
Bederatzigarren hil eta biziko kantua Miren Narbaiza MICErena da, “Zertarako iraun”. Zerta(ra)ko (biz)iraun. Zertako bizialdia luzatu, zertako bizi kantitatea, bizi kalitatea ez dagoenean.
Hasteko, bizi kalitatearena hain subjektiboa da, non ez genukeen guk erabaki behar zein bizitza den kalitatezkoa eta zein ez. Hortik hasita, errespetua, eta hortik aurrera, errespetu gehiago.
Presaka bizi den jendarte batean bizi gara, eta bizitzaren amaieran ere gero eta presa gehiago antzematen da hainbat familiatan eta pazienterengan. “Sufrimendurik ez dezala izan” eta “lehenbailehen amaitzea”. Ohikoena hauxe entzutea da, lehendabiziko zatia argi dago, baina bigarrenarekin, denbora markatzearena, azkartzeko normalean, zalantzak sortzen dira.
Denbora mantsotzearena, amaiera atzeratzearena, berriz, ez da maiz gertatzen. Eta sarritan kostatzen zaigu onartzea eta ulertzea zertarako iraunarazi. Arrazoi batengatik edo bestearengatik izan, ulertu ala ez, bi irtenbide (edo hiru) ditugu: onartu, errespetatu eta, ahal bada, ez epaitu.