Etiketaren artxiboa: errekalde

Hirukoaren bila eguraldi onarekin

Aste bukaera interesgarria
daukat/daukagu aurretik. Gure herrian auzo bateko jaiak dira,
lehenengo urtetik fama handia hartu zutenak eta oraingoan ere
indarrez datorrena nobedade ugariekin. Zorionez edo zoritxarrez
ezingo dut ehuneko ehunean disfrutatu giro horretan sortzen den
parrandaz baina igande arratsaldean zerbait hartzera eta hango
bizigiroa usaintzera hurbilduko naiz. Esan bezala ezingo dut jai
horietaz disfrutatu baina bestalde gehien gustuko dudan kirolaz
gozatzeko aukera izango dut hiru bider.

Larunbatean Hondarribian Euskadiko eta
Gipuzkoako txapelketak sprint distantziako triatloiean jokatuko dira.
Han izango gara arratsaldeko hiruretatik aurrera Oñatiko
Triatloi Taldeko kideak hiru talderekin. Lehenago ordea triatloi
herrikoi bat ospatuko da leku berean. Herrikoian 350 metro igerian,
10 kilometro inguru bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko
dugu. Lasterketa hori beroketa gisa hartuko dut, adibidez neopreno
gabe sartuko naiz uretara eta bestalde bizikletako zirkuitua
ezagutzeko okasio emango dit. Sprint distantzian berriz distantziak
bikoiztuko dira, 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5
kilometro korrika.

Igande goizean berriz Bizkaira
hurbilduko naiz Zierbenako triatloi olinpikoan parte hartzera. Hor
ere Oñatiko Triatloi Taldeko zenbait kide egongo gara.
Distantzia olinpikoan 1500 metro igerian, 40 kilometro inguru
bizikletan eta 10 kilometro korrika egingo dugu, hau da, bi ordu eta
erdi inguruko lan bat ibilbidearen gora beheren arabera.

Hiru lasterketak entrenamendu bezala
hartuko ditut Gasteizen ospatuko den distantzia luzeko Europako
Txapelketari begira. Errespetu gehien ematen didana igandekoa da,
hala ere beste biak ezin ditut mespretxatu eta taldekakoan daukadan
mailarik onena ematea izango da helburua taldekideei ahal dudan
heinean laguntzeko. Baina Senpereko aste bukaerarekin alderatuta (han
larunbat arratsaldean taldekakoa egin genuen eta igande goizean
berriz olinpikoa), eguraldi ona izango dugu lagun: beroa. Hori da
aurten behar dudana, ekainean ziurrenik horrelako eguraldia edo
beroagoa egingo digulako Salburuako inguruetan. Beraz alde horretatik
pozik nago. Gustura nago gauzatutako entrenamendu guztiekin,
psikologikoki bikain sentitzen naiz eta edozeri aurre egiteko
indarrarekin.

Kirolaren historian zehar hirukote edo
triplete interesgarriak suertatu dira: egungo Boston Celtics-eko
hirukote magikoa (Garnett, Pierce eta Allen) edo Alberto Contadorren
Giro, Vuelta eta Tourraren garaipenak urte batean etortzen zaizkit
burura. Aste bukaera honetan nire hirukotea propioa lortzera noa!