Santa Anara

Koloretako argazki zaharra, kolore lausotutakoa. 1978 edo 1979. urtea. Hiru ume, berdin jantzitakoak, irribarretsu. Haurtzaroko poza. Atzean lokomotor zaharra, beltza eta berdea (edo gorria, ez naiz gogoratzen). Tren geltoki zaharraren ondoan , kalea zeharkatuta, Sancti Spiritus unibertsitate zaharra. Argazkikoak Alberto, Arantza eta hirurok gara. 7 edo 8 urte izango nituen. Diasporan bizi ginen orduan, Madrilen, eta urtero-urtero etortzen ginen udan Lekeitiora eta Gabonetan Leioara. Argazkia udan ateratakoa izango da, janzkeragatik. Egun hartan Arantzazura ere igo ginela gogoratzen naiz. Eta futbol jokalari ile luze eta horikoa eta biboteduna zebilen garai hartan Errealean, oñatiarra zena. 1981eko Ligako txapelduna izan zen, baina hurrengoan beste talde batera joan zen, nora eta Mexikora. Oroitzapen lausotuak ditut horrenak, argazkiko koloreak bezain higatuak.

Norbaitek esango bazidan 1978 edo 79 hartan ingurune horietan amaituko nintzela lanean, ez dakit zer pentsatuko nukeen. 1997an, bestela, Bilbo aldeko lagun batekin pasatu nuen asteburua Aramaio eta Oñati artean. Aizkorrira lehenengo aldiz igo nintzenekoa izan zen. Mendian egon ostean, gau hartan Ruper Ordorikaren kontzertua zegoen Santa Ana aretoan, oroimenean iltzatuta gelditzen den horietakoa. Gogoratzen naiz, halaber, Bilborako bidean, Arrasateko bariantetik pasatzean, ospitalea ikusi genuela. Eta lagunari bertan gustura lan egingo nuela aipatu niola, ospitale txiki batean, mendien artean, ingurune euskaldunean,… Norbaitek entzun zidan, burutazioak egia bihurtzen dituen norbaitek.

Nork esango zidan, bestela, Santa Anara itzuliko nintzela, baina eszenatoki gainean egoteko. Kantu bat gara, baina ez zidaten eskatu abesteko. Eskakizunei kasu egiten dieten soinu eta argi-teknikaria izan genuen, eta “Amour eta toujours” ipini zigun, xuabe-xuabe, hasi baino lehen. Zainketa aringarriak eta musika. Horri buruz ere hitz egin genuen, ezin bestela izan. Joxe Zulueta gogoan izan genuen, pertsona ahaztezinekin horixe gertatzen da, ezin dituzula ahaztu. Iraileko Festiomen, Etxalarren, badakit zein abesti dedikatuko diodan Joxeri. Ruperren disko kubatar horretan dagoen bat da.

Zainketa aringarriak eta umorea. Gero eta argiago daukat hau guztia, hilurren dagoena zaintzearena, kobazuloetan hasi zela. Santimamiñen, Paleolitoan. Eta behin paziente oñatiar baten senide batek horrela deitu zituen, Zainketa paleolitikoak (cuidados paleolíticos esan zuen, zehazki). Hiztripu bat, baina zein ona! Umorea, egia esan, da bide bakarra.

Zainketa aringarriak eta bakea. Horretarako ‘jende tunela’ behar dugu inguruan, babesa eta lasaitasuna sentiarazten dizkiguna. Kontzeptua Zaldieroa handiak jaso zuen komiki tira batean, egunkarian, eta izugarri gustatu zitzaidan. Euria gogor erortzen denean kotxearen gainean, dena ilun dagoenean eta apenas ikusten dugunean, tunel batean sartzean jasotzen dugun sentsazioa, horixe da. Tarteka behintzat, tuneletan sartzen garenean, isiltasuna dago, eta argia. Bada sentsazio horiek transmititzen dizkigun pertsonak bilatu behar ditugu, bakea zabaltzen diguna, jende tunela.

Kontu hauek eta beste batzuk ukitu genituen Santa Anan, zertan datzan gure lan eder hau. Beste ezergatik aldatuko ez nukeena. Nork esango zidan 1978an, edo 1997an?

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. Ño!

    Zelan diren kontuan!

    Ba gozatu Debagoienean! Ahal bezain beste!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude