
Aste honetan Gasteizen egon gara, hirugarren aldiz ibilbide honetan guztian, SB aurkezten. Patxi del Campo ostalari lanetan eta Sara Buesa lagun solasaldian. Koldo Rodriguez eta Naia Egiluz narratzaile lanetan. Musikarekin, zuzenean, Mudoh (argazkian). Indarkeria eta dolua. Beste behin, Olatz Etxabe eta Sandra Carrascoren bizipenak konpartitu ditugu: sumina, bakardadea, tristura, samina, itxaropena.
Eta isiltasuna. Asteazken honetan presentzia guztiz nabarmena izan du Yael Deckelbaum abeslari kanadar juduaren bideoak, “Prayer of the Mothers”-ek. Mudoh-k modu dotorean interpretatzen duen kantuak era berezian jotzen du orain Palestina aldean gertatzen ari den terrorearekin. Eta izuaren aurrean, isiltasun epelak, zalantzatiak, beldurtiak, koldarrak, konplizeak.
Sarak gogorarazi zigun gure herrialde txiki honetan, aurreko hamarkadetan zehar, baina gaur egun oraindik ere, indarkerien biktimek jasandako indiferentzia mingarria, enpatia falta etsigarria, sasi neutraltasun kalkulatua, epela, ikaratia, konplizea. Interpelatzen digun isiltasun ozen hori.
Isiltasunaren soinua betegarria, sendatzailea eta atsegina izan daiteke. Baina hau bestelakoa da, neurri guztiak gainditzen dituen basakeriaren aurrean entzuten den isiltasun orokorra misilek ospitaleak eta anbulantziak jo baino segundo batzuk lehenago entzuten den hura bera da. Oihalezko dendak eta barruan lo egiten ari ziren umeak kiskali baino lehen entzuten den isiltasun sorgorra. Bereziki mingarria den jende onaren isiltasun hura.
Hain zuzen ere, Israelen aspaldian abiatutako mugimendu bakezaleak horrela du izena: Breaking the silence. Merezi du militar israeldar izandakoek kontatutakoa irakurtzea, link horretan murgiltzea. Ariketa ona da isiltasuna apurtzea, aste honetan Patxi, Sara eta bertaratutako publikoarekin Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok egin dugun moduan. Aringarria da.
Irati Goikoetxearen hitzetan: “Hitzak baliorik ez duen munduan bizi gara. Eta zerbait egin beharko genuke. Egiten ari ez garen zerbait” (“Gosea”).