Bukatu da nire bidaia. Atzo Donostiako 31.
maratoian parte hatu eta bukatu nuen. Hemen doa eguneko laburpen txiki bat.
Egunaren
hasiera
Benetan ederra izan zen maratoiaren egunaren
hasiera. Guztia ongi joan zitzaidan. Hasteko seietan iratzarri nintzen eta
arazo gabe sartu nuen gorputzean arroz-esne platerkada bat amak prestatuta. Bidaian
ez genuen izan ezustekorik, trafiko eskasari esker zazpiak eta erdirako
Donostian geunden aita, ama eta ni.
Dortsalaren bila nindoala Anoeta sarreratik
pasa nintzen, ateak irekita zeuden eta bisita bat egitea otu zitzaidan. Pistan
sartu nintzen. Anoeta ilun eta hutsik zegoen. Emozionatu egin nintzen irudi
hori ikusten. Orduan uste dut konturatu nintzela maratoi batean egotea zer zen.
Oilo-ipurdia jarri zitzaidan bat-batean. Gero dortsalen bila joan ginen eta
arazorik eta ilara handirik gabe nirea hartu nuen. Zenbaki zakarra: 2640, baina
zer egingo genion. Ondoren kafe bat hartzera joan ginen irteerako etorbidera,
Madrilekora hain zuzen ere.
Maratoiko
musika banda.
Bidaian La Oreja de Van Gogh, separatuta egon arren nire
bihotzean oraindik lasterketetako musika talde ofiziala da. Eta ibilbidean
zehar bi puntutan zeuden musika dj-ak kantak jartzen korrikalariei animatzeko:
Boulevard-ean eta Diario Vasco kokatua dagoen zonan. Boulevard-eko hiru
kantekin geratuko naiz: Eye of the Tiger (lehenengo itzuliko joanean), Rolling
Stones-en I can get no satisfaction (lehenengo itzuliko etorreran) eta
Coldplayren Viva la vida (bigarren itzuliko joanean). Musikak animoak altu mantentzeko
balio du eta atzo beste behin teoria hori argi eta garbi geratu zen.
Lasterketa
Eguraldi iragarpenak ez ziren onak. Haizea
gogor astintzen zuen baina bazirudien euria ez zuela egingo. 3 hordu eta erdiko
erbian ezarri nintzen irteeran, bost minutu kilometroko joango ginen. Hasierako
kilometroak polikiago egin genituen. Hamargarren kilometroan ikusita erritmoa
ez zihoala azkartzen aurrera egitea erabaki nuen. Gutxinaka-gutxinaka nire
helburuari denbora jaten hasi nitzaion eta 30. kilometroan ikusi nuen 3 ordu
eta 26 minututik beherako marka egiteko aukera. Hori esan nion aitari janaria
eman zidanean ibilbideko puntu horretan (La Perla talasoterapia zentroa). Orduan hasi
zitzaidan lasterketa gogortzen, orduan etorri behar zen korrikalariok beldurra
diogun harresia. Baina atzo ez zen bisitan etorri, lasterketa gogorragoa egin
zitzaidala ados, baina eutsi egin nion amaierara arte.
37 kilometrotik aurrera pozez betea nindoan
eta 25 minutu baino gutxiago egitea lortu nuen. Ikusi nuenean nire lehenengo
maratoia bukatuko nuela moralez igo nintzen, taupadak igo, pausoak arindu eta
zazpigarren martxa sartu nuen Anoetako estadioraino. Inoiz baino azkarrago
korrika egiten nuela iruditu zitzaidan, hegan nindoan.
Anoetako
estadioa
Hiru aldiz pasa genuen bertatik. Bitan
lasterketan jarraitzeko eta hirugarren aldiz bat amaitzeko. Lehenengoan,
estadio utzik dagoenean eta soilik 20-25 bat minutu neramatzanean korrika
egiten ederra izan zen. Estadio osoa utzik guretako bakarrik. Txikitan zenbat
aldiz amestu dugu estadio honetan jolasten dugula txuri-urdin koloreak
defendatuz eta golak sartuz??? Bigarren pasaera ere berezia da, ibilbide erdia
baino gutxiago falta da eta oraindik psikologikoki ez zaude gaizki. Baina
hirugarrenean… gozatu egiten duzu.
Estadiora sartzean jendez beteta dagoela
imajinatzen duzu, utzik egon arren (jendea meta inguruan jartzen da beraien
lagun edo familiarrei itxaroten). Eta sartzean jende guzti hori oihu batean
jartzen dela zuri animatzeko, errealak gol bat sartu izan balu bezala. Eta
alderdi ederren milaka zale daudela ezin izan direnak estadiora sartu beteta
zegoelako eta zure lasterketa ospatzen dute telebista pantaila erraldoietatik.
Hori guztian zure buruan gertatzen da baina egia balitz bezala sentitzen duzu.
Eta amaitu da. Eta bihar lanera edo ikastera. Eta egindako denbora 3 ordu 25
minutu eta 20 segundo.
Eskerrik
asko
Eskerrik asko blog hau jarraitu duzuen
guztioi. Eskerrik asko amets hau betetzen lagundu didazuen guztioi. Eskerrik
asko. Baina batez ere eskerrik asko aita, ama eta Javi. Lehenengo biei
begibistakoa denez ibilbide osoan zehar alboan egon direlako eta ez didatelako
inoiz abandonatua (amak behin eta berriz esan arren jan egin behar nuela oso
argal nengoelako eta asunto horrekin pixka bat gogaitu dit, kar, kar, kar…).
Eta hirugarrenari bere denbora librea erabiltzeagatik nire prestaketan
jarduten.
P.d. Hau ez da amaitu. Hasi besterik ez da egin, kar, kar, kar. Idazten
jarraituko dut!!!