
Bitxiak dira harremanak. Badaude ondo orekatutako bikoteak: lasai antzean bizi diren gizonak kezka batean bizi diren emakumeekin. Zenbatetan ikusten ditugu horrelakoak. P-ren kasua izan zen, lasaitasuna mantendu zuena hala bizitzan nola heriotzan ere. Izan ere, nekropoli baten ondoan bizi izan zen (argazkian, Argiñeta), eta harri haien artean txikitan jolastu izanak markatu behar zaitu.
Badaude bizitzari hortzekin ere eusten diotenak (*), eta heriotza eskatzen dutenak hasiera-hasieratik, elkar ezagutu gabe ere “pastilla hori” galdatzen dizutenak. M-ren kasua izan zen. Hilabete batzuk izan dira elkarrekin, sekula ez dugu ondo ulertuko zergatik Heriotza Aurreratzeko Desio hori. Seme bat gazte galtzeak markatzen duela jabetzen gara, baina pertsona baten barne-barnean dagoena misterio moduan ezkutatzen zaigu. Eta onartu besterik ezin dugu egin.
Badaude, aldiz, herioaren zain egoten direnak, P bezala. Lasai antzean. Bihotzekoa gainditu eta zain egon, etxean bare. Eta iristen denean, modu horretan heldu, liburuetan hainbatetan irakurri duzun legez, filmetan bakarrik horrela gertatzen dela pentsatzen baduzu ere.
Badaude Herri txiki honetatik urrun edo oso urrun bizi diren semeak, eta hala ere hortxe bertan daudenak, zaintzen, ulertu nahian onartzen, agur esaten. M-ren semeen kasua da. Eta badaude udalerri berean edo aldamenekoan bizi diren alabak, P-renak legez.
Bitxia da gure lana. Badaude beste ogibide batzuk, anitz, baina geurea munduko politena da.
(*) Zertarako iraun?
