Radio Valdivielso

Sukaldeko soinu paisaia nagusia irratia da neuretzat, goizean goiz albistegia, iluntzean musika irratsaioa, asteburuetan kirol zirrarak. Eta geure etxean Euskadi Irratia dugu bidelagun azken 26 urte hauetan, duela 40 urte abiatutako irrati katea (zorionak urtebetetzean!).

Irudizentrismoan bizi gara. Argazkietan jasota ez dagoena ez da existitzen. Ikusten ez dena bazterrekoa da. Atera kontuak entzule kopuru apala duen irrati txiki batekin, herri txiki batekoa. Audioen balioa nabarmentzen duena, soinuen ondarea aldarrikatzen duena, izan pertsonen ahotsak (bizidunena eta hildakoena), izan ahaztutako jotak, ipuin zaharrak edo istorio garaikideak.

Txikitan idazlea izan nahi nuen, eta nolabait egia bihurtu dut, hiru dokumentalen gidoien idazlea izan naizenez. Are gehiago, hiru gidoi horiek eta beste hainbat kontu jasoko dituen liburuaren idazlea izango naizenean. Bada “Mendian hil…” hirugarren dokumentalean, pasa den martitzenean Villasana de Menan Juanjo San Sebastián-ekin batera aurkeztu nuena, badago Jorge Nagoreren pasarte bat, esaten duena: “Aholku bat: Grabatu itzazue zeuen amen ahotsak, aiten, seme-alaben, bikotekideen edo senideenak. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe, hau gutxienekoa da“.

Ahotsaren garrantzia. Soinu paisaiak biltzen dituen irratiaren presentzia. Ikusezina baina hor dagoena. Hirugarren aldiz egon naiz azken pelikularekin Burgosko probintzian, orain dela 51 urte amak bertan munduratu ninduen, elurtutako azaroaren 19 batean. Eta egun hauetan berriro murgildu naiz hango paisaietan, mendietan, gastronomian eta eliza erromanikoetan.

Gaztetan landa-medikua izan nahi nuen, eta neurri handi batean lortu dut izatea. Enkarterrietan garai batean eta Debagoienean orain. Hala ere, nolabait bakarrik, zeren eta adorea behar da hiriko bizimodua atzean laga eta herri txiki batera bizitzera joateko. Zer eta irrati txiki bat martxan jartzeko, On Kixotek berak sinatuko zuen proiektu zoragarria egia bihurtzeko. Radio Valdivielso-taz hizketan ari gara, eta Jokin Garmilla-taz (argazkian). Orain dela 21 urte abiatu zuen irrati katea Burgosko Merindadeetan, eta goiko linkean klikatu besterik ez duzue egin behar landa-mundu liluragarri batean sartzeko. “Txikiaren indarra”. “Mitxoletak baino landatarragoak”.

Jokinekin izandako elkarrizketa hemen duzue entzungai, eta amaitzeko eskerrak eman berarekin igarotako une ederragatik, baita Jesus Valle-ren familiari mahaia partekatzeagatik eta ibilaldiagatik. Baita, noski, lehen aipatutako Juanjo San Sebastian eta Villasanako antolatzaileei, hain saio polita prestatzeagatik.

Bizi gara!

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude