
Koldo Soret “Chico Tornado”-rekin Andra Maria Zuriaren enparantzan.
Arestian Maialen Akizuk idatzitako “Azken-azkena” artikulua argitaratu zuten egunkarian, gustukoa izan nuena. Kontatzen du nola bizi zuen Aritz Egeak haren azken Zegama-Aizkorri lasterketa, nola ez zuen amaitzerik nahi, azkena zelako. Eta zelan aurreratu zuten hainbat korrikalarik, nahita mantsoago joaten ari zelako. “Kuriosoa da azken aldiz ezer egitea. Gertatzen da harremanetan: bukatu baino lehen bukatzen dira beti. Gertatzen da ikasturte amaieran, parrandaren espueletan, elkarrizketetan. Hildakoak ere, askotan, eguna baino lehen hiltzen dira”.
Ezinegon puntua dago zerbait hori azken aldiz egiten dugunean, atzera-bueltarik ez dagoen horretan, amaiera benetakoa delako. Berdin agur esaten diogunean pertsona bati betiko. Etapena ondo barneratzea ez da beti erraza, bizitza etapak direla eta horietako bat amaitzear dagoela onartzea.
Azkena musika jaialdian egotea, azken urteotan, klimaren gora-behera bortitzak pairatzea da. Bero errea eta ekaitza egun berean, atzo bezala. Txar guztia kenduta, ARF-an beti daude deskubrimendu atseginak, betiko iltzatuta gelditzen direnak, musika harribitxiak. Urte hauetan guztietan Gasteiztik igarotakoen artean aipatu ditzaket Beasts of Bourbon, Tropical Fuck Storm edo Ty Segall.
Aurten, 1960-70eko hamarkadetako musika egiten duten gaztetxo batzuk izan dira aurkikuntza nagusia, “The Carpenters” edo “America” bezalako klasikoak gogorarazi zizkidatenak. “Happy” musika eta roilo-ona transmititu besterik ez dituztenak. Erabat eskertzekoa, egia esan: The Lemon Twigs deitzen dira, oso gomendagarriak.
Beste aurkikuntza bat, baina iazko Aste Nagusikoa, Ez ez ez bilbotarrak dira. Aurtengo ARF-ra joateko nire arrazoi nagusia, atzoko kontzertua are gehiago gustatu zitzaidan iazkoa baino. Gorantza doazen lotsabako kuadrilla bat da, erabat elektrikoak eta indartsuak, oso ongi etorriak.
Ez dakit Azkena-ren edizio hau azkena edo azken-aurrekoa izan den niretzat. Urteren batean izango da. Bitartean, bizi gara!