Oñati-Venezia-Padova-Budapest-Bartzelona-Oñati II


Budapest (jarraipena)

Iritsi zen gaua eta horrekin
batera festa. Baina ez edozein festa larunbatero gure inguruko herri
edo hirietan aurki dezakeguna. Festa berezi bat. Terma batzuetan hain
zuzen ere. Budapest ezaguna bada, bere terma azpiegituretatik da
besteak beste.

Gaueko hamaiketan sartu ginen
eta goizaldeko lauak aldera irten. Bertan igerileku bat gutxi gora
behera 34 gradutara egongo zena eta bainu turkiar bat 40 gradutik
gora zuena ura aurkitu genuen. Lehenengo igerilekuan ondo egoten zen
baina denbora asko pasa ondoren gorputzeko tenperatura pixka bat
hoztu egiten zen. Orduan izaten zen garaia bainu turkiarrera
igarotzeko. Esperientzia polita eta ezberdina aldi berean, oso ondo
igaro genuen guztiok bertan.

Hurrengo eguerdian nekatuta
nengoen baina hegazkina irribarre batekin hartu nuen. Bartzelona
izango zen hurrengo geldialdia bidai honetan.

Bartzelona (biziraupenaren
eta abenturaren hasiera)

Bezperan lagun bati abisatu
nion (larunbat eta igande arteko ordu txikitan) Bartzelonara joango
nintzela. Arratsaldean iritsiko nintzen eta gaueko hamaikak aldera
autobusa hartu Oñatin dudan etxera bueltatzeko (hainbeste bidaiekin
azkenean dudatan jartzen dut nire burua ea nongoa naizen).
Maratoiaren ospakizuna eta nire bisita hirira bat egin zuten. Hala
ere korrikako proba amaitu zenean ni T1era iristen ari nintzen.
Frankfurteko handitasunarekin harrituta gelditu banintzen,
Bartzelonako aireportuarekin ere horrelako zerbait sentitu nuen.
T1etik T2ra joateko barneko autobus batean, eta hortik hirira Renfeko
trenean. Sants-eko estaziora iritsi eta lagunaren etxera. Pixka bat
deskantsatu, freskagarri bat hartu eta erdi gunera kafe bat hartzera.
El Raval auzora hurbildu ginen oinez, pasio bat ematen. Egunak
laguntzen baitzuen.

Aterki gabe irten ginen,
zirimiri pixka bat ari zen baina ez genion kasu handirik egin. Kafea
hartu ondoren, leku benetan atsegina eraman ninduena lagunak eta asko
eskertu behar diodana arratsaldea nirekin igarotzeagatik, komeriak
izan genituen etxera iristeko. Busti-bustita, ez genuen espero.

Pizza bat afaldu, telebista
pixka bat ikusi eta berriro Sants-eko geltokira han bainuen autobusa.
Hori bai, oraingoan aterkiak eraman genituen. Autobusaren bidai
horren amaiera Donostian nuen baina Tolosatik igarotzen zela abisatu
zidaten eta hurrengo goizean han geldituko nintzen.

Tolosa-Zumarraga-Oñati

Euria egin bazigun bezperan,
goizeko seietan elurra zen Tolosa aldean. Ez nuen espero horrelako
klima aurkitzea Euskal Herrian eta ostiralean kirola egiteko zapatila
batzuekin irten nintzen. Pentsa dezakezue nolako hotza nuen hanketako
behatzetan. Trena hartu eta Zumarragara, han situazioa ez zen hobea.
Arrebari deitu behar izan nion jakiteko ea zer moduz zeuden
errepideak eta zer ordutan nuen autobusa (Udanan eta Deskargan kontuz
ibiltzeko eta autobusa 7:40etan). Oñatira ordubete beranduago iritsi
nintzen orduan hasi baitzen elurra jausten eta autobusak Udanako
portutik joan beharrean itzuli erdi eta Deskargatik joan behar izan
zuen.

Azkenean etxera iritsi
nintzen. Pozik. Biloba eta ilobei kontatzeko moduko istorio batekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude