Etiketaren artxiboa: korrika

Periostitisa, berriro amesgaizto ez mesedez

Iragan urtean azaro bukaeran eta abendu
hasieran Gasteizeko maratoi erdia prestatzen ari nintzela min galanta jasaten
hasi nintzen peroneetan. Mediku batek esan zidan periostitis izan zitekeela, hasierako
fase bat. Horregatik zapatiletako loturak aldatu behar izan nuen (batzuetan
harritu egiten da jendea nire zapatiletako loturak ikustean).

Gainera ikusten nuen ez nindoala aurrera nahi
bezain arin eta emaitzak ez izan harren onak, denborak mantendu egiten ziren
baina asko sufrituz. Beldurra izan nuen denboraldian lehen aldiz, kolokan jarri
nuen nire parte hartzea Gasteizeko maratoi erdian, baina zorionez deskantsuarekin
min hura pasa zitzaidan eta lasterketan parte hartzeko eta amaitzako aukera
izan nuen.

Orain berriro iazko mamuak itzuli zaizkit nire
barrenera. Min beldurgarri horrekin ari naiz borrokatzen ez galarazteko nire
aurtengo helburuak betetzen (Behobia-Donostia herri lasterketa eta Gasteizeko
Maratoi Erdia besteak beste). Gauetan izotza jartzen hasi naiz. Entrenamendu
gogorrak eta asko egin harren orain bi asteko tarte bat daukat entrenamendu
lasaiagoak egiteko. Ea horrela den eta iazko minak ez zaizkidan etortzen.

Dortsal gorriarekin Behobia-Donostia lasterketara

Lortu dut. Ordu asko entrenatu ostean denboraldiko
helburu garrantzitsuenetako bat bete dut. Datorren azaroaren 11an ospatuko den
Behobia-Donostia lasterketan dortsal gorriarekin irtengo naiz.

Antolatzaileek irteera kolore desberdinetan
zatitzen dute, horia, berdea, gorria, urdina eta zuria. Gero eta denbora
hobeagoa orduan eta irteeratik gertuago.

Nik igandean gorria lortu nuen. Donostiako
zazpigarren maratoi
erdian 1:33:24 segundoko marka egin nuen eta horrek balio
dit Behobian lehendabizikoz kolore batekin irteteak. Lasterketa ez zitzaidan
zaila suertatu, urduri nengoen baina abian jarri eta gero tentsio guztiak kendu
nituen eta erritmo konstante batean burutu nituen lehen hamar kilometroak. Erditik
igaro ondoren kapaz ikusi nintzen ordu eta erditik behera jaisteko, baina
tenperatura altuek ez zidaten utzi hori lortzen.

Gasteizen hamalaugarren kilometrotik egin zitzaidan
gogorra, oraingo honetan azken hiru kilometroak pasa nituen gaizki. Baina hiru
kilometro 18 pasa eta gero ez da ezer (kar, kar). Okerragoa da Gasteizen pasa
zitzaidana (7 kilometro falta zitzaizkidan eta erritmoa erabat gorabeheratsua neraman).

Denboraldia ia amaitu dut (26an Bilboko
III. duatloiarekin
amaitzen zait lasterketen egutegia), eta oso pozik nago egin
dudan lanarekin. Asko dut eskertzeko batez ere Gasteizen aurkitu dudan lagun
taldeari entrenatzeko. Eskerrik asko ondoan egon zareten guztioi: familia,
taldekideak, ikaskideak… zuei esker nire denboraldia eramangarriagoa egin zait.

Eta ni galdetzen naiz…

Zergatik kontratatzen dituzten maratoi
erdietarako eta maratoietarako erbiak erritmo batean joateko, gero erritmo hori
ez badute betetzen? Zergatik kontsigna hitzak ez du esanahi bera Gasteizeko
maratoian eta Donostiako maratoi erdian? Zer egin behar da jendeak lehenengo
korrikalaritik azkeneraino animatzen egoteko?

SOS bat Laixan Euskara elkartearen eskutik

Gaur arratsaldean
e-mail hau iritsi zait nire helbide elektronikora. Datorren larunbatean
jokatuko den Arrasate-Oñatiri buruz doa.
Badirudi jendea falta dela bidegurutzetan jartzeko eta laguntzeko.

Ni bolondres bezala
agertu naiz. Mesedez, ez baduzu ezer egiterik datorren larunbatean seiretatik
zortzeratara, apuntatu. Horretarako irakurri arretaz jaso dudan mezua eta
besteei jakin arazi.

Aupa lagun,

Urteroko
moduan Arrasate-Oñati lasterketia antolaitten hasitta gagoz. Aurten, XXV.
ediziñua egingo dogu eta mariatzaren 12xan arratsaldeko 18:30ttan izango da.

Azken
urtietan egunian bertan egin biharreko bidekurtze eta kurben zainketan jente
oso gutxirekin ibilli gara eta honela jarraittu ezkero, lasterketia
bertan behera geraketako arriskuan dago edo behintzat Laixanek ezin
izango  dau lasterketa honen antolaketia bere gain hartu. 25 urtien
zihar
eginddako lasterketa hau galtzeia penagarrixa izango litzake, azken
urtietan izandako arrakastia kontuan hartzen badogu; gaztetxuen lasterketatan
batez be. Horregatik, zure laguntzia eskaketara gatoz. Aurreko urtian ,
zuetako asko  etorri ziñain lagunketara eta aurten be, erantzun bardiña
jasotia espero dogu lasterketa honen martxa ona ziurtatuta geratu dedin.

Lasterketan,
Arrasatetik Oñatira dagozen bidekurtze eta kurbetan korrikalarixak jarraittu
biharreko bidia adierazten eta trafikua zainketan lagundu gura badozu, gurekin
harremanetan jarri ohiko helbide eta telefono zenbakittan (Bidebarrieta 18,
behia · 943 71 63 11 · laixan@laixan.org). Gutxi gora-behera arratsaldeko
6retatik 8retara
bittartian egotia eskaketan dotsuegu.

Aldez
aurretik eskerrak eta zuen barri izango dogulakotan, jaso agur bero bat.

LAIXAN EUSKARA ELKARTEA

ARRASATE-OÑATI LASTERKETAKO LAN-TALDIA

*Laguntzaille guztien artian herriko jatetxe batian bi
lagunentzako bazkarixa/afarixa zotz egingo dogu.

Lasterketiaren inguruan
informaziño gehixago: http://www.goiena.net/debagoiena/albisteak/arrasate-onati-lasterketarako-izenematea-zabalik-dago

LAIXAN EUSKARA ELKARTEA

Bidebarrieta 18, behea

20560 OÑATI

laixan@laixan.org

943 71 63 11

Aloñako igoerarik gogorrena

Gaur goizean Oñatin Aloñako III igoeran parte
hartu dut. Lasterketa hau urteko garrantzitsuenen artean daukat sartuta
(besteak Oñatiko Duatloi, Donostiako Maratoi erdia, Behobia-Donostia eta
Oñatiko San Silvestreak dira).

Iaz egin nuen denbora eta postua hobetzea
lortu dut.
Nire marka 10 minutu eskas hobetu dut eta 170. postuan amaitu. Aurten
gainera esan beharra dago parte hartzaile kopurua gainditu egin dela, 271
korrikalari irteeran.

Bero izan da nire etsai nagusia. Hasieratik
tenperatura altuekin irten gara eta bide gora joan ahala ez du asko freskatu. Igoera
gogorra izan arren, batez ere Urtiagainetik aurrera eta Gurutzera iritsi baino
azken kilometroa, indarra erabiltzen denez eta gainera iristea nuenez helburu,
tenperaturak ez dit egin min handia. Hori bai, iaz baino askozaz likido gehiago
edan behar izan dut ibilbide guztian zehar.

Baina jaitsiera igoera baino gogorragoa izan
da. Ni ez naiz oso trebea eta tenperatura altuak gogaitu egin nau momentu
batzuetan. Gainera ezker abduktorea asko kargatu zait Gurutzetik Belarrera eta momentu
batzutan ia geldirik nioan. Baina hala ere Oñatiko plazara iristea lortu dut
asko sufrituz eta oso pozik.

Herrian korrika egitea oso berezia da. Aste
batzuk lehenago hemen egindako lasterketekin gogoratzen naiz motibatzeko. Gainera
familia ikusteko aprobetxatzen dut.

Esan dezaket, bihar seguruenez izugarrizko mina izango dudala baina gaur
egindakoarekin oso pozik nago.

Elurretan korrika

Pasa den astearte arratsalde-gabean Gasteizeko taldekideekin entrenatzera irten nintzen. Elurra bazegoen, baina gutxi. Egunean zehar elurra jausten egon zen, baina korrika egin genuenerako gelditu zen. Gaur ostera arratsaldean berriro hurbilduko naiz Mendizorrotza ingurura korrikan irteteko.

Elur gehiago dago kalean eta gusturago joango gara, seguruago ere ziur asko. Aldapa goran ez dago arazorik, baina aldapa beheran elurra ez dagoen tokitik zapaldu behar dugu eta gogor gainera. Horrek arrisku txiki bat ekarri dezake, baina berdin du.

Lehengo egunean ordu erdi eskas egin genuen lasai-lasai, baina sentsazioa 50 minutu egin genuena izan zen. Alde on bat du horrek, entrenamendu “mamu” bezala hartu dezakegu eta ondorio zuzenak izango ditu iganderako 10 kilometroko Idiazabaleko lasterketarako.

Ika, ika, ika… Korrika!!!

2006-10-18. Zumarraga-Urretxu 

2006-2007 denboraldia larunbat arratsalde
hartan hasi zen niretako. Ezohiko ordu batetan gainera. Lehenengo aldia izango
zen ordu horretan lasterka egingo nukeena, baina ziur ez azkena.

Hilabete baino eman nuen entrenatzen Gasteizen
lagun talde batekin eta ondorioz nire bizitzako lasterketarik onena burutu
nuen. Zumarragako plazatik Urretxuraino, lau kilometro pasatxoko zirkuitu
bateri bi bira eman ostean.

Bazkaldu berandu egin nuen eta lasterketara
ere berotzeko astirik gabe iritsi nintzen ia. Baina arazoak arazo, kilometroak
pasa ahala gero eta hobeto sentitzen joan nintzen. Azkenean 10 kilometro egin
ondoren 45 minutuko denborarekin bukatu nuen. 4 minutu eta erdi kilometroa.

2006-10-20. Gasteiz hiria

Eta deskantsatzeko betarik gabe ia, hurrengo
egunean eta goizean goiz Gasteiz Hiriko herri lasterketa. Iaz burutu nuena 49
minututan eta asko gustatu zitzaidana.

Beroketa eta lasterketa aurreko egin behar guztiak
arazo barik bete nituen. Hamaiketan hasi zen lasterketa eta 9 kilometroak baino
pixka bat gehiago zituen probak 47 minututan egitea lortu nuen. Erritmo geldoa,
ia 5 minutu kilometroko baina kontutan izanda bezperan hamar kilometro egin
nituela, normalena hori zen.

Armentiara iristea kostatu zitzaidan,
hirugarren kilometrotik aurrera dena gora jotzen baitzuen, baina ez iaz
bezainbeste. Eta hortik aurrera dena aldapa bera zenez, gustura asko disfrutatu
nituen azkenengo kilometroak.

2006-11-04. Orioko herri krossa 

Behobiarako nahi nuen nire gorputza prestatu,
baina dortsalik ez nuenez lortu beste helburu batzuk egiteko prestatuko nitzen:
Gasteizeko maratoi erdia abenduaren 17an. Beraz logikoena litzateke pentsatzea
lehenengo lasterketarekin konparatuta asko ez nuela hobetuko eta beraz
disfrutatzera irten nintzen. 

Orioko herri krossak 10 kilometro zituen, eta
horretarako hiru kilometroko zirkuitu bateri hiru bira eman behar zitzaizkion. Herri
barruan egin zen eta jende izugarri bildu zen, bai parte hartzaileen aldetik
baita ikusleen aldetik ere.

Marka ez nuen beste munduko edozer egin, 46
minutu baino pixka bat gehiago. Baina asko disfrutatu nuen eta horren proba
duzue argazki hau, festak.com web orrialdetik hartua.

Iban II