
Egun hauetako bidaia Zaragozan hasi zen, duela 100 urte baino gehiago. Bertan jaio zen abuela Mary (horrela idatzita). Abuelo Mariano iparralderago sortu zan, Bernués izeneko herrian, Jaca ondoan. Bidaiaren beste abiapuntua.
1941eko abuztuaren 25ean hemen jaio zen gure ama, Trinidad Bandrés Vicente, Irune, Amatxi. Aitona Mariano militarra zen, eta Al Hoceimara (Villa Sanjurjo) amona eta bera eraman zituen bizitzak. Hemendik Sahara, Tenerife, Terrassa eta, azkenik, Burgosera. Hor aita ezagutuko zuen amak.
Leku batetik bestera, horrela ibili izan gara Alberto, Arantza eta hirurok ere txikitan eta gaztetan. Baina amaren ibilbidea bereziki exotikoa izan zen. Eta hiru anaia-arrebok Rif aldera bidaiatu gara, Maider, Ilazki, Pello eta Aiorarekin. Ez dakit zehazki zeren bila, baina aztarnak topatu ditugu sakabanatuta: zutik dauden eraikinak, argazki zaharrak, hiriko orduko planoak… Baita kaioak, txakur eta katu deslai ugari, astoak, gameluak eta kameleoi bat ere.
Aragoin hasitako bidaia, Magrebeko kostaldetik eta beste leku batzuetatik igaro zen beraz, eta orain sartzen dira istorio honetan beste hiru pieza: abuelo Salva (Burgos), amatxi Pilar (Lesaka) eta aita, Alberto Peña Iturria, Aitatxi. Diasporan jaio eta bizi izan ginen anaia-arrebok: Burgos, Madril eta Valladoliden. Eta bakoitzak topatu du bere lekua: Albertok (Gasteiz, Bilbo eta Donostia), Arantzak (Lekeitio eta Bilbo) eta nik (Bilbo eta Zarautz). Moroak gara behelaino artean?
Aitona teniente-koronela eta Alberto eta biok, haren bilobak, kontzientzia-eragozleak (Arantzak ez zuen aukeratu behar izan soldaduzka eta ordezko zerbitzu soziala artean). Aitonari eta amonari Espainiako Gerra Zibila bete-betean tokatu zitzaien, eta Bigarren Mundu Gerrak Maroko aldean harrapatu zituen. Golkoko Gerra izan zen, bestela, anaiok objetoreak izateko piztailea. Eta orain geure seme-alabak beste “gerra” baten lekukoak izaten ari dira, Palestinako genozidioarena. Rifeko paisaiak eta hango umeak ikusita, saihestezina izan da horretaz ez gogoratzea.
Mediterraneoan jaio zen orduan gure ama (ikus goiko argazkia), Joan Manuel Serratek kantatzen zuen moduan. Oporrak pasatzeko bazterrak batzuontzat. Bizi ahal izateko gurutzatu beharreko oztopoa beste batzuontzat. Lehen Mundua eta Hirugarrena, gaztetan baikortasunez “garapen bidean dauden herrialdeak” esaten genuena.
Atzo, etxean bueltan, “Faisaien Irla” ikus-entzun genuen Modelo aretoan. Asier Urbietaren pelikula hau bete-betean lotu dezakegu Fermin Muguruzaren “Bidasoa 2018-2023” eta Ander Lipusen “Miñan”-ekin. Zer pentsatu eta zer sentitu ematen duten kultura-ekoizpenak, euskaraz.
Ez dakit mairuak garen lanbrotan, ala ez, baina mundu onirikoan gelditutako asmoa azkenean hortik berreskuratu eta egia bihurtu da. Al-ḥamdu lillāh!