Etiketa honen artxiboa: salburua

8 egun falta


Txapelketa egingo den
ingurua

Gasteiz izango du gune
nagusitzat ekainaren 26an ospatuko den Distantzia luzeko Europako
triatloi txapelketak. Ez da sekretu bat hiri honetan bizi izan dudan
denboran maitemindu egin naizela. Bere handitasunean zerbitzu eta
azpiegiturek daukaten hurbiltasunaz, hiriak inguratzen duten
paisaiez, unibertsitate inguruan bizi den giroaz… Onartu beharra
daukat Gasteizek unibertsitate lehenengo urtean harrapatu ninduela
eta ezin izan naizela korapilo horretatik askatu.

Igeriketa Landa lakuan izango
da. Hiruki formako ibilbide bati bi bira eman beharko diogu. Agian
gune hau izan da Gasteizen bizi izan ditudan urteetan gutxien zapaldu
dudana, hiritik 25 kilometrora baitago eta horra heltzeko
azpiegiturak oso eskasak dira kotxerik ez izanez gero. Baina hala ere
leku oso erakargarria udaberriko edo udako egun bat igarotzeko dituen
zerbitzuengatik eta dagoen tokiarengatik.

Bizikletako ibilbidea oso
laua da. Arabar lautadatik igaroko da. Landatik irten eta Zalduondoko
herrira joango gara, hortik Agurainera eta nazional zaharretik
Gasteizera. Hiriburura sartu gabe Buesa inguruan bira egingo dugu eta
Landara berriro bigarren bira hasteko. Bigarren bira horretan
bizikleta Buesa Arenako inguruetan utziko ditugu eta korrikako
zapatilak jantzi korrikako azken sektoreari aurre egiteko. Bizikleta
zirkuitua eginda daukat eta esan dezaket oso laua dela. Bataz besteko
abiadura altuak lor daitezke haizeak errespetatzen badu eta zailtasun
teknikorik gabekoa. Probako zatirik “errazenak” dudarik gabe
igeriketa eta bizikleta.

Korrikako ibilbidea Salburua
parkean izango da. Hamar kilometroko hiru bira eta Buesa Arena
pabiloitik barrenetik igaroko da. %50 pista eta % 50 asfaltoa. Bertan
korrika saioren bat edo beste eginda ditut. Eguzkia egiten badu
badaude itzalguneak baina ez dira ugari hauek. Jendearen animoak
inoiz baino beharrezkoagoak izango dira probako zati honetan. Amaiera
benetan polita izango da, Europa mailan dagoen saskibaloi talderik
onenetakoaren etxean eta hainbat gau magiko oparitu digun lekua.

Hirukoaren bila eguraldi onarekin

Aste bukaera interesgarria
daukat/daukagu aurretik. Gure herrian auzo bateko jaiak dira,
lehenengo urtetik fama handia hartu zutenak eta oraingoan ere
indarrez datorrena nobedade ugariekin. Zorionez edo zoritxarrez
ezingo dut ehuneko ehunean disfrutatu giro horretan sortzen den
parrandaz baina igande arratsaldean zerbait hartzera eta hango
bizigiroa usaintzera hurbilduko naiz. Esan bezala ezingo dut jai
horietaz disfrutatu baina bestalde gehien gustuko dudan kirolaz
gozatzeko aukera izango dut hiru bider.

Larunbatean Hondarribian Euskadiko eta
Gipuzkoako txapelketak sprint distantziako triatloiean jokatuko dira.
Han izango gara arratsaldeko hiruretatik aurrera Oñatiko
Triatloi Taldeko kideak hiru talderekin. Lehenago ordea triatloi
herrikoi bat ospatuko da leku berean. Herrikoian 350 metro igerian,
10 kilometro inguru bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko
dugu. Lasterketa hori beroketa gisa hartuko dut, adibidez neopreno
gabe sartuko naiz uretara eta bestalde bizikletako zirkuitua
ezagutzeko okasio emango dit. Sprint distantzian berriz distantziak
bikoiztuko dira, 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5
kilometro korrika.

Igande goizean berriz Bizkaira
hurbilduko naiz Zierbenako triatloi olinpikoan parte hartzera. Hor
ere Oñatiko Triatloi Taldeko zenbait kide egongo gara.
Distantzia olinpikoan 1500 metro igerian, 40 kilometro inguru
bizikletan eta 10 kilometro korrika egingo dugu, hau da, bi ordu eta
erdi inguruko lan bat ibilbidearen gora beheren arabera.

Hiru lasterketak entrenamendu bezala
hartuko ditut Gasteizen ospatuko den distantzia luzeko Europako
Txapelketari begira. Errespetu gehien ematen didana igandekoa da,
hala ere beste biak ezin ditut mespretxatu eta taldekakoan daukadan
mailarik onena ematea izango da helburua taldekideei ahal dudan
heinean laguntzeko. Baina Senpereko aste bukaerarekin alderatuta (han
larunbat arratsaldean taldekakoa egin genuen eta igande goizean
berriz olinpikoa), eguraldi ona izango dugu lagun: beroa. Hori da
aurten behar dudana, ekainean ziurrenik horrelako eguraldia edo
beroagoa egingo digulako Salburuako inguruetan. Beraz alde horretatik
pozik nago. Gustura nago gauzatutako entrenamendu guztiekin,
psikologikoki bikain sentitzen naiz eta edozeri aurre egiteko
indarrarekin.

Kirolaren historian zehar hirukote edo
triplete interesgarriak suertatu dira: egungo Boston Celtics-eko
hirukote magikoa (Garnett, Pierce eta Allen) edo Alberto Contadorren
Giro, Vuelta eta Tourraren garaipenak urte batean etortzen zaizkit
burura. Aste bukaera honetan nire hirukotea propioa lortzera noa!

Zazpi kilometroa

Salburua


Gasteizeko parkerik politenetakoa. Hiru aldiz joan naiz bakarrik horra korrika egitera, arrazoi nagusia nahiko urrun daukadala etxetik. Ordu laurden batera gutxi gora behera.


Ederra da paraje horietatik korrika egitea. Atzo izan nintzen. Goizeko hamaiketan irten nintzen etxetik eta aspaldiko partez hotz egiten zuen!!! Nire klima gustukoena baina hala ere aldaketa hain handia izan da ez zitzaidala asko gustatu bapateko hotz hori. Baina hala ere korrika oso gustura egin nuen. Hain gustura bi aldiz egin behar izan nuela bira Salburuan bide beretik joateko galdu egin bainintzen baina hori gutxienekoa da.

Gasteizen bazaudete eta aukera baldin badaukazue parke hau bisitatzeko eta bertan pasio zoragarri bat emateko (parkeko birarik handiena sei bat kilometrokoa izango da), ez ezazue galdu aukera leku zoragarri honetara joateko.