Burgos-Gipuzkoa

San Pantaleón de Losako baseliza.

1950eko hamarkadatik aurrera, Burgosko probintziatik jende ugari iritsi zen Urolako eskualdera, Legazpi, Zumarraga eta Urretxura. Industriak erakarri zuen Ebro eta Dueroko ibarretatik ehundaka familia, bereziki Patricio Etxeberria eta Esteban Orbegozo enpresarien lantokietara.

Ondoko ibarrera heldu zen, bestela, Jesus Valle, Burgosko Merindadeetatik, duela hamarkada batzuk. Arrasaten bizi izan zen denbora luzez, eta bertan ezagutu ginen, haren bizitzaren amaieran. Oso gaixorik ere, amaitu arte bizi gaitezke, berak egin zuen moduan. Laupabost hilabete luze igaro zuen Jesusek haren herrian, eta bakarrik bukaera-bukaeran Debako ibarrera itzuli zen. Honi eta beste kontu batzuei buruz solastatu ginen Radio Valdivielson Jesusen suhia zen Jokin Garmilla eta biok*.

Medina de Pomar herrian egon naiz aurreko asteburuan. Gipuzkoa eta Burgosen arteko lotura gorpuzten duen Jesus Oleagak antolatu zuen MHHHen emanaldia, Ateneo Café Universal ederrean. Beti ez du merezi izaten kotxea hartzeak eta ez dakit zenbat kilometro egin ordu apur batzuk bakarrik egotearren leku batean. Aurreko ostiralekoak merezi izan zuen. Jendea hurbildu ez ezik, geroko solasaldian aktiboa ere egon zen, nagusiki maskulinoa zen publikoa (Jesus Valleren alaba bat ere tartean). Juanjo San Sebastián ere etortzekoa zen, baina beste baterako laga beharko dugu, Villasana de Mena udazkenean bisitatzen baldin badut. Burgos hirian egin nuen Euskal Herritik kanpoko lehenengo emanaldia iaz, nire jaiolekuan, eta oso pozgarria zait probintziako periferian ere aurkezpenak ateratzea.

Gipuzkoara bueltan, Medinakoaren hurrengo egunean, hasieran aipatutako Urola Garaian neukan hitzordua. Koronabirusak lapurtutako bizitza pasarteen artean, Xabi Ormazabal “elurretako lehoinabarra”-ren omenezko Mendi Festa egon da azken urte bi hauetan. Eta asteburu honetan aurrera atera ahal izan dute, betiko formatuan, Xabiren familiak eta lagunek. Bizipoza Urretxun. Harrigarria da Xabi eta Andoniren amak prestatutako janari kopurua, zenbat pertsona izango ginen bazkaltzeko, 120? Edo agian ez hain harrigarria, Andoni Ormazabal ezagututa. Jabier Baraiazarrak ondo laburbildu zuen: “Nolako egurra, halako ezpala”.

Urola aldean, zapore gazi-gozoa gelditu zitzaidan Zumarragako ospitalean lanean eman nituen bi urte haien ostean. Profesionalki inoiz bizi izan dudan unerik txarrena pairatu nuen, alde batetik, behar bezala salatu ez nuen mobbing egoera jasan eta gero. Bestetik, zorionez, beti dago ezagutzea merezi duen jendea, lankide onak. Oraindik ere harremana mantentzen duguna, Gorka, Asier, Josune edo Edurne bezalakoak. Gogoratzekoak diren kasuak, pazienteak eta senideak. Leku ederrak, Irimo, Samino, Izazpi… Medikuntzatik kanpo hainbat kontu partekatu dudan Oihana bezala (Burgos-Gipuzkoa lotura berriro ere). Eta, jakina, azken urte hauetan bidean topatutako Andoni Ormazabal “Bizipoza” bezala.

*Elkarrizketa entzuteko sakatu hemen (gaztelaniaz).

Ibaiak nabigatzen

Navata Bellós ibaiaren ondoan, Escalona aldean.

2001eko ekainean bi hilabeteko kontratua neukan aurrean, uda hartan Arrasateko ospitalean lan egiteko. Poz-pozik nengoen, hain gutxirekin, gixajoa ni. Hain pozik, Zorrotzako lagunekin Huescako Pirinioetara joan nintzela, mendikate osoko gailurrik altuenera igotzeko. Zerua ukitu genuen duela 21 urte, Aneton. Bizitzako une goren horietakoa izan zen.

Denboran aurrera, “Aulki Hutsak” dokumentala egin eta lekuz leku ibili ginen 2014. urtean aurkezpenetan. Zaragoza hirian, sekulako areto ederra geneukan prest pase bat egiteko. Handiegia azkenik, oso jende gutxi hurbildu baitzen. Gutxi baina kalitatezkoa, hori bai. “Carreteras Secundarias” erreferentziazko blogaren hiru egileak bertan baitzeuden (2008an martxan ipini zuten, eta oraindik orain aktiboa dago): Marisa de la Rica, Pilar Lázaro eta Mar Ordóñez. Halaber, Zainketa Aringarrietan ezaguna zen mediku bat ere etorri zen, Pilar Torralba uste dut deitzen zela. Eta Marta Sariñena.

“Porrot” horrek ekarri zuena izan zen beste emanaldi-solasaldi bat Aragoiko lurretan, iparralderago, Monzón herrian. 2014ko urrian izan zen, oker ez banago. Martak galdetu zidan ea hurbilduko nintzatekeen euren herrira, doluan laguntzeko elkartea zeukatela, eta baiezkoa eman nion. Jende pila bat etorri zen, “La Vanguardia” egunkarian iragarri zuten eta dena, Lleidako dolu elkarte bati esker. Izan ere, publikoaren artean Robert Manrique zegoen, Bartzelonatik hurbildu zena (!). Orduan ezagutu ginen, Hipercor supermerkatuko atentatu hartatik bizirik atera eta ordutik hainbeste jenderi lagundu dion gizona. (Urte batzuetara, geuri ere lagundu zigun, “S(u/a)minetik bakera” Bartzelonara eraman genuenean, Robert eta Rosa Lluch narratzaile lanetan…).

Arrakasta izan zen beraz Monzón-eko emanaldia. Ordutik 8 urte pasatu dira, eta denbora honetan Martak eta biok harremanetan jarraitu genuen, eta orain dela hilabete batzuk neu izan nintzen haren herrira bueltatzeko proposatu niona, “Mendian hil”-ekin. Esan eta izan.

Aurreko astean Huesca aldera itzuli naiz azken dokumentalarekin. Aurkezpen bat baino hiru antolatu zituen Martak azkenean, Monzón-en hasita eta Boltaña eta Benasque ere bisitatuz. Hiru herri, hiru ibai: Cinca, Ara eta Ésera. Urak indartsu datoz udaberri honetan, izotzak ematen dituen kolore berde-urdin horiekin. Esako urtegitik hasita, ez dakit inoiz ikusi dudan hain beteta. Bigarren mailako errepideetatik, blog haren izenean bezala, autokarabanaz egin nuen Gipuzkoatik Oskarainokoa. Eta horrek aukera ematen dizu patxada handiagoz ibiltzeko, paisaiei eta ibaiei ere kasu egiteko.

Doluaz aritu gara egun hauetan, heriotzaz eta bizitzaz, eta mendiaz, noski. Bakoitzak ditugun grin horiei buruz. Antzinako usadioetaz, almadietaz (Aragoin, navatas), ur kultura eder hartaz. Ibaiak egurra garraiatzeko autopistak zirenean, Zaraitzu edo Erronkaritik Zaragozaraino, eta Huesca aldetik Tortosaraino, Ebro ibaia ardatz. Haiek bizimoduak! Ainielle eta abandonatutako herriak, galdutako hizkerak. Viellas luengas. Bestelako dolu horiek.

Oraingo honetan Anetotik nahiko hurbil egon naiz berriro, Benasquen. Baita Monte Perdido-tik ere, Puyarruego herrixkan. Bertan, adineko 36 pertsona bizitzaren amaieran zaindu dituen emakume adinekoa ezagutu nuen, Jose Luis eta Pacoren ama hain zuzen ere. Liburu edo dokumental batean jaso daitezkeen bizipenak entzuten adi egon nintzen. Herrian hil, hirian hil. Definitiboki, kaletik gehiagotan atera behar gara. Erdi galdutako ohitura batzuk berreskuratuko baldin bagenituen, ez ginateke geu hain galduta egongo.

Eta, definitiboki, jende ederrak ekitaldi ederrak baino ezin ditu antolatu. Marta Sariñena da honen adibide. Bueltako bidaia motxila bizipenez ondo kargatuta egin nuen, eta Biaizpeko haitzartea gurutzatu baino lehen, oraindik gelditzen zen laugarren emanaldi-solasaldia, Irurtzunen. Ez zuten hutsik egin Sakanakoek, Larraun eta Arakil ibaiek bat egiten duten lekuan.

Nabigazio borobila.

Getxon bidelagunak

Getxo Zurekin‘ izan zen ‘Zarautz Herri Zaintzailea’ sortzeko eredu nagusietakoa, Gasteizko ‘Vivir con Voz Propia‘ eta ‘Santurtzi Hiri Zaintzailea‘-rekin batera. 2018ko hasiera hartan horko proiektua ezagutzea izan zen azken bultzada hemen abiatzeko.

Naomi Hasson irlandarra da komunitate errukitsu bizkaitarraren burua, eta aspaldian ezagutu ginen, Arrasate aldean, bera ‘Saiatu’ egitasmoa aurrera ateratzen ari zenean. Ordutik bidelagunak gara eta hainbat saltsatan gabiltza elkarrekin.

Besteak beste, trilogiako hiru aleak programatu ditu Getxon, heriotzaz pedagogia egiteko eta errukia lantzeko testuinguru honetan. “Aulki Hutsak” duela 4 urte proiektatu zuten, lehenengo urratsak ematen ari zirenean. 2019ko irailean “S(u/a)minetik bakera”-rekin ausardia puntua izan zuen Naomik, Euskal Herrian pairatutako indarkeriei buruz hitz egitea oraindik deserosoa delako. Irlandan ere badakite suminaz eta saminaz.

Pasa den ostegunean “Mendian hil. Hirian hil” azkenaren txanda izan zen. Publikoan Monika Fernandez bidelaguna egon zen, Maria mediku egoiliar leondarra etortzera animatu zuena, Bilbon berarekin lan egiten duena. Egia esan jende gaztea ere hurbildu zen Erromoko kultur etxera aurrekoan. Etorkin magrebtar talde bat lehenengo lerroan, adibidez. Hauek ere badakite doluei buruz, migratzaile guztien moduan, are gehiago baldintza latz horietan datozenak. (Kausalitatez, “Aita Mari” dokumentala aste honetan bertan ikus-entzunahal izan dut).

Aretoan lehengusua ere egon zen, ondoko herrian bizi da, asko poztu nintzen bera ikusteaz. Haren amak, neure izebak, doluak zer diren azaldu zidan lehenengo pertsona izan zen. Haren aita, neure osaba, ez nuen ezagutu izan ordea. Hegazkin istripu batean hil zen, bera txikia zenean, eta gertaera hark txiki-txikitatik piztu zidan heriotzaren inguruko kontzientzia. Zorionez, etxean gurasoek kontu garrantzitsu hauei buruz naturaltasunez hitz egiten ziguten. Bide honetan nagoen lekuan nago honengatik guztiagatik, neurri handi batean.

Zaraitzu

1988ko Aste Santuan egon nintzen lehenengo aldiz Otsagabian. Gurasoekin, anaia eta arrebarekin eta beste familia batekin izan zen. Ondo gogoratzen naiz urteaz, Errealak egun haietan jokatu (galdu) zuelako Errege Kopako finala Barçaren aurka. Udaberria zen, baina dena elurtuta zegoen. Orreaga ere bisitatu genuen. Hain izan zen zoragarria, non hurrengo Aste Santuan lekua errepikatzeko eskatu baigenien gurasoei, aho batez bi familietan.

Ez ziguten kasurik egin, eta hurrengo urtean León-go probintziara joan ginen. Pasatu ziren urteak, ia 10 urte, eta lagunekin itzuli behar izan nintzen Otsagabiara. Gogoratzen naiz Tafallan Nafarroa Oinez izan zelako, 1997ko urrian, eta asteburu hartan ere Iratiko oihanean ibili eta Orhi mendira igo nintzen lehendabiziko aldiz.

Apur bat geroago Maider izeneko neska bat ezagutu nuen Arrasaten, ospitalean lankideak ginen, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta asteburu batzuk pasatu genituen Otsagabian. Abodiko bazterrak, Muskildako baseliza… Esan zidan ez zela oso ezkontzeko zalea, baina inoiz egitekotan, Muskilda moduko leku batean izan beharko zela.

Esan eta izan (edo ia-ia). Maider izeneko neska eta biok ezkondu ginen Otsagin 2005eko apirilean. Elurrak bazter guztiak estali zituen, baita Muskildarako bidea ere, beraz herrian bertan ospatu genuen dena. Badago dorre itxurako eraikina Urrutia auzoan, horma bat pilotaleku moduan erabili izan zena beste garai batzuetan, eskola izandako beste eraikin haren aurrean, plazaren bestaldean. Ba hortxe.

Urtero itzultzen gara orduz geroztik, eta ezteiaren 10. urteurrenean ere han izan ginen. Eta orduan bai, igo ginen ermitara. Arantzatxoa kendu, eta asteburua aprobetxatu genuen “Aulki Hutsak” herrian aurkezteko. Beste zentzu bat hartu zuen dokumentalak niretzat, 10 urte geroago ama eta aita falta zirelako. Aldi berean, denbora tarte horretan Pello eta Aioraren aulki beteak gehitu ahal izan ditugu, eta beste batzuk ere joan dira iristen geure mahaira. Batzuk xoan, bertze batzuk xin.

Aurreko asteburuan “Mendian hil. Hirian hil”, trilogiako azkena, ekarri genuen Zaraitzura. Elurra zapaldu genuen goizean Orbaizeta aldean Mikel eta biok, Nafarroa Beherea eta Garaia arteko mugetan egindako itzuli ederrean. Eta arratsaldean elurra baino arazo tekniko batzuk inprobisaziora eraman gintuzten, ezkontzako egunean bezala. Han zeuden Mari Carmen, Laura, Ana, Marux, Txepi, Mari Jose eta 34 urte hauetan guztietan modu batean edo bestean ezagututako otsagabiarrak.

Bitxia da, baina egun hartan bertan, Pontevedrako probintzian, 850 kilometrotara, beste pertsona batzuk ari ziren MHHH ere ikus-entzuten Caroi herrian. (Bigarrenez gertatu da horrelakorik trilogia honekin, nik dakidala, aldi berean Euskal Herrian eta hemendik kanpo proiekzio bana). Terra de Montes deitzen da herri hura dagoen eskualdea. Mendietako Lurraldea, Aezkoa eta Zaraitzu bezala.

PD.- “Heriotza eta bizitzaren arteko hari finean bidea egiten” (Irati Irratia).

Bizitzaren amaiera arte

Pasa den azaroan, Torelló-ko mendi zinemaldian dokumentala aurkeztera joan nintzenean, beste zerbait interesgarria egiteko ere aprobetxatu nuen.

Gertu gelditzen den Vic herrian hartu nuen ostatu, eta bertan dago martxan 2017tik Kataluniako lehenengo komunitate errukitsua edo zaintzailea, Vic Ciutat Cuidadora izenekoa. Sustatzaile nagusia, Zainketa Aringarrietan estatu espainiarrean mediku aitzindarietako bat da, Xavier Gómez-Batiste, eta berarekin egoteko abagunea izan nuen.

Etxera bueltan, liburu bat ekarri nuen nirekin, argitaratu berria zegoena: “Fins al final de la vida”. Egileak, hain zuzen ere, Anna Formiguera erizaina, Mariona Vilaclara psikologoa eta Xavier G-B bera dira. Egun hauetan etxean egon beharko naizela, denbora izango dut eskuetan berriro hartzeko. Liburuaren helburua bizitzaren amaieran dauden gaixoak zelan lagundu eta zaindu azaltzea, akonpainamendurako gako ugari lagatzen ditu.

19 ataletan banatuta dago, katalanetik itzulita: Dena jakin ala ez; Etxean ala ospitalean; Aurretiazko borondateak; Ukapena; Amorrua; Tristezia; Beldurra; Mina; Angustia; Onarpena; Dementziak; Bizitzaren amaieran erabakiak hartzea; Heriotza hurbilaren seinaleak; Erantzuteko galdera zailak; Haurren minbizia; Eutanasia; Nahi gabeko bakardadea; Bakean hiltzea eta Dolua.

Bibliografia ona egun hauetarako.

Bihotz-altxagarria

Arrasatekoa kenduta, Gurutzetan Etxeko Ospitalizazioan igaro nuen garaia gogobetegarriena izan zen niretzat. Ezkerraldean eta Meatzaldean sarritan ibili nintzen, Eskumaldean eta Mungialdean dexente gutxiagotan, eta Enkarterrin lan egitea behin eta berriz tokatu zitzaidan, eta oso oroitzapen ona gordetzen dut.

Oroimen ona lekuez eta pertsonez. Euskal Herriko “Far West”-a da, baserri eta mendi inguru erdalduna, Burgos eta Kantabriako mugetan. Karrantzaraino joatea egokitu zitzaigun behin baino gehiagotan, edo Turtziozeraino, batzuetan elurrarekin. Eta paziente gogoangarriak, tarteka.

Amaia izan da, guztien artean, bihotzean gelditu zaidana hor barruan. Lankidea zen, gaztea, begirada gardena zuena, eta malkoekin ez ezik begi horiekin beste hainbat gauza transmititzen ziguna, baita bakea ere. Duintasuna definitzea kontu nekeza izanda, neska honek bizitzaren amaieran erakutsi zuena dela esango nuke.

Zallan ostiralean MHHH proiektatu dugu, hangoa zen Amaia, eta bertan izan dut haren gurasoekin berriro topatzeko zortea. Nolako egurra, halako ezpala. Kasu honetan ere bete-betean aplikatu daiteke. Jende maitagarria, bizitzak beste aukera hau eman digu ordukoaz gogoratzeko, eta oraingoaz eguneratzeko.

Zaila zen, baina espero baino jende gehiago hurbildu zen emanaldira. Eta solasaldi sakona izan genuen herriko zinema areto moderno eta dotorean. Istripuak gertatzen direnean, hitz egin genuen gorpua topatzearen garrantziaz. Herrian badakite zein inportantea den, hangoa baitzen Zaldibarko zabortegian desagertutako langilea, Joaquín Beltrán. Latza.

Lore bat oparitu zidan, bestela, etorritako ikus-entzule batek, hitz bat dokumentala definitzeko: “Reconfortante”. Lagungarria, lasaigarria, kontsolagarria, indargarria, suspergarria, bizigarria, bihotz-altxagarria baldin bada norbaitentzat, lan ona egin dugu.

(Asteartean, otsailaren 1ean, 7 urte bete dira ama hil zenetik. 2015 hartan ere zendu zen Amaia).

Ez gara porlanezkoak

Bitxia da zementua deitzeko beste izena, porlana, ingelesezko Portland horretatik datorrena. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera artean martxan ipini ziren oso ezagunak diren Lemoako lantegia, Olatzagutiakoa edo Añorgakoa.

Azken honekin lotuta, gaur egun Rezola Museoa martxan dago, eta bertan MHHH dokumentalaren emanaldia izan dugu pasa den ostegunean. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea-k antolatu zituen proiekzioa eta solasaldia, aurten euren 100. urteurrena ospatzen ari direlarik. Mendeurrenaz gain, hilabete honetan bertan Hiritar Merezimenduaren domina jaso dute Donostiako Udalaren eskutik.

Ekitaldi berean Bidegin elkartearekin bat egin zuten, Izaskun Andonegi eta taldekideak sarituak izan direlako. Bidelagunen zoriona nirea ere bada, pozik hartu nuen albistea. Izan ere, osteguneko solasaldian azpimarratu genuen zein garrantzitsua den publiko orokorrarentzat dolua zer den jakitea, ez garela porlanezkoak jabetzea. Nola jorratu behar dugun, noiz eskatu behar dugun laguntza, eta zein lan ikaragarri handia egiten ari diren Izaskun, taldekideak eta ataka latz hauetatik igaro eta orain beste pertsona batzuei laguntzen ari den jende guztia.

(Bitxikeria moduan, pasa den eguenean, urtarrilaren 27an, dokumentalaren bi pase egon ziren. Bata 19:00etan, Añorgan, eta beste bat 20:30etan non eta Ourensen! Azaroan han egin genuen aurkezpenaren ostean etorri da bigarren hau, Padre Feijóo zineklubean izandakoa, Club Alpino Ourensán elkarteran eskutik. Egun berean bi leku ezberdinetan emanaldi bana izatea sekula ez zaigu gertatu, gainera hemen eta EHtik kanpo aldi berean, ez MHHHekin, ezta AH edo SBrekin ere).

Zorionak Añorga KKE beraz, bi arrazoi handirengatik. Zorionak Bidegin lagun maiteak. Gora bizitza!

Bergaran hiru

Herri hau Ilustrazioa, Elhuyar anaiak eta Karlistaldiekin lotu dezakegu. Niretzat Bergara Maite eta Josean, Marijo eta Ander, Lourdes, Mabel eta Eli dira. Baita Benita, Itziar, Mertxe, Lamberto, Karmen, Donato, Arantza, Gaztelu eta Eusebio ere.

Hiru ekitaldien sorta bat antolatu du bertako udalak, bata bestearen atzetik, azken aste honetan. Doluaren gaia ardatz hartuta izan da, Seminarixoa areto dotorean: Larunbatean “Eresia” antzezlana aurkeztu zuen Oier Zuñigak, Eneko Gil eta Belen Cruz aktoreekin batera. “Lurra arin bekizu, ama” esaldiak osatzen du izenburua, eta hileta-kanta hau dantza eta antzerkiaren bidez gorpuzten dute eszenatokian, dolua adierazteko era hibridoan. Interesgarria…

Asteartean Eider Otxoa bidelagunak eta biok eskaini genuen hitzaldi bat doluen zirrikituei buruz. Formatua hibridoa izan zen, pantaila erabili genuenez bideo tarte labur batzuekin. Hain zuzen ere, Eider protagonista moduan agertzen zen “Aulki Hutsak”-etik ateratako pasarteak tartekatu genituen bion arteko elkarrizketan. Doluei buruzko trilogiako beste bi dokumentaletatik ere aukeratu genituen zati batzuk, “S(u/a)minetik bakera” eta “Mendian hil. Hirian hil”-etik alegia. Eta ederra izan zen zelan txirikordatu ahal izan genituen gaiak batetik bestera. Izan ere, hitz egin dezagun heriotzaz, doluaz, minbiziaz, Alzheimerraz, suidioaz, zainketa aringarrietaz, eutanasiaz… Eta, Euskal Herrikoak izanda, goazen hitz egitera indarkeria politikoaz (terrorismoaz) ere.

Eiderri eskertu behar diot agendan lekua egin izanaz martitzeneko hitzaldira etorri ahal izateko, Danel Goikolearen agurraren egunean. Eskertu halaber nirekin batera hain saio txukuna egiteagatik, eta azken puntu arantzadun hura naturaltasun horregaz aritu izanagatik. Sandra Carrasco publikoaren artean izan genuen, baita beste hainbat bidelagun ere (Idurre, Mada, Izan, Ainhoa, Idoia…). Bizia eta dotorea izan zen solasaldia.

Eta asteazkenean, MHHH dokumentalaren txanda izan zen. Bergara zen gelditzen zitzaigun Debagoieneko azken herria, eta publikoak erantzun zuen. Seminarixoa bete genuen, murrizketa koronabirikoekin. Halaber, esan behar dut herri gutxitan aurkeztu ahal izan dugula trilogiako hirurak, bertan bezala. Baita ere bertako Oroilore tanatorioak diruz lagundu zigula proiektua aurrera ateratzeko.

“Ez dakigu inoiz bizitzan zer daukagun aurrean, baina beti egongo da beste gailur bat zure zain”. Izaskun Andonegi.

Betirako

Ez, ezer ez da betiko. Pertsonak, lekuak. Gu geu. Agur ondo esatean datza doluaren prozesua egiteak. Azken urte bi hauetan koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu doluak eta gu geu baldintzatu gaitu. Kutsatze, ospitaleratze eta hiltzearen olatuekin batera, osasun mentalaren asalduren olatuak ere badatoz. 2020ko udaberri hartatik bertatik hasi gara horretaz ohartzen: depresioa, antsietatea, angustia, estresa, deliriuma, fobiak eta abar.

Gabonen hasieran, MHHH dokumentalaren proiekzio pribatu oso berezia egin genuen Bilbon, urteko azkena izan zena. Betirako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak abian ipini zuen izurritearen hastapenetan, eta ordutik ia urte biko ibilbide honetan ehundaka senide lagundu dituzte dolu pandemikoaren bide zail hauetatik. Hain zuzen ere, norabide berean lan egiten duen Izaskun Andonegi izan nuen lagun proiekzio eta solasaldian. Agintzari elkarteak antolatu zuen topaketa, eta talde ederra batu ginen Deustuan, euren egoitzan (ikus argazkia). Egun hartan jakin genuen Betirako ere ez dela betiko izango, haienak egin duela. Beste zeregin batzuetara egokituko dira hemendik aurrera. Biba zuek!

Gabonak ere amaitu dira, eta egun hauetan irakurri dut artikulu oso interesgarria Gonzalo Britoren eskutik, errukiaren kontzeptua balioztatzen duena buruko osasuna babesteko pandemia luze honetan; “Compassion protects mental health and social safeness during the COVID-19 pandemic”. Hilabete hauetan jende askok ikasi duen beste kontzeptu hori, erresilientzia, errukiaren bidez indartu dezakegu izan ere. Hala geure buruarenganako nola besteenganako gupida lantzea zein garrantzitsua den ere ikasi dugu garai luze honetan.

Izaskun Andonegi bidelagunak berak eskaintzen digu otsailean eta martxoan zehar errukia lantzeko tailer on-line bat, gazteleraz, Compassion Cultivation Training izena duena ingelesez, CCT. Batzuk irrikaz izena eman dugu, zinez merezi izango duelakoan. Hemen gonbitea (info eta izen ematea).

Urteari ondo ekiteko modu bikaina.

Urtebetetzea

Abenduan urte bat bete du “Mendian hil. Hirian hil” dokumentalak. Mendi Film zinemaldian Bilbon aurkeztu genuenetik, 2020ko abenduan, 80 emanalditik gora egin dugu. Debagoienean sortutako pelikula izanik, bertan eskualdean egin genituen lehenengo proiekzioak. Gogoratzen eta omentzen ditugun pertsonen artean Mikel Crespo egoteak zerikusi handia zeukan Arrasaten eta Aretxabaletan jasotako erantzun beroarekin, ez dago zalantzarik horretan. Haren familia aurkezpen batean baino gehiagotan egon izan zen hasiera hartan, eta 2020an ezinezkoa izan bazen ere, 2021eko ekainean “Bizir Eguna” aurrera ateratzea lortu zuten lagunek eta senideek pandemiaren erdian, Kurtzebarri ingurune ederretan.

Orain arte, proiekzio osteko  solasaldietan behin baino gehiagotan atera den puntua oraintxe aipatutakoa da: Aretxabaletan bezala, gai izatea gogoratzeko, omentzeko eta, aldi berean, bizitza ospatzeko. Horixe da pelikula honen mezu nagusietakoa. Gainera, Cresporen koadrillaren kasuan, bereziki pozgarria da 20-25 urteko jendeak heriotzaren aurrean horrela jokatzea. Pozgarria da zinez.

Badakizuenez, Arteman Komunikazioarekin egindako hirugarren lana da hau, doluaren prozesuei buruzkoa. Aurreko bi proiektuetan ere ibilitako Josu Txintxurreta izan dut bidelagun, orain ezagutu dudan Eider Ballinarekin batera. Eurek egin dute pantailan isaltzen den ikus-entzunezko magia. Niretzat, behintzat, oraindik magia baita.

Musikari dagokionez, soinu-bandak aipamen berezia merezi du, Eñaut Zubizarreta prototxelistak propio egindakoa. 2021eko otsailean argitaratu zituen bertan entzuten diren sei abestiak, Gernikako Forbidden Colours diskoetxearekin. Interneten topatuko duzue diskoa.

Ibilbide honetan, Gipuzkoa izan da, alde handiz, gehien bisitatutako lurraldea hamabi hilabete hauetan. Emanaldien erdia bertan egin dugu, egondako udalerri guztien erdia gipuzkoarrak dira. Eskualde guztietan egon gara gainera, dagoeneko. Bizirik dago mendizaletasuna bertan, baita hizkuntza ere. Gogoratzeko moduko solasaldiak izan ditugu, denen artean Ordizikoa azpimarratuko nuke, baita Donostiko hura ere, Principe zinemetan egin genuena. Zarauzkoa oso berezia izan zen, bizi naizen herria izateaz gain, bertakoa zelako dokumentala eskaini diodan pertsona.

Nafarroan, Iruñeaz aparte, Bortzirietan bi herritan egon gara, Lesakan eta Arantzan. Lehendabizikoak, arlo pertsonalean, esanahi handia izan zuen. Izan ere, aita, ama, amatxi eta abueloa bertan lurperatuta ditut. Hiriburuan, bestela, Mendi Tourra guztiz arrakastasuagoa izan zen. Bi saio eskaini genituen arratsalde berean, eta bigarrena bikoitza izan zen, bi aretotan sartu behar izan zenez jendea. Itzela. Borobiltzeko, Izaban udako emanaldi ederra izan genuen, aire librean. Eta bertan errepikatuko dugu abenduan, mendi zinemaldi batean.

Bizkaian, Bilbon estreinatu ostean, Golem zinemetan egon zen kateleran astebetez, Alondegian. Bestela, Durangaldea izan da eskualderik ibiliena, diferentzia handiz. Bertan Zaldibar, Iurreta eta Mallabian egon gara, eta laugarren udalerria Berriz izan da, hilabete honetan.

Araban, Gasteiz eta Aramaioz gain, Aiaraldeko bi udalerri nagusietan egon izan gara, Amurrio eta Laudion. Eiderren herrian arrakasta erabatekoa izan zen, harrera ezin hobea. Gasteizko Mendi Tourra ere jendetsua eta bizipozgarria suertatu zen.

Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Mendi Filma eta gero Aitor Elduaien eta taldeak egiten duten lan fina, Tourrarekin. 10 saiotan egon gara eurekin, eta antolakuntzaren aldetik eta trasmititzen duten guztiarekin benetako plazerra izan da. Oso eskertuta.

Euskal Herritik kanpora ere irten izan gara, lehenengoa apirilean Burgosen. Bigarrena, modu birtualean, Brasilgo Mostra Filmes de Montanha jaialdian izan zen, irailean. Azaroaren hasieran,  on-line izan ginen Mallorcatik antolatzen duten “Dando vida a la muerte” jaialdian, era presentzialean hemen Gipuzkoan egon ginelarik.

Azaroan, azkenik, Katalunian egon ginen Torelló Mountain Film Festival-eko sekzio ofizialean, Estatu mailan mendi zinemaldirik beteranoena dena (aurtengoa 39. Edizioa izan da). Bilbokoarekin batera, festibal nagusietakoa ere bada. Galizian ere, Lugo, Allariz eta Ourensen proiektatu dugu dokumentala asteburu luze batean, eta mendizaletasuna han ere indartsu dagoela ikusi dut.

Debagoienean, bi herri handi gelditzen zaigu bisitatzeko. Abenduan Oñatin egon gara, azkenean, beste plaza eder bat izan da. Eta Bergaran, 2022ko hasieran emango dugu, heriotzaren inguruan prestatzen ari diren jardunaldi interesgarri batzuetan txertaturik. Datorren urtean aurtengo erritmoarekin ez garela ibiliko bistan da, baina orain arte izan ez garen toki batzuetan izatea da erronka. Pandemiak baldintzatu gaitu neurri handi batean aurten, zaila da jakitea zer datorren, baina esperantzara kondenatuak gaude.

Amaitzeko, erantzunik gabeko galdera batekin gero arte esango dizuet. Izan ere, behin baino gehiagotan egin didaten galdera da: “Hurrrengorik?”. Zeozer badago, baina momentuz hortxe lagako dugu.

Eguberri on!