Zaintzearen artea

“Nurturing and caring”. Leon Zernitsky. Fine Art America.

Pazientzia behar duzu, handia. Errespetatzeko gaitasuna edukitzea, nahiz eta zure printzipioen aurka joan zaintzen ari zarenak eskatzen dizuna, nahiz eta ez ulertu. Prest egon behar zara pertsona hori galtzeko. Argi izan behar duzu zaintzaileak bere burua zaintzearena ez dela esaldi polit bat, besterik gabe. Isiltasuna kudeatzen jakin behar duzu. Umorea baliatzen jakitea ere oso garrantzitsua da, noiz erabili eta noiz ez. Izan ere, umorea da eraikuntza masiboaren arma bikaina. Artea da hau guztia aurrera eramatea.

Maitasuna beharrezkoa da, noski. Eta ontasuna behar duzu, bihotz ona izatea. Bihotz onegia, barne, batzuetan. Esate baterako, zeure bikotekide ohia haren bizitzaren amaieran zaintzeko. Maitasuna agortu zen, noizbait. Are gehiago, gorrotoa piztu zen. Baina errukia dela-eta, itzultzen zara, eta jagole lanetan jarduten duzu. Bihotz handiegia dela-eta.

Behin baino gehiagotan bizitza errealean, kontsultan, ospitalean ezagututako kasuak dira hauek. Beti konbinazio bera: Gizona zaindutakoa eta emakumea zaintzailea. “Bihotz handiegia” liburuan bezala, Eider Rodriguezena. Primeran deskribatuta daude tentsioa, iragana, oraina, onberatasuna, gupida. Aita, ama, alaba, txakurra, amaren bikotekide berria. Literaturaren artea.

Artea da zaintzea. Honi buruz solastatu ginen Arrasaten aurrekoan, Nagusien Kontseiluak antolatutako astean. Zainketen etikaz. Duintasunaz, autonomiaz, justiziaz, ekitateaz. Berba potoloak, definitzen kostatzen zaigula, haietako batzuk behintzat. Abantaila da denok izan dugula inoiz beste pertsona bat zaintzeko bizipenen bat, umea izan ala heldua. Adin batetik aurrera, behintzat, ia seguru. Eta emakumezkoa baldin bazara, are seguruagoa.

Musikaren artearekin amaituko dugu testua, Arrasaten lehengo egunean entzun genuen abestiarekin. Izan ere, hauskortasunaren (zaurgarritasunaren) kontzientziarekin ekin genion hitzaldiari: Zein hauskorra naizen, zein hauskorra zaren, zein hauskorrak garen.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. […] Horixe da, besteak beste, “Los destellos” filmean islatzen dena. Gizon baten gainbeheran tarteka antzematen diren dirdirak, bristadak, konexioak. Eta nola berreskuratu daitekeen hori, definitzen hain zaila den hori, apurtutako bikote edo familia batean. Deitu gutxienezko errespetua, errukia edo maitasuna. Deitu zaintzearen artea. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude