Musikak ez du etenik, uda iritsi arte behintzat, hamabostean behin soinua egiten jarraitzen dugu. Eta ez dadila haria eten! Izan ere, arimarako behar dugun gasolina hori da musika. Pentsatu, une batez, zer izango litzatekeen bestela mundua bera barik…
#7 Amoranteren “Ama hil zaigu” bertsioa entzun genuen. Baldin ez baduzue Elgoibarko artista ezagutzen, gomendatzen dizuet plataformaren batean haren musika entzutea. Edo are hobeto, haren kontzerturen batean zuzenean entzutea. Abestia ez daudenen geure amei dedikatu nien. (Eli Conderena eta geurea garai berean hil ziren, eurengandik hasita).
#8 Wolfgang Amadeus Mozarten “Requiem”-a musikaren historia osoaren pieza erraldoi horietakoa da. Musika Hamabostaldiaren podcast-erako erabili zuen Joseina Etxeberriak aurrekoan egin zidan elkarrizketan. Eta podcast honetan pieza bera erabili dut Naiara Agiriano elkarrizketatzeko. 30 minutuko tartea izan zen, biok gustu-gustura egon ginela uste dut. Naiara Zainketa Aringarrietako kontsultan Arrasateko ospitalean nirekin dagoen erizaina da, duela 3 bat hilabete. 20 urteko tartea dugu adinari dagokionez, eta hasiberria da zeregin hauetan, munduko lanik ederrena, sakonena eta beteena den honetan. Interesgarria da zelan ikusten dituen gauzak bere begietatik, bere bihotzetik. (Esan behar dizuet haren aita ezagutu nuela kontsultan duela 3 bat urte, gugan bego).
Lehenengo elkarrizketa bat izan da, baina jarraituko ditut egiten, udazken aldean gonbidatu gehiago izango dituzue entzungai. Formatu laburreko saioekin joango naiz tartekatzen.
Hona hemen beste liburu bat zerrendan zain neukana, eta aste hauetan irakurri dudana (gaztelerazko itzulpena). Francesc Torralba filosofo eta teologoari buruz entzunda neukan, batez ere nola duela gutxi Oriol semea hil zela istripu batez, berarekin batera txango bat mendian egiten ari zenean, Picos de Europa aldean.
Liburuaren hasieran, kontatzen du nolakoa izan zen Marian izeneko emakume ezezagunaren erantzun errukitsua, semea hilda topatu zutela jakin zuenean: “Entzun genuen, berriz ere, helikopteroaren zarata, eta ziztu bizian atera nintzen aterpetxetik. Marianek ez ninduen bakarrik laga ezta une batean ere. Mahaian platera utzi eta nirekin irten ze. Nire alboan egoteko ardura sentitzen zuen, eta kontsolatzekoa”.
Dimentsio erraldoia duen gertakaria izan zen Oriolen heriotza Francesc, emazte eta familiarentzat, zalantzarik gabe. Norberaren biografia markatzen duten gertaera nagusi horiek dira gertakariak, gutxi horietakoak. Hemen ekintzen eta gertakarien arteko desberdintasunak: “Gosaltzea edo txangoa egitea ekintzak dira, baina pertsona batekin azken aldiz egiten duzunean, gertakari bihurtzen dira. Modu berean, seme gaztea lurperatzea gurasoentzat gertakari (tragiko) bat da, baina ekintza soila izan daiteke lurperatzailearentzat”.
Besarkada baten definizioa: “Itxuraz keinu sinplea da, bi gorputz elkarri estutzea. Baina, izatez, hurkoarekin hurbiltasun emozionala adierazteko modurik enfatikoena da”.
Espiritualtasuna presente dago lan guztian, ezin zen bestela izan idazlea zein den kontuan hartuta: “Sinestunek aurre egin behar die galdera handiei, baina baita ateoek ere. Krisialdi espiritual handiak eragin ditzake muturreko egoera batek, norabide batean edo bestean: pertsona batzuk federantz biratzen dira, haurtzaroan abandonatutako otoitzak berreskuratzen dituzte, Jaungoikoaren babesaren bila”.
Ez daudenak gogoratu, ohoratu eta gurekin beti eramaten ditugu, baina bizi behar gara egon badaudenekin, merezi duten lekua ematen haiei ere: “Gure inguruan guretzat pertsona esanguratsuak daude, alde batetik, eta bestetik pertsona ezezagunak, gure albotik pasatzen direnak, euren amets eta planekin, baina anonimoak direnak guretzat. Dolua bizitzen dugu pertsona garrantzitsu horietako baten hutsunea sentitzen dugunean. Baina ez dugu laga behar ez daudenek daudenak itzaltzea, hemen eta orain badaudenak”. Halaber: “Gauzak elkarri esan beharko genizkioke heriotza baino lehen, ez itxarotea haren ostean esateko (esker ona, maitasuna…)”.
Zer da ahula izatea eta zer ausarta: “Esanguratsua da gizonen ausentzia dolu taldeetan, indarra erakutsi behar dugulako. Baina ausardia handia behar da gure ahulezia eta barne-barneko sentimenduak adierazteko, lotsak gainetik kentzeko”.
Hau txikitatik ikasi genuen, oinarrizkoa da, baina ondo dator behin eta berriz gogoratzea: “Bakarrik gelditzen da gugandik ematen duguna, bakarrik gara ematen. Bakarrik gure burua husten hazi gaitezke, eta besteak haztea”.
Umorea bizitza hau edertzen eta erlaxatzen duen indar horietakoa da. Baina zer da seriotasuna? “Seriotasunaren muina da gure burua hilda ikustea, irudikatzea. Bizitza ez dela (soilik) jolas edo komedia bat konturatzea da seriotasuna”. Halaber: “Heldutasuna dator zoritxarrei aurre egiten ikasten dugunean, gaitasun batzuk hartzen ditugunean”.
Mugiarazten gaituzten emozioak daude, bai eta geldiarazten gaituztenak ere: “Tristezia puntu estatikoa da doluan, emozioak eteten dira, geldirik geratzen gara”.
Gaur egungo egoera globala: “Zoriontsuak izan gaitezke mota guztietako indarkeriak inguruan ditugunean, kolapso ekologikoa gero eta gertuago dagoenean?”.
Medikuntzaren historia amaiezina: “Medikuntzaren aurrerakuntzak hor daude, gaur egun ez gara hiltzen gure arbasoak hiltzen ziren zergatiengatik. Gaixotasun batzuk menperatu ditugu, baina beste batzuk agertu dira. Sisiforen mitoa bezalakoa da”.
Zerrendan dauden zeregin garrantzitsuak: “Zer egin nahi dut gelditzen zaidan bizitzarekin? Zer da lantzeko daukadan gauzarik baliotsuena? Aurrean daukadan bidaiaren tartea norekin ibili behar dut? Zein leku bisitatu behar dut? Zein pertsona agurtu? Zein maisu-maistrari eskertu behar diot ikasitakoa? Zeini barkamena eskatu? Zer irakurri behar dut? Zein artelani so egin?”.
Eta amaitzeko, hiru bertute nagusiak: “Maite dugun norbaiten hilobiaren aurrean, gizakion hiru bertute handiak ikasten ditugu: umiltasuna, errukia eta arima-handitasuna*”.
*Azken hau “magnanimidad” moduan itzuli behar dugu.
Zainketa Aringarrietako jarduera osasungintzan dagoen humanistikoenen artean dago. Enpatiatik haratago, errukia da arlo honetan gabiltzan profesionalon ardatz nagusia. Errukia entrenatzen eta lantzen da, pazienteak eta familiak atenditzen, urtez urte. Gure jarduera profesionalaren erdigunea diren paziente eta familia horiek, beti ere.
Gurea munduko profesiorik onena dela esatea ez da gehiegi esatea, hala sinesten eta sentitzen dugu askok. Baina paziente eta familiengan gaixotasunek inpaktu fisiko, emozionala, espirituala eta soziala duten moduan, guregan ere prozesu hauek maila bateko edo besteko inpaktuak dituztela badakigu.
Osasun sistemak pazienteak eta familiak babestu eta zaintzeko helburu nagusi du, eta hori lortzeko osasun profesionalok bitartekariak gara. Logikoa da pentsatzea sistemak bitartekariok ere babestea eta zaintzea helburu izatea. Baina, tamalez, azken hau ez da hain argi gelditzen.
Behin eta berriz ikusten dugun moduan. Burn-out da Damokles ezpata hori, osasungileok daukaguna, bereziki Zainketa Aringarrietan. Osasun sistemak oso argi izan beharko luke hau prebenitzea eta tratatzea lan garrantzi handikoa dela.
Post honekin, Euskadin Zainketa Aringarri pediatrikoetan dabiltzan lankideek azken hamarkadetan egindako lana balioetsi eta aitortu nahi dut, lehenik eta behin. Eta lan handi horrek ekarritako higadura plazaratu. Ez dut onargarritzat jotzen osasun sistemak hau prebenitu eta tratatu ordez burn-outerako bidea zabaldu, ondo ulertzen ez ditudan argudioak erabilita.
Zehazki, Jesus Sanchez Etxaniz gure lankidearen eta bere ekipoaren aldeko testua da hau. Espero dezagun pazienteek, familiek eta guk egindako lana eskertzeaz gain, osasun sistema ere gai izatea esker ona agertzeko eta zauriak sendatzeko.
PD.- Echamos de menos plataformatik ekimen bateratua prestatzen ari dira egoera larri hau salatzeko.
Aste honetan Gasteizen egon gara, hirugarren aldiz ibilbide honetan guztian, SB aurkezten. Patxi del Campo ostalari lanetan eta Sara Buesa lagun solasaldian. Koldo Rodriguez eta Naia Egiluz narratzaile lanetan. Musikarekin, zuzenean, Mudoh (argazkian). Indarkeria eta dolua. Beste behin, Olatz Etxabe eta Sandra Carrascoren bizipenak konpartitu ditugu: sumina, bakardadea, tristura, samina, itxaropena.
Eta isiltasuna. Asteazken honetan presentzia guztiz nabarmena izan du Yael Deckelbaum abeslari kanadar juduaren bideoak, “Prayer of the Mothers”-ek. Mudoh-k modu dotorean interpretatzen duen kantuak era berezian jotzen du orain Palestina aldean gertatzen ari den terrorearekin. Eta izuaren aurrean, isiltasun epelak, zalantzatiak, beldurtiak, koldarrak, konplizeak.
Sarak gogorarazi zigun gure herrialde txiki honetan, aurreko hamarkadetan zehar, baina gaur egun oraindik ere, indarkerien biktimek jasandako indiferentzia mingarria, enpatia falta etsigarria, sasi neutraltasun kalkulatua, epela, ikaratia, konplizea. Interpelatzen digun isiltasun ozen hori.
Isiltasunaren soinua betegarria, sendatzailea eta atsegina izan daiteke. Baina hau bestelakoa da, neurri guztiak gainditzen dituen basakeriaren aurrean entzuten den isiltasun orokorra misilek ospitaleak eta anbulantziak jo baino segundo batzuk lehenago entzuten den hura bera da. Oihalezko dendak eta barruan lo egiten ari ziren umeak kiskali baino lehen entzuten den isiltasun sorgorra. Bereziki mingarria den jende onaren isiltasun hura.
Hain zuzen ere, Israelen aspaldian abiatutako mugimendu bakezaleak horrela du izena: Breaking the silence. Merezi du militar israeldar izandakoek kontatutakoa irakurtzea, link horretan murgiltzea. Ariketa ona da isiltasuna apurtzea, aste honetan Patxi, Sara eta bertaratutako publikoarekin Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok egin dugun moduan. Aringarria da.
Irati Goikoetxearen hitzetan: “Hitzak baliorik ez duen munduan bizi gara. Eta zerbait egin beharko genuke. Egiten ari ez garen zerbait” (“Gosea”).
Azken aste hauetan argitaratu ditugun bi musika zatiak entzungai dituzue jarraian, bakoitza bere berezitasunarekin. Venezian hasiko gara, 3 mende atzerako bidaia batekin, eta Debagoienara itzuliko gara ostean. Eta amaitzeko, ordu erdiko harribitxi bat.
Musikak bidaiarazten gaitu, arretaz entzunez gero. Ea zeuei nora eramango zaituzten hiru atal hauek.
#5 Antonio Vivaldiren “Nisi Dominus” hil eta biziko pieza hunkigarri hau zinemari esker ezagutu nuen, eta bizitza errealean betiko lotuta gelditu zait Joxe Zuluetaren heriotzarekin.
#6 Ruper Ordorikaren “Hamabostean behin” kantuak podcastari izena ematen dio, eta bertsio bat ekarri dugu oraingo honetan. Bakardadearekin lotu ditugu John Trollope eta labanderiak.
Bonus track: Goienako sortaz aparte, Donostiako “Musika Hamabostaldia”-ren podcastean parte hartu dut, eta aste honetan eskuragarri ipini dute Joseina Etxeberriak egin zidan elkarrizketa dotorea, Wolfgang Amadeus Mozart lagun: “Bi ahotsetan: Heriotzaren soinuan”
Eta 2018. urte iritsi zen. SECPAL zainketa aringarrietako biltzarra izan zen Gasteizen, eta batzorde antolatzailean parte hartu nuen. Osasun profesionalak ez ziren herritarrei begira, hainbat ekitaldi antolatu genuen hirian zehar, kongresua baino lehenagoko asteetan, zinema, antzerkia eta abar. Ofizioz medikua eta afizioz mendizalea naizenez, bururatu zitzaidan Jorge Nagoreri elkarrizketa bat egitea, bizitzaz eta heriotzaz, mendiaz eta hiriaz, Iñaki Ochoa de Olzari buruz eta Jorgeren amari buruz. “Mendian hil. Hirian hil” izena ipini nion ekitaldiari.
Hurrengo urtean, Santiago de Compostelan izan ziren SECPALeko jardunaldiak, Galizian. Eta hor piztu zitzaidan argitxoa. Proiektu honetan ez zen krisialdirik egon aurretik, beste bide batetik etorri ziren musak. Jorgerekin harremanetan ipini nintzen eta gero Izaskun Andonegirekin. Honek Aretxabaletako familia baten berri eman zidan, Mikel Cresporen gurasoak ziren. Banan-banan beste protagonistak batzen joan ziren, eta collage dotore bat eraiki genuen (AH-ekin egin genuen bezala). Grabaketak egin baino lehenagoko prestaketa hauek asko disfrutatu ditut hiru pelikuletan.
Hirugarren eta azken honetan, bestela, nire onena eman izanaren sentsazioarekin gelditu naiz. Teknikoki hoberena eta mamitsuena da. Borobilena. Lehendabizikoa egin nuenean ez neukan inongo trilogia borobiltzeko asmorik, ezta bigarrena eginda ere. Modu naturalean etorritako kontu bat izan da, pentsatzen dut beste askori gertatutako gauza bera izango dela.
Badakizuenez, handia da euskaldun jendeak mundu osoko mendietan egindako jarduera historian zehar. Istorio ederrak, epikoak eta zirraragarriak kontatu daitezke, eta eurekin batera mendian tarteka gertatzen denarekin: heriotza. Jende gazteak edo oso gazteak pairatutakoa. Tarteka hirian ere gertatzen dena, bestela. Zorigaitzeko istripuak gehien-gehienetan, baina ez guztietan. Ez dugu ukitu, baina suizidioa ere han goian gertatzen da batzuetan.
Hiriari buruz hitz egoten dugunean, Bilbo erakusten dugu. Ez dauka AH-en daukan presentzia, baina ardatz nagusietakoa da. Izan ere, estreinaldia Bilbon egin genuen, Mendi Film Festivalean. “Zortzimilako” batekin hasi ginen, eta handik aurrera aurkezpen pila egin genuen 2021ean zehar, hala Mendi Tour zoragarriaren eskutik, nola gure kabuz. Areto komertzialetan ere ibilalditxoa egin genuen, lau hiriburuetan, Golem, Principe eta Florida zinemetan. Lehen esan bezala, zurrunbilo hau guztia kudeatzen ikasi behar da, izan 8.000 metrotan, 1.500 m-tan, edo hortik behera. Izan ere, “zergatik neurtu mendiak metrotan, eta ez bizitako uneen edertasunean?”. Hain zuzen ere.
Bide batetik baino gehiagotik iritsi zitzaidan liburu honen berria, eta azkenean liburutegian eskatu eta nonbaitetik ekarri zidaten. Medikua eta alpinista da idazlea, Jorge Egocheaga, zortzimilako guztiak igo dituen lehen asturiarra.
Bilatutako bakardadearen adibide ona da Jorge, jendetzak saihestu eta aszetismoa eta umiltasuna lantzen dituena. Eredu ona, hasteko. Isiltasunaren apologia topatu dezakegu pasarte honetan: “Hiru urte bete arte ez dugu ikasten hizketan, baino askoz ere gehiago isiltzen ikasteko. Batzuk sekula lortzen ez duten arren“.
Eskaladaren apologia ere, noski, sorkuntzarekin ondo lotuta: “Eskalatzea, krokis zehatzik gabe, sorkuntza ekimen bihurtzen da, literatura, margolaritza, musika edo zinema bezalako arte adierazpenen antzekoa. Sorkuntza motibazio giza iturririk handientzat jotzen dut“.
Bizi-bizirik sentiarazten gaituzten pasioen bila aritu: “Zerk bultzatzen nau itzultzera? Zergatik nago berriro hemen? Zure pasioei ihes egitea absurdoa da. Zer zentzua izango zuen bizitzak haiek gabe? Nahiz eta aitortzen dudan bizitza lau bat askoz ere errazagoa dela… eta aspergarria“.
Nahiz eta, batzuetan, pasio horiek arriskutsuak izan: “Zure ametsak bete ahal izateko zein da ordaindu behar duzun prezioa? Edozeinek balio du, altuena den bizitzak berak barne? Istant batek balio al du bizitza ibilbide oso bat? Men egin behar dugu bizi garen gizarteak inposatutakoari?“.
Izan ere, Jorgek oso gertuko pertsonen heriotzak bizi izan ditu (bikotekidearena eta lagunena), mendian gertatutakoak. Eta horrela definitzen du dolua: “Tortura fisikoak jasan ditut, min biziak, istripuak, baina ez dago antzeko ezer asko maite duzun izaki baten galerak eragiten duen sufrimenduarekin konparaturik“.
Eta horrela gainditutako (edo igarotako) dolua: “Galerengatik tristura horrek hor jarraitzen du, sakona, tematia, maltzurra, baina orain askoz ere bareagoa, min lasai batean bilduta, sosegatua, laguna dagoeneko“.
Espiritualtasuna: “Fededuna izan naiz. Baina horri uko egiteak areagotu du nire esparru espirituala. Panteismo bat posibletzat jotzen dut. Sinesmen honek naturarekin sintonian egonarazten nau“.
Gure Lehen Mundu honetako burbuila: “Ur edangarria zure etxean bertan, etengailua sakatu eta bonbila bat piztea, komunera joan ahal izatea etxetik atera eta hotza pasatu behar izan gabe gure gizarteko eguneroko luxuak dira, baloratzen ez ditugunak“.
Porrota / arrakasta: “Porrota ez da helburua ez lortzea, bideari ekiten ez saiatzea da“.
Zorion distirak: “Irribarre iheskor eta konplize bat, egunsentiko freskura, egun bero batean txokolatezko izozki baten zaporea, txori goiztiar baten kantua, ustekabean harrapatzen zaituen liburu baten irakurketa… Agian bizitzea hauxe da“.
Motzean, oso Maria Coffey eta oso MHHH. Identifikatuta sentitu naiz, 4.000 mila metrotik beherako nire mailan.
Egun hauetako bidaia Zaragozan hasi zen, duela 100 urte baino gehiago. Bertan jaio zen abuela Mary (horrela idatzita). Abuelo Mariano iparralderago sortu zan, Bernués izeneko herrian, Jaca ondoan. Bidaiaren beste abiapuntua.
1941eko abuztuaren 25ean hemen jaio zen gure ama, Trinidad Bandrés Vicente, Irune, Amatxi. Aitona Mariano militarra zen, eta Al Hoceimara (Villa Sanjurjo) amona eta bera eraman zituen bizitzak. Hemendik Sahara, Tenerife, Terrassa eta, azkenik, Burgosera. Hor aita ezagutuko zuen amak.
Leku batetik bestera, horrela ibili izan gara Alberto, Arantza eta hirurok ere txikitan eta gaztetan. Baina amaren ibilbidea bereziki exotikoa izan zen. Eta hiru anaia-arrebok Rif aldera bidaiatu gara, Maider, Ilazki, Pello eta Aiorarekin. Ez dakit zehazki zeren bila, baina aztarnak topatu ditugu sakabanatuta: zutik dauden eraikinak, argazki zaharrak, hiriko orduko planoak… Baita kaioak, txakur eta katu deslai ugari, astoak, gameluak eta kameleoi bat ere.
Aragoin hasitako bidaia, Magrebeko kostaldetik eta beste leku batzuetatik igaro zen beraz, eta orain sartzen dira istorio honetan beste hiru pieza: abuelo Salva (Burgos), amatxi Pilar (Lesaka) eta aita, Alberto Peña Iturria, Aitatxi. Diasporan jaio eta bizi izan ginen anaia-arrebok: Burgos, Madril eta Valladoliden. Eta bakoitzak topatu du bere lekua: Albertok (Gasteiz, Bilbo eta Donostia), Arantzak (Lekeitio eta Bilbo) eta nik (Bilbo eta Zarautz). Moroak gara behelaino artean?
Aitona teniente-koronela eta Alberto eta biok, haren bilobak, kontzientzia-eragozleak (Arantzak ez zuen aukeratu behar izan soldaduzka eta ordezko zerbitzu soziala artean). Aitonari eta amonari Espainiako Gerra Zibila bete-betean tokatu zitzaien, eta Bigarren Mundu Gerrak Maroko aldean harrapatu zituen. Golkoko Gerra izan zen, bestela, anaiok objetoreak izateko piztailea. Eta orain geure seme-alabak beste “gerra” baten lekukoak izaten ari dira, Palestinako genozidioarena. Rifeko paisaiak eta hango umeak ikusita, saihestezina izan da horretaz ez gogoratzea.
Mediterraneoan jaio zen orduan gure ama (ikus goiko argazkia), Joan Manuel Serratek kantatzen zuen moduan. Oporrak pasatzeko bazterrak batzuontzat. Bizi ahal izateko gurutzatu beharreko oztopoa beste batzuontzat. Lehen Mundua eta Hirugarrena, gaztetan baikortasunez “garapen bidean dauden herrialdeak” esaten genuena.
Atzo, etxean bueltan, “Faisaien Irla” ikus-entzun genuen Modelo aretoan. Asier Urbietaren pelikula hau bete-betean lotu dezakegu Fermin Muguruzaren “Bidasoa 2018-2023” eta Ander Lipusen “Miñan”-ekin. Zer pentsatu eta zer sentitu ematen duten kultura-ekoizpenak, euskaraz.
Ez dakit mairuak garen lanbrotan, ala ez, baina mundu onirikoan gelditutako asmoa azkenean hortik berreskuratu eta egia bihurtu da. Al-ḥamdu lillāh!
Oier Aranzabal gure etxera etorri zenean lehendabizikoa izan zen niretzat, 2021ean. “Barruan gaude” deitzen da podcasta, eta 80tik gora daude entzungai Guau plataforman. Denetariko pertsonak, denetariko gaiak, 40-60 minutuko piezak. Oso bizipen ona izan zen niretzat, hagitz gustura aritu ginen, eta “Bizitza edo azkenengo bidaia” izenburua ipini zion Oierrek.
Orain dela hilabete batzuk, Aitziber Aranburuzabalak proposatu zidan Goiena-rako podcast sorta bat grabatzeari ekitea. Argitaratzeko maiztasuna bi astetik behin izango zela finkatu genuen, hortik izenburua. Saioak, izenburua bezala, musikarekin lotuta egongo zirela pentsatu nuen, saio bakoitza kanta batekin. Gaiei dagokienez, entzuleek esperotakotik ez nintzela asko aldenduko. Eta sinatzeko, Patxi Lurra erabiliko nuela.
“Hamabostean behin” martxan dago martxoaren hasieratik, eta lau kaleratu ditugu orain arte, 4-7 minutukoak:
#1 Idoia Asurmendiren “Aulki jokoa” izan da lehenengo kanta, Gabonak pasa berritan grabatu genuen podcasta, garai hartan bereziki hutsak dauden aulkiak gogoan hartuta. Aste haietan, Ameskoetan ibili nintzen MHHH aurkezten, Idoiaren laguna den Eider Ballinarekin (eta Josu Txintxurretarekin) batera egindako dokumentala. Idoiaren familiaren zati bat den herrian aurkeztu ere, Bakedanon.
#2 Olaia Inziarteren “Zure mina” etorri zen hurrengoa. Kanta hori presente egon zen Zarauzko Garoa liburudendan egin genuen komiki baten aurkezpenean, Bertol Arrieta eta Sandra Garayoaren “Hodeien gaineko aldean” izenburukoa. Suizidioa da ardatzeko gaia abestian, komikian eta podcastean. Getariako Izarori dedikatuta.
#3 Gorka Urbizuren “Janela bat” aukeratu nuen hirugarrena egiteko. Janela batetik begira, orain dela urte batzuk Oñati irratian entzundako elkarrizketa bat etorri zitzaidan gogora, Juanjo Sagarzazu medikuari egindakoa. Eta umiltasuna hartu nuen gaitzat, hain beharrezkoa duguna. Batzuetan asmatzen dugulako, baina beste batzuetan ez. (Bestela, Ziortzako Martinen omenez).
#4 Eta Pettiren “Zaldi emozionalak” da gaur bertan argitaratutakoa. Emozioen gorei eta beherei buruzkoa da saioa, zaldien moduan: trostan, mantso, jauzika, pozik, burumakur, irrintzika… Gizakiak ere horrela gabiltzalako. Uberako Iñigo Olañetari dedikatu diot, aspaldian ezagututako gizon dotorea, beste garai batekoa.
PD.- Sorta honetaz gain, iaz grabatu nuen Joseina Etxeberriarekin, hasieran aipatutako Oier Aranzabalen eta Xabier Etxeberriaren bidez, podcast eder bat Musika Hamabostaldirako, musika klasikoa eta heriotza uztartuz. Hemen promoa.
Zuhaitz hau Udalatx mendiaren magalean dago, erabat makurtuta haizeengatik, baina zutik. Bi protagonistak irudikatzen ditu, antagonikoak ematen dute, baina zuhaitz bera da errealitatean.
Aurreko dokumentaletik kanpo ez zen gai asko gelditu, baina esparru arantzatsu eta garrantzitsu bat bai, oso lotuta dagoena munduko gure bazter honekin. Beste leku batera begiratu genezakeen azken 4-5 hamarkadotan izandako hainbeste hildako eta zauritu ondoren, baina jatorri politikoko indarkeriek eragindako heriotzei ere heldu nahi nien, eta haiek eragindako doluei. Eta itsaso horretan dzanga egin genuen, edo terrorismoaren putzuan, nahiago baduzu.
Gai delikatu hauei aurre egiteko beldurra gainditzearen ildotik, SB beste urrats sendo bat zen. Bestelako heriotza motei begiratzeko ausardia biltzen baldin badugu, behin baino gehiagotan egiten baldin badugu, enpatia ariketa horiek errepikatzen baldin baditugu doluan daudenekin, emozionalki entrenatuta eta prest egongo gara. Baita biolentziaren ataka latz eta mingotsak pasa dituztenen begietara begiratzeko ere.
Berriro, SB egiteko argitxoa beste krisialdi pertsonal batek piztu zuen. Amaren heriotzak, 2015eko hasieran, lurrikara emozionala eragin zuen seme-alabon artean, hilabete oso zailak izan ziren ondorengo haiek. Lanean topera nenbilen, hain zuzen ere hainbat pazienteren bizitzaren amaieran, eta euren heriotzek senideei ekarritako seismoekin lagundu nahian. Mugan nengoen, norbaitek putz eginez gero lurrera eroriko nintzateke, eta horixe bera gertatu zen. Orain arteko nire garairik ilunena izan zen, zalantza barik.
Zumarragako ospitalean pairatutako gatazka pertsonal batetik gatazka kolektibo erraldoi horretara egin nuen jauzi. Kontatuko genituen bi istorio zehatzak gertuagotik ezagutu ahal izan nituen. Sandra eta Olatz bi protagonistak ondoan nituen, aspalditik lan egiten dudan udalerrian, hortxe. Euren istorioen berri ere nola edo hala baneukan, baina patuak ekarri zidan Arrasateko bi emakume hauek ezagutzeko abagunea. Eta hortik joan ginen SB eraikitzen.
Lehenik eta behin, Aitor lagun musikariarekin harremanetan ipini nintzen, itxura ematen joan ginen, narratzaileak aukeratu genituen eta, formatu desberdin batean, obra eszeniko bat sortu genuen, izen artistikoekin sinatuta, Mudoh eta Patxi Lurra moduan. Izenburuan, sumina eta samina arteko hitz jolasa egin dugu, gaiari errukiaren kontzeptu garaikidetik begiratuta.
Gogora Institutuak diruz lagundu zigun, eta poliki baina konbentzimenduz ibili gara herriz herri aurkezpenak egiten, Baketik elkartearekin hasieran, Bakeolarekin jarraian edo gure kabuz. Esperimentu zoragarria izan da, gure aportazio xumea dolu kolektibo handi hau gainditzen laguntzeko.