
Nicanor urruneko herri batetik iritsi zen, elurteak oraindik zeuden garaian. Tren geltokiko arduraduna izatera heldu zen eta hainbat konturen lekukoa, batzuk jabari publikokoak eta beste batzuk isilpekoak. Trenbidearen urrezko urteak ziren, eta Nicak egin berria zuen familia aurrera ateratzeko lain irabazten zuen.
Ondoko probintziatik jendea erruz ailegatzen zen, lehenago etorritako herrikideen testigantzek eta industriak erakarrita. Puy haietako baten alaba zen, gerora Nicaren emaztea izan zena. Euren urrezko urteak ere izan ziren haiek.
Pasadizo bitxien artean, trena hilkutxak garraiatzen hasi zenekoa zegoen, kutxa beteak, ulertu behar da. Ez zuten garaiz abisatu, eta ikustekoa izan zen geltokiko familiak hasieran hartu zuen ustekabea. Gero barre egiten zuten, txisteak kontatzen hasi eta beste herrikide batzuei egundoko sustoak ematen zizkieten. Hiltzeko moduko sustoak, tarteka.
Probintzien artean, pertsonak eta animalia txiki batzuk ez ezik, debekatutako jatekoak eta edatekoak ere ekartzen zituen abiadura txikiko burdinbide hark. Estraperlo urteak ziren. Auskalo nola arraio ailegatzen ziren produktu haiek guztiak eskualde hartara, baina heldu heltzen ziren.
Gaur egun, kurioski, bulego batzuk daude geltoki izandakoan eta, aurrean, udaltzaingoaren komisaldegia dago. Orduan posiblea ziren garraio klandestinoak eta zerraldoenak nekez igaro ahal izango ziren gaur egun.
Kausalitatez, Nikanor ere deitzen da gaur egungo udaltzainburua. Baina k-rekin. Nica eta Puy-ren seme nagusia da, hain zuzen ere. Herrian jaio zen bera, trenbidea betiko itxi zuten urtea (ikusi argazkia) baino pittin bat geroxeago. Bera ere burdinbideak ekarritakoa.
