Etiketaren artxiboa: getaria

Bero-bero dago itsasoa!

Urte batzuk dira irailean ez nintzela kantauri itsasoan bainatzen. Azken aldia Donostiako Klub Nautikoko igeriketa zeharkaldian izan zen, iraileko bigarren astebukaeran izaten dena.


Atzo iparraldera joan nintzen arratsalde pasa, nengoen tokitik hurbil zegoen eta aprobetxatu beharra zegoen. Lapurdiko Getaria ikusi nahi nuen. Ingurua ezagutu, baina herrira joan aurretik Bidarteko hondartzan pasa nuen pare bat ordu. Aipatzen dute hegoaldeko euskal kostako hondartzak eta iparraldekoak ezberdinak direla. Beno momentuz bakarra zapaldu dut eta hori horrela dela esan dezaket. Hegoaldean ohituta gaude hondartzak areazkoak izatera. Bidartekoa hondartza mixto bat dela esan dezaket, hots, area badauka baina harria ere. Hala ere, oso ondo dago arratsalde pasa egoteko iraileko egun batean: kotxea aparkatzeko tokia, jende askorik ez, leku ikusgarria…


Gainera atzoko baldintza klimatikoek lagundu zuten arratsaldea ona izan zedin. Tenperatura beroak agian eguzkipean egoteko baina ura… ura bero zegoen! Beno, 22 gradutan Andoni Aizpuruk esan zuen bezala ordu batzuk lehenago ETB1eko eguraldi iragarpenean… baina ur freskoak atsegin zaizkion batentzat ura bero zegoen! Ta olatuen egoerak bainua perfektua izan zedin lagundu zuen. Metro eta erdiko altuerakoak. Uste dut inoiz ez naizela bainatu itsasoan horrelako olatu motekin. Ertzetik nahiko hurbil apurtzen ziren. Dibertitu nintzen hauek harrapatzen saiatuz, hori bai, surf taula gabe.


Badirudi, aurreko urteekin konparatuz gero eta batez ere uztail-abuztua hilabeteekin alderatuz gero, eguraldi ona egingo duela. Aprobetxatu beharko dugu eta kosta inguruan bagabiltza hondartzara hurbilduko gara bainu bat edo beste ematera. Oñatin bagaude aldiz, Usakoko inguru berdeetara joango naiz (again uren tenperatura baxuek toki honetan ez didate ausardia nahikoa emango bainu bat emateko baina atsalde goxo bat gerizpean egoteko balioko dit).

12 hilabetea, 12 lasterketa VII

Uztaila. Getaria-Zarautz XXXVIII. igeriketa zeharkaldia.
Uztaila ere hilabete berezia izan zen niretzako. 2007-2008 unibertsitate ikasturtea amaitutzat eman nuen (hala ere azterketaren bat edo beste izango nuen irailerako) eta lanean hasi nintzen bete-betean Lizarrerian.
Ia urtero bezala ahalik eta gehien disfrutatzea nuen helburu udan eta zer hobeto lasterketa eta lehiaketetan parte hartzea baino. Horregatik beste urte batez Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldian parte hartzea erabaki nuen. Oroitzapen onak ekartzen dizkit zeharkaldi onek, nire igeriketako garaiak gogoratzen dizkit. Gainera Zarautzeko igeriketa zeharkaldia Behobia-Donostiaren parekoa da igeriketari dagokionez.
Lasterketa ona burutu nuen. Pozik amaitu nuen, 50 minutuko harresia gainditzea zen nire helburua eta lortu nuen. 2007an baino minutu eta erdi hobeto aritu nintzen, eta hori lanean nengoela eta ez nuela nahi adina entrenatu.
Beste urte batez gure lurraldean ospatzen den igeriketa zeharkaldirik garrantzitsuena burutzea lortu nuen eta hori aski zen nire helburuak betetzat emateko.
Postua: 202 Denbora: 48:33

Musika talde bat bihotzean

Bizitza gauza askoren bitartez deskribatu dezakegu. Horretarako baliabide anitz erabiltzen ditugu, momentu historikoak (jende askok erabiltzen ditu ekintza historikoak bere burua kokatzeko) edo musikaren eboluzioa norberarengan (gustu musikalak jasan duen garapena denbora igaro ahala).

Red Hot Chili Peppers talde amerikarrak markatzen ari nau azken hilabete hauetan. Lehenagotik eragin zidan. 2002ko udan Zarautzera joan gienen egun batean Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldian lehiatzeko helburuarekin.

Igeriketa zeharkaldi hori Euskal Herrian ospatzen direnen artean garrantzitsuena dela esan daiteke, Tourra bezala kontsideratu daiteke igeriketa munduan. Sari ugari, maila altua, ibilbide gogor eta polita…

Giro izugarri horren barruan sartuta momentu bat dago igerilariok autobus bat hartu behar dugula Zarautzetik irteera punturaino joateko, Getariako portura. Autobusera igotzen garenean hasten gara ohartarazten egingo dugun balentriaz.

Urte hartan By the way kanta irrati guztietan entzuten zen eta autobusera igo nintzenean single hori entzuten zen bozgoragailuetatik. Motibatzeko balio izan zidan momentu hartan.

2006an bere azken lana aurkeztu zuten, Californication bilduma. Talde hori entzuten dudan bakoitzean uda eta egun hura gogoratzen dut. Garai eta oroitzapen onak aurrera egiten laguntzen didatenak.

Gaur egun oso gustura entzuten ditut talde honen kantak eta jatorrak dirudite. Pozez hartu nuen Guggenheim Bilbo museoan egingo zutela diskoaren aurkezpenaren berria. Gainera barre galantak bota nituen kazetariekin hika mikak izan zituztela entzun nuenean.