Soinu paisaiak

Argazkia: Jana Winderen.

Aurreko astean Irratiaren Mundu Eguna ospatu genuen. Gizakiek inoiz egindako asmakizun handienetarikoa. Ezinbesteko bidelagun hura hainbat etxetan eta kotxetan. Gure etxean bai behintzat, gurasoenean eta oraingoan.

Azken hamarkada parean, kontu batengatik edo bestearengatik, deskubritzen ari naiz irratia gertuagotik, mikrofonoaren aurrean. Tarte ederrak pasatu ditut, egia esan, kate potoloagoetan (Euskadi Irratia bezala), edo txikiagoetan (Bilbo Hiria Irratia, Segura Irratia edo duela gutxi ezagututako harribitxia, Burgosko iparraldean, Radio Valdivielso).

Gazteleraz askoz saio gutxiago egin ditut, baina aurreko astean grabatu nuen Patxi del Campo lagunarekin “Distrito Euskadi” irratsaiorako Radio Euskadi): “Nosotros en cuidados paliativos vamos en segunda y, muchas veces, en primera”. (eitb.eus)

Programa horretan, duela urtebetetik gora, Patxi ari da osatzen soinu paisaien inguruko puzzle handi bat, bereziki isiltasunaren inguruan, entzute aktiboaren garrantzia nabarmentzen. Horri buruz egin genuen berba, hain zuzen ere, lehengo egunean, goian dagoen linkaren bidez entzun dezakezuen moduan.

Soinu paisaiak… Izenburu horrexekin idatzi zuen Samara Veltek artikulu ederra “Berrian”. Amaieran, honela idazten du: “Oxala guk ere datu basetxo intimoa sortu bagenezake, denborarekin bizitzatik galdu ditugun ahots-doinuak, desagertutako lagun bakoitzaren adierazpen bereziak eta hitz egiteko moduak noiznahi erreproduzitu ahal izateko“.

Horixe bera proposatzen du Jorge Nagorek, “Mendian hil…”-en pasarte hori gogoratzen baduzue (gaztelaniaz jaorrizkoan): “Gauza bakar bat: Grabatu ezazue, baldin ez badaukazue, zeuen amen, aiten, seme-alaben, bikotekideen eta abarren ahotsa. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe ere. Hori gutxienekoa da“.

Bakardadea

“New York movie” (Edward Hopper).

Kai txakurtxoarekin mendira joaten hasi nintzenetik, jada ez naiz bakarrik sentitzen bakarrik joaten naizenean, beste gizaki batekin joan barik alegia. Estigma soziala dauka bakardadeak, ukitu negatiboa.

Aste honetan bakarrik joan nintzen bakardadeari buruzko hitzaldi bat entzutera, Azpeitiara. Ainhoa Becerrak Foru Aldundiako “Hariak” estrategia azaldu zigun, Adinberri programaren barruan, besteak beste Zarautzek eta Azpeitiak bat egin duten egitasmoa. Norbanako moduan, gainera, atxikimendua adierazi daiteke on-line. “Hariak kantuz” programa izugarri ederra iruditu zitzaidan. Baita Legazpin egindako belaunaldien arteko ekimena ere.

Bakardadea dator komunitatearen parte sentitzen ez garenean. Maitatuak sentitzen ez garenean. Javi Yanguasek azpimarratu zigun bakardadea ez dela gaixotasun bat, egoera bat baizik. Azpian doluak eta hutsuneak egoten dira gehienetan, guztietan ez esatearren.

Ezberdindu zigun zer den bakardade soziala eta existentziala, eta bigarren honetan sakondu zuen: Krisialdiekin lotuta dago. Isolamendua, alienazioa eta hutsune existentzialarekin lotuta dago. Bizitzaren amaierarekin uztartuta dugu, halaber. Eta nabarmendu zuen bizitzaren zentzua topatzearen garrantzia, horretan hausnartzera gonbidatuz, ariketa fisikoa egiteaz eta bizitza jarduerekin okupatuta izateaz gain. Izandako bizitzarekin gogobetetasuna sentitzea.

Eta begirada eudaimonikoa. Plazer mota biak lantzeko beharra: Hedonikoa (guk geuk gozatzeko) eta eudaimonikoa, besteei laguntzen diegunean sentitzen dugun zoriona.

Soledad ez da bakarrik bizi. Eta ez dakit bakarrik sentituko den, espero dut ezetz. Hego Euskal Herrira etorri zen Hego Amerikatik duela oso gutxi, eta minbizia oso zabalduta dauka. Egingo dugu ahal duguna, eta plazer mota hori (izen arraroduna) berriro sentituko dugu. Astero bezala.

Gariz eta goroldioz

Anariren lehenengo liburua gozamena da, bere kaosean. Azala ikusita dagoeneko susmatu dezakegu zer etorri daitekeen: Tren edo metroaren nasa batean txakur bat agertzen da zutik, hanka luze batzuen gainean. Txakurra, edo otsoa? (ikusi argazkia). Bidaia modukoa da, eta baliabide poetikoez eta hausnarketa filosofiko eta existentzialez kargatuta dator. Punk abestiak bezalakoak dira atalak, laburrak, zuzenak, harira.

Liburuaren erdialdera, izenburuarekin bat egiten hasten gara, mamian sartzen: “Amak eman zidan bizitza, eta hizkuntza bat, nire ama hizkuntza ez dena. Eta paisaia bat. Garizko paisaia bat. Paisaia hartara nindoan egun eta ordu hartan. Berdetik larura“.

Erabat identifikatuta sentitu naiz hori eta berdearen arteko paisaia hartan. Txikitan beilegitik orlegira joan eta etorriak egiten nituen familiarekin eta, norabide horretan, basamortutik oasira joatea bezalakoa zen. Diaspora hartatik Agindutako Lurraldera. Orduan hasi nintzen euria maitatzen, eta hizkuntza barneratzen. Nire kasuan, aitak emanda, amak Anariri eman zion moduan (Aita hizkuntza esan ahal da?).

Oraingo euria eta ordukoa, noski, ez dira gauza bera. Goroldioa eta pagoak zimeltzen ari dira hemen. Eta han, izoztutako lurraldeak deskonjelatzen ari dira. Burgos, duela 15 bat urte, azken gotorlekua zen, klima aldaketak harrapatu gabekoa. Hara joan ahal zinen neguaren bila, hemengo hego haizeekin gogaituta. Gaur egun Burgos ere desizozten ari da.

Bestela, Anarik ondo marrazten du kotxe baten leihoetatik ikusten dena, oroitzapen oso antzekoak ditut nik. Adina ere ia-ia berdina daukagu, haren Nafarroa eta neurea desberdinak izan arren (gari eta olibondozkoa berea, goroldio eta pagozkoa neurea). Bestela, asko gustatu zait denboraren igarotzearena zelan deskribatzen duen pasarte batean baino gehiagotan.

Ezinbestean, Jon Maia handiaz gogoratu naiz, gari eta goroldiozko aitzindari erraldoiaz. Gaur egungo gure herrialde txiki honetan, esango nuke jendartearen erdia baino gehiago gari eta goroldiozkoak garela. Zarautzen akaso ez, baina Arrasaten, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon bai. Garia Gaztela, Aragoi edo Andaluziakoa izan, ala Pakistan, Kolonbia edo Marokokoa.

Mila esker Aitor, Anakotz eta Karmeni liburuagatik, Olentzero aurreratua izan zarete. Aurrera Berriz!

Lehenengo urtea

Opari zoragarri hau egin dit Ana Etxeandiak. Bertan agertzen dira blog honen etapa berriaren azken 12 hilabeteetan erabilitako argazkiak eta irudi esanguratsuak. Olentzerok ez du itxaron gaua arte.

2022ari buruz zer esan? Urte ona izan dela, eta txarra. 2023a izango den moduan. Aurten jende anitz konturatu dela klima aldaketa etorkizuneko konturik baino oraintxe jada martxan dagoen arazo potoloa dela. Ziur aski potoloena, lotuta dagoena beste hainbat auzirekin.

Txanpon guztiek bi alde daukatenez, gelditu gaitezke daukagunarekin, ez daukagunarekin baino. Baita hego haizeak menperatutako enegarren Eguberri honetan ere. Onartzea da hitz gakoa, batzuetan alferrik da hormaren aurka jotzea.

Onartu behar da horma zeharkaezina dela, eta bertan margo edo argazki polit bat eskegi. Onartu ez daudenak ez daudela, eta kandela bat piztu eurak gogoan. Aulki hutsak ditugula, baina bihotzak bete-beteta. Bizi garela, eta betetzen gaituena egin ahal dugula. Gure esku dagoela hainbat kontu oker zuzentzea. Telefonoa hartzea, bisita hura egitea, mezu hori idaztea, uretara dzanga egitea.

Leku horretara bidaiatu, mendi hartara igo, musika entzun, eta isiltasuna. Elurra ez badator, geu elurretara joan. Ingurukoak zaindu. Hitz berriak ikasi. Liburu zaharrak ostera ere irakurri. Adinekoei arreta handiagoarekin entzun. Dakienaren aurrean adi. Geure buruekin errukia izan. Esker ona adierazi. Asko abestu. Berriro jaio. Eta maitatu. Garaiz gaude.

Eskerrik asko Anari eta Eguberri on guztiei!

Hemen neure oparia zeuei: Christmas In The 1930’s Playlist | Old Time Radio – YouTube

Radio Valdivielso

Sukaldeko soinu paisaia nagusia irratia da neuretzat, goizean goiz albistegia, iluntzean musika irratsaioa, asteburuetan kirol zirrarak. Eta geure etxean Euskadi Irratia dugu bidelagun azken 26 urte hauetan, duela 40 urte abiatutako irrati katea (zorionak urtebetetzean!).

Irudizentrismoan bizi gara. Argazkietan jasota ez dagoena ez da existitzen. Ikusten ez dena bazterrekoa da. Atera kontuak entzule kopuru apala duen irrati txiki batekin, herri txiki batekoa. Audioen balioa nabarmentzen duena, soinuen ondarea aldarrikatzen duena, izan pertsonen ahotsak (bizidunena eta hildakoena), izan ahaztutako jotak, ipuin zaharrak edo istorio garaikideak.

Txikitan idazlea izan nahi nuen, eta nolabait egia bihurtu dut, hiru dokumentalen gidoien idazlea izan naizenez. Are gehiago, hiru gidoi horiek eta beste hainbat kontu jasoko dituen liburuaren idazlea izango naizenean. Bada “Mendian hil…” hirugarren dokumentalean, pasa den martitzenean Villasana de Menan Juanjo San Sebastián-ekin batera aurkeztu nuena, badago Jorge Nagoreren pasarte bat, esaten duena: “Aholku bat: Grabatu itzazue zeuen amen ahotsak, aiten, seme-alaben, bikotekideen edo senideenak. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe, hau gutxienekoa da“.

Ahotsaren garrantzia. Soinu paisaiak biltzen dituen irratiaren presentzia. Ikusezina baina hor dagoena. Hirugarren aldiz egon naiz azken pelikularekin Burgosko probintzian, orain dela 51 urte amak bertan munduratu ninduen, elurtutako azaroaren 19 batean. Eta egun hauetan berriro murgildu naiz hango paisaietan, mendietan, gastronomian eta eliza erromanikoetan.

Gaztetan landa-medikua izan nahi nuen, eta neurri handi batean lortu dut izatea. Enkarterrietan garai batean eta Debagoienean orain. Hala ere, nolabait bakarrik, zeren eta adorea behar da hiriko bizimodua atzean laga eta herri txiki batera bizitzera joateko. Zer eta irrati txiki bat martxan jartzeko, On Kixotek berak sinatuko zuen proiektu zoragarria egia bihurtzeko. Radio Valdivielso-taz hizketan ari gara, eta Jokin Garmilla-taz (argazkian). Orain dela 21 urte abiatu zuen irrati katea Burgosko Merindadeetan, eta goiko linkean klikatu besterik ez duzue egin behar landa-mundu liluragarri batean sartzeko. “Txikiaren indarra”. “Mitxoletak baino landatarragoak”.

Jokinekin izandako elkarrizketa hemen duzue entzungai, eta amaitzeko eskerrak eman berarekin igarotako une ederragatik, baita Jesus Valle-ren familiari mahaia partekatzeagatik eta ibilaldiagatik. Baita, noski, lehen aipatutako Juanjo San Sebastian eta Villasanako antolatzaileei, hain saio polita prestatzeagatik.

Bizi gara!

Adina eta bizipoza

Nilesh J. Bhange-ren argazkia.

“Mendian hil. Hirian hil” dokumentalak ekarri didan poz handienetarikoa izan da Felipe Uriarte eta Juanjo San Sebastián mendizale mitikoekin kontatu ahal izana. Gaintzan eta Bilbon (Pagasarri) grabatu genituen elkarrizketak pelikularako, eta biak asko disfrutatu nituen. Gainera, ia bi urteko ibilbide honetan hainbat aldeko komentario entzun ditut biek eskainitako pasarte batzuk direla-eta.

Halaber, Andoni Ormazabalek laga zigun esaldi gogoangarri hura, biei zuzenduta: “Zahartzaroak bizipozarekin ez du zertan borrokatu behar. Hor daukagu Feliperen adibidea, edo Juanjorena“. Eta pelikularen pasarte horretan uztartu ditugu Felipe eta Juanjoren aportazioak, denboraren igarotzeari buruzkoak, balio handikoak.

Gaia aspalditik interesatzen zait, gero eta gehiago denbora igaro ahala, eta bereziki jorratu genuen “S(u/a)minetik bakera”-n ere. Arantxa Urretabizkaia-k testu ederrak idatzi zituen “Bidean ikasia” liburuan, aprobetxatu genituenak trilogiako bigarren dokumentalerako. Eta orain amaitu berri dudan “Azken etxea” liburuan ere gaia hortxe bertan dago: “Kaskagorriak esaten dio irautea bizitzea dela, iraun nahi duenak bizi nahi duela eta horrek ez duela ezer txarrik, berak luzaroan bizi nahi duela“.

Asteburu honetan, Jon aitaginarrebak eta ‘Kilinka’ haren mendi taldeak 1.000 igoera egin dute, Legate tontorrean, Baztan aldean. Kide guztiak 65-70 urtetik gorakoak dira, batzuk bidean gelditu dira, eta besteak honainoko bide luzea egitera iritsi dira. 2-3 aldiz eurekin ateratzeko zortea izan dut, eta hitz bakar bat aukeratu beharko banu, zalantzarik gabe, bizipoza izango litzateke, euren artean sumatutakoa definitzeko.

Antzeko bizipoza nabaritu dut, azken 20 urte hauetan, Debagoienean ezagututako hainbat adineko pertsonaren artean, gehien-gehienak gaixorik edo oso gaixorik zeudenak. Zerrenda luzea da, ez naiz saiatuko izen-abizenak hona ekartzen, baina idatzi bitartean euren aurpegiak gogora etortzen zaizkit. Aste honetan bertan Oñati aldean haietako hirurekin egon ahal izan naiz, baita erretiratu diren bi lankide ohi kuttunekin batera ere.

Amaitzeko, azken dokumentalaren aipatutako pasarteak eta beste mordo bat ere ikus-entzuteko parada izan dezakezue Goizuetan (urriaren 28an) eta Villasana de Menan (azaroaren 17an), hurrengo asteetan. Azken honetan Juanjo alboan izatea espero dut.

Bihotzak eta komunitateak sendatzen

Begoña Errastiren hitzaldiaren une bat.

Gaur da zainketa aringarrietako nazioarteko eguna, eta aste honetan gure jarduera aldarrikatzeko eta data ospatzeko ekitaldiak izan ditugu. Zarautzen, Begoña Errasti erizaina eta ikertzailea izan genuen hizlari pasa den asteartean. Bosgarren aldiz, Zarautz On-ekin elkarlanean, Zarautz Herri Zaintzaileak antolatu dugun hitzaldia izan da.

Aurreko urteetan, hiru mediku (Myriam Berruete, Donostiako ospitaleko Etxeko Ospitalizazioa; Julio Gómez, Santurtziko HSJD ospitaleko Zainketa Aringarriak eta Jesús Sánchez, Gurutzetako ospitaleko Zainketa Aringarri pediatrikoak) eta musikoterapeuta bat (Patxi del Campo, Gasteizko “Vivir con Voz Propia”) izan genituen. Eta bai, bazen garaia Erizaintzaren ikuspuntua jasotzeko. Gogoa geneukan gainera Iruñearekin ere sarea egiteko, eta Nafarroako Unibertsitatetik ekarri dugu aurten hizlaria.

Begoña Errasti oñatiarra da eta Iruñean bizi eta lanean dabil aspalditik. Zainketa intentsiboetan bereziki jardun duen arren, haren doktore-tesia astearteko hitzaldiaren gaiari buruzkoa izanzen, “Erizainaren eta pazientearen arteko harremana zainketa aringarriaren testuinguruan” alegia.

Begoñaren Curriculum Vitae irakurrita, ikerkuntzan egindako lana oso nabarmentzekoa da, baina aste honetan beste zeregin honetan ipini nahi izan dugu argia. Beste zeregin ikusezin honetan, hain distiratsua ez dena publikoarentzat orokorrean, baina hainbeste arintzen duena.

Gaixoak ezin ditugunean sendatu, bihotzak sendatu ditzakegu, bai horixe. Baita komunitateak ere. Zarautzen, Adinekoen Astea ospatu dugu egun hauetan, eta horren barruan hitz egin dugu bizitzaren amaieraz eta erizainen lanaz. Halaber, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako komunitate errukitsuekin batera sarean lanean gaude azken urte hauetan, eta horren emaitza da bideo hau, gaurko egunez aldarrikatu nahi dugunarekin.

Bizi gara!

Oñati – Obanos

Batzuetan pertsona bat oso denbora tarte laburrean ezagutzen dugu baina, hala ere, intentsitateari dagokionez bizi-bizia izan daiteke harremana. Are gehiago, pertsona horren bizitzaren amaieran gertatzen denean.

Horrela gertatu zitzaidan Jexux Zufiriarekin, Zarautzen, 7 hilabetekoa izan zen denbora tartea eta kalitatearen aldetik askoz luzeagoa, sakonagoa eta zabalagoa izan zen harremana.

11 hilabetekoa izan da Joxe Zuluetarekin, Arrasateko ospitalean. (Fijatu zarete bi izenen eta bi abizenen lehenengo letretan?). Jexux ni baino urte bat lehenago jaio zen, Joxe nire urte berekoa zen. Jexux auzokidea zen, Joxe pazientea.

Joxe Oñatitik kontsultara bidali zidan medikua bera presente egon da azken egun hauetan ere, berez haren familia sendagilea izan ez zen arren. Elkarlanean ibili gara biok azken egun hauetan eta, bizitzaren zorioneko kasualitate batzuei esker, presente egon ahal izan naiz ospitalean Joxerekin azken une haietan.

Urteetan zehar Madrilen bizi izan zen Joxe, nire moduan. Musika eta mendia konpartitzen genituen zaletasun moduan. Eta hain zuzen mendian, Oñatin, Sanmigeletan murgilduta, egin ahal izan diot neure agurreko errituala. Araotzeko bazterretan, euripean (azkenean!), behelaino artean. Une hauek ere garrantzitsuak dira, dolu hauek ere egin behar ditugu. Denbora hartu horretarako, eta ez laga sentipen hauek pilatzen. Garrantzitsua da.

Herrialde berdetik horira egin nuen egun berean, zertarako eta doluari eta mendiari buruz hitz egiteko. Erreniegako menditik behera ez du euririk egin egun hauetan, zoritxarrez, eta oraindik ikus daitezke pasa den uda latzeko suteen aztarnak, nonahi. Obanosen ere pairatu behar izan zituzten “eguraldi onegia”ren ondorioak.

Baina bitxia izan da, horitasun horizontal hartan, jende euskalduna topatzea eta geure dokumentala konpartitzea. Erdi diskulpatzen esan didate gutxi direla, baina gertatu da publiko gehiago egotea gure pelikularekin Obanosen herri oso euskaldun eta berde batean baino. Solasaldia ere kategoriakoa, denetarik atera zen, baita eutanasiarena ere (oso gutxitan gertatu dena orain arteko proiekzioetan).

Bizitza bera bitxia da.

“El duelo por la muerte de un paciente es parte del quehacer cotidiano, que un médico no puede elaborar por falta de tiempo. Aunque no se percibe, tanto dolor acumulado lo afectará emocionalmente. Es la cara oculta de la profesión”. Juan Carlos Giménez (@infomedicos)

Disfrutona bixi

Argazkia: Ternua-ko webgunea.

Andere Arriolabengoa aramaixoarrak bertso hauek jarri zizkigun lehengo egunean egunkarian, abuztuaren amaieran,”Hil artean bizi” izenburuarekin.

Doinua: Mendian gora haritza


Bulto bat bular tartean
sentitu dut dutxapean
nire burua galduta dago
zalantza artean.
Ta medikura joatean
erantzun baten eskean
nola aldatu leiken bizitza
segundo batean.
 

Metastasia dudanez
sendagairik ez da berez
ezin liteke, ez dut ulertzen
azaldu mesedez
Beteta nago beldurrez
onartzen ez daukat errez
bizitzen zerbait ikasten dugu
hiltzen ordea ez.

Malko gazien umela
bizipozaren kartzela
errezena da gaur bizitzea
hil banintz bezela.
Erabaki dut bestela
eraikitzea ahal dela
bizigarria den bizitza bat
hiltzen nabilela.

Naiz señora ipurtarin
umoretsu ta atsegin
beti kantuan, dantzan, pandero
ta gitarrarekin.
Ta jarraitu nahi dut berdin
etxean zein lagunekin
maite nautenek oroit nazaten
irripar batekin.



Familia, lagun talde
eta alaba nerabe
zuek zarete bizitzan eusten
nauzuen zutabe.
Nire altxor ta ondare
nire armiarma sare
hamaika aldiz erori neike
lurra ikutu gabe.
 

Ustekabeko minbizi
nahiz sentitu injustizi
bihur gaitezen beldurrik gabe
“disfrutona” bixi.
Guk bihurtzen dugu krisi
izan leikena gutizi
ikasgai bat ta bakarra da
hil artean bizi.

Isiltasunaren soinua

Bilboko kale batean topatuta.

1964an kaleratutako abesti famatua da Simon and Garfunkel newyorktarren “The Sound of Silence” (“Kaixo iluntasuna, lagun zaharra; etorri naiz zurekin berriro hitz egitera…”). 1960ko hamarkada hura mugimendu handikoa izan zen arlo kultural eta soziopolitikoan, eta kantu hau ereserki modukoa ere bilakatu zela esan dezakegu.

Izan ere, Askapenaren Teologia urte haietan sortu zen, testuinguru hartan. Eta gogoratzen naiz txikitan entzuten nuela parrokian kantaren bertsioa, gazteleratua, Eliza gorri eta hippy haren otoitz bihurtua. 30 urte inguru zituzten gurasoek orduan, eta saltsa haietan oso sartuta. Oroitzapen onak gordetzen ditut garai hartatik. Oso onak.

Euskal Herritik kanpo bizi ginen orduan, eta udan Lekeitiora etortzen ginen. Isiltasunaren neure lehenengo bizipenak ordukoak izango ziren, adibidez Santimamiñeko kobazuloan. Lurraren azpian sartzea zerbait oso solemnea izateaz gain, isilik egonez, ur tanta horiek erortzean entzun zitekeen bakarra zen. Geroxeago joan nintzen deskubritzen mendian ere isiltasuna antzeman dezakezula, baita itsasoan ere, apur bat hondartzatik urrundu eta barrurantz sartuz gero.

Hain zuzen ere, Lekeitioko abesbatzak “Itxas Soinua” izena dauka. Baina zein(tzuk) d(ir)a itsasoaren soinua(k)? Gutariko gehienok gutxi batzuk baino ez ditugu desberdinduko, baina egon, hor egongo dira.

Gaur amak 81 urte beteko zituen. Eta pasa den abuztuaren 14an, aitak 80. Urtero gogoratzen ditugu eta bizitza ospatzen dugu, Lekeition. Isiltasunaren soinuarekin.