Etiketaren artxiboa: gasteiz

Eguraldi ona etsai ikasleentzat

Udaberrian gaude orain dela hilabete batetik.
Aipatu nuen negua hotzarekin agurtzen zela. Eta aste santuko oporrak pasa arte
esan dezakegu eguraldia orokorrean oso petrala izan dela.

Baina orain eguraldi ona egiten du. Momentuz
aste osoan zehar eguzkia izan da nagusi Gasteizeko zeruan. Hori ez da oso ona
unibertsitateko ikasleentzat.

Alde batetik irakasle askok ez dute eskatzen
beraien klaseetara joateko. Horrek eta kanpoan eguraldi onak egotea, klaseetara
faltatzearen arrazoi nagusietako bat da. Beste alde batetik gelak asko berotzen
dira, eta giro horretan bat izerditan jartzen da asko gogaituz.

Onartu behar dut alde onak ere badituela
eguraldi honek. Aire librean egoteko eta gauzak egiteko aukera gehiago ditugu.
Baina benetan esaten dizuet ikasleentzako eguraldi hau oso gogorra dela.

Bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzak

Ibilbide berdeak elkarteak hiru ekintza antolatu ditu Gasteizen Gasteiz-Beijing 2008 Olympic games proiektuaren barruan. Ekintzak hauek izango dira:

 

Martxoak 25

Aldarrikapen-Martxa bizikletaz “Bizikleta-eguna: gero eta gehiago gara, erabil ezazu bizikleta”.

Ibilbidea: Gasteiz hiri barneko ibilbidea.

Irteera: Boulevard Merkatalgunea.

Ordua: goizeko 10:30etan.

Helmuga: Andra Mari Zuriaren Enparantza.

Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.

 

Apirilak 22

Bide berdeak “Euskadi eta Nafarroako Angloan Zehar”

Ibilbidea: Gasteiz-Landa-Ulibarri Gamboa-Gasteiz.

Irteera: Boulevard Merkatalgunea.

Ordua: goizeko 9:30etan.

Helmuga: Boulevard Merkatalgunea.

Iraupena: 5 ordu gutxi gora behera.

 

Irailak 9

Eraztun Berdea (Olarizu eta Salburua Parkeetan).

Irteera: Andra Mari Zuriaren Enparantza.

Ordua: goizeko 10:30etan.

Helmuga: Boulevard Merkatalgunea.

Iraupena: 3 ordu gutxi gorabehera.

Atzerritar sentitzen naiz nire unibertsitatean

2006an zapaldu nuen lehenengo aldiz EHUko Filologia, Geografia eta Historia fakultatea unibertsitateko ikasle bezala. Iaz oso gustura egon nintzen pasilo eta gela horietan. Aurten aldiz gauzak asko aldatu dira.

Obrak ari dira egiten gure fakultateko eraikin osoan zehar, eta horregatik gela ugari kendu behar izan dituzte. Ondorioz, historiako klase gehienak Elurretako eraikinera pasa dituzte.

Elurreta eraikina, edo bestela esanda izen anitz dituen eraikina (Las Nieves, Liburutegia, Koldo Mitxelena eraikina…), ez da oso erosoa nire ustez. Fakultateak zuen goxotasun guztia galdu dugu. Gelak handiagoak dira eta akustika oso txarra dute. Irakasleek esaten dutena kosta egiten da ulertzea eta aldiz irakasleek ikasleek esaten dutena ez dute entzuten.

Gustukoago ditut gela txikiak, jende gehiena ezagutzea… Nieves Cano kalean kokatuta dagoen eraikinean adar ezberdineko karrerak elkartzen gara, ingeniaritzako klaseak ematen dira adibidez.

Lehenengo lau hilabetean astearte, ostegun eta ostiraletan fakultatean nituen klaseak, baina orain soilik lau klase ditut. Egun gogorrenak, astelehen eta asteazkenak, Elurretan izaten ditut.

Hala ere, emigrazio honek badu bere alde ona. Ordenagailuak (interneten nabigatzeko aukera) eta liburutegia gertuago dugu.

Hori guztiagatik atzerritar sentitzen naiz nire kanpusean. Ohitu egin gara Elurretara, baina faltan botatzen dugu historialarion fakultatea.

Kirol astebukaera oso ona

Hiru egun hauek kirol munduan murgilduta ibili
naiz. Edo entrenamenduak egiten, edo txapelketetan lehiatzen edo hitz ordu batzuetan
egon naiz.

Ostirala.
Entrenamenduak eta Oñatiko duatloia.

Ostiral goizean bizikletaz irten nintzen
Gasteiz inguruan. Trebiño aldera joan nintzen, lehen aldiz joaten nintzela eta
lurralde polita iruditu zitzaidan bizikletaz ibiltzeko. Haizeak gogor joten
zuen, baina entrenamendu saio polita burutu nuen. Gustura geratu nintzen nire buruarekin.

Arratsaldean Oñatin egon nintzen eta orduan
korrika egitea tokatzen zitzaidan, Olatera joan eta etorri lasai-lasai eta progresioan. Gero Oñatiko
Triatloi Taldeko bilera izan nuen martxoaren 17an jokatuko den Oñatiko 16. duatloia
antolaketa lanak nola zihoazen jakiteko. Dena lotuta dago eta badirudi larunbat
hori egun handia izango dela.

Larunbat
goizean, bizikletan eta Kalaña jarraian.

Goizean entrenatzera irten nintzen Segura
aldera, hankak arnasa hartzeko eta urduritasuna pixka bat kentzeko. Igandean
urteko zita garrantzitsuenetako bateri egingo bainion aurre: Duatloiko
denboraldiaren hasiera.

Bi orduz bizikleta gainean ibili ondoren eta
dutxa on bat hartu ondoren Ibarrara hurbildu nintzen Oñatiko Herriko futbol
txapelketako beteranoetako nire bihotzeko taldea ikustera, Kalañatasaray. Galdu
egin genuan 1-2, baina partidu ona jokatu zuten mutilek, batez ere bigarren zatia
(orduantxe iritsi bainitzen).

Tauk
izugarrizko jokoa erakutsiz garaipena lortzen du.

Berriro Baskoniak garaipen garrantzitsu bat
lortu zuen. Gainera ondo jolastuz eta erakutsiz momentu gozo batean dagoela. Gainera
Real Madrilen porrota Grupo Capitol Valladoliden aurrean ACBko lidergoari
hurbiltzen dio.

Momentu honetan Araban kalitate onena duen
kirola Buesa Arenan ikusi daiteke.

Igandea,
egun handia iritsi da.

Azkenean, hainbeste itxaron eta gero Lasarteko
I duatloian
lehiatu naiz. Banuen gogoa lasterketa hasteko, hala ere taldeko
txapelketetako arropak ez direnez iritsi aitaren kulote bateaz eta Aloñako
Igoerako kamisetaz egin dut lasterketa.

Lehenengo lasterketa zen, emaitza oso
positiboa izan da. Denboraldian inoiz baino azkarrago joan naiz, batez ere
bizikletan. Oso pozik nago eman dudan emaitzarekin eta jadanik gogoa beteta
hurrengo lasterketa egiteko Basaurin.

Portland
txapeldunen ligan aurrera.

Portland-ek bost goleko errenta zuen kontran
europako txapeldunen ligan aurrera egiteko. Egia esateko bigarren zatia ikusi
dut, gol batera jarri denean matxada egiteko. Lortu du, emozio handiarekin eta
joko ikusgarri bateaz Iruñako taldeak iazko txapeldunari, Ciudad Reali, zortzi
goleko errentarengatik irabazi dio.

Zorionak Portland eta segi aurrera!!!

Mugikor gogaikagarriak liburutegietan

Mugikorrak gure bizitzaren parte bilakatu
dira. Eta gaur egungo teknologia aurreratuei esker egunak eman ditzakete itzali
gabe. Leku askotan mugikorra erabiltzea debekatua dago eta horretarako jendeak
amatatu beharrean isilarazi egiten du aparailua.

Liburutegietara joaten den jendearen jarrera
gehienetan hori izaten da, baina oraindik pertsona ugari dago ez duena
mugikorra isilarazten. Errespetu falta bat iruditzen zait isilik egon behar den
leku batean jendeak etxean bezala ibiltzea teknologia hauekin besteekin
pentsatu gabe.

Oso gogaikarria da ikasten edo irakurtzen
zaudela, kontzentrazio altua eskatzen duten ekintzak, jarduera eten behar
izatea pertsona batek sakelekoa isilaraztea ahaztu zaiolako. Are gehiago, gero
eta gehiagotan gertatzen dira horrelakoak, eta hori oso larria dela uste dut.

Oñatin ez hainbeste, baina Gasteizen
Elurretako eraikinaren liburutegian jende ugari ikusi dut lotsagabe mugikorrez
hitz egiten. Bakoitzak egin dezala bere autokritika, nik nire kontzientzia
garbi edukitzeko liburutegira sartzen naizen bakoitzean (edo lekuren batera
mugikorra erabiltzea debekatuta dagoena) nire mugikorra itzali egingo dut.

Elurretan korrika

Pasa den astearte arratsalde-gabean Gasteizeko taldekideekin entrenatzera irten nintzen. Elurra bazegoen, baina gutxi. Egunean zehar elurra jausten egon zen, baina korrika egin genuenerako gelditu zen. Gaur ostera arratsaldean berriro hurbilduko naiz Mendizorrotza ingurura korrikan irteteko.

Elur gehiago dago kalean eta gusturago joango gara, seguruago ere ziur asko. Aldapa goran ez dago arazorik, baina aldapa beheran elurra ez dagoen tokitik zapaldu behar dugu eta gogor gainera. Horrek arrisku txiki bat ekarri dezake, baina berdin du.

Lehengo egunean ordu erdi eskas egin genuen lasai-lasai, baina sentsazioa 50 minutu egin genuena izan zen. Alde on bat du horrek, entrenamendu “mamu” bezala hartu dezakegu eta ondorio zuzenak izango ditu iganderako 10 kilometroko Idiazabaleko lasterketarako.

Gorbeian elurra zapaltzen

Aurten lehenengoz elurra gogor egin du. Bazen ordua, batzuk desesperatuta zeuden jada. Gasteizen bizi naizenez, Oñatin baino aukera gehiago ditut elurra zapaltzeko (teorian). Eta hori aprobetxatuz gaur goizen beste bi lagun eta ni Gorbeiako parke naturalera hurbildu gara.

Gorbeiako gurutzeraino nahi genuen joan. Horretarako badirudi gaur mendizalerik ez dela hurbildu eta guk ireki behar izan dugu bidea, oso harrigarria iruditu zaigun arre, elur pila bat zegoelako. Antza gabean elur ugari bota du.

Hasieran bidea ongi zegoen, baina gora igo ahala esfortzua gero eta handiago zen eta azkeneko metroetan zuhaitzen babesik gabe elur ekaitz bat jotzen zigun alde batetik eta atzera egitea erabaki dugu.

Jaitsieran jausita zegoen txabola baten paretaren kontra jarri gara eta gustura asko hartu ditugu Coca-cola bat, tortilla bat txorizoarekin eta kolakao bero bat. Gero kotxea utzi dugun tokian, Muruan aparkatu dugu, gazta, txorizoa eta mandarinak (Alacantekoak hauek) genituen dastatzeko.

Esan dezakegu, hamaika abentura eta esfortzu ikaragarria egin ostean, goiz on bat pasatu dugula gora iritsi ez harren.

Ostegunak gasteizen

Atzo goizean unibertsitateko kanpus osoan zehar Euskal Herriko unibertsitateen gida 07 banatu zuten. Nik ale bat hartu nuen eta testu grazioso eta sinpatiko bat idatzita zegoen Gasteizeko ostegunei buruz.

“Astelehena, eskola egunetan lehena. Askorentzat herritik ikasle pisura bueltatzeko eguna izan ohi da. Gehienetan asteburuko parrandatik indar berritu gabe, unibertsitatera bueltatzeko eguna, herriko abenturen berri kontatzeko eguna. Klasetik piper egiteko arrazoi sendoen eguna. Lo gura, nagia, alferkeria, azken finean astelehen galanta.

Asteartea, erritmoa hartzen hasi beharrak, eskolek, praktikek, bazkalosteko kafe tertuliak,… ez dute nagikerietako tarterik uzten. Atzo egin gabe utzi genituenak egiteko garaia iritsi da, gaur ez baitago balio duen aitzakiarik.

Asteazkena, gaur ez da ba zineman ikuslearen eguna? Aizu, begira zenezake egunkarian zein filma botatzen duten? Interesgarririk egonez gero, gure pisuan afaritxoren bat presta genezake eta ondoren filma ikustera joan. Zer iruditzen zaizu?

Osteguna, dagoeneko osteguna al da? Zer esango dugu ba: osteguna ikasleon gaua dela. Gaurkoak mila kontutarako parada eman ohi digu: Gasteizko zein Euskal Gerriko txoko ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen digu, sekula ahaztu ez ditugun lagunak egin, hiriko ikasle pisuetako menu ezberdinak dastatu, Gasteizko neguko gau hotzak berotzen lagunduko digun parranda egin, dantzatu, salto egin, besarkatu, musu eman, barre, negar, erori, altxatu,… azken finean GOZATU!

Ostirala……… bufh! Egun latza gero!… Eskerrak arratsaldean herrira bueltatzen naizen.”

Liburuen ehizan

Igande eguerdian Gasteizeko Boulevard merkatal gunean bazkaldu nuen nire gurasoekin. Horren ostean kafe bat hartu genuen eta ondoren dendetako erakuslehioak ikusten bira pare bat egin genion eraikinari.

Beheko pisuan geundela informazio gunean liburu batzuk zeudela ohartu nintzen. Orain dela hilabete batzuk idatzi nuen blog honetan bookcrossing-ari buruz. Ba nazioarteko mugimendu horren barruan jarri behar ditugu igandean ikusi nituen liburu horiek.

Azkenean ehizatu dut aske dagoen liburu bat. Orain interneten erregistratu behar dut eta irakurri ondoren berriro aske uzteko. Lau zeudenez nire aitak beste bat harrapatu zuen.

Ika, ika, ika… Korrika!!!

2006-10-18. Zumarraga-Urretxu 

2006-2007 denboraldia larunbat arratsalde
hartan hasi zen niretako. Ezohiko ordu batetan gainera. Lehenengo aldia izango
zen ordu horretan lasterka egingo nukeena, baina ziur ez azkena.

Hilabete baino eman nuen entrenatzen Gasteizen
lagun talde batekin eta ondorioz nire bizitzako lasterketarik onena burutu
nuen. Zumarragako plazatik Urretxuraino, lau kilometro pasatxoko zirkuitu
bateri bi bira eman ostean.

Bazkaldu berandu egin nuen eta lasterketara
ere berotzeko astirik gabe iritsi nintzen ia. Baina arazoak arazo, kilometroak
pasa ahala gero eta hobeto sentitzen joan nintzen. Azkenean 10 kilometro egin
ondoren 45 minutuko denborarekin bukatu nuen. 4 minutu eta erdi kilometroa.

2006-10-20. Gasteiz hiria

Eta deskantsatzeko betarik gabe ia, hurrengo
egunean eta goizean goiz Gasteiz Hiriko herri lasterketa. Iaz burutu nuena 49
minututan eta asko gustatu zitzaidana.

Beroketa eta lasterketa aurreko egin behar guztiak
arazo barik bete nituen. Hamaiketan hasi zen lasterketa eta 9 kilometroak baino
pixka bat gehiago zituen probak 47 minututan egitea lortu nuen. Erritmo geldoa,
ia 5 minutu kilometroko baina kontutan izanda bezperan hamar kilometro egin
nituela, normalena hori zen.

Armentiara iristea kostatu zitzaidan,
hirugarren kilometrotik aurrera dena gora jotzen baitzuen, baina ez iaz
bezainbeste. Eta hortik aurrera dena aldapa bera zenez, gustura asko disfrutatu
nituen azkenengo kilometroak.

2006-11-04. Orioko herri krossa 

Behobiarako nahi nuen nire gorputza prestatu,
baina dortsalik ez nuenez lortu beste helburu batzuk egiteko prestatuko nitzen:
Gasteizeko maratoi erdia abenduaren 17an. Beraz logikoena litzateke pentsatzea
lehenengo lasterketarekin konparatuta asko ez nuela hobetuko eta beraz
disfrutatzera irten nintzen. 

Orioko herri krossak 10 kilometro zituen, eta
horretarako hiru kilometroko zirkuitu bateri hiru bira eman behar zitzaizkion. Herri
barruan egin zen eta jende izugarri bildu zen, bai parte hartzaileen aldetik
baita ikusleen aldetik ere.

Marka ez nuen beste munduko edozer egin, 46
minutu baino pixka bat gehiago. Baina asko disfrutatu nuen eta horren proba
duzue argazki hau, festak.com web orrialdetik hartua.

Iban II