Sanskritozko hitz honek bizitza eta heriotzaren arteko zikloa izendatzen du, birjaiotze budista nolabait. Halaber, zineman erabili izan da izenburu gisa hainbat pelikulatan, baita musikan ere. Artikulu honetan, Lois Patiño galiziarrak egindako harribitxia komentatu nahi dizuet, Xabier Erkizia lesakarrak edertutako gutizia.
Gutxitan gertatzen da dokumental honek publikoarekin proposatzen duen interakzioa: Bi zatitan argi banatutako dago, Asiako hego-ekialdean kokatuta lehenbizikoa (Laos) eta Afrikako sortaldean bigarrena (Zanzibar). Euren bien artean, 15 minutuko tartean begiak ixtera gonbidatzen dute egileek. Isiltasun modukoa esperimentatzen duzu, meditazio batean bezala, soinuek eta argiek lagunduta beti ere. Bizipen guztiz gomendagarria, goitik behera. Izan ere, hainbeste aukera ez dugu, erotutako mundu honetan, pausatzeko eta ikusmenetik askatzeko, entzumenean fokuratzeko.
Bestela, ikusmen aldetik, unerik gorena da Laosko monje taldea Kuang Si ur-jauzi ikusgarrietara iristen direnean (goiko argazkian). Pelikularen lehenengo zati horretan, hiltzear dagoen emakume baten iragaitza edo trantsitua jasotzen dute, monje batek lagunduta. Bigarren zatian, Zanzibar uhartean arrantzaren inguruan bizi diren komunitateak agertzen dira.
Entzumen aldetik, ederra da hizkuntzen dantzaldiagatik, laosera, swahili eta arabieraren artean. Bestela, Erkiziak hain ongi menperatzen dituen soinu paisaiak presente daude pelikula osoan zehar. Beraz, 2023 honetan Zinemaldian aurkeztutako eta Berlinalen saritutako film hau ikus-entzuteko abagunea suertatzen baldin bazaizu, ez galdu. 2024 osoa duzu aurrean horretarako.
Haurtzaroko Gabonak gogoratzen dudan aberri kuttunetakoa dira niretzat. Sutondoa eta etxekoak, ez daudenak eta badaudenak. Aberri galdua baina ez ahaztua. Kandela itzaliak eta piztuak. Aulki beteak. Etxe berriak, ihes egiteari utzi, finkatu Zarautzen. Diskoak. Goroldioak. Gariak. Liburuak. Gorostiak. Gutunak.
Ainielle guztiak. Berpiztutako Otsagabiak, otsorik gabekoak. Desagertutako elurra Abodin eta Orhipean. Berreraikitako bordak. Berreskuratutako hizkuntzak. Ezkutatzen diren oreinak, hala ere ikus ditzakegunak, baita behe-lainoan ere. Nostalgiak gidatutako itzuliak, marka zurigorriek lagunduta, eskerrak!
Ulertu dezaket zure mina. Sumina atzean utzi duzu, eta ez zen erraza. In-darkeria, in-diferentzia eta in-justizia berdin hasten dira. Eseri hementxe, adi nauzu. Grinch-ena ez dizut erosiko, loteria ezta ere, baina ondo egingo dit entzuteak, entzun nahiko ez nukeena ere. Ongi eginen dizu zuri ere erran behar duzuna erratea.
Betleem, Nazaret, Jerusalem, Galilea, Samaria, Judea, Filistia. Herodes berriek hildako haur guztiak. Sehaska hutsak. Galdutako aberriak, baina ez ahantziak. Oraintxe da momenturik aproposena Mesias etortzeko. Oraintxe. Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak.
Hator hator Haendel, hator hator etxera. Itxaropena isiotuta dago supazterrean, begi-begira egonda ere ulertzen ez duguna. Itxungita gupida. Otsoak hemen zeuden, iparraldeko mendietan baino hegoaldeko basamortuetan.
Baina kontatu iezadazu berriro nola ezagutu zineten, nolakoak izan ziren zeuen umezaroak. Zelan zen iparraldean eta zelan hegoaldean. Zoriontsuak izan zineten orduan? Eta orain, zaudeten lekuan zaudetela? Zer ikusten duzue handik? Egia da energia ez dela sortzen ezta suntsitzen ere, eraldatzen dela?
Eraldatu gaitezen. Barre egin dezagun. Kanta egin dezagun. Dantza egizu, gura baduzu. Besarkatu gaitezen. Eskua eman eta goazen mendira. Goitik ikusten dira itsasoa eta lakuak. Goitik hegan doaz arranoak. Behetik errekak, azkonarrak eta ur-jauziak.
Ikusten su-mendia piztuta, sutan? Atzo gauean lehertu zen, lo zeundenean, ez zinen esnatu. Soinuak ikaragarriak ziren, eta zu lo. Haurtxo txikien moduan. Ba, gezurra badirudi ere, laba guztia kanporatuko duenean, hor, barru-barruan, bakea topatuko dugu. Eta musika. Topa!
Getxon lehengo egunean ikus-entzun genuen ”Death Café: La música de tu vida” izenburuko dokumentala. Zure bizitzaren musika, gutariko bakoitzaren musikak, pluralean. Hain espektro zabalekoak.
Duela aste bi hil da abeslari ikoniko bat, akaso ez du laga Freddy Mercury (1946-1991) bezalako batek utzitako marka. Gustu kontua da, baina oihartzun mediatikoa ere garrantzitsua. Amy Winehouse (1983-2011) eta 27koen kluba, Lou Reed (1942-2013),David Bowie (1947-2016),… Nor edo nortzuk dira zure bizitzaren musikaren bidelagunak?
Gure herrialde txiki honetan, ez dago zalantzarik Mikel Laboak (1934-2008) eragin zuen dolu kolektiboaz, abenduro gogoratzen duguna. Musika garaikidearen abeslari edo musikari gutxik utzi dute tamaina horretako hutsunea. Baina nazioarteko eszenatik, 1980ko hamarkadan “The Pogues” irlandarrak indartsu sartu ziren gure bizitzetan. Orain 50-60 urte ditugun askoren bizitzetan behintzat. Adin eta gustu kontua izango da, noski, baina lehen aipatutako kantari ikonikoa Shane McGowan zen (1957-2023).
Gasteizen orain dela urte batzuk ikus-entzuteko aukera izan nuen, Azkena Rock Festival-en. Alkoholarekin zituen arazoak begi bistakoak izan ziren orduan ere. Aspalditik esperotako heriotza bat izan da Shanerena. Zainketa aringarrietako gure pazienteetako bat izango litzateke, gora-behera guztiekin.
Baina ziur aski gure bihotzetan geldituko dena izango dira hiletaren inguruan ikusitako irudiak, musika lagun jakina. Irribarre batekin eta abesteko gogoekin uzten zaituzte. Hileta guztiek eduki beharko zuten arima horixe antzeman dugu, eta bizipoza. Hildako ezagutu izanaren bizipoza.
Izan ere, nori ez litzaioke horrelako “Irish farewell party” antolatzea gustatuko bizitzari agur esateko?
Agur eta ohore, McGowan jauna
(Post hau izan da lehenengo kolaborazioa Arinduz elkarteko blog berrian).
Arantzazun sartzea bizipen paregabea da, santutegiaren barrunbeetan esan nahi dut. Eliza bera ere bisitatzea gomendagarria da, inoiz ez bazara egon, baina muinean egotea beste koxka bat da. Neuk zorte hori izan dut birritan: Lehenengoa, 2008an, Maiderren amona Isabel Elizegi hil zenean. Izan ere, neba bat fraide izan zuen bertan urteetan, Frai Juan Elizegi. Ixabelen errautsak tenpluaren atzealdean barreiatu zituen familiak, emakume dotorea benetan.
Bigarrena, 2013an izan zen, “Aulki Hutsak” grabatu genuenean. Orain 10 urte betetzen ari dira estreinatu genuenetik. Arantzazu Ibarrondori egindako elkarrizketa atzealde horretan izan zen, amildegiei begira, pribilegio hutsa.
Arantzazu basilika da, baina baita Zelai Zabal, Goiko Benta eta Sindika ere. Gomiztegiko gaztak. Duru aldeko txabolak, Eskista eta Urbixa, jakina. Arrola, Kortakogain, Bellotza, Elgea eta Urkillako gainak, Aloña eta Aizkorrikoak eta bidegurutze guztiak. Baina niretzat Arantzazu (Peña) nire arreba da. Baita Izaskun Andonegi eta Marije Goikoetxea ere, haietaz sarritan gogoratzen naiz han goian nagoenean.
Zorteduna izan naiz, halaber, OEEko jardunaldiak 2010 eta 2018an bertan Gandiaga zentroan antolatze lanetan ibili izanagatik. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean. Horiek oroitzapen ederrak ordukoak!
Aurten, Durangoko Azokan egun bakar batean egon ahal naiz. Eta “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikaina ikus-entzuteko izan zen. Ez galdu aukera zuen herrian edo inguruetan ematen baldin badute. Pello Sarasuak zuzendu eta Arteman-ek ekoitzitako lana da, Mikel Serratoren eskutik. Josu Txintxurreta eta Eider Ballina, halaber, honen atzean daude, eta harrotasun puntua sentitze dut nik ere eurekin lan egiteko zortea izan dudalako. Baita Izaskun eta Marijerekin ere, goian aipatutakoak eta lan honetako protagonistak ere badirenak.
Harribitxia da dokumentala. Jon Sarasua-k pare bat metafora oparitzen digu bertan. Espiritualtasuna definitzeko, munduan leku guztietan dagoen ura dela, gu ere ura garela, eta erlijioak mendeetan zehar ibaiak izan direla, norabide eta ibilbide jakin batean, azken hamarkadetan lehortzen ari diren ibaiak, bestalde. Beste metafora bat, kristautasunari lotuta, erditze batekin konparatuz: Ez dezagun ur zikinekin batera umea bera ere errekara bota. Gainbehera horren lekukoak izaten ari gara garai historiko honetan, eta ondo islatuta gelditzen da filmean.
Eta etorkizunean zer izango da Arantzazu? Zabalik dago erantzuna. Espiritualtasun epizentro bat izango dela pentsatu nahi dugu batzuk. Kristau ondarrak nolabait gordeko dituen gune ekumenikoa. Espiritualtasun laikoaren hiriburu bat. Gutxi gehiago etortzen zaizkit burura, tamaina honetakoak, Montserrat akaso. Nepal eta Tibet aldeko beste baten bat.
Abesti bat entzun eta denboran bidaiatxo bat egin. Zerbait pizten dizu barruan, norekin zeunden, non, noiz. Doinu batzuk entzutea nahikoa izaten da. Hauxe gertatzen zaio are gaixorik dagoenari ere, burmuina lainotuta eta matxuratuta duenari. Dementziadun gaixoekin hainbatetan antzematen da.
Aitari ere gertatu zitzaion, minbizia buruan zeukan, oso galduta geneukan ordurako. Norbaiti bururatu zitzaion bere oso gustuko disko bat jartzea, “Los chicos del coro” pelikularen soinu-banda. Eta orduan bai, erreakzio bat izan zuen, erantzuna malkoak izan ziren. Momentutzar horietakoa izan zen, zirraragarria.
Beste une ahaztezin bat bizi nuen Amaia Apaolaza, musikarekin oso lotuta, musika ekoizle batekin izan behar zen moduan. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nuen Amaia, eta txunditu ninduten bere bakeak eta duintasunak. Haren etxean sartzea zen tenplu batean sartzea, musikak betetzen zuena, hor zegoen arima bat hain momentu sakratuetan. Zirraragarria.
Eta zeuk, zein musika aukeratuko zenuke zeure bizitzaren amaierarako? Akaso ez diozu inoiz planteatu zure buruari. Extremadura aldean, Badajozen, Death Café batean galdera horixe bota zuten, bai eta dokumental batean jaso ere. Beste hainbat osagai ere baditu dokumental labur honek: Lehenik eta behin bi emakumeen istorioa, euren bizitzetan minbizia agertu zelarik, horrek ekartzen duen guztiarekin. Bi ibilbide desberdinekin, Laura Martín eta Raquel Godoy. Zainketa aringarriak zer diren azaltzen dute, komunitate errukitsuak zer diren, Rafa Motaren hitzetan. Minbiziaren Aurkako Elkarteak zein lan egiten duen. Musikak zer eragin positibo izan dezakeen gaixo onkologikoengan.
Aste honetan dokumentala Getxon ikus-entzun ahal izan dugu, Orio eta Zarauztik joan ginen Amaia Gozategi, Miriam Mendoza eta hirurok. Rafa bera egon zen solasaldian, “Badajoz Contigo” komunitate gupidatsuaren sustatzailea bera eta SECPAL-eko presidentea izandakoa, besteak beste. Gizon ona zinez, ezagutzeko zortea baldin baduzu.
Naomi Hasson izan zen antolatzailea (“Getxo Zurekin”), eta berarekin batera MaiderGrajales eta Alberto Meléndez (“Babespean”). Gainera, Albertok parte hartu zuen bere taldearekin batera (“Enclave”, Nafarroatik hurbildutakoak) sarrera eta agur musikalean. Zoragarria izan zen. Aretoan, Julio Gómez (“Santurtzi ciudad cuidadora”) eta Daniela Garavelli ere (“Sopela zurekin”) egon ziren. Hor batu ginen Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sarearen ordezkaritza txiki bat, edo ez hain txikia.
Datorren urtean dokumentala Zarautzera ekartzea espero dugu.
Bertan eman nituen urte mordoa, urte gehiegi. Sentsazio sendo hori daukat. Hiritarrak irensten dituen hiria iruditu zait beti. “Allá donde regresa siempre el fugitivo”, Sabinaren hitzetan. Neuk behintzat ihes egiten lortu nuen, baina arrazoia dauka abeslariak, gutxitan baina amaitu naiz itzultzen hara. Aurreko asteburuan esate baterako.
Izan ere, aurreko astegoiena arte ez nintzen hiru dokumentaletatik bakar batekin ere Madrilen egon. Eta hutsunea bete nahi nuen, nahiz eta hiri honek erakarri baino aldentzen nauen. Leku biografiko garrantzitsua ere bada niretzat, eta aspaldian hasi nintzen han emanaldiren bat antolatzeko lanetan. “Suminetik”-ekin saiatu nintzen bere garaian, emaitzarik gabe. Eta “Mendian hil”-ekin lortu dut azkenik.
Medikuntza ikasketak han egin nituen eta, besteak beste, gaur egun nire lagunik hoberenen artean dauden Javi, José Ramón eta Amelia garai hartan ezagutu nituen. Horregatik bakarrik bihotz zatitxo bat zor diot hiriari, eta ahaleginei ekin nien. Hain zuzen ere, beste ikaskide batekin negoziatu nuen emanaldia egiteko modua. Inoiz ezagutu dudan pertsonarik inteligenteen artean dago Manuel. Juliorekin batera, biak ziren urte haietako ikaskiderik argienak. Laster ulertu zuen zein zen nire nahia, dokumentala ikus-entzun ostean sekulako feed-back positiboa eman zidan bueltan. Hizkuntzarena ez zela arazorik izango, eta aurrera egiteko.
Hala izan da, hizkuntzarena ez da trabarik izan. Eskuzabaltasuna zor diot Manueli, bera baita Madrilgo Medikuen Elkargoaren presidentea. Jardunaldia antolatuta zuten bertan, elkargoaren eraikin historikoan, Atocha tren geltokitik gertu, Reina Sofía museoaren ondo-ondoan. Museoaren eraikina, jakin dudanez, XVIII. mendean Madrilgo ospitale nagusia izan zen. Eta gaur egun Medikuen Elkargoa dena, garai hartan Medikuntza Fakultatea izan zen.
Benetako tenpluan egon naiz, beraz, hango auditorioa leku dotore baino dotoreagoa da. Osasungintza humanizatzeko eta etikari buruzko jardunaldi haren amaieran joan zen gure pelikula, antolatzaileen harrera beroa jaso zuena. Publikoaren aldetik, bestela, auditorioa betetzen zutenen artean ikasle gazte ugari zeuden, errespetu gutxi erakutsi zutenak proiekzio guztian zehar. Ez zen batere atsegina izan, badakizu: Dirua eta edukazioa ez datoz beti bat.
Zorionez, solasaldia bihurtu zen sutondo, eta sentsazio horrekin geldituko naiz. Merezi izan zuen ahaleginak, Manuelekin berriro topatzeak. Eta Rosarekin, garai hartako ikaskidea eta neskalaguna.
Dirudienez, beste emanaldi bat antolatuko dute Medikuen Elkargotik. Beste aukera bat iheslaria itzultzeko.
Haurtzaroan lagundu ninduten Ahotsen artean, horrela letra handiz, Natxo de Feliperena (Oskorri), Amaia Uranga, Estibaliz Uranga eta Mocedades taldekoenak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirenak daude. Madrildik Euskal Herrira egiten genituen bidaietan lagun izaten genituen, kotxeko ordu luze haietan. Eta bazegoen beste bat, grabe eta sakona, bibrazio horiek transmititzen zituena: Imanolena.
Ordutik, etortzen zaizkit burura Ruper Ordorika, Petti eta Aiora Renteriaren ahotsak, kateari jarraipena eman diotenak, baina ziur aski Imanolena musikalki beste plano batean dago. Jakina, baita bere ibilbide biografikoa ere. 1971an, neu jaio nintzen urtean, 24 urterekin lehendabiziko erbestealdia hasi zuen. Ipar Euskal Herritik Parisera (Paco Ibáñez, Georges Brassens, Georges Moustaki, Mikis Theodorakis, Gwendal, Lluís Llach…). Eta atzera Hego EHra: 1985ean Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesaldia Martutenetik. 1986an Yoyes-en hilketa eta omenaldia Ordizian. Eta 1989an “Beldurraren kontra” kontzertu erraldoia Donostian. 1980ko hamarkada bizia eta latza. 2000an bigarren erbestealdia Alicanteko probintziara, 4 urte geroago haren heriotzarekin amaitu zena.
Zain neukan “Imanol: Azken kontzertua” dokumentala, eta azkenean eseri naiz ikus-entzuteko. Bertan, protagonista batek Imanolena espainiar estatuko ahotsik ederrena izan dela esaten du. Akaso ez da demaseko afirmazioa. Pelikula atsegina da, musikalki ederra bertsio horiekin, baita Imanol beraren ahotsarekin ere. Tristea da halaber, biografikoki goian aipatutako gertaerengatik. Heroia izatetik traidorea izatera. Baketik suminera eta saminera. Eta heriotza hori… Dokumentalean aipatzen da gure Herrian gelditu den zauri handi horietakoa izango dela Imanolekin kolektiboki duguna. Hala da. Errua, damua, tristezia, mingostasuna, hoztasuna, injustizia… Gehitu nahi duzuna. Eta errukia (zentzu negatiboan zein positiboan).
Azaro honetan 76 urte bete izango zituen. Neuk bihar 52.
Egun hauetan Dando vida a la muerte jaialdia egiten ari dira, laugarren urtez, espainiar estatuan zehar. Horren barruan, aurreko asteartean Hil baino lehen nahi dut… horma antolatu zuten Orion, Zainbizi elkartearen eskutik (eta Zarautz Herri Zaintzailea gure taldearen sostenguarekin). Ekimen xumea bezain interesgarria. Gure herrian, ostegunean, Death Cafe saioa izan genuen, martxan gaude.
Plano pertsonalean, Domu Santu eta Hilen Eguna, egun batzuk baino pare bat aste bete-beteak bihurtu dira aurten niretzat. Salamancako jardunaldiak eta gero, Gasteizen izan genuen oso emanaldi berezia “Aulki Hutsak” dokumentalarekin, laster 10 urte beteko dituena. Aldez aurretik urtebetetzea ospatu genuen Iker Barandiaranek eta biok, Orbain elkarteko antolatzaileekin eta publikoarekin. Itzela.
Aste hartan bertan, “Zinema, dolua eta desgaitasuna” izenburuarekin, Leioako campusean mahai ingurua elkarbanatu nuen Jesus Sánchez eta Andoni Ormazabalekin, EHUko Jon Torres eta Iker Badiolak antolatuta. Uda ikastaro bat izan behar zena, bertan behera gelditu zena ikasle faltagatik, beste formatu batekin aurrera atera genuen, ikasle eta irakasle ugariren aurrean. Poz-pozik, gogobeteta eta berriro errepikatzeko asmoarekin.
Ez naiz batere Zoom-zalea, baina katilu eta erdi hartu beharko dut Masterrarekin. Eta beste katilu bat hartu nuen aurreko asteartean Mexikon antolatutako seminario batean, Hospital de la Mujer izenekoan. Arazo teknikoak gora-behera, aurrera atera nuen “Cine y Cuidados Paliativos” izeneko hitzaldia. Hango norbaitek “Cuidados Paliativos y Cine…” artikulu hau irakurri zuen, eta gonbidatu ninduen distantziarekin parte hartzera.
Aurreko ostegunean, “Heriotza ona” izan genuen Mallabian, Anakotz Lasartek modu dotorean aurkeztu zuen saioa, bete-beteta zegoen aretoan. Gaba baltza ospatzeko zikloaren barruan kokatu zuten, eta ederretik gora izan zen. Beste baterako lagako dugu Halloween-en fenomenoa, eta haren aurrean zerbait koherenteagoa antolatzeko ahaleginetan dauden leku matxinoak. Biba zuek!
Borobiltzeko, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu genuen Igorren pasa den barikuan, Itsaso Bengoetxea eta Marta Sariñenak egindako hitzaldiarekin osatu zuten programaren barruan. Huescatik etorritako jendea publikoaren artean egon zen arratiarrekin batera, zineman eta liburutegian giza beroa eman zigun publikoa. Bihotzetik egindako gauzak beti ondo ateratzen dira.
PS.- Nondik ateratzen dudan denbora? Etxekoei lapurtzen diet, hori hala da.
Diasporako urteak izan ziren 1980ko hamarkada guretzat. Erreala eta Athletic Valladolidera joaten zirenean, han egoten ginen geu, “neumoniaren estadioan”. Behin Errealaren atzetik Salamancara ere hurbildu ginen, zuri-beltzak Lehen Mailan egon ziren denboraldiren batean.
Baneukan lagun bat Valladolideko ikastetxean, saskibaloi zalea zena, nire moduan. Miguel zuen izena. 19 urte zituenean, trafiko istripu bat izan zuen, eta berarekin batera zihoazen bi lagunak ere hil ziren. Garai hartan, beste lagun pare bat ere istripuz hil ziren, modu desberdinetan. Markatzen zaituzten gertaerak izan ziren, baita aurretik familian izan nituenak ere.
Kontua da Miguelen heriotzak bereziki ukitu ninduela, hainbeste non oraindik sinesten ez dudan zerbait egin nuen. Haren gurasoak etxez aldatu ziren, semea hil ondoren, eta gu lehenago bizi ginen etxeetara etorri ziren. Neu ordurako karreran nengoen, Madrilen, ez nintzen han bizi. Baina, ez dakit zelan, jakin nuen zein ataritan bizi ziren. Ezagutzen ez nituen arren, idatzi nien gutun bat, doluminak adieraziz eta neuk sentitzen nuen atsekabea konpartituz (!). Ez galdetu nondik atera nuen adorea, ez dakidalako. 19 urterekin, saskibaloian jokatzea eta kalera ateratzea gustatzen zitzaion mutil gaztea nintzen, nire ingurukoak bezala. Ezohikoa izan zen gutunarena, baina esan bezala heriotzarekin neukan nik zerbait ordurako.
Urteak igaro ziren ordutik, ez zeuden telefono mugikorrak edo posta elektronikoa garai haietan, beraz ezin izan zidaten erantzun Miguelen senideek. Baina, duela 4 urte, haren amak topatu zuen gutuna, garbiketak egiten edo horrelako zerbait. Eta Miguelen arreba harremanetan ipini zen nirekin Facebooken bidez, Laura. Neure arrebarekin ikastetxe berean egon ziren biak, Miguel eta biok legez. Eta jakinarazi nahi izan zidan, mezua idaztean, gutunarena zerbait berezia izan zela eurentzat eta esker ona adierazi. Bizitza tarteka harrigarria eta ederra da.
Telefonoz hitz egin genuen, baita inoiz elkar topatzeko nahia konpartitu ere. Lehengo egunean, Salamancatik bueltan, lortu genuen. Bizi gara!