Bustitzea

Bittersweet goodbye for Gaza doctor as family leaves enclave | Reuters

Zainketa Aringarrietako Espainiako Elkarteak (SECPAL), pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko duen konpromisoari men eginez, ahotsa altxatzen du Gazako biztanleria zibilak bizi duen egoera humanitario larriaren aurrean, batez ere haurrek, gaixoek, adinekoek eta desgaitasunen bat dutenek bizi dutena.

Salatzen dugu:

Gazako Zerrendari 2025eko martxoaren 2tik ezarritako erabateko blokeoak elikagaien, edateko uraren, sendagaien eta erregaiaren sarrera eten du, eta bi milioi pertsona baino gehiago elikagaien segurtasun falta larrira, desnutrizio akutura eta oinarrizko osasun-arretaren faltara kondenatu ditu.

Azpiegitura zibilak eta sanitarioak sistematikoki suntsitzea, ospitaleak eta osasun-zentroak erasotuak eta kolapsatuak izanik, funtsezko zainketak eskuratzea eragotziz eta arreta medikoa profesional eta pazienteentzako amesgaizto bihurtuz.

Haur gazatarren sufrimendua, elikagaiez, urez, babesaz, hezkuntzaz eta segurtasunaz gabetua. Milioi bat haur baino gehiago bizi-laguntzarik gabe daude, desnutrizioaren, gaixotasun saihesgarrien eta trauma konponezinen eraginpean.

Gosea erabiltzea eta oinarrizko baliabideak kentzea gerra-arma gisa, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta giza eskubide oinarrizkoenen urraketa nabarmena dena.

GENOZIDIOA, terrorismoaren mezu faltsuarekin, Israelen ekintzen larritasuna sozialki “desenkusatzen” saiatzen ari dena.

Iradokitzen dugu:

Egoera hori betikotzeak, nazioarteko komunitatearen gelditasunak eta isiltasunak babestuta, Gazako herritarrak sufrimendu jasangaitzera kondenatzeaz gain, zigorgabetasun-aurrekari onartezina ezartzen du gizateriaren aurkako krimenen eta bizitzeko eskubidearen, osasunaren eta ahulenen babesaren aurrean.

Osasun-zerbitzuen kolapsoak eta tratamendu mediko egokia jasotzeko ezintasunak areagotu egiten dute saihets daitezkeen arrazoiengatiko heriotza-tasa, eta larritu egiten dute zainketa aringarriak eta erruki-arreta gehien behar dituztenen sufrimendu fisikoa eta emozionala.

Exijitzen dugu:

Ekintza militar oro berehala etetea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa erabat errespetatzea, biztanleria zibilaren babesa bermatuz, batez ere haurrena, gaixoena eta pertsona kalteberena.

Korridore humanitario seguruak berehala eta etengabe irekitzea, elikagaiak, ura, sendagaiak, erregaia eta oinarrizko hornidurak sartzeko eta egoera kritikoan dauden pertsonak ebakuatzeko.

Osasun-zerbitzuak eta zainketa aringarrietako zerbitzuak berrezarri eta babestea, eta inolako bereizkeriarik eta oztoporik gabe mediku-arreta jasotzeko aukera bermatzea.

Nazioarteko gobernuek eta erakundeek erantzukizuna beren gain hartzea eta irmo jokatzea zigorgabetasunari amaiera emateko, egindako krimenak dokumentatzeko eta arduradunei kontuak emateko eskatzeko.

Deialdia:

Gizarte zibilari, osasun-profesionalei eta pertsona guztiei, beste aldera ez begiratzera, ahotsa altxatzera eta beren gobernu eta ordezkariei tragedia humanitario hori iraultzeko jardun dezatela exijitzera, isiltasunak eta axolagabekeriak sufrimendua eta bidegabekeria betikotzen baitituzte.

Osasun-arloko profesional eta zainketa aringarrien defendatzaile garen aldetik, gogorarazten dugu giza duintasunak ez duela mugarik ezagutzen, eta etapa eta egoera guztietan bizitza lagundu, arindu eta babestea dela gure egitekoa. Ezin dugu onartu ahulenen bizitza eta itxaropena sakrifikatzea munduaren pasibotasunaren aurrean.

Gazako duintasunaren eta giza eskubideen alde.
Saihets daitekeen sufrimenduaren amaieragatik.
Presazko ekintzagatik eta justiziagatik.

Sutan

Mangum Fire. Arizona (AEB), 2020. Wikipedia.

Aurtengo udari sutan ekin diogu, eta hainbat bizilagun klimaren larritasunaz hamaikagarren aldiz konturatu dira. Urtez urte gertatzen den zeozer da, datorren urtean ere berriro gertatuko da, eta hainbat herrikide larrituko dira, atzera ere ahazteko aurreko urtean eta aurrekoan eta aurrekoan (…) jazotakoaz. Zorionez, su-etenean gaude momentu hauetan.

Sutan ekin zioten urteari 2022an Ukraina aldean, Errusiaren aurkako gerrarekin, gaur arte luzatzen ari dena, Eta sutan amaitu zuten 2023. urtea Palestinan, Hamasek piztutako suari gaur arte Israelek etengabean botatako erregaiarekin, eskala handiko atentatu latzari neurririk gabeko genozidio batekin erantzunda. Zoritxarrez, su-etenik ez daude, ez batean ezta bertzean ere.

Azken asteotan pare bat komiki irakurri ditut (milesker Maddi!) indarkeriari buruzkoak. Jérémie Dres komikigile frantziarraren “Le jour où j’ai rencontré Ben Laden” 2 liburuen gaztelerazko itzulpenak izan dira (“El día que conocí a Bin Laden“). Bertan, Mourad Benchellali eta Nizar Sassi arabiar frantziarren istorioak kontatzen ditu marrazkigileak, erradikaltasun islamista ulertzeko saiakeran.

Anna Teixidor kataluniarra antzeko zerbait saiatu zen egiten “Sense por de morir. Els silencis del 17-A”, Ripolleko arabiar katalan haien bilakaera biolentoak ulertu nahian. Nola pizten da sua gazte batzuengan izugarrikeriak egiteko iritsi ahal izateko? Zeintzuk dira faktoreak?

Une hauetan amaitzen ari naiz “Putain de guerre!” komikiaren gaztelaniazko itzulpena (“¡Puta guerra!”), Jacques Tardi eta Jean-Pierre Verney frantziarrek egindakoa, Lehen Mundu Gerraren izugarrikeriak gordinki plazaratzen dituztenak.

Sute guztien artean, gure Troubles propioak (izan) ditugu, klima aldaketa (larrialdia) bezala ahaztu nahi ditugunak. Atzo, baina, ekimen zoragarria burutu zuen Ibai Uribe gazte euskaldunak: 25 aldiz igo zuen Mandubiko mendatea bizikletaz, haren aitaren omenez. Haren aita, Mikel Uribe, ETAk erail zuen duela 24 urte, eta ahanzturan ez gelditzeko balentria ikaragarria aurrera eraman zuen atzo. “Minak ez du ideologiez ulertzen”, haren hitzetan.

Amen.

Isiltasuna apurtzen

Aste honetan Gasteizen egon gara, hirugarren aldiz ibilbide honetan guztian, SB aurkezten. Patxi del Campo ostalari lanetan eta Sara Buesa lagun solasaldian. Koldo Rodriguez eta Naia Egiluz narratzaile lanetan. Musikarekin, zuzenean, Mudoh (argazkian). Indarkeria eta dolua. Beste behin, Olatz Etxabe eta Sandra Carrascoren bizipenak konpartitu ditugu: sumina, bakardadea, tristura, samina, itxaropena.

Eta isiltasuna. Asteazken honetan presentzia guztiz nabarmena izan du Yael Deckelbaum abeslari kanadar juduaren bideoak, “Prayer of the Mothers”-ek. Mudoh-k modu dotorean interpretatzen duen kantuak era berezian jotzen du orain Palestina aldean gertatzen ari den terrorearekin. Eta izuaren aurrean, isiltasun epelak, zalantzatiak, beldurtiak, koldarrak, konplizeak.

Sarak gogorarazi zigun gure herrialde txiki honetan, aurreko hamarkadetan zehar, baina gaur egun oraindik ere, indarkerien biktimek jasandako indiferentzia mingarria, enpatia falta etsigarria, sasi neutraltasun kalkulatua, epela, ikaratia, konplizea. Interpelatzen digun isiltasun ozen hori.

Isiltasunaren soinua betegarria, sendatzailea eta atsegina izan daiteke. Baina hau bestelakoa da, neurri guztiak gainditzen dituen basakeriaren aurrean entzuten den isiltasun orokorra misilek ospitaleak eta anbulantziak jo baino segundo batzuk lehenago entzuten den hura bera da. Oihalezko dendak eta barruan lo egiten ari ziren umeak kiskali baino lehen entzuten den isiltasun sorgorra. Bereziki mingarria den jende onaren isiltasun hura.

Hain zuzen ere, Israelen aspaldian abiatutako mugimendu bakezaleak horrela du izena: Breaking the silence. Merezi du militar israeldar izandakoek kontatutakoa irakurtzea, link horretan murgiltzea. Ariketa ona da isiltasuna apurtzea, aste honetan Patxi, Sara eta bertaratutako publikoarekin Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok egin dugun moduan. Aringarria da.

Irati Goikoetxearen hitzetan: “Hitzak baliorik ez duen munduan bizi gara. Eta zerbait egin beharko genuke. Egiten ari ez garen zerbait” (“Gosea”).

Trilogia dokumental bat: SB

Zuhaitz hau Udalatx mendiaren magalean dago, erabat makurtuta haizeengatik, baina zutik. Bi protagonistak irudikatzen ditu, antagonikoak ematen dute, baina zuhaitz bera da errealitatean.

Aurreko dokumentaletik kanpo ez zen gai asko gelditu, baina esparru arantzatsu eta garrantzitsu bat bai, oso lotuta dagoena munduko gure bazter honekin. Beste leku batera begiratu genezakeen azken 4-5 hamarkadotan izandako hainbeste hildako eta zauritu ondoren, baina jatorri politikoko indarkeriek eragindako heriotzei ere heldu nahi nien, eta haiek eragindako doluei. Eta itsaso horretan dzanga egin genuen, edo terrorismoaren putzuan, nahiago baduzu.

Gai delikatu hauei aurre egiteko beldurra gainditzearen ildotik, SB beste urrats sendo bat zen. Bestelako heriotza motei begiratzeko ausardia biltzen baldin badugu, behin baino gehiagotan egiten baldin badugu, enpatia ariketa horiek errepikatzen baldin baditugu doluan daudenekin, emozionalki entrenatuta eta prest egongo gara. Baita biolentziaren ataka latz eta mingotsak pasa dituztenen begietara begiratzeko ere.

Berriro, SB egiteko argitxoa beste krisialdi pertsonal batek piztu zuen. Amaren heriotzak, 2015eko hasieran, lurrikara emozionala eragin zuen seme-alabon artean, hilabete oso zailak izan ziren ondorengo haiek. Lanean topera nenbilen, hain zuzen ere hainbat pazienteren bizitzaren amaieran, eta euren heriotzek senideei ekarritako seismoekin lagundu nahian. Mugan nengoen, norbaitek putz eginez gero lurrera eroriko nintzateke, eta horixe bera gertatu zen. Orain arteko nire garairik ilunena izan zen, zalantza barik.

Zumarragako ospitalean pairatutako gatazka pertsonal batetik gatazka kolektibo erraldoi horretara egin nuen jauzi. Kontatuko genituen bi istorio zehatzak gertuagotik ezagutu ahal izan nituen. Sandra eta Olatz bi protagonistak ondoan nituen, aspalditik lan egiten dudan udalerrian, hortxe. Euren istorioen berri ere nola edo hala baneukan, baina patuak ekarri zidan Arrasateko bi emakume hauek ezagutzeko abagunea. Eta hortik joan ginen SB eraikitzen.

Lehenik eta behin, Aitor lagun musikariarekin harremanetan ipini nintzen, itxura ematen joan ginen, narratzaileak aukeratu genituen eta, formatu desberdin batean, obra eszeniko bat sortu genuen, izen artistikoekin sinatuta, Mudoh eta Patxi Lurra moduan. Izenburuan, sumina eta samina arteko hitz jolasa egin dugu, gaiari errukiaren kontzeptu garaikidetik begiratuta.

Gogora Institutuak diruz lagundu zigun, eta poliki baina konbentzimenduz ibili gara herriz herri aurkezpenak egiten, Baketik elkartearekin hasieran, Bakeolarekin jarraian edo gure kabuz. Esperimentu zoragarria izan da, gure aportazio xumea dolu kolektibo handi hau gainditzen laguntzeko.

Liburua

Liburuaren azalean, nola ez, mendi bat. Baina ez edozein, baizik eta hiru tontor dituena, argazkian agertzen dena (ezkerretik eskuinera: Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide). Aitak erreferentziatzat zeukan mendia. Mugalaria, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, eta Lapurditik nahiko hurbil.

Hiru tontorrena, izenburuak aipatzen duen trilogiagatik da. Baita liburua hiru hizkuntzetan idatzita dagoelako ere. Hasteko, eta estreinatzeko, euskaraz, noski. Booktegi plataformaren bidez, eta Aritz Brantoni esker. Hementxe duzue irakurgai: “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat“.

Txikitan izan nahi nuena idazlea zen. Eta une hauetan, amaz eta amonaz gogoratzen naiz bereziki, eurek ederto ezagutzen zutenez idazteko neukan grina. Pozik hartuko zuten pasa den ostegunean argitaratu berri dugun liburuaren albistea.

Bestela, abeslaria abesten duena edo idazlea idazten duena dela esatea orokorregia da. Agian “ondo” gehitu beharko genuke (idazlea ondo idazten duena da). Edozein modutan, idaztearena aspalditik praktikatzen dudan zera bat da, eta blogarena entrenamendurik hoberena izan da, astean behin duela… 20 urte! (mila esker, Igor Leturia). Hasi Goienan, Mahatsorriekin jarraitu (ene! haiek garaiak!) eta bueltan Goienan.

“Zinemagilea” hitzarekin ere antzeko zeozer gertatzen zait, are okerragoa da egia esan. Batzuk animatzen dira horrela deitzen, baina urrutiegi gelditzen zait. Suposatzen dut komikiak literaturarako direnak direla dokumentalak zinemarako. Orduan “dokumentalgilea” horrekin bai, ados. Denok pozik.

Teaser moduan, edo amu moduan, hemen lagatzen dizuet beheko sarrera hau. Eta goiko linkean, liburu osoa, soinu-banda eta guzti.

Letren eta zientzien artean aukeratzeko esaten digute gaztetan. Bideak, hala ere, tarteko lurralde bat badagoela erakusten digu, eta batzuk hortik ibiltzen gara gure profesioetan. Liburu honetan, funtsean, medikuntza narratiboa izeneko hibrido baten emaitza da. Zinemaz, literaturaz eta psikologiaz irakurriko duzu, batik bat. Eta atzean, musika.
 
Bideak, halaber, irakasten digu bizitza hainbat emozio eta bizipenen arteko nahasketa dela: pozak eta tristurak, minak eta osaketak, erorketak eta altxatzeak, haserreak, itxaropenak… Zientziak dena ezin duela azaldu eta konpondu gogorarazten digu liburuak ere. Fantasia eta errealitatea ez nahasteko. Barrukoak partekatzen ikasteko. “Beti beste tontor bat badagoela gure zain”.

Erresistentzia

2017ko abenduko estreinaldia. Amaia Antzokia.

2024an “Prayers of the Mothers” (Amen otoitzak) bideoa ikus-entzutea, 2016an Yael Deckelbaum abeslari kanadar/israedarraren kanta batekin egindakoa, ariketa bitxia da. Hamas-ek 2023ko urriaren 7an Israelgo hegoaldean egindako aurrekaririk gabeko sarraskia eta gero. Israelgo Gobernuak ordutik hona Gazan egindako genozidioa eta gero, Zisjordania eta Libanora zabaldutakoa.

Itxaropena sarritan sinesmen eta emozio urrun eta helduezin bihurtzen da, Ekialde Hurbilean ez ezik Penintsula Iberikoan ere. Askoz errazagoa da etsipenean eta urdintasunean erortzea, panorama ikusita. Maitasun keinuetan sinestu nahi, baina gorrotoa besterik ez nabaritu.

Higatutako hitzak denborak are gehiago agortzen ditu, baina egia da denborak sendotu ditzakeela bestelako jarrerak, aldi berean. Bai, badago jendea eusten diona erresistentzia baketsuari. Badaude Brooklyngo judutarrak, kaos honen erdian Israelgo Gobernuari bakea esaten diona. Badaude israeldarrak euren gobernuari stop esaten diotena, euren armadan sartzeari ezetz esaten diotena, jende ausarta benetan.

Gertuago, badaude alabak, hilketaz aitak galdu zituztenak. Mendekua aukeratu ez dutenak, bestelako kontzeptuak erabiltzen dituztenak. Bakea, adibidez, edo maitasuna edo errukia. Amak, alabak. Munstroaren aurrean indarkeria hautatu ez duten emakumeak. Munstrokeriei begira, bestelako bide iraultzaile bat hartu dutenak. Ulertzeko zaila izan daitekeen erresistentziako jarrera.

2017an, goiko argazkian erdi-erdian agertzen diren Olatz eta Sandraren istorioekin eraiki genuen “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa. Ordutik 22 aldiz aurkeztu dugu publikoki, gehien-gehienetan Gipuzkoan. Behin bakarrik Euskal Herritik kanpo.

7 urte pasa ostean, interesgarria iruditu zaigu Interneten ikus-entzungai egotea, egin duguna orain arte ezagutu ez duenak eskuragarri izateko. Horretarako lehenengo urratsa eman dugu, narratzaileen ahotsak grabatzea, Olatz eta Sandraren ahotsekin batera grabatuta gelditzeko, gure protagonisten irudiekin batera. Laster nonbait eskegita geldituko da, eta jakinaraziko dizuegu non.

Bitartean, oso bitxi bada ere, Penintsulako beste puntatik proposatu digute SB aurkeztea. Non eta Jaenen (Andaluzia). Dirudienez, badago erresistentzian sinesten duen beste norbait ere.

Heriotzaren aurka borrokan

Man fighting death

Hilezkortasunaren bila dabil gizakia noiztik, Antzinako Egiptotik , Santimamiñetik? Noiztik haren aurka borrokan? Magiaren bidez, zientziaren bidez. Zahartzearen aurka, Herioaren aurka.

“S(u/a)minetik bakera” obran, indarkeriarekin lotutako heriotzari buruz hausnartu genuen, zehazki. Betiereko desioekin, kontu ilunetatik ikastea, berriro ez gertatzeko. Bakea bortizkeriaren gainetik gailentzea. Heriotzen iturri handi bat ixtea. Hala ere, ematen du indarkeria Santimamiñeko garaietatik datorrela, Antzinako Egiptotik. Kontaezinak dira gudak munduan, mendez mende. Guda zibilak, Karlistaldiak, Munduko Gerra biak. Holokaustoa, Palestina. Itxura guztien arabera ez, ez dugu akatsetatik ikasten. Su bat itzali ostean berriro beste bat pizten da. Txingarrak hor azpian daude, haize egoki batek atzera piztu ditzakeena.

Bakea oso egoera ezegonkorra da. Baita osasuna ere. Ez da erraza gure hauskortasuna onartzea. Daukagun aukera bat da aurreikusitako egoerak edo esperotakoak prebenitzen saiatzea: Gaixotasunak orokorrean, suizidioa bera, istripuak. Edo behin agertuta, sendatzen saiatu, Minbiziaren aurkako borroka adibidez. (Borroka hitza egokia den al ez beste post baterako lagako dugu).

Neuri askotan etortzen zaizkit hondarrezko gazteluak eta hormak, txikitan itsas ertzean egiten ditugunak. Ahalegintzen gara gero eta hondar gehiago eramaten, marea goruntza datorrenean, hormak sendotzeko eta itsasoak haiek ez hondatzeko. Itsasoari irabazteko itxaropenarekin. Bukaeran, ikasten dugu zazpigarren olatuarekin edo hamazazpigarrenean itsasoak beti irabazten duela. Kantaurikoak behintzat.

Tolosako inauterien ostean

Argazkia: travelmalarkey.com

Bonberenean grabatutako disko dotorea kaleratu zuen Pettik 2008an, “Awañak”gogoangarria. Aurreko urtean bere aita hil zen, oker ez banaiz, neurea bezala. 5 urte geroxeago, “Aulki hutsak” egiteko bidean negoela, “Argia heldu da” erabiltzeko eskatu nion Berakoari, Tolosako gaztetxean zuzenean grabatutako disko hartako abestia. Horrela ezagutu ginen.

Dokumentala herriz herri ibili zen 2014tik aurrera, tartean Tolosaldean, Alegia, Berastegi, Altzo, Anoeta eta Legorretan egon gara urte hauetan. Azken herri honekin lotuta, Maria Jauregi eta Maixabel Lasa, berriz, “S(u/a)minetik bakera”-rekin ezagutu ahal izan nituen. Bi pertsona erabat inspiratzaileak, bizitzan gutxitan topatzen diren horietakoak. Hobeto joango zen kontua gure Herri txikian, ugariagoak izango baldin baziren eurenak bezalako testigantzak.

“Mendian hil. Hirian hil” iritsi zen, azkenik, eta berarekin batera Mendi Film, Mendi Tour eta Aitor Elduaien. Eta Leidor areto mitikoa. Mendiei buruz ari garela, Uzturre urte hauetan igo dut lehenengo aldiz, eta Hernio Hernialdetik. Alkizatik egin genuen lehenengo txangoa Herniora, orain dela urte pilo bat, hori bai. Eta Aralarren Amezketatik sartzea, hori ere azken etapa honetan deskubritu dut. Eta Balerdira Bedaiotik.

Aste honetan itzuli naiz Tolosara, AH-ek 10 urte borobil egin dituenean. Easo Politeknikoan ibili naizen moduan, ikasle gazteekin heriotzari buruz, Inmakulada ikastetxean egon naiz oraingo honetan. Erizain laguntzaileak izateko ikasleekin, hain zuzen ere. Suizidioari buruz, berri txarrak emateari buruz, doluei buruz, hiltzeari buruz. Inauteriak amaitu berritan.

Eskertuta Asier Arrizabalaga eta bertako irakasleei, gure dokumentala aukeratzeagatik eta gonbidapenagatik. Tabuak apurtzeagatik.

Aberri galduak

Haurtzaroko Gabonak gogoratzen dudan aberri kuttunetakoa dira niretzat. Sutondoa eta etxekoak, ez daudenak eta badaudenak. Aberri galdua baina ez ahaztua. Kandela itzaliak eta piztuak. Aulki beteak. Etxe berriak, ihes egiteari utzi, finkatu Zarautzen. Diskoak. Goroldioak. Gariak. Liburuak. Gorostiak. Gutunak.

Ainielle guztiak. Berpiztutako Otsagabiak, otsorik gabekoak. Desagertutako elurra Abodin eta Orhipean. Berreraikitako bordak. Berreskuratutako hizkuntzak. Ezkutatzen diren oreinak, hala ere ikus ditzakegunak, baita behe-lainoan ere. Nostalgiak gidatutako itzuliak, marka zurigorriek lagunduta, eskerrak!

Ulertu dezaket zure mina. Sumina atzean utzi duzu, eta ez zen erraza. In-darkeria, in-diferentzia eta in-justizia berdin hasten dira. Eseri hementxe, adi nauzu. Grinch-ena ez dizut erosiko, loteria ezta ere, baina ondo egingo dit entzuteak, entzun nahiko ez nukeena ere. Ongi eginen dizu zuri ere erran behar duzuna erratea.

Betleem, Nazaret, Jerusalem, Galilea, Samaria, Judea, Filistia. Herodes berriek hildako haur guztiak. Sehaska hutsak. Galdutako aberriak, baina ez ahantziak. Oraintxe da momenturik aproposena Mesias etortzeko. Oraintxe. Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak.

Hator hator Haendel, hator hator etxera. Itxaropena isiotuta dago supazterrean, begi-begira egonda ere ulertzen ez duguna. Itxungita gupida. Otsoak hemen zeuden, iparraldeko mendietan baino hegoaldeko basamortuetan.

Baina kontatu iezadazu berriro nola ezagutu zineten, nolakoak izan ziren zeuen umezaroak. Zelan zen iparraldean eta zelan hegoaldean. Zoriontsuak izan zineten orduan? Eta orain, zaudeten lekuan zaudetela? Zer ikusten duzue handik? Egia da energia ez dela sortzen ezta suntsitzen ere, eraldatzen dela?

Eraldatu gaitezen. Barre egin dezagun. Kanta egin dezagun. Dantza egizu, gura baduzu. Besarkatu gaitezen. Eskua eman eta goazen mendira. Goitik ikusten dira itsasoa eta lakuak. Goitik hegan doaz arranoak. Behetik errekak, azkonarrak eta ur-jauziak.

Ikusten su-mendia piztuta, sutan? Atzo gauean lehertu zen, lo zeundenean, ez zinen esnatu. Soinuak ikaragarriak ziren, eta zu lo. Haurtxo txikien moduan. Ba, gezurra badirudi ere, laba guztia kanporatuko duenean, hor, barru-barruan, bakea topatuko dugu. Eta musika. Topa!

Imanol

Haurtzaroan lagundu ninduten Ahotsen artean, horrela letra handiz, Natxo de Feliperena (Oskorri), Amaia Uranga, Estibaliz Uranga eta Mocedades taldekoenak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirenak daude. Madrildik Euskal Herrira egiten genituen bidaietan lagun izaten genituen, kotxeko ordu luze haietan. Eta bazegoen beste bat, grabe eta sakona, bibrazio horiek transmititzen zituena: Imanolena.

Ordutik, etortzen zaizkit burura Ruper Ordorika, Petti eta Aiora Renteriaren ahotsak, kateari jarraipena eman diotenak, baina ziur aski Imanolena musikalki beste plano batean dago. Jakina, baita bere ibilbide biografikoa ere. 1971an, neu jaio nintzen urtean, 24 urterekin lehendabiziko erbestealdia hasi zuen. Ipar Euskal Herritik Parisera (Paco Ibáñez, Georges Brassens, Georges Moustaki, Mikis Theodorakis, Gwendal, Lluís Llach…). Eta atzera Hego EHra: 1985ean Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesaldia Martutenetik. 1986an Yoyes-en hilketa eta omenaldia Ordizian. Eta 1989an “Beldurraren kontra” kontzertu erraldoia Donostian. 1980ko hamarkada bizia eta latza. 2000an bigarren erbestealdia Alicanteko probintziara, 4 urte geroago haren heriotzarekin amaitu zena.

Zain neukan “Imanol: Azken kontzertua” dokumentala, eta azkenean eseri naiz ikus-entzuteko. Bertan, protagonista batek Imanolena espainiar estatuko ahotsik ederrena izan dela esaten du. Akaso ez da demaseko afirmazioa. Pelikula atsegina da, musikalki ederra bertsio horiekin, baita Imanol beraren ahotsarekin ere. Tristea da halaber, biografikoki goian aipatutako gertaerengatik. Heroia izatetik traidorea izatera. Baketik suminera eta saminera. Eta heriotza hori… Dokumentalean aipatzen da gure Herrian gelditu den zauri handi horietakoa izango dela Imanolekin kolektiboki duguna. Hala da. Errua, damua, tristezia, mingostasuna, hoztasuna, injustizia… Gehitu nahi duzuna. Eta errukia (zentzu negatiboan zein positiboan).

Azaro honetan 76 urte bete izango zituen. Neuk bihar 52.