatela. Pentsatu nahi dut beteranook bestelakoak aportatzen ditugula, esperientzia hain zuzen ere. Eskarmentua deitzen dena.

Tarteka, estutasunak ere igaro ditut. Bizitza errealean bezala. Baina eguneroko bizitzan ez bezala, talde-lana izan da Master honetan behin eta berriz landu izan duguna, 55 ikasle inguruko ekipo honetan (ikus argazkia). Egunerokora eraman beharreko dinamika interesgarriak, bestela.

Eta Master Amaierako Lana, MAL famatua (gazteleraz eta katalanez, TFM). Honek orduak eta orduak eskatu dizkit, gustuko lekuan aldaparik ez dagoen arren. Ia-ia amaituta daukat, azken minutuak gelditu dira soilik. Hirukoitza izan da erronka, 3 dokumentalen ikerketa, 3 hizkuntzatan eginda. Aurreko astean, atariko aurkezpena egin ahal izan nuen. Epaimahaiaren ordez, ikaskideak, tutorea eta irakasle batzuk izan nituen aurrean, baita Vic-era ustekabez Zarauztik etorritako Maider eta Itziar ere.

Hurrengo asteetan tontorrerainoko tartea egingo dut, amaiera hortxe bertan dago. Irailean aurkezpena epaimahaiarekin, eta bakea. Aspaldiko egitasmoak aurrera eraman ahal izatea kontu ederra da. Eskertuta sentitzen naiz urritik honako bidelagunekin, baita 8.000ko honetara iristeko lagundu diguten luxuzko “xerpa” hauekin. Moltes gràcies! Namaste!!

Altsasun

Aspaldiko partez, dokumentalaren emanaldia izan dugu. Garai honetan oso sakabanatuta ditugu, eta batik bat Euskal Herritik kanpo gabiltza. Asteburu honetan hemendik atera gabe izan dugu, Sakanako herriburuan. Izarra tanatorioen eta Altsasuko mendigoizaleen elkartearen eskutik, Mikel Idoateren partez Garbiñe Petriati anfitrioi.

Maiatzaren 23an 16 urte bete dira Iñaki Ochoa de Olza hil zenetik, Annapurnako tontorretik gertu. Hortik abiatu ginen, alpinista nafarra gogoan. Irakurtzekoak dira haren aitak orduan idatzitako testua, egun hauetan berriro argitaratuak.

Gogoan izan genuen Xabi Ormazabal ere, asteburu honetan haren omenezko festa Urretxun egin dutelarik. 20 urte dira Xabi hil zela. Bizitza ospatu, oroimena oso presente edukita. Orainaldia eta iraganaldia uztartuta. Hori da MHHH-en hari nagusietako bat, hain zuzen ere.

Atsegina da solasaldietako bizipenak berritzea, aretoa utzi behar duzulako amaitu behar duzula jakitea, ziur aski publikoak apur bat gehiago geldituko zen arren. Txaro Otxandorena erizaina ikus-entzuleen artean egon zen, mendizalea eta Baltistan fundazioan ibilitakoa. Hango emakumeekin proiektu ugari aurrera atera ditu, eta horretan jarraitzen du.

Laurent Richard espeleologoa ere bertan egon zen, eta opari batekin itzuli nintzen etxera, berak idatzitako “Montañas embarazadas” liburuarekin. Lur azpiko munduak beti txunditu izan nau, kobazuloetan sartzea oso gustukoa izan dut txiki-txikitatik. Santimamiñen lehenengo aldiz sartu ginenean zerbaitek gatibatu ninduen betirako. Sekula ez naiz sartu espeleologoen moduan, neoprenoekin eta horrela, baina jarduera hau erakargarria suertatzen zait.

Lur gainean nabil ni, oraingo honetan Urbasa aldean. Urte hauetan Aralarren bereziki, baina baita Andian eta Entzian ere ibili izan naiz. Urbasa da ezezagunen dudana, eta larunbatean paraje berriak ezagutu ditut, aspaldiko lagun batzuen konpainia bikainean.

Bizi gara!

Fede berriak

Jaungoikoa hil eta gero, mundu berri batean sartu gara. Denbora gutxian, 30-40 urtetan. Historiako fase garrantzitsua eta interesgarria bizitzen ari garela esan dezakegu. Gure Herri txiki honetan bereziki kontraesankorra da egoera.

Asteroko ariketa gomendagarria da Jose Maria Pastor irakurtzea. Gaurkoan: “Garapen bitxia izan dugu gurean. Elizak gurtzetik elizak erretzera pasatu gara —zentzu metaforikoan ari naiz—. Mutur batetik bestera bi belaunalditan. Horretan ere ez gara normalak. Euskaldun fededun leloa gogorarazi digu Pruden Gartziak bere liburuan. Halaxe da: euskaldun dogmadun, alde batetik edo bestetik. Jon Sarasuak gizartean eta bertsolaritzan izan den bilakaerari buruz hitz egin du. Ba al da bertsolari fededunik? Seguru. Izango ez da, ba!“. Euskaldun dogmadunak, orain dogma berriekin: Kirola, osasuna, hizkuntza bera (gutxitua edo besteak), ideologia, postmodernotasuna bera…

“Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikainean ederto jasotzen dute Kristautasunaren gainbehera, Arantzazuko santutegiaren kasuarekin. Eta, aldi berean, Espiritualtasunaren garrantzia. Hil dugun Jaingoikoak utzitako hutsunearen aurrean egarri eta behar espirituala, gero eta nabarmenagoa dena. Ekialdeko erlijioen elementuak harrera ona daukate, heldulekuen bila gabiltza, fede berrien bila.

Pruden Gartziaren liburuan ere (argazkian) pasarte batzuk irakurri ditzakegu gai honi buruz, ikuspuntu nagusia historiko eta politikoa den arren.

Zerua eta lurraren arteko eremu honetan jarraituko dugu, bitartean. Lurrean etzanda, zerutik urrun, Ruper Ordorikak kantatzen duen moduan. Edo zer dakit nik nola.

Bizitzera arriskatu

Mendi Filmen estreinatu zutenean ez nuen ikusi, eskerrak orain Primeran plataforman ikus-entzungai dagoen. WOP (Walk On Project) egitasmoari buruz ere hainbatetan entzunda neukan, baina familia hau pixka bat hobeto ezagutzeko aukera eman dit dokumental labur honek: Jontxu, Mikel eta Mentxu. Eta gaixotasun neuroendekatzaileen inguruko fundazio oso bat.

Dokumentala garbia da, mezuak ondo josita eta protagonistak elkarrekin lotuta agertzen dira: Juanjo San Sebastián, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Didac Costa, Nives Meroi, Romano Benet eta Reteria Mendieta senitartekoak.

Nahigabeen aurrean amore ez ematea, erresilientzia lantzea, taldean lan egitea, soka-taldean, familian ala bizitzako beste edozein arlotan. Ametsak gauzatzen saiatu. Heriotzaren beldur ez bizitzea, bizitzaren beldur ez egotea. Egiten duzuna maitasunez egitea, adiskidetasunez, txeraz.

Eta borrokatzea… Hemen zalantzak agertzen zaizkit. “Minbiziaren aurkako borroka”, “lehenengo lerroan” jardutea. Pandemian hainbeste erabiltzen zen hizkuntza belikoa, soldaduak baino erizainak eta sendagileak izanda. Honi buruz blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin dugu. Borrokatu bai, baina perspektiba galdu barik, mugak onartuz, bizitzaren mugak, Medikuntzarenak. Itxaropen faltsurik gabe.

Medikuoi sarritan tokatzen zaigu berri txarrak ematea, “gaiztoaren papera” egitea, “festa zapuztailea” izatea. Eta sarritan okertzen gara, hala da. “Medikuek hiru hilabete biziko zela esan ziguten eta 17 urte igaro dira”. Horiek ere gertatzen dira. Baita pentsatutakoa baino lehen gaixotasunak okertzea ere. Gaixo bati zenbat denbora gelditzen zaion galdetuta, ohikoa da erantzun argirik ez ematea honengatik.

Esperientziarekin, ibilbide profesionala luzatzen den heinean, pazienteak eta pazienteak ikusi ondoren, hala ere, senak gero eta gutxiago huts egiten du. Eskalak erabiltzen ditugu, kasu bakoitzaren faktoreen azterketa egiten dugu, eta kalkuluak egiten ditugu, familiek edo gaixoek eurek eskatuta. Eta jakin behar hori nolabait asetzen saiatzen gara. Norberaren planak egin ahal izateko, prestatzeko, antolatzeko.

Pronostikoak egitera arriskatzen gara. Pazienteak bizitzen arriskatzera animatzen ditugu. Azken bidaia hori egiteko, bazkari hori, topaketa hori. Egiteke gelditu diren kontu horiei aurre egiteko. Azken momentua arte bizitzera arriskatzeko.

Oreka

Abestiak dioen moduan, “orekak ez du balio lurrean zaudenean”. Arrastaka zaudenean, alegia. Beste muturrean.

Gustura handiz leitu dut Jasone Osororen liburua (ikus azala argazkian), oso gustura. Gorka Urbizu, Joxemari Agirretxe “Porrotx”, Eneko Atxa, Izaro Andres, Harkaitz Cano, Eva Domingo, Maider Egues, Jon Garaño, Aizpea Goenaga, Markel Irizar eta Itziar Ituño elkarrizketatu zituen, eta atalka aztertu ditu erantzunak, gaika, bere bizipenekin osatuta (Jasonerenak) eta beste pertsona batzuek esandakoekin. Liburutegian eskatu, ez baduzu irakurri, edo liburudendan erosi. Zalantzarik ez izan.

Arrakasta. Ondo kudeatu beharrekoa, porrota bezala. Euskeraz, lekuz bi letra aldatzea besterik ez da behar batetik bestera pasatzeko. Arrakasta, arrastaka. Eta bizitzan horrela da, une batean goian zaude, eta bestean behean. Gurutzetako ospitalean izan nuen lankide batek sekula ahaztuko ez dudan gauza bat esan zidan: “Sarritan, domina ipini dizun pertsona berak, aurrerago, kenduko dizu”. Horrela da.

Gogora etorri zait dokumental zoragarri bat, pelikula bera eta “makingof”-a dira liluragarriak. Eta ikaragarria zuzendari eta gidoigilearekin gertatu zena: Malik Bendjelloul-ek berreskuratu zuen ahanzturatik Sixto Rodríguez musikariaren istorio harrigarria. Lehenik eta behin musikaria bera topatu AEBetan, hilda ez zegoela jakin ondoren. Topaketa grabatu, berarekin Hegoafrikara bidaiatu, herrialde hartan zein nolako arrakasta izan zuen deskubritzea, kontzertu bat ematea. AEBetan oihartzun txikia izan zuen musikaria bera Hegoafrikan oso mirestua izan zen, Rodriguezek berak jakin barik. Haren herrialdean “loser” bat, Hegoafrikan Jainkoaren pare.

Baina Bendjelloul-en istorioa ere ezagutzeko modukoa da: Suedian jaioa, aita aljeriarrarekin. Ikus-entzunezkoak ikasi eta telebistan hasi zen lanean. “Searching for…” izan zen bere lehenengo pelikula, zuzendari moduan. 2012an estreinatu eta 2013an Oscar Saria irabazi, baita arrakasta ekonomikoa lortu ere. Sputnik-en moduan goi-goian unibertsoan. 2014an, hala ere, bere buruaz beste egin zuen, depresioak jota. 36 urte zituen.

Oso kasu dramatikoa da, musika eta zinemaren munduan askotan errepikatu dena. Hor ditugu 27koen klubarenak.

Orekak salbatzen gaitu azkenean, Gorka Urbizu bat, Itziar Ituño, Izaro, Porrotx… Orekak balio baitu hala lurrean nola zeruan zaudenean.

Zerbaitegatik

Zerbaitegatik izango da Amelia karrerakideen artean bakarrenetarikoa izatea behin eta berriz gelditzen naizena.

Zerbaitegatik izango da Paliatiboetako jardunaldi eta biltzar guztietan Segoviako taldearekin amaitzea.

Zerbaitegatik izango da Segovia leku gutxitarikoa, Euskal Herritik kanpo, hiru dokumentaletatik bi aurkeztu ahal izan duguna.

Zerbaitegatik izango da, ziur aski gaiarekin asmatu izateagatik, lehengo egunean hainbeste jende etorri izana. (Antolatzaileen kronika laburra).

Zerbaitegatik izango zen ostiraleko afaria.

Zerbaitegatik izango zen juduen nekropolian amaitu izana larunbat goizeko txangoa, garai ezegonkor hauetan.

Zerbaitegatik izango dira Vera Cruzeko eliza erromaniko bikaina eta larunbateko bazkariko txerrikumea.

Zerbaitegatik izango zen zapatuko elurra (ikus argazkia).

Zerbaitegatik toponimia: Navacerrada, Navafría, Riofrío.

Zerbaitegatik han goian ostegunean topatu nituen bi azeriak.

Zerbaitegatik mendiaren izena, La Mujer Muerta, beste egun batean egiteko gelditu dena.

Izan ere, beti egongo da beste gailur bat zure zain.

Gizonok ere zaintzaile

Manex Beristain Zarauzko ikastolan.

Ez dut Angeles Casoren libururik irakurri, bai ordea artikuluren bat edo beste. Baina lehengo egunean berari egindako elkarrizketaren izenburuak harrapatu ninduen: “Ser cuidadora ha sido mucho más valioso para la humanidad que ser guerrero”. Goitik behera merezi du irakurtzeak, hemen hortik arrantzatutako perla batzuk ekarriko dudan arren: “Cuidar de tu hija o de tu padre que se está muriendo es algo increíblemente bello y bueno, y te enriquece muchísimo como ser humano. Perderse eso porque eres hombre y no te toca, me parece que es muy triste para ellos“. (…) “Lo que quiero es que los hombres nos acompañen en ese proceso”. (…) “El arte hace que la vida sea muchísimo más rica y más bella. Yo creo que quien disfruta conscientemente del arte se lo pasa mucho mejor en la vida”.

Manex Beristainek ez zuen elkarrizketa irakurriko, baina lehengo egunean Salbatore Mitxelena ikastolan eskaini zigun emanaldiak hari horietatik bat egin zuen. Gizona eta zaintzailea izateaz, eta arteaz. Zehazki, haren bikotekidearen zainketa eta semearena modu artistikoan plazaratzea. Minbiziari nola begiratu, nola heriotzari. Dolua nola landu zure buruarekin, eta zure seme txikiarekin. Aita eta gizon moduan.

Ederra baino ederragoa izan zen, gogo handia eta jakinmina neuzkan “Azken galdera amari” ipuinaren aurkezpena ikus-entzuteko. Eta harribitxia da benetan. Egun ezin aproposagoa izan zen aurreko astelehena, gainera. Neguko arratsalde fresko eta euritsua, barnealde goxo batean egoteko ezin hobea. Manexek piztutako sutondoan, gitarra, ahotsa, txotxongilo eta irudiekin lagundutakoa.

Aukera baldin badaukazue, ez galdu. Facebooken eta Instagramen zabaltzen ari da emanaldien egutegia, eta, ondo ulertu banion, askoz gehiago ez ditu egingo.

Bizi gara!

Tolosako inauterien ostean

Argazkia: travelmalarkey.com

Bonberenean grabatutako disko dotorea kaleratu zuen Pettik 2008an, “Awañak”gogoangarria. Aurreko urtean bere aita hil zen, oker ez banaiz, neurea bezala. 5 urte geroxeago, “Aulki hutsak” egiteko bidean negoela, “Argia heldu da” erabiltzeko eskatu nion Berakoari, Tolosako gaztetxean zuzenean grabatutako disko hartako abestia. Horrela ezagutu ginen.

Dokumentala herriz herri ibili zen 2014tik aurrera, tartean Tolosaldean, Alegia, Berastegi, Altzo, Anoeta eta Legorretan egon gara urte hauetan. Azken herri honekin lotuta, Maria Jauregi eta Maixabel Lasa, berriz, “S(u/a)minetik bakera”-rekin ezagutu ahal izan nituen. Bi pertsona erabat inspiratzaileak, bizitzan gutxitan topatzen diren horietakoak. Hobeto joango zen kontua gure Herri txikian, ugariagoak izango baldin baziren eurenak bezalako testigantzak.

“Mendian hil. Hirian hil” iritsi zen, azkenik, eta berarekin batera Mendi Film, Mendi Tour eta Aitor Elduaien. Eta Leidor areto mitikoa. Mendiei buruz ari garela, Uzturre urte hauetan igo dut lehenengo aldiz, eta Hernio Hernialdetik. Alkizatik egin genuen lehenengo txangoa Herniora, orain dela urte pilo bat, hori bai. Eta Aralarren Amezketatik sartzea, hori ere azken etapa honetan deskubritu dut. Eta Balerdira Bedaiotik.

Aste honetan itzuli naiz Tolosara, AH-ek 10 urte borobil egin dituenean. Easo Politeknikoan ibili naizen moduan, ikasle gazteekin heriotzari buruz, Inmakulada ikastetxean egon naiz oraingo honetan. Erizain laguntzaileak izateko ikasleekin, hain zuzen ere. Suizidioari buruz, berri txarrak emateari buruz, doluei buruz, hiltzeari buruz. Inauteriak amaitu berritan.

Eskertuta Asier Arrizabalaga eta bertako irakasleei, gure dokumentala aukeratzeagatik eta gonbidapenagatik. Tabuak apurtzeagatik.

Zain dezagun mendia

Ez dago ohitura handirik itzulpenak irakurtzeko gure Herrian. Gure liburutegietan beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoak ezinbestekoak diren arren. Ez da ohikoa liburuak irakurtzen autobusean edo metroan jendea ikustea, orokorrean. Usadio zaharren artean sailkatu beharko genuke beraz paperezkoak leitzearena, funtsean alpinismoaren mito honen proposamena bera bezala: Mendian ibiltzeko era zahar eta onak.

Hitzaurrea Juanjo San Sebastián-ek idatzi du liburu honetarako, beste mito batek, horrela deitzeak barrea piztuko dion arren. “Urrunago, motelago, isilago, basatiago”. Juanjoren lau berba hauetan aurreratu daiteke Reinhold Messner-ek esan nahi diguna.

Juanjo Garbizu-ren “Monterapia” haren bidearekin bat egiten du erraldoi italiar alemandunak ere. “Slow mountain”, mendi lasterketen boladatik at. Motel eta isilik, modurik hoberena inguratzen gaituzten baina normalean ikusten ez ditugun animaliak topatu ahal izateko. Eurek gu ikusi eta usaintzen gaituzten arren.

Messner-ek “Hegoaldeko tiroldar, europarra eta munduko hiritarra” erabiltzen du bere burua definitzeko, gustatu zait, ‘hemen eta munduan’ filosofiarekin. Garrantzitsua da munduan zintzo kokatzea, eta hainbat pertsonaren “sasi-munduko hiritartasunak” alboratzea, sinesgarriak ez direnak.

Orientatzeko modu zaharrak ere aldarrikatzen ditu Reinholdek, teknologiatik apur bat askatzea. Egia esan, aholku honi aspaldian jarraitzen diot, tarteka gorriak ikustea ekarri badit ere. Ez gehienetan, zorionez. Ariketa bikaina da burmuina lantzea mendian ibiltzean.

Zaborrik ez laga, ezta laranjaren azalak ere, biodegradagarriak direnak gehituko nuke. Egia da animalien bazka izan daitezkeela, baina gure aztarna uztea ez da benetan beharrezkoa. Haren dekalogoan, Messner-ek beste era batean esaten du inguruneak ez hondatzearena. Maila handian, klima aldaketarena beste kontu askoz potologoa da, urtez urte nola areagotzen ari den hondamendia begi bistakoa da. Urtero harrituko garen arren “ezohiko tenperaturekin”, aurreko urtekoak eta hurrengokoak bezalakoak, ohikoak alegia.

Mamitsua bezain mehea da argitalpena, eta amaierako zatia, elkarrizketa formatuan egindakoa, asko disfrutatu dut. Gako ugari uzten digu, baita bizitzeaz, zahartzeaz, zauritzeaz, egokitzeaz eta hiltzearen beldurraz ere. Bai, totema ere gizakia da.

Liburuaren bukaerarako, hitzatzea Ramon Olasagasti-k egin du, harritu nauen tonu gordinean egin ere: “Ur-negar bat”. Beharrezkoa, jendarte moduan daramagun bidea ikusita. Zaindu maite dugun hori.