Konexioak

Ebro ibaia Tortosatik pasatzen.

Bitxiak dira batzuetan sortzen diren konexioak. Erronkari aldean garai batean erabiltzen zituzten almadiak, ibaien bidez egurra garraiatzeko sistema, Huesca aldeko Pirinioko ibarretan erabiltzen zuten berdina zen (“nabatas”), baita munduko beste hainbat tokitan egon den oso modu antzekoa ere, leku bakoitzean izen bat hartzen zuelarik. Pirinioetatik jaisten ziren Ebro ibaira, eta hortik itsasoruntz, Delta alderantza.

Aurreko asteburuan Tortosan egon naiz, almadiak garai batean iristen ziren zonaldean. Bizitzan konexio bitxi horietako baten bitartez, nabatak gaur egun ere eraiki eta ibaian gidatzen dituen pertsona batekin bidean topatu ahal izan dut, Jose Luis Palomeque, Sobrarbe aldekoa, Marta Sariñena dolu adituaren bitartez ezagutu dudana, Monzónen bizi den zaragozarra. Ekainean Jose Luisekin Monte Perdidora igotzeko asmoa daukat, zerrendan orain arte zain egon den mendi handi horietakoa.

Beste konexio baten bidez, iaz amaitu nuen Masterrean Pau Margalef ezagutu nuen, medikua Tortosa aldean. Urtero jardunaldi medikoak antolatzen dituzte, eta aurten Zainketa Aringarriei buruzkoak* antolatu dituzte. Itxierarako, Master Amaierako Lanaren emaitzak aurkeztu ahal izan ditut aurreko ostiralean, katalanez modu erdi duinean nire burua defendatzeko gai izanik eta dena. Larunbatean, MHHH ikus-entzun genuen.

Konexioekin jarraituz, Eider Rodriguez errenteriarrak idatzitako istorio batean oinarrituta, “Los destellos”** film gomendagarria egin zuen Pilar Palomero zinema zuzendari zaragozarrak. Ba pasa den asteburuan Pauk kontatu zidan zelan Tortosan eta inguruetan filmatu zuten. Errenteria – Zaragoza – Tortosa.

Deltebre aldean orain dela urte asko egon nintzen familiarekin, baina Tortosa hiria ez nuen ezagutzen. Bistan da etxetik ateratzea eta mundua ezagutzea ederra dela, profitatu behar ditugula suertatzen diren aukerak bidaiatzeko. Nire kasuan autokarabanan, almadietan baino.

Bistan da bizitza bakarra dela eta momentua bizi behar dugula, jardunaldiak, zinema emanaldiak, zerrendako mendiak. Aurreko larunbatean, Barcelona eta Osasuna arteko football partida bertan behera gelditu zen, Barçaren talde medikoaren kide bat ustekabean hil zenez.

Bizi eta konektatu.

*http://www.academiaebre.cat/Atenció-Pal·liativa:-Una-necessitat-transversal-en-el-sistema-de-salut/

**https://www.filmaffinity.com/es/film3569

Liburua

Liburuaren azalean, nola ez, mendi bat. Baina ez edozein, baizik eta hiru tontor dituena, argazkian agertzen dena (ezkerretik eskuinera: Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide). Aitak erreferentziatzat zeukan mendia. Mugalaria, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, eta Lapurditik nahiko hurbil.

Hiru tontorrena, izenburuak aipatzen duen trilogiagatik da. Baita liburua hiru hizkuntzetan idatzita dagoelako ere. Hasteko, eta estreinatzeko, euskaraz, noski. Booktegi plataformaren bidez, eta Aritz Brantoni esker. Hementxe duzue irakurgai: “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat“.

Txikitan izan nahi nuena idazlea zen. Eta une hauetan, amaz eta amonaz gogoratzen naiz bereziki, eurek ederto ezagutzen zutenez idazteko neukan grina. Pozik hartuko zuten pasa den ostegunean argitaratu berri dugun liburuaren albistea.

Bestela, abeslaria abesten duena edo idazlea idazten duena dela esatea orokorregia da. Agian “ondo” gehitu beharko genuke (idazlea ondo idazten duena da). Edozein modutan, idaztearena aspalditik praktikatzen dudan zera bat da, eta blogarena entrenamendurik hoberena izan da, astean behin duela… 20 urte! (mila esker, Igor Leturia). Hasi Goienan, Mahatsorriekin jarraitu (ene! haiek garaiak!) eta bueltan Goienan.

“Zinemagilea” hitzarekin ere antzeko zeozer gertatzen zait, are okerragoa da egia esan. Batzuk animatzen dira horrela deitzen, baina urrutiegi gelditzen zait. Suposatzen dut komikiak literaturarako direnak direla dokumentalak zinemarako. Orduan “dokumentalgilea” horrekin bai, ados. Denok pozik.

Teaser moduan, edo amu moduan, hemen lagatzen dizuet beheko sarrera hau. Eta goiko linkean, liburu osoa, soinu-banda eta guzti.

Letren eta zientzien artean aukeratzeko esaten digute gaztetan. Bideak, hala ere, tarteko lurralde bat badagoela erakusten digu, eta batzuk hortik ibiltzen gara gure profesioetan. Liburu honetan, funtsean, medikuntza narratiboa izeneko hibrido baten emaitza da. Zinemaz, literaturaz eta psikologiaz irakurriko duzu, batik bat. Eta atzean, musika.
 
Bideak, halaber, irakasten digu bizitza hainbat emozio eta bizipenen arteko nahasketa dela: pozak eta tristurak, minak eta osaketak, erorketak eta altxatzeak, haserreak, itxaropenak… Zientziak dena ezin duela azaldu eta konpondu gogorarazten digu liburuak ere. Fantasia eta errealitatea ez nahasteko. Barrukoak partekatzen ikasteko. “Beti beste tontor bat badagoela gure zain”.