Bizitzera arriskatu

Mendi Filmen estreinatu zutenean ez nuen ikusi, eskerrak orain Primeran plataforman ikus-entzungai dagoen. WOP (Walk On Project) egitasmoari buruz ere hainbatetan entzunda neukan, baina familia hau pixka bat hobeto ezagutzeko aukera eman dit dokumental labur honek: Jontxu, Mikel eta Mentxu. Eta gaixotasun neuroendekatzaileen inguruko fundazio oso bat.

Dokumentala garbia da, mezuak ondo josita eta protagonistak elkarrekin lotuta agertzen dira: Juanjo San Sebastián, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Didac Costa, Nives Meroi, Romano Benet eta Reteria Mendieta senitartekoak.

Nahigabeen aurrean amore ez ematea, erresilientzia lantzea, taldean lan egitea, soka-taldean, familian ala bizitzako beste edozein arlotan. Ametsak gauzatzen saiatu. Heriotzaren beldur ez bizitzea, bizitzaren beldur ez egotea. Egiten duzuna maitasunez egitea, adiskidetasunez, txeraz.

Eta borrokatzea… Hemen zalantzak agertzen zaizkit. “Minbiziaren aurkako borroka”, “lehenengo lerroan” jardutea. Pandemian hainbeste erabiltzen zen hizkuntza belikoa, soldaduak baino erizainak eta sendagileak izanda. Honi buruz blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin dugu. Borrokatu bai, baina perspektiba galdu barik, mugak onartuz, bizitzaren mugak, Medikuntzarenak. Itxaropen faltsurik gabe.

Medikuoi sarritan tokatzen zaigu berri txarrak ematea, “gaiztoaren papera” egitea, “festa zapuztailea” izatea. Eta sarritan okertzen gara, hala da. “Medikuek hiru hilabete biziko zela esan ziguten eta 17 urte igaro dira”. Horiek ere gertatzen dira. Baita pentsatutakoa baino lehen gaixotasunak okertzea ere. Gaixo bati zenbat denbora gelditzen zaion galdetuta, ohikoa da erantzun argirik ez ematea honengatik.

Esperientziarekin, ibilbide profesionala luzatzen den heinean, pazienteak eta pazienteak ikusi ondoren, hala ere, senak gero eta gutxiago huts egiten du. Eskalak erabiltzen ditugu, kasu bakoitzaren faktoreen azterketa egiten dugu, eta kalkuluak egiten ditugu, familiek edo gaixoek eurek eskatuta. Eta jakin behar hori nolabait asetzen saiatzen gara. Norberaren planak egin ahal izateko, prestatzeko, antolatzeko.

Pronostikoak egitera arriskatzen gara. Pazienteak bizitzen arriskatzera animatzen ditugu. Azken bidaia hori egiteko, bazkari hori, topaketa hori. Egiteke gelditu diren kontu horiei aurre egiteko. Azken momentua arte bizitzera arriskatzeko.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude