Arnasgorarik sakonena

Pelikula hau bizitzaren grina handiei buruzkoa da. Zehazki, irrika baten ingurukoa da, baina izan zitekeen beste baten bat. Zeurea adibidez. Bizi-bizirik sentiarazten zaituen hori, bizitza bera arriskuan jartzeraino barne. Pelikula hau urpekaritzari buruzkoa da, mugak bilatzeaz, muturrak non dauden esploratzeaz. Mendiarekin esan dugun guztiari buruz, baina itsasoan kokatuta.

Netflixen ikus-entzun nuen lehengo egunean dokumental britainiar hau (Laura Mc Gann, 2023). Stephen irlandarra eta Alessia italiarra lotzen ditu patuak edo dena delakoak. Nondik datorren bakoitza urpeko muturreko jarduera honetara, pelikulak kontatzen du. Munduko markak, aitzindariak, bidean gelditutakoak.

Esan bezala, mendian topatu dezakezun zaletasuna, itsasoan aurkitu dezake beste norbaitek. Muturreko zaletasunei gabiltza oraingo honetan. Ziur aski abeslari edo talde bat suhartasunez jarraitzeak kontzertuz kontzertu, opera, margolaritza edo antzerkia kartsuki maitatzeak ez zaitu garretan ipiniko, ez zaitu erreko. Ez duzu bizitzan arriskuan ipiniko. Futbol taldeekin ezin zara hain seguru egon, indarkeria tarteko, baina horra beste adibide bat.

‘Dana emon behar jako maite dan askatasunari’. Lauaxetak ere bizitza eman zuen, ez modu askean noski, baina azken finean sinesten zuen horretan sinetsita. Itsasora itzulita, muturreko urpekari hauek ere dena ematen diote maite duten askatasunari, itsas sakon-sakonean murgilduta, arnasari luze eutsita. Giza mugak miatzen, ‘record’ berrien bila.

Ulertezina gutariko askorentzat, baina ariketa da besteen grinaren ordez zeurea ipintzea, konprenitu nahian. Bizirik eta aske sentiarazten zaituen hori, betetzen zaituena. Orduan errazagoa da ulertzea. Pertsona bakoitzaren inguruan dauden beste horien guztien askatasuna eta nahiak ere kontuan hartuta.

Norberaren askatasunaren mugak gure ingurukoen askatasunaren mugak dira, azken beltzean. Edo horrelako zerbait. Asteburu on!

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude