40 segundo

(Deep listening)

Denbora tarte labur edo luze horrek desberdintzen ditu onkologo enpatikoa eta antipatikoa. Familia mediku (erizain, administrari, dendari…) enpatikoa eta antipatikoaren arteko desberdintasuna 40 sg dira.

Montse Esquerda pediatra kataluniarrak, doluan eta bioetikan aditua, oso txio interesgarria argitaratu zuen Twitterren puntu hau ukituz: 40 segundoko errukia nahikoa al da paziente baten antsietatea arintzeko? Linkaren bidez iritsiko zareten artikuluan ikertu dute bularreko minbizia izan duten eta bizirik iraun duten emakumeen multzo bat, eta ematen du baietz.

Dirudienez, eten bat egitea, gainontzeko zereginak lagatzea eta modu aktiboan parean duzunari entzuteak diferentzia markatzen du. Ez da beharrezkoa ezta minutu bat ere, errukia adierazi dezakegu modu eraginkorrean 40 segundotan.

Bistan da, denbora da besteei eskaini diezaiekegun oparirik handiena. Nahikoa izan daiteke WhatssApp bat, momentu egokian. Pertsona horrengan pentsatzea momentu batez, barruan mugitu beharrekoa mugiarazi eta zerbait aktiboki egin.

Errukia hain sinplea izan daiteke, eta hain aringarria.

Gràcies, Montse.

Lehenengo urtea

Opari zoragarri hau egin dit Ana Etxeandiak. Bertan agertzen dira blog honen etapa berriaren azken 12 hilabeteetan erabilitako argazkiak eta irudi esanguratsuak. Olentzerok ez du itxaron gaua arte.

2022ari buruz zer esan? Urte ona izan dela, eta txarra. 2023a izango den moduan. Aurten jende anitz konturatu dela klima aldaketa etorkizuneko konturik baino oraintxe jada martxan dagoen arazo potoloa dela. Ziur aski potoloena, lotuta dagoena beste hainbat auzirekin.

Txanpon guztiek bi alde daukatenez, gelditu gaitezke daukagunarekin, ez daukagunarekin baino. Baita hego haizeak menperatutako enegarren Eguberri honetan ere. Onartzea da hitz gakoa, batzuetan alferrik da hormaren aurka jotzea.

Onartu behar da horma zeharkaezina dela, eta bertan margo edo argazki polit bat eskegi. Onartu ez daudenak ez daudela, eta kandela bat piztu eurak gogoan. Aulki hutsak ditugula, baina bihotzak bete-beteta. Bizi garela, eta betetzen gaituena egin ahal dugula. Gure esku dagoela hainbat kontu oker zuzentzea. Telefonoa hartzea, bisita hura egitea, mezu hori idaztea, uretara dzanga egitea.

Leku horretara bidaiatu, mendi hartara igo, musika entzun, eta isiltasuna. Elurra ez badator, geu elurretara joan. Ingurukoak zaindu. Hitz berriak ikasi. Liburu zaharrak ostera ere irakurri. Adinekoei arreta handiagoarekin entzun. Dakienaren aurrean adi. Geure buruekin errukia izan. Esker ona adierazi. Asko abestu. Berriro jaio. Eta maitatu. Garaiz gaude.

Eskerrik asko Anari eta Eguberri on guztiei!

Hemen neure oparia zeuei: Christmas In The 1930’s Playlist | Old Time Radio – YouTube

Keinu txikiek uhin handiak

Gasteiz ekimen askoren epizentroa da. Neure biografian behintzat, ez da bakarrik hiru probintzietako hiriburu politikoa. Adibidez, Zarautzen Death Kafeak (DC) antolatzeari ekin genion hiri horretan zabaldutako bidetik. Hor ere aitzindariak izan ziren. Amaia Arce eta biok bat egin genuen Vivir con Voz Propia (VVP) elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan, hospice modernoei buruzkoa. Hortik gutxira hasi ginen geu ere anfitrioi lanetan DCekin. Hortik gutxira Zarautz Herri Zaintzailea ekimena apur bat geroago abiatu genuen, 2018ko maiatzean. Orduan ere izan zen SECPAL 2018 Zainketa Aringarrietako nazioarteko biltzarra, Bitorixan halaber.

Ba Patxi del Campo eta VVPko taldekideek berriro egin dute, uhin handia alegia. Pandemia betean, Errukiaren lehenengo Nazioarteko Foroaren anfitrioiak izan ziren, eta bertan batu ginen orduan martxan geunden euskal komunitate errukitsu guztiak, 2020ko abenduan.

Egun hauetan hirugarren edizioan parte hartu dugu, eta oraingo honetan ikuspuntu oso interesgarria gehitu dute: Errukia politikan. Zaila da bien arteko loturak topatzen, baina hau ere posiblea da. Jennifer Nadel etorri zitzaigun Ingalaterratik, murgilduta dagoen egitasmoa partekatuz, “Compassion in Politics” delakoa. Ahal da bestelako jarrera erakustea oihan horretan ere, eta ideia beraren inguruan jardun zuten Nerea Gálvez politikariak, Alberto Lardíes kazetariak eta Anabela Runa enpresariak. Bitxia bezain beharrezkoa eta erakargarria egiten da esparru hauetan errukiari buruz entzutea. Eguna borobiltzen hasteko, Juan José Tamayo teologo ‘gorria’ (gorri-gorria) entzun ahal izan genuen, “el bien común” kontzeptuari eta baita kontrakoari buruz ere, “el mal común” (neoliberalismoa, klima aldaketa eta abar guztia).

Eta osteguna goranzko norabidean amaitzeko, “Suminetik (eta saminetik) bakera” obra eszenikoa bigarrenez aurkeztu genuen Gasteizen (aurrekoa Oihaneder Euskararen Etxe ederrean izan zen). Koldo, Naia, Aitor eta laurok Sara Buesa gurekin solasaldian izateko plazera izan genuen, tartea dotorea bezain laburra izan zen. Oihan ederra. Hain zuzen ere, Koldok azpimarratu zuen obraren ibilbide honetan zein jende interesgarria ezagutzen ari garen, zentzu garaikidean errukia ardatz. Eta Sararekin lotuta, gogoratu nintzen Pello semearekin Gasteizera saskibaloira etortzen hasi ginenean, Buesa Arenara. Nola galdetu zidan zein zen Buesa, eta xalotasun horrekin, ea saskibaloi zalea zelako izena ipini zioten pabilioiari. Galdera horiek ahalbidetu zuten gaiari buruz egin ahal izatea, ETA eta gatazkari buruz. Gaua amaitu genuen Pellok eta biok Baskonia ikusten, hain zuzen ere. Adrenalina jaistea kostatu zitzaidan.

Biharamunean, Julian Abel (The Compassion Project: A case for hope & humankindness) on-line entzun genuen Ingalaterratik, eta herrialde beretik Foroan presentzialki izan genuen Rosamund Oliver, “deep listening” edo entzute sakon eta aktiboa nola demontre egiten den zirriborratu zigun (larunbat eta igandean zehar luze garatu behar zuen, baina Zarautzera itzuli naiz). Hemen ere, isiltasuna da gakoa. Zarata guztietatik aldentzea.

Javi Aramendia izan zen atzo egunari ginga ipini ziona (zein hobea gozogile bat baino?). Errepasatu zuen Gipuzkoan aurtengo lehenengo erdialdean egindako aktibitate erraldoi bezain sinestezina, Irunen, Elgoibarren, Tolosan, Donostian, Orion eta Zarautzen. Sinestezina bezain erreala.

Eskerrik asko Javi. Eskerrik asko Patxi. Eskerrik asko Sara. Eta bidelagun guztiei.

Bihotzak eta komunitateak sendatzen

Begoña Errastiren hitzaldiaren une bat.

Gaur da zainketa aringarrietako nazioarteko eguna, eta aste honetan gure jarduera aldarrikatzeko eta data ospatzeko ekitaldiak izan ditugu. Zarautzen, Begoña Errasti erizaina eta ikertzailea izan genuen hizlari pasa den asteartean. Bosgarren aldiz, Zarautz On-ekin elkarlanean, Zarautz Herri Zaintzaileak antolatu dugun hitzaldia izan da.

Aurreko urteetan, hiru mediku (Myriam Berruete, Donostiako ospitaleko Etxeko Ospitalizazioa; Julio Gómez, Santurtziko HSJD ospitaleko Zainketa Aringarriak eta Jesús Sánchez, Gurutzetako ospitaleko Zainketa Aringarri pediatrikoak) eta musikoterapeuta bat (Patxi del Campo, Gasteizko “Vivir con Voz Propia”) izan genituen. Eta bai, bazen garaia Erizaintzaren ikuspuntua jasotzeko. Gogoa geneukan gainera Iruñearekin ere sarea egiteko, eta Nafarroako Unibertsitatetik ekarri dugu aurten hizlaria.

Begoña Errasti oñatiarra da eta Iruñean bizi eta lanean dabil aspalditik. Zainketa intentsiboetan bereziki jardun duen arren, haren doktore-tesia astearteko hitzaldiaren gaiari buruzkoa izanzen, “Erizainaren eta pazientearen arteko harremana zainketa aringarriaren testuinguruan” alegia.

Begoñaren Curriculum Vitae irakurrita, ikerkuntzan egindako lana oso nabarmentzekoa da, baina aste honetan beste zeregin honetan ipini nahi izan dugu argia. Beste zeregin ikusezin honetan, hain distiratsua ez dena publikoarentzat orokorrean, baina hainbeste arintzen duena.

Gaixoak ezin ditugunean sendatu, bihotzak sendatu ditzakegu, bai horixe. Baita komunitateak ere. Zarautzen, Adinekoen Astea ospatu dugu egun hauetan, eta horren barruan hitz egin dugu bizitzaren amaieraz eta erizainen lanaz. Halaber, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako komunitate errukitsuekin batera sarean lanean gaude azken urte hauetan, eta horren emaitza da bideo hau, gaurko egunez aldarrikatu nahi dugunarekin.

Bizi gara!

Uztaila

2016-07-06, Iruñea, 2016 Sanferminak, Txupinazoa. “Naiz”

“Uztaila, sentimendu kontrajarriak agertzen diren hilabetea: poza nire bi alabengatik eta tristura nire aitarengatik”. Maria Jauregiren lehengo eguneko txioa da, Twitterren.

2000. urteko uztaila hondarretan zegoen, eta Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertu sorta bat antolatu zuten Euskaldunon Egunkariaren 10. urteurrena zela-eta. Gurasoekin joan nintzen, eta Senperen lo egin genuen. Uste dut igandea zela, ospakizun haiek igaro eta gero, eta Dantxarineako mendatea igotzen ari ginen kotxean. Irratian, Juan Mari Jauregiren erailketaren berri eman zuten.

Nork esango zigun 7 urte geroago, egun haien inguruan, aita hilko zela minbiziak jota, 64 urterekin? Osasunez hain ondo zegoen gizona, 2007ko uztailaren 22an etxean hil zitzaigun, Donostiako euren etxean. Alberto Peña Iturria. Errenteriako Madalena jaien hasiera.

2019ko uztailaren 6a. Hainbat pertsonarendako, Iruñean eta Nafarroan, eta munduan zehar ere, egun seinalatua. Amaitezina den pandemia hau hasi baino lehenagoko azken San Ferminak izan ziren. Egun hartan ere, Jexux Zufiriaren bihotzaren taupadak eten egin ziren. Ehundaka paziente eta familia ezagutu ditut lanean, euren bizitzaren amaieran, bereziki azken 12 urte hauetan. Jexuxena beste zerbait izan zen, ni ez nintzen bere medikua, bizilaguna baizik. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nituen bera eta familia. 6 hilabete trinko izan ziren, ahaztezinak. Inoiz egin dudan akonpainamendurik ederrena, lanetik kanpo. Liburu bat idazteko moduko bizipenak izan ziren. Haren ordez, bestela, “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala Jexuxi dedikatu nion, epilogoan ikusi dezakezuen moduan.

Gaur, San Ferminak ohiko formatura itzuli dira, koronabirusak ezpatadantza eta arin-arina dantzatzen jarraitzen duen arren, aldaera berri batzuen formatuan. 3 urte dira Jexux hil zela, eta familiarekin oroitzeko eta omentzeko bilduko naiz. Bihotzak eskatzen didana da.

Sentimendu kontrajarriak.

Maitasunean hil

Herrietako jaiak hasi dira nonahi, udan sartu gara eta ikusi nahi ez duguna are ikusezinago bihurtzen da. Errealitatea, alabaina, bestelakoa da. Herioak ez ditu oporrak hartzen, eta bakean hiltzen saiatzeak garrantzi berbera dauka.

Izan ere, Cristina Llagosteraren liburua irakurtzea aringarria izan daiteke udako hilabete hauetan ere. Lehengo egunean irribarre egiteaz hitz egiten bagenuen, gaur maitasunaz egingo dugu berba, kontzeptua modu zabalean hartuta. Zaintzea maitatzea da, alboan egotea. Etxea maitasuna da (edo izan beharko litzateke). Errukia maitasuna da.

Cristinak hasieratik idazten du hiltzeaz meditatzea kontrakulturala dela gure garaian. Izutzen gaituela, baina baita liluratu ere. Beldur existentzialak direla, ezerezari, desagertzeari. Geure beldurrek ez dutela herioa etenarazten, bizitza baizik. Heriotza ez dela bakarrik gertakari biologiko bat, bizitzaren ibilbidea ixtea ere badela. Osasungileok konfort fisikoa gehiago baloratzen dugula, eta familiek nabarmentzen dituztela ezaugarri psikosozialak. Gure biografiak etengabeko bilakaeran daudela jaiotzatik heriotzara, eta aldi berean hiltzen garela izan garen moduan. Barrurantz begiratzea, geure barneko balioak eta nahiak aztertzea. Eta ez itxarotea azken unea arte oinarrizko kontu hauei aurre egiteko.

Heriotza ona dela pertsona bakoitzak nahi duen modukoa. Bakea dela inolako liskarrarekin edo jarrerarekin asaldatuta ez dagoen norbaiten egoera. Amore emateak prentsa txarra duela, borrokatzeari uzteak (hau nik gehitzen dut: Rafa Nadalek sekulako kaltea egin duela). Erresilientziaren garrantziaz. Gauzak datozen moduan onartzearen garrantziaz. Zainketa aringarriak eskubidea direla, bai eta agindu morala ere. Transzendentzia argitsua dela, heriotzan argia pizten dela.

Cristinaren liburuak daukan erakargarritasun zati handi bat hamalau testigantzak dira. Hamalau zortzimilakoak: Odina. Arnau. Mía. María Teresa. Mari Luz. Margarita. Alba. Carles. Gloria. Enric. Antonia. Lluís. Joan.

Ohoratu nahiko nituzke laster urteurrena beteko duen Jexux, ikastolako aita eta auzokidea zen Asier eta ondoko atean bizi zen Miren bizilaguna ere, Zarauzko jai hauetan. Hirurak maitasunean hil ahal izan ziren. Baita Debagoienean alboan izan nauten eta bakean hil diren paziente guztiak. Eta lortu ez dutenak ere.

PD.- Hemen liburuaren aurkezpena Gasteizen martxoan.

Mallorcatik postala

Uharte honetan egon ginen aurrekoan ez genuen seme-alabarik oraindik. Garai hartan, Antònia Font ordurako ezagutzen nuen, duela 16 urtetik gora. Euririk ez zuen egin, baina ez dakit inoiz egingo duen, hango mendilerroak elurra ere tarteka hartzen duela esaten duten arren.

Urte dexente geroago Eivissa bisitatu nuen lehendabiziko aldiz nire bizitzan, trilogiako lehenengoa aurkeztera joanda, “Cadires buides“. Mallorcako beste bisita honetan, aldiz, hirugarrenarekin joan naiz, “Morir a la muntanya. Morir a la ciutat“.

Bidaiaren zergatia SECPAL 2022 biltzarra izan da berez, baina hasteko bezperan topaketa ederra izan nuen Palma Compasiva taldekoekin asteazkenean. Pelikula ikus-entzun eta lasai komentatu genuen publikoarekin, nahiko beteta zegoen aretoan. Gozamena izan zen (baita kongresuan bertan izan ahal nuen tartea trilogiaren nondik norakoak azaltzeko ere).

Klima eta paisaiak desberdinak ditugu Palman eta Zarautzen, Tramontanako bazterrak edo Pagoeta eta Ernio aldekoak. Kantauriar kostaldea edo mediterranearra. Eta bistan da erronka diferenteak dituela 400.000 biztanleko hiri batek eta 25.000ko herri batek. Agerikoa da, halaber, errukia balore unibertsala eta komuna dugula munduko toki guztietan. Eta esperanto modukoa hitz egiten dugula han eta hemen heriotza, zaurgarritasuna, bakardadea edo doluari buruz gabiltzanean. “Zergatik?” galdera ere berdina da.

Proiekzioaren hurrengo egunean, indartsu ekin genion kongresuari, Julio Gómez-ekin izandako tailerrarekin. Heriotzari beldurra edukitzea bizitzari ere edukitzea dela gogorarazi zigun. Ars moriendi dagoen moduan, ars vivendi ere badagoela. Ezin dugula pertsona bat lagundu sartzen ausartzen ez garen leku batera. Sufrimenduak alde negatiboa daukan bezala, positiboa ere badaukala. Horma edo atea izan daitekela. Arlo transpertsonalean traszendentzia, intrapertsonalean zentzua eta interpertsonalean konexioa direla hiru gakoak.

SECPALek espiritualtasunari buruz argitaratutako monografian, 139. orrialdean topatuko duzue GES galdetegia, 8 puntukoa. Lantzean behin egitea merezi du, gaixotasun larririk diagnostikatuta izan barik ere. Bidean egindakoa errepesatzea eta onarpena lantzea. Bizitza-sufrimendua-itxaropena-harremana ibilbidea. Norbere egoera aztertu eta bertan sakondu. Zeren zain nago? Zeren beldur nago? Zer espero dut besteengandik? Nor naiz eta nor izan nahi dut? Non ditut mugak?

Izan ere, itxaropena beldurra baino indartsuagoa da. Sufrimendua jasangarria izan daiteke. Barneko gunea sortuz: Umorea, isiltasuna, bertutea, emozioak, gorputza eta tradizio espiritualak. Pertsona sufrimendua baino gehiago delako. Autoerrukia, desira eta sormena. Kontrola eta amore ematearen arteko oreka. Joaten uztea. Iraganaldira begiratzea epaitu barik eta errukiaz: Izan ere, lehenaldiak ez du esanahirik izan behar orainaldian.

Oso zinematografikoa izan zen Julioren tailerra, normalean egiten duen moduan, eta M. Night Shyamalan-en Time filmaren gomendioa egin zigun (aukera baduzue, ikusi).

Diego Gracia handiarekin jarraitu genuen ostegun arratsaldean. Ordu batzuk lehenago kalean agurtzeko zortea izan nuen, Complutense Uniberstitateko Medikuntza fakultatean haren ikaslea izan nintzelako Madrilen, eta haren irakasgaiarekin izugarri gozatu nuelako, Medikuntzaren Historia. Palmako hitzalditik, puntu hauekin gelditu nintzen: Balioek mugitzen gaituztela, balioak eta gertakariak kontu desberdinak direla, etika eta Giza Eskubideak ez direla beti bat etortzen eta bizitza ez dela balio bakarra, eutanasiari buruz gabiltzanean, norberaren autonomia ere errespetatzeko balioa delako.

Autozainketari buruz, Ainhoa Bidegain-ek (Fundació Galatea) profesionaloi COPING kontzeptua aurkeztu zigun: Commencing, Own vulnerability, Profunding, INtegrative eta Grounding youself. Taldelana, autozainketa intentzionala eta lanagatiko pasioa. Autoezagutza. Eredu biomedikotik eredu humanistara igarotzea. Burn-out gutxitzeko eta autoerrukia areagotzeko meditazioaren praktikak, Stanfordeko CCT (Compassion Cultivation Training) ikastaroan bezala (berriki Izaskun Andonegiren eskutik egin ahal izan dudana). Tolerantzia leihoaz: konexioa eta maitasuna. Hiru eskubideez eta interdependentziaz: Besteak zaintzeko, norbera zaintzeko eta besteak gu zaintzeko.

Osteguna amaitzeko, gunea egon zen komunitate errukitsuei buruz aritzeko. Silvia Librada Sevillatik zainketen sarearen garrantzia azpimarratu zigun eta compassionate community guztietako lau esparruak gogoratu: Sentsibilizazioa, trebakuntza, interbentzioa eta ebaluazioa. Osasungileak izan gabe, gaixoen alboan egotea, mendeetan jendeak egin duen moduan, enpatia eta errukitik. Palma Compasiva taldetik kontzeptu eta ekimen interesgarriak konpartitu zituzten, “núcleo compasivo de barrio” eta “divendres en companyia” (irakurketak, karta jokoak,…).Bakarrik daudenei telefono deiak maiztasunez egin. Baita boluntarioen bertako elkartearen lana aurkeztu ere.

Postal luze honetan, ostiraleko apunteekin jarraituko dut. Javier García Campayo-k saioa eskaini zuen mindfulness-en inguruan. Sufrimendu bitan sailkatuz: Primarioa (saihestezina, adibidez gurasoen heriotza) eta sekundarioa (saihesgarria, pentsatzen dugunean “sekula ez dut burua altxako” edo “inork ez nau maite izango euren moduan”). Sufrimenduaren beste bi isurialde: Jende maiteagatik jasaten duguna (banaketarena) edo arerioengatik (gorrotoarena). Kristin Neff eta zutabe nagusiak: Autoerrukia eta partekatutako gizatasuna.

Eutanasiari buruzko mahaia ere emankorra izan zen. Tayra Velasco erizainak aipatu zigun Belgikan eta Herbehereetan erizainak direla azken farmakoen administratzaileak soilik %15ean. Gogoratu zigun erizainen rola hasierako harreran eta akonpainamenduan. Menpekotasu funtzionala dela faktore nagusietakoa pertsona batek eskaera egitean. Kontzientzia eragozleen aldetik lekukoa pasatzeko beharraz, eta pazientea ez abandonatzeaz. Albert Tuca medikuak gogorazi zigun gizartearen zati handi baten eskaera izan dela lege hau espainiar estatuan. Ikuspuntu laiko, pluralista, sozial eta posibilista batetik. Bizitza ez delako bakarrik fenomeno biologiko bat. Zainketa aringarriak eta eutanasia ez direla ekar baztertzaileak. Pertsonen eskubidea eta profesionalon inperatibo etikoa dela. Katalunian 2.5 eskaera jaso dituztela orain arte batez beste, Bartzelonan eta Gironan batik bat, %65a patologia neuroendekatzatileagatik.

Konpontzeko zaila den oinazearen aurrean, Mónica Dones-en galdera: Zer egin behar dugu terapeutikoak izateko? Sufrimendu okadak jaso, eta arazo saihestezinekin, alboan egon eta misterioa onartu. Esker ona adierazi bizitzari eta Sakratuari. Umiltasun terapeutikoaz ere jardun zuen, emaitzari bakarrik ez lotzea.

Ostirala borobiltzeko, Eduardo Bruera handiak opioideen krisialdiaz hitz egin zigun (batez ere AEBetan pairatzen dutena). Morfina eta deribatuak beharrezkoak direla minbiziarekin lotuta, baina ez hainbeste bestelakoegoeretan. Mina tratatzea ez dela helburu bakarra, faktore gehiago dagoela inguruan. Plazebo eragina bilatzeaz. Errotazio gehiago egitea eta metadonaren aukera.

Larunbatean, Maria Arantzamendi Iruñetik esker onaren inguruan ibili zen, “nik bakarrik nire lana egin dut” ohiko esaldi hori saihestea. Geure lanaren aitortza eta balidatzea. Eskerrak eman eta hartzearen jarioaz. Asertibitatea eskertzeko eta jasotzeko. Betetasun sentsazioaz. Gaixoen bizitzen parte garelako. Aurrera jarraitzeko gasolina.

Espiritualtasunaz lehen aipatutako Mónica Dones eta Enric Benito handia (bere liburuarekin itzuli nintzen Mallorcatik, baita Cristina Llagosterarenarekin ere). Konektatzen eta transformatzen gaituen ankopainamenduaren eredua. Zientziak ezin duelako azalpenik aurkitu gai potoloetarako (heriotza, maitasuna, gorrotoa…). Materia baino askoz gehiago garelako. Ospitalitatea, presentzia eta errukia. Eta Cristina Puchalski-ren lana.

Biltzarra eta egun trinkoak amaitzeko, mahai inguru mediko itzela aurkeztu zigun Iñaki Saralegik, erabaki terapeutiko partekatuaren gakoarekin: Miren Begoña Salinas neumologoak, Bilbotik, Biriketako Fibrosi Idiopatikoari buruz hitz egin zuen. Noiz arte tratamenduak (Pirfenidona eta Nintedanib?) Noiz hasi morfinarekin? Fentaniloa partxean eta transmukosoa krisialdietan. Alberto Alonso paliatibistak Madrildik, bestela, Alboko Esklerosi Amiotrofikoari buruz (ELA). Noiz arte tratamendua (Riluzol)? Segimenduaren hasiera goiztiarraren beharra begirada aringarriarekin. Zainketen aurretiazko planifikazioa. Depreskripzioa. Espektatiba nutrizional handiegirik ez egitea. Bentilazio mekanikoarekin, kontrol sentsazio subjetiboa kontuan hartzea. Eta Helena Garcia psikologoak, Madrildik ere, Giltzurruneko Gutxiegitasun Kronikoaz. Noiz arte dialisia? Sostengu psikoterapeutikoa. Erizainekiko lotura terapeutikoa. Duintasuna – Koordinazioa – Pertsonalizazioa – Gaixoaren paper aktiboa. Gaixotasuna -> Gaixoa -> Pertsona.

Moltes gràcies, especialment, a Marian Garcia i Mercè Llagostera.

Gupidaren gurpilean

Egunsentia Zarautzen.

Lau urte dira abiatu ginela saltsa honetan ere Zarautzen. Getxo, Santurtzi eta Gasteiz aitzindariak genituen aurretik, bageneukan nora begiratu eta nori entzun. Komunitate errukitsuak, herri zaintzaileak, hiri gupidatsuak, urrikalkorrak, bihozberak, errukiberak, errukiorrak edo gupidakorrak.

Sinonimo eskasiarik ez dugu, karunabirusaren kutsakortasunean datza gakoa, ez dela zabaltzen beste batzuen moduan. Kontua da martxan jartzea, eta horixe egin genuen. Julio Gómez (Santurtzi) izan zen geure aditu gonbidatua, eta publikoan, udal areto hartan, Amaia Gozategi (Orio) eta Naomi Hasson (Getxo) ere bazeuden, beste batzuen artean.

Zarauztik igaro dira hainbat pertsona interesgarri 2018tik, antolatutako hitzaldietan, Miryam Berruete iruindar zarauztarrarekin hasita, Patxi del Campo (Gasteiz), Jesús Sánchez Etxaniz (Bilbo) eta Julio Gómez bera. Baita Gipuzkoatik bertatik Patxi Izagirre, Aingeru Oiartzabal, Irune Aranguren eta Izaskun Andonegi ere. Baita AFAGI, AECC, Matia, Biziraun, Bidegin, Salbatore Mitxelena ikastola, Antoniano ikastetxea, Zarautz On… ere.

Death Café-ak antolatzea izan zen gure lehenengo urratsa. Heriotzaren errealitatea hain ikusezina eta entzunezina ez izatea da helburuetako bat, eta horrekin batera zahartzea, gaixotzea, hauskor eta zaurgarriak izatea denon kontua dela, denoi dagokigula eta ez bakarrik osasun langileei. Horra komunitatearen garrantzia, familiarena, bizilagunena. Horra zainketen inportantzia, emakumeen esparrua izan dela orain arte (noiz arte?). Bai, gizonak zeregin hauetan topatzea orain ohikoagoa da, hitzaldietara etortzen dira batzuk. Baina oraindik ematen du hauskortasunarena, zaurgarritasunarena, doluarena eta abar ez doazela gizonezkoekin (noiz arte?).

Bere xumetasunean, liburu bat argitaratu dugu, lau baino 14 erruki istorio jasotzen dituena, 14 zarauztarrek idatzitakoak, bertan jaioak izan ala ez. Ana Galarraga, Imanol Epelde, Andoni Egaña, Asier Serrano eta Felix Zubia dira hamalau pertsona horietako batzuk, errukiaren kontzeptu garaikidearen inguruan dabiltzanak. Geure “koroaren harribitxia” da, umiltasun osoz. (Ale bat nahi izanez gero, eskatu lasai eta helaraziko dizuet).

Lau ginen orduan talde sustatzailean, Amaia Arce, Jabi Bereziartua, Anjel Irastorza eta laurok. Amaiaren partez Miren Ros sartu zen taldean. Geroago, Jabik ere laga zuen ekimena eta, azkenik, Mirenen partez Aizpea Manterola dugu gurekin Anjelek eta biok orain.

Garrantzitsua da gurpil honetan zer egin dugun eta zer egiten ari garen, eta halaber inportantea da zer aldatu den geure baitan, zer garen, zer ikasi dugun, zer nahi dugun geuretzat, ataka zail haietan egongo garenean. Nola nahi dugun zainduak izan, noren alboan, non.

Galdetuko banizun 0tik 10era zein nota ipiniko zeniokeen zeure bizitzari momentu honetan, orain arte egindakoarekin, itzalak eta argiak kontuan hartuta, zer erantzungo zenidake?

Heriotza onaz

Luis Lizarralderen argazkia (Elurra Pagoetan, “Karkara”).

Apirilak ongi etorria egin digu elurte dotore batekin, Pagoeta ere zurituta agertu zaigu gaur, aurreko egunetan bestelako giroa zegoen arren. Bai, klimarekin “gauzak” gertatzen ari dira aspaldi honetan.

Aste honetan bertan ekin diot heriotza ona edo duinari buruzko solasaldi sortari, “Bihotzetik” ekimenak antolatua. Izan ere, Javi Aramendia koordinatzen ari da martxotik ekaina arte 40tik gora hitzaldiren egitarau zabal bat, Gipuzkoan zehar, sei komunitate errukitsuak elkarren artean sarea eginda: Tolosa (Bihotzetik bera), Irun-Hondarribia (Bidasoa Zurekin), Elgoibar (Almaur), Donostia (Bidegin), Orio (Zain Bizi) eta gu geu Zarautzen (Zarautz Herri Zaintzailea).

Orion eman nuen lehendabizikoa astelehenean, beteta zegoen Arraunetxe eraikin ederrean. Amaia Gozategi bidelagunak anfitrioi lanak egin zituen, eta luze eta gustura aritu nintzen solasean bertaratutakoekin (batzuk ondoko galaxiatik, Bizkaia maitetik).

Garai hauetan automatikoa da hainbatentzat heriotza duina eutanasiarekin lotzea. Eta horixe da, zorionez, duela 9 hilabetetik zabaldu den beste bide bat heriotza ona lortu ahal izateko. Baina ez bakarra, eta gainera ibilbide luzeagoa duten herrialdeetan ikusten dugunez (Belgika, Herbehereak…), ez kasu gehien biltzen dituena.

Zainketa aringarriak oraindik espezialitate medikoa ez den arlo nahikoa gaztea da, beste esparru batzuekin historikoki konparatuta. Gurean bizpairu hamarkada baino ez dira martxan daudelarik, eta helburu nagusietakoa horixe dugu: heriotza ona, edo duina. Beraz ez da oso bidezkoa eutanasiarekin baino ez lotzea, eta horrela Orion korronte biei buruz egin genuen berba. Zabalago nik gehien ezagutzen dudanari buruz, baina baita bide berriari buruz ere. Kontuan hartuta eutanasian hainbat paliatibista gabiltzala.

Bibliografian, Jacinto Batiz mediku paliatibista bizkaitar ezagunak idatzitako liburua aipatu nuen, eutanasiarekin kritiko agertzen dena, argudio hauek ere irakurtzea interesgarria izan daitekeelakoan. Eta horrekin batera, hurrengo hitzaldietan beste liburu bat aipatuko dut, Cristina Llagostera psikologo katalanak aste honetan ere Gasteizen aurkeztutakoa, aitzindaria den komunitate errukitsuan: “Morir con amor”. Izenburua iradokitzailea irudituz gero, hemen duzue aurkezpena ikus-entzuteko aukera.

Amaitzeko, heriotza duinari buruzko hurrengo solasaldietan parte hartu nahi baduzue, hemen egitaraua eta izena emateko bidea (eta info guztia):

  • Elgoibarren apirilaren 7an.
  • Donostian apirilaren 19an.
  • Zarautzen apirilaren 29an.
  • Tolosan ekainaren 3an.
  • Irunen ekainaren 15ean.

Getxon bidelagunak

Getxo Zurekin‘ izan zen ‘Zarautz Herri Zaintzailea’ sortzeko eredu nagusietakoa, Gasteizko ‘Vivir con Voz Propia‘ eta ‘Santurtzi Hiri Zaintzailea‘-rekin batera. 2018ko hasiera hartan horko proiektua ezagutzea izan zen azken bultzada hemen abiatzeko.

Naomi Hasson irlandarra da komunitate errukitsu bizkaitarraren burua, eta aspaldian ezagutu ginen, Arrasate aldean, bera ‘Saiatu’ egitasmoa aurrera ateratzen ari zenean. Ordutik bidelagunak gara eta hainbat saltsatan gabiltza elkarrekin.

Besteak beste, trilogiako hiru aleak programatu ditu Getxon, heriotzaz pedagogia egiteko eta errukia lantzeko testuinguru honetan. “Aulki Hutsak” duela 4 urte proiektatu zuten, lehenengo urratsak ematen ari zirenean. 2019ko irailean “S(u/a)minetik bakera”-rekin ausardia puntua izan zuen Naomik, Euskal Herrian pairatutako indarkeriei buruz hitz egitea oraindik deserosoa delako. Irlandan ere badakite suminaz eta saminaz.

Pasa den ostegunean “Mendian hil. Hirian hil” azkenaren txanda izan zen. Publikoan Monika Fernandez bidelaguna egon zen, Maria mediku egoiliar leondarra etortzera animatu zuena, Bilbon berarekin lan egiten duena. Egia esan jende gaztea ere hurbildu zen Erromoko kultur etxera aurrekoan. Etorkin magrebtar talde bat lehenengo lerroan, adibidez. Hauek ere badakite doluei buruz, migratzaile guztien moduan, are gehiago baldintza latz horietan datozenak. (Kausalitatez, “Aita Mari” dokumentala aste honetan bertan ikus-entzunahal izan dut).

Aretoan lehengusua ere egon zen, ondoko herrian bizi da, asko poztu nintzen bera ikusteaz. Haren amak, neure izebak, doluak zer diren azaldu zidan lehenengo pertsona izan zen. Haren aita, neure osaba, ez nuen ezagutu izan ordea. Hegazkin istripu batean hil zen, bera txikia zenean, eta gertaera hark txiki-txikitatik piztu zidan heriotzaren inguruko kontzientzia. Zorionez, etxean gurasoek kontu garrantzitsu hauei buruz naturaltasunez hitz egiten ziguten. Bide honetan nagoen lekuan nago honengatik guztiagatik, neurri handi batean.