Aldez aurretik itxita

Andoni Egaña handiak idatzitako artikulua irakurri berri dut egunkarian, “Aurreritziak”, bikain jasotzen duena sarritan (sarriegitan) praktikatzen dugun kirola: Besteak aldez aurretik epaitzearena. Gure burua babesteko modu bat izango da, hainbestetan aipatzen den “confort” gunetik ez ateratzeko defentsa modua, euskaraz “bertan goxo” egoteko esaten dena.

Testua idatzi du Jordi Evole kazetariak Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketarekin ekoiztutako dokumentala aipatuz, laster hasiko den Zinemaldian estreinatuko dutena, “No me llame Ternera” izenburukoa.

Aldez aurretik itxita egon zaitezke ETArekin hain lotutako pertsona bat ateratzen delako. Aldez aurretik itxita egon zaitezke Évole jauna ez duzulako gustuko. Aldez aurretik itxita egon zaitezke gelditu zarelako 2003. urtean ainguratuta, duela 20 urtetik ez duzula ezer jakin nahi, Julio Medemek “La pelota vasca” dokumentalarekin mugarri handi bat ezarri zuenean eta boikot deiekin bat egin zenuenean. Ordutik, akaso, ez duzu Medemen ezer ikusi nahi izan.

Eta 2003tik baldin bazaude horrela, eta ez askoz lehenagotik, gaitzerdi. 1975etik adibidez, edo 80. hamarkadako manifestazio eta pankarten leloekin katigatuta. Neu ere, aldez aurretik itxita nago “Patria” eleberriarekin, adibidez, idazlearen jarrera ideologikoak uxatuta. Denok ditugu gure blokeoak. Eta desblokeoak.

Hernanin, adibidez, “entzuteko eta entzuna izateko”. Aldez aurretik zabalik egon behar zara prozesu erreparatzaileetan parte hartzeko, zirkulu errestauratiboetan. Hamabi pertsona oholtza gainean, Herritar Foroak antolatuta. Suminetik eta saminetik bakerako ibilbidean, geu ere leku berean eta elkarte berak gonbidatuta egon ginen duela 3 urte. Eta esan dezakedana da, ibilbide honetan guztian, aldez aurretik apur bat zabalik egotea, zeure tributik pixka bat aldenduta beste triburen bat ezagutzea, erreparatzailea eta errestauratiboa dela. Ustekabe ederrak hartu ditzakezula.

Zinemaldian adi egongo naiz, baita beste “patria” baten aldeko pertsona interesgarrien mugimenduekin ere.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude