Zain dezagun mendia

Ez dago ohitura handirik itzulpenak irakurtzeko gure Herrian. Gure liburutegietan beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoak ezinbestekoak diren arren. Ez da ohikoa liburuak irakurtzen autobusean edo metroan jendea ikustea, orokorrean. Usadio zaharren artean sailkatu beharko genuke beraz paperezkoak leitzearena, funtsean alpinismoaren mito honen proposamena bera bezala: Mendian ibiltzeko era zahar eta onak.

Hitzaurrea Juanjo San Sebastián-ek idatzi du liburu honetarako, beste mito batek, horrela deitzeak barrea piztuko dion arren. “Urrunago, motelago, isilago, basatiago”. Juanjoren lau berba hauetan aurreratu daiteke Reinhold Messner-ek esan nahi diguna.

Juanjo Garbizu-ren “Monterapia” haren bidearekin bat egiten du erraldoi italiar alemandunak ere. “Slow mountain”, mendi lasterketen boladatik at. Motel eta isilik, modurik hoberena inguratzen gaituzten baina normalean ikusten ez ditugun animaliak topatu ahal izateko. Eurek gu ikusi eta usaintzen gaituzten arren.

Messner-ek “Hegoaldeko tiroldar, europarra eta munduko hiritarra” erabiltzen du bere burua definitzeko, gustatu zait, ‘hemen eta munduan’ filosofiarekin. Garrantzitsua da munduan zintzo kokatzea, eta hainbat pertsonaren “sasi-munduko hiritartasunak” alboratzea, sinesgarriak ez direnak.

Orientatzeko modu zaharrak ere aldarrikatzen ditu Reinholdek, teknologiatik apur bat askatzea. Egia esan, aholku honi aspaldian jarraitzen diot, tarteka gorriak ikustea ekarri badit ere. Ez gehienetan, zorionez. Ariketa bikaina da burmuina lantzea mendian ibiltzean.

Zaborrik ez laga, ezta laranjaren azalak ere, biodegradagarriak direnak gehituko nuke. Egia da animalien bazka izan daitezkeela, baina gure aztarna uztea ez da benetan beharrezkoa. Haren dekalogoan, Messner-ek beste era batean esaten du inguruneak ez hondatzearena. Maila handian, klima aldaketarena beste kontu askoz potologoa da, urtez urte nola areagotzen ari den hondamendia begi bistakoa da. Urtero harrituko garen arren “ezohiko tenperaturekin”, aurreko urtekoak eta hurrengokoak bezalakoak, ohikoak alegia.

Mamitsua bezain mehea da argitalpena, eta amaierako zatia, elkarrizketa formatuan egindakoa, asko disfrutatu dut. Gako ugari uzten digu, baita bizitzeaz, zahartzeaz, zauritzeaz, egokitzeaz eta hiltzearen beldurraz ere. Bai, totema ere gizakia da.

Liburuaren bukaerarako, hitzatzea Ramon Olasagasti-k egin du, harritu nauen tonu gordinean egin ere: “Ur-negar bat”. Beharrezkoa, jendarte moduan daramagun bidea ikusita. Zaindu maite dugun hori.

Coses a fer abans

Egiteke dauden gauzek garrantzia daukate, hala ere, aurreko testuaren gaiarekin jarraituz. Bereziki bizitza amaitzen ari denean. Gazteleraz “asuntos pendientes” esaten duguna, edo “the bucket list” ingelesez. Gogoratuko zarete ba Jack Nicholson eta Morgan Freemanen pelikulaz?

Ba valentzieraz eginda dago beste pelikula atsegin hau, Cristina Fernández Pinto eta Miguel Llorensena. Lehengo egunean Maite Urzainek gomendatu zigun Facebooken, ordurako ikus-entzunda neukan egia esan, eta nik ere gomendioa luzatzen dizuet.

Ariketa interesgarria eta planteatu beharrekoa da, azaroaren hasieran Orion urtero egiten duguna, Amaia Gozategiren eskutik: “Hil baino lehen nahi dut…”. Azpiko linkean, klikatzen baduzue entzungo dituzue hainbat gazteren erantzunak, Bartzelonan egindako inkesta informal batean: Bidaiatzea leku zehatz batzuetara, paraxutean botatzea (hau behin eta berriz errepikatzen da), zoriona topatzea…

Valentziako filmean lagun-talde bat biltzen da, haietako bat hil eta geroko egunetan. Ordurarte eginda ez zituzten gauzei ekingo diete. Inoiz pentsatutakoak baina egitera ausartu ez zirenak, horrelako gertakari mingarria etorri arte katarsia ahalbidetu ez zutelarik.

Konbentzioek, lotsak, beldurrak, erosotasunak eta prokastinazioak galgatzen gaituzte hainbat kontu egiteko, adinak aurrera egin ahala horrekin apurtzen laguntzen digun arren. Tik-tak etengabea oso mesedegarria da zentzu honetan. Denbora agortzen dela sentitzea eta aukerak ez direla amaigabeak konturatzea bultzatzaile handiak dira.

Esan gabekoak, sentitu gabekoak, entzun gabekoak eta ikasi gabekoak desestali. “Egongo gara” haiek gauzatu. Sarritan nagi kontuak dira, gordina da hau idaztea baina egia samar da. Inertziak eta errutinak irensten gaituzte eguneroko zurrunbiloan, eta behar dugu ohiz kanpoko zerbait esnatzeko.

Beste muturrean jaustea, eta gauzak egin, egin eta egiteko kiribilean sartzea ez da biderik onena ere. Antsietateaz bizitzea, angustiaz, mokaduak dastatu barik irentsi, eta hurrengoaren zain gelditu, behin eta berriz. Jakin gabe hurrengorik egongo den. Hainbatetan ez da hurrengorik egongo, agian atzo egindako hura azken aldiz egin duzu, eta bertigoa ematen digu pentsatze hutsak. Atzo agurtutako pertsona hori agian azken aldiz agurtu duzu.

Baina zinez, ez da ezer gertatzen. Onarpena hitz gakoa izan daiteke. Zorion hura sentitzeko giltza ‘onartu’ aditzak eman diezaguke. Zerrendako ale batzuk ez ditugula kenduko onartzea, baita han agertzen ez diren batzuk etor daitezkeela ere. Gure esku daudelako kontu batzuk, baina ez beste batzuk.

Bonus track: Què vols fer abans de morir?

Egon. Egin.

Gaixoekin senideak egoten dira, osasungileek gauzak egiten dituzte.

Gaixoekin erizain-laguntzaileak ta erizainak egoten dira, eta medikuek gauzak egiten dituzte.

Gaixoekin familia-medikuak egoten dira, eta ospitaleko medikuek gauzak egiten dituzte.

Gaixoekin psikologoak egoten dira, eta zainketa aringarrietako erizain eta medikuek gauzak egiten dituzte.

Gaixoekin zainketa aringarrietako erizain eta medikuak egoten dira, eta onkologoek, neurologoek eta kardiologoek gauzak egiten dituzte.

Egoteko gaitasun handiagoa izango bagenu, alferrikako gauza gutxiago egingo genuke.

Egon hadi isiltasunean, ez duk/n hitz egin behar.

Egon zaitez alboan, ez duzu ezer gehiago egin behar.

Egon pixka bat gehiago, oraindik ez alde egin.

Egongo bazina, ez zuten egingo.

Egon nirekin, egin nigatik.

Egonen gaitun, eginen dinagu.

Egon pozik, egin kantu.

Egon zaitezke goibel, egin dezakezu negar.

Egon hurbil, mesedez egizu.

Egon ziur, oihu egin.

Egon baikor, egin amets.

Ez egon erne, egizu lasai lo.

Juan Mari A-ri dedikatuta.

Samsara

Sanskritozko hitz honek bizitza eta heriotzaren arteko zikloa izendatzen du, birjaiotze budista nolabait. Halaber, zineman erabili izan da izenburu gisa hainbat pelikulatan, baita musikan ere. Artikulu honetan, Lois Patiño galiziarrak egindako harribitxia komentatu nahi dizuet, Xabier Erkizia lesakarrak edertutako gutizia.

Gutxitan gertatzen da dokumental honek publikoarekin proposatzen duen interakzioa: Bi zatitan argi banatutako dago, Asiako hego-ekialdean kokatuta lehenbizikoa (Laos) eta Afrikako sortaldean bigarrena (Zanzibar). Euren bien artean, 15 minutuko tartean begiak ixtera gonbidatzen dute egileek. Isiltasun modukoa esperimentatzen duzu, meditazio batean bezala, soinuek eta argiek lagunduta beti ere. Bizipen guztiz gomendagarria, goitik behera. Izan ere, hainbeste aukera ez dugu, erotutako mundu honetan, pausatzeko eta ikusmenetik askatzeko, entzumenean fokuratzeko.

Bestela, ikusmen aldetik, unerik gorena da Laosko monje taldea Kuang Si ur-jauzi ikusgarrietara iristen direnean (goiko argazkian). Pelikularen lehenengo zati horretan, hiltzear dagoen emakume baten iragaitza edo trantsitua jasotzen dute, monje batek lagunduta. Bigarren zatian, Zanzibar uhartean arrantzaren inguruan bizi diren komunitateak agertzen dira.

Entzumen aldetik, ederra da hizkuntzen dantzaldiagatik, laosera, swahili eta arabieraren artean. Bestela, Erkiziak hain ongi menperatzen dituen soinu paisaiak presente daude pelikula osoan zehar. Beraz, 2023 honetan Zinemaldian aurkeztutako eta Berlinalen saritutako film hau ikus-entzuteko abagunea suertatzen baldin bazaizu, ez galdu. 2024 osoa duzu aurrean horretarako.

Osasuna!

Aberri galduak

Haurtzaroko Gabonak gogoratzen dudan aberri kuttunetakoa dira niretzat. Sutondoa eta etxekoak, ez daudenak eta badaudenak. Aberri galdua baina ez ahaztua. Kandela itzaliak eta piztuak. Aulki beteak. Etxe berriak, ihes egiteari utzi, finkatu Zarautzen. Diskoak. Goroldioak. Gariak. Liburuak. Gorostiak. Gutunak.

Ainielle guztiak. Berpiztutako Otsagabiak, otsorik gabekoak. Desagertutako elurra Abodin eta Orhipean. Berreraikitako bordak. Berreskuratutako hizkuntzak. Ezkutatzen diren oreinak, hala ere ikus ditzakegunak, baita behe-lainoan ere. Nostalgiak gidatutako itzuliak, marka zurigorriek lagunduta, eskerrak!

Ulertu dezaket zure mina. Sumina atzean utzi duzu, eta ez zen erraza. In-darkeria, in-diferentzia eta in-justizia berdin hasten dira. Eseri hementxe, adi nauzu. Grinch-ena ez dizut erosiko, loteria ezta ere, baina ondo egingo dit entzuteak, entzun nahiko ez nukeena ere. Ongi eginen dizu zuri ere erran behar duzuna erratea.

Betleem, Nazaret, Jerusalem, Galilea, Samaria, Judea, Filistia. Herodes berriek hildako haur guztiak. Sehaska hutsak. Galdutako aberriak, baina ez ahantziak. Oraintxe da momenturik aproposena Mesias etortzeko. Oraintxe. Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak.

Hator hator Haendel, hator hator etxera. Itxaropena isiotuta dago supazterrean, begi-begira egonda ere ulertzen ez duguna. Itxungita gupida. Otsoak hemen zeuden, iparraldeko mendietan baino hegoaldeko basamortuetan.

Baina kontatu iezadazu berriro nola ezagutu zineten, nolakoak izan ziren zeuen umezaroak. Zelan zen iparraldean eta zelan hegoaldean. Zoriontsuak izan zineten orduan? Eta orain, zaudeten lekuan zaudetela? Zer ikusten duzue handik? Egia da energia ez dela sortzen ezta suntsitzen ere, eraldatzen dela?

Eraldatu gaitezen. Barre egin dezagun. Kanta egin dezagun. Dantza egizu, gura baduzu. Besarkatu gaitezen. Eskua eman eta goazen mendira. Goitik ikusten dira itsasoa eta lakuak. Goitik hegan doaz arranoak. Behetik errekak, azkonarrak eta ur-jauziak.

Ikusten su-mendia piztuta, sutan? Atzo gauean lehertu zen, lo zeundenean, ez zinen esnatu. Soinuak ikaragarriak ziren, eta zu lo. Haurtxo txikien moduan. Ba, gezurra badirudi ere, laba guztia kanporatuko duenean, hor, barru-barruan, bakea topatuko dugu. Eta musika. Topa!

Irish farewell party

Getxon lehengo egunean ikus-entzun genuen ”Death Café: La música de tu vida”   izenburuko dokumentala. Zure bizitzaren musika, gutariko bakoitzaren musikak, pluralean. Hain espektro zabalekoak.

Duela aste bi hil da abeslari ikoniko bat, akaso ez du laga Freddy Mercury (1946-1991) bezalako batek utzitako marka. Gustu kontua da, baina oihartzun mediatikoa ere garrantzitsua. Amy Winehouse (1983-2011) eta 27koen kluba, Lou Reed (1942-2013),David Bowie (1947-2016),… Nor edo nortzuk dira zure bizitzaren musikaren bidelagunak?

Gure herrialde txiki honetan, ez dago zalantzarik Mikel Laboak (1934-2008) eragin zuen dolu kolektiboaz, abenduro gogoratzen duguna. Musika garaikidearen abeslari edo musikari gutxik utzi dute tamaina horretako hutsunea. Baina nazioarteko eszenatik, 1980ko hamarkadan “The Pogues” irlandarrak indartsu sartu ziren gure bizitzetan. Orain 50-60 urte ditugun askoren bizitzetan behintzat. Adin eta gustu kontua izango da, noski, baina lehen aipatutako kantari ikonikoa Shane McGowan zen (1957-2023).

Gasteizen orain dela urte batzuk ikus-entzuteko aukera izan nuen, Azkena Rock Festival-en. Alkoholarekin zituen arazoak begi bistakoak izan ziren orduan ere. Aspalditik esperotako heriotza bat izan da Shanerena. Zainketa aringarrietako gure pazienteetako bat izango litzateke, gora-behera guztiekin.

Baina ziur aski gure bihotzetan geldituko dena izango dira hiletaren inguruan ikusitako irudiak, musika lagun jakina. Irribarre batekin eta abesteko gogoekin uzten zaituzte. Hileta guztiek eduki beharko zuten arima horixe antzeman dugu, eta bizipoza. Hildako ezagutu izanaren bizipoza.

Izan ere, nori ez litzaioke horrelako “Irish farewell party” antolatzea gustatuko bizitzari agur esateko? 

Agur eta ohore, McGowan jauna

(Post hau izan da lehenengo kolaborazioa Arinduz elkarteko blog berrian).

Arantzazu

Arantzazun sartzea bizipen paregabea da, santutegiaren barrunbeetan esan nahi dut. Eliza bera ere bisitatzea gomendagarria da, inoiz ez bazara egon, baina muinean egotea beste koxka bat da. Neuk zorte hori izan dut birritan: Lehenengoa, 2008an, Maiderren amona Isabel Elizegi hil zenean. Izan ere, neba bat fraide izan zuen bertan urteetan, Frai Juan Elizegi. Ixabelen errautsak tenpluaren atzealdean barreiatu zituen familiak, emakume dotorea benetan.

Bigarrena, 2013an izan zen, “Aulki Hutsak” grabatu genuenean. Orain 10 urte betetzen ari dira estreinatu genuenetik. Arantzazu Ibarrondori egindako elkarrizketa atzealde horretan izan zen, amildegiei begira, pribilegio hutsa.

Arantzazu basilika da, baina baita Zelai Zabal, Goiko Benta eta Sindika ere. Gomiztegiko gaztak. Duru aldeko txabolak, Eskista eta Urbixa, jakina. Arrola, Kortakogain, Bellotza, Elgea eta Urkillako gainak, Aloña eta Aizkorrikoak eta bidegurutze guztiak. Baina niretzat Arantzazu (Peña) nire arreba da. Baita Izaskun Andonegi eta Marije Goikoetxea ere, haietaz sarritan gogoratzen naiz han goian nagoenean.

Zorteduna izan naiz, halaber, OEEko jardunaldiak 2010 eta 2018an bertan Gandiaga zentroan antolatze lanetan ibili izanagatik. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean. Horiek oroitzapen ederrak ordukoak!

Aurten, Durangoko Azokan egun bakar batean egon ahal naiz. Eta “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikaina ikus-entzuteko izan zen. Ez galdu aukera zuen herrian edo inguruetan ematen baldin badute. Pello Sarasuak zuzendu eta Arteman-ek ekoitzitako lana da, Mikel Serratoren eskutik. Josu Txintxurreta eta Eider Ballina, halaber, honen atzean daude, eta harrotasun puntua sentitze dut nik ere eurekin lan egiteko zortea izan dudalako. Baita Izaskun eta Marijerekin ere, goian aipatutakoak eta lan honetako protagonistak ere badirenak.

Harribitxia da dokumentala. Jon Sarasua-k pare bat metafora oparitzen digu bertan. Espiritualtasuna definitzeko, munduan leku guztietan dagoen ura dela, gu ere ura garela, eta erlijioak mendeetan zehar ibaiak izan direla, norabide eta ibilbide jakin batean, azken hamarkadetan lehortzen ari diren ibaiak, bestalde. Beste metafora bat, kristautasunari lotuta, erditze batekin konparatuz: Ez dezagun ur zikinekin batera umea bera ere errekara bota. Gainbehera horren lekukoak izaten ari gara garai historiko honetan, eta ondo islatuta gelditzen da filmean.

Eta etorkizunean zer izango da Arantzazu? Zabalik dago erantzuna. Espiritualtasun epizentro bat izango dela pentsatu nahi dugu batzuk. Kristau ondarrak nolabait gordeko dituen gune ekumenikoa. Espiritualtasun laikoaren hiriburu bat. Gutxi gehiago etortzen zaizkit burura, tamaina honetakoak, Montserrat akaso. Nepal eta Tibet aldeko beste baten bat.

Misterioa.

Zeure bizitzaren musika

Abesti bat entzun eta denboran bidaiatxo bat egin. Zerbait pizten dizu barruan, norekin zeunden, non, noiz. Doinu batzuk entzutea nahikoa izaten da. Hauxe gertatzen zaio are gaixorik dagoenari ere, burmuina lainotuta eta matxuratuta duenari. Dementziadun gaixoekin hainbatetan antzematen da.

Aitari ere gertatu zitzaion, minbizia buruan zeukan, oso galduta geneukan ordurako. Norbaiti bururatu zitzaion bere oso gustuko disko bat jartzea, “Los chicos del coro” pelikularen soinu-banda. Eta orduan bai, erreakzio bat izan zuen, erantzuna malkoak izan ziren. Momentutzar horietakoa izan zen, zirraragarria.

Beste une ahaztezin bat bizi nuen Amaia Apaolaza, musikarekin oso lotuta, musika ekoizle batekin izan behar zen moduan. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nuen Amaia, eta txunditu ninduten bere bakeak eta duintasunak. Haren etxean sartzea zen tenplu batean sartzea, musikak betetzen zuena, hor zegoen arima bat hain momentu sakratuetan. Zirraragarria.

Eta zeuk, zein musika aukeratuko zenuke zeure bizitzaren amaierarako? Akaso ez diozu inoiz planteatu zure buruari. Extremadura aldean, Badajozen, Death Café batean galdera horixe bota zuten, bai eta dokumental batean jaso ere. Beste hainbat osagai ere baditu dokumental labur honek: Lehenik eta behin bi emakumeen istorioa, euren bizitzetan minbizia agertu zelarik, horrek ekartzen duen guztiarekin. Bi ibilbide desberdinekin, Laura Martín eta Raquel Godoy. Zainketa aringarriak zer diren azaltzen dute, komunitate errukitsuak zer diren, Rafa Motaren hitzetan. Minbiziaren Aurkako Elkarteak zein lan egiten duen. Musikak zer eragin positibo izan dezakeen gaixo onkologikoengan.

Aste honetan dokumentala Getxon ikus-entzun ahal izan dugu, Orio eta Zarauztik joan ginen Amaia Gozategi, Miriam Mendoza eta hirurok. Rafa bera egon zen solasaldian, “Badajoz Contigo” komunitate gupidatsuaren sustatzailea bera eta SECPAL-eko presidentea izandakoa, besteak beste. Gizon ona zinez, ezagutzeko zortea baldin baduzu.

Naomi Hasson izan zen antolatzailea (“Getxo Zurekin”), eta berarekin batera Maider Grajales eta Alberto Meléndez (“Babespean”). Gainera, Albertok parte hartu zuen bere taldearekin batera (“Enclave”, Nafarroatik hurbildutakoak) sarrera eta agur musikalean. Zoragarria izan zen. Aretoan, Julio Gómez (“Santurtzi ciudad cuidadora”) eta Daniela Garavelli ere (“Sopela zurekin”) egon ziren. Hor batu ginen Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sarearen ordezkaritza txiki bat, edo ez hain txikia.

Datorren urtean dokumentala Zarautzera ekartzea espero dugu.

Iheslaria beti itzultzen den hiria

Lucía de la Fuente (X.com).

Bertan eman nituen urte mordoa, urte gehiegi. Sentsazio sendo hori daukat. Hiritarrak irensten dituen hiria iruditu zait beti. “Allá donde regresa siempre el fugitivo”, Sabinaren hitzetan. Neuk behintzat ihes egiten lortu nuen, baina arrazoia dauka abeslariak, gutxitan baina amaitu naiz itzultzen hara. Aurreko asteburuan esate baterako.

Izan ere, aurreko astegoiena arte ez nintzen hiru dokumentaletatik bakar batekin ere Madrilen egon. Eta hutsunea bete nahi nuen, nahiz eta hiri honek erakarri baino aldentzen nauen. Leku biografiko garrantzitsua ere bada niretzat, eta aspaldian hasi nintzen han emanaldiren bat antolatzeko lanetan. “Suminetik”-ekin saiatu nintzen bere garaian, emaitzarik gabe. Eta “Mendian hil”-ekin lortu dut azkenik.

Medikuntza ikasketak han egin nituen eta, besteak beste, gaur egun nire lagunik hoberenen artean dauden Javi, José Ramón eta Amelia garai hartan ezagutu nituen. Horregatik bakarrik bihotz zatitxo bat zor diot hiriari, eta ahaleginei ekin nien. Hain zuzen ere, beste ikaskide batekin negoziatu nuen emanaldia egiteko modua. Inoiz ezagutu dudan pertsonarik inteligenteen artean dago Manuel. Juliorekin batera, biak ziren urte haietako ikaskiderik argienak. Laster ulertu zuen zein zen nire nahia, dokumentala ikus-entzun ostean sekulako feed-back positiboa eman zidan bueltan. Hizkuntzarena ez zela arazorik izango, eta aurrera egiteko.

Hala izan da, hizkuntzarena ez da trabarik izan. Eskuzabaltasuna zor diot Manueli, bera baita Madrilgo Medikuen Elkargoaren presidentea. Jardunaldia antolatuta zuten bertan, elkargoaren eraikin historikoan, Atocha tren geltokitik gertu, Reina Sofía museoaren ondo-ondoan. Museoaren eraikina, jakin dudanez, XVIII. mendean Madrilgo ospitale nagusia izan zen. Eta gaur egun Medikuen Elkargoa dena, garai hartan Medikuntza Fakultatea izan zen.

Benetako tenpluan egon naiz, beraz, hango auditorioa leku dotore baino dotoreagoa da. Osasungintza humanizatzeko eta etikari buruzko jardunaldi haren amaieran joan zen gure pelikula, antolatzaileen harrera beroa jaso zuena. Publikoaren aldetik, bestela, auditorioa betetzen zutenen artean ikasle gazte ugari zeuden, errespetu gutxi erakutsi zutenak proiekzio guztian zehar. Ez zen batere atsegina izan, badakizu: Dirua eta edukazioa ez datoz beti bat.

Zorionez, solasaldia bihurtu zen sutondo, eta sentsazio horrekin geldituko naiz. Merezi izan zuen ahaleginak, Manuelekin berriro topatzeak. Eta Rosarekin, garai hartako ikaskidea eta neskalaguna.

Dirudienez, beste emanaldi bat antolatuko dute Medikuen Elkargotik. Beste aukera bat iheslaria itzultzeko.

Imanol

Haurtzaroan lagundu ninduten Ahotsen artean, horrela letra handiz, Natxo de Feliperena (Oskorri), Amaia Uranga, Estibaliz Uranga eta Mocedades taldekoenak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirenak daude. Madrildik Euskal Herrira egiten genituen bidaietan lagun izaten genituen, kotxeko ordu luze haietan. Eta bazegoen beste bat, grabe eta sakona, bibrazio horiek transmititzen zituena: Imanolena.

Ordutik, etortzen zaizkit burura Ruper Ordorika, Petti eta Aiora Renteriaren ahotsak, kateari jarraipena eman diotenak, baina ziur aski Imanolena musikalki beste plano batean dago. Jakina, baita bere ibilbide biografikoa ere. 1971an, neu jaio nintzen urtean, 24 urterekin lehendabiziko erbestealdia hasi zuen. Ipar Euskal Herritik Parisera (Paco Ibáñez, Georges Brassens, Georges Moustaki, Mikis Theodorakis, Gwendal, Lluís Llach…). Eta atzera Hego EHra: 1985ean Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesaldia Martutenetik. 1986an Yoyes-en hilketa eta omenaldia Ordizian. Eta 1989an “Beldurraren kontra” kontzertu erraldoia Donostian. 1980ko hamarkada bizia eta latza. 2000an bigarren erbestealdia Alicanteko probintziara, 4 urte geroago haren heriotzarekin amaitu zena.

Zain neukan “Imanol: Azken kontzertua” dokumentala, eta azkenean eseri naiz ikus-entzuteko. Bertan, protagonista batek Imanolena espainiar estatuko ahotsik ederrena izan dela esaten du. Akaso ez da demaseko afirmazioa. Pelikula atsegina da, musikalki ederra bertsio horiekin, baita Imanol beraren ahotsarekin ere. Tristea da halaber, biografikoki goian aipatutako gertaerengatik. Heroia izatetik traidorea izatera. Baketik suminera eta saminera. Eta heriotza hori… Dokumentalean aipatzen da gure Herrian gelditu den zauri handi horietakoa izango dela Imanolekin kolektiboki duguna. Hala da. Errua, damua, tristezia, mingostasuna, hoztasuna, injustizia… Gehitu nahi duzuna. Eta errukia (zentzu negatiboan zein positiboan).

Azaro honetan 76 urte bete izango zituen. Neuk bihar 52.