Etiketa honen artxiboa: zumarraga

Oñati-Venezia-Padova-Budapest-Bartzelona-Oñati II


Budapest (jarraipena)

Iritsi zen gaua eta horrekin
batera festa. Baina ez edozein festa larunbatero gure inguruko herri
edo hirietan aurki dezakeguna. Festa berezi bat. Terma batzuetan hain
zuzen ere. Budapest ezaguna bada, bere terma azpiegituretatik da
besteak beste.

Gaueko hamaiketan sartu ginen
eta goizaldeko lauak aldera irten. Bertan igerileku bat gutxi gora
behera 34 gradutara egongo zena eta bainu turkiar bat 40 gradutik
gora zuena ura aurkitu genuen. Lehenengo igerilekuan ondo egoten zen
baina denbora asko pasa ondoren gorputzeko tenperatura pixka bat
hoztu egiten zen. Orduan izaten zen garaia bainu turkiarrera
igarotzeko. Esperientzia polita eta ezberdina aldi berean, oso ondo
igaro genuen guztiok bertan.

Hurrengo eguerdian nekatuta
nengoen baina hegazkina irribarre batekin hartu nuen. Bartzelona
izango zen hurrengo geldialdia bidai honetan.

Bartzelona (biziraupenaren
eta abenturaren hasiera)

Bezperan lagun bati abisatu
nion (larunbat eta igande arteko ordu txikitan) Bartzelonara joango
nintzela. Arratsaldean iritsiko nintzen eta gaueko hamaikak aldera
autobusa hartu Oñatin dudan etxera bueltatzeko (hainbeste bidaiekin
azkenean dudatan jartzen dut nire burua ea nongoa naizen).
Maratoiaren ospakizuna eta nire bisita hirira bat egin zuten. Hala
ere korrikako proba amaitu zenean ni T1era iristen ari nintzen.
Frankfurteko handitasunarekin harrituta gelditu banintzen,
Bartzelonako aireportuarekin ere horrelako zerbait sentitu nuen.
T1etik T2ra joateko barneko autobus batean, eta hortik hirira Renfeko
trenean. Sants-eko estaziora iritsi eta lagunaren etxera. Pixka bat
deskantsatu, freskagarri bat hartu eta erdi gunera kafe bat hartzera.
El Raval auzora hurbildu ginen oinez, pasio bat ematen. Egunak
laguntzen baitzuen.

Aterki gabe irten ginen,
zirimiri pixka bat ari zen baina ez genion kasu handirik egin. Kafea
hartu ondoren, leku benetan atsegina eraman ninduena lagunak eta asko
eskertu behar diodana arratsaldea nirekin igarotzeagatik, komeriak
izan genituen etxera iristeko. Busti-bustita, ez genuen espero.

Pizza bat afaldu, telebista
pixka bat ikusi eta berriro Sants-eko geltokira han bainuen autobusa.
Hori bai, oraingoan aterkiak eraman genituen. Autobusaren bidai
horren amaiera Donostian nuen baina Tolosatik igarotzen zela abisatu
zidaten eta hurrengo goizean han geldituko nintzen.

Tolosa-Zumarraga-Oñati

Euria egin bazigun bezperan,
goizeko seietan elurra zen Tolosa aldean. Ez nuen espero horrelako
klima aurkitzea Euskal Herrian eta ostiralean kirola egiteko zapatila
batzuekin irten nintzen. Pentsa dezakezue nolako hotza nuen hanketako
behatzetan. Trena hartu eta Zumarragara, han situazioa ez zen hobea.
Arrebari deitu behar izan nion jakiteko ea zer moduz zeuden
errepideak eta zer ordutan nuen autobusa (Udanan eta Deskargan kontuz
ibiltzeko eta autobusa 7:40etan). Oñatira ordubete beranduago iritsi
nintzen orduan hasi baitzen elurra jausten eta autobusak Udanako
portutik joan beharrean itzuli erdi eta Deskargatik joan behar izan
zuen.

Azkenean etxera iritsi
nintzen. Pozik. Biloba eta ilobei kontatzeko moduko istorio batekin.

Ika, ika, ika… Korrika!!!

2006-10-18. Zumarraga-Urretxu 

2006-2007 denboraldia larunbat arratsalde
hartan hasi zen niretako. Ezohiko ordu batetan gainera. Lehenengo aldia izango
zen ordu horretan lasterka egingo nukeena, baina ziur ez azkena.

Hilabete baino eman nuen entrenatzen Gasteizen
lagun talde batekin eta ondorioz nire bizitzako lasterketarik onena burutu
nuen. Zumarragako plazatik Urretxuraino, lau kilometro pasatxoko zirkuitu
bateri bi bira eman ostean.

Bazkaldu berandu egin nuen eta lasterketara
ere berotzeko astirik gabe iritsi nintzen ia. Baina arazoak arazo, kilometroak
pasa ahala gero eta hobeto sentitzen joan nintzen. Azkenean 10 kilometro egin
ondoren 45 minutuko denborarekin bukatu nuen. 4 minutu eta erdi kilometroa.

2006-10-20. Gasteiz hiria

Eta deskantsatzeko betarik gabe ia, hurrengo
egunean eta goizean goiz Gasteiz Hiriko herri lasterketa. Iaz burutu nuena 49
minututan eta asko gustatu zitzaidana.

Beroketa eta lasterketa aurreko egin behar guztiak
arazo barik bete nituen. Hamaiketan hasi zen lasterketa eta 9 kilometroak baino
pixka bat gehiago zituen probak 47 minututan egitea lortu nuen. Erritmo geldoa,
ia 5 minutu kilometroko baina kontutan izanda bezperan hamar kilometro egin
nituela, normalena hori zen.

Armentiara iristea kostatu zitzaidan,
hirugarren kilometrotik aurrera dena gora jotzen baitzuen, baina ez iaz
bezainbeste. Eta hortik aurrera dena aldapa bera zenez, gustura asko disfrutatu
nituen azkenengo kilometroak.

2006-11-04. Orioko herri krossa 

Behobiarako nahi nuen nire gorputza prestatu,
baina dortsalik ez nuenez lortu beste helburu batzuk egiteko prestatuko nitzen:
Gasteizeko maratoi erdia abenduaren 17an. Beraz logikoena litzateke pentsatzea
lehenengo lasterketarekin konparatuta asko ez nuela hobetuko eta beraz
disfrutatzera irten nintzen. 

Orioko herri krossak 10 kilometro zituen, eta
horretarako hiru kilometroko zirkuitu bateri hiru bira eman behar zitzaizkion. Herri
barruan egin zen eta jende izugarri bildu zen, bai parte hartzaileen aldetik
baita ikusleen aldetik ere.

Marka ez nuen beste munduko edozer egin, 46
minutu baino pixka bat gehiago. Baina asko disfrutatu nuen eta horren proba
duzue argazki hau, festak.com web orrialdetik hartua.

Iban II