Aiegiko jaiak 06

Igandea goizeko 11ak. Dani Pedrosak hirugarren lortu du izatea Malasiako Motoetako Sari Handian. Ardantzeko kirol gunean genuen zita. Zertarako? Jurramendira bizikletaz igotzeko.

Aiegiko 2006ko jaien barruko egitarauan lehenengo aldiz egiten zen ekintza bat. Aitak eta biok ados jarri ginen joateko zurrumurru asko jaso baitziren aurreko egunetan. Lehiaketa izango zen, erlojuz kontrako igoera bat… Baina azkenean mendi bizikleta martxa izan zen, helmugan luntx zoragarri batekin.

Nire zorionik beroenak Saltamontes mendi bizikleta taldekoei beraien burutazioarengatik. Eta datorren urtean ahal badut berriro ere parte hartuko dudala ziurtatuta daukat. Bai lehiaketa izanda baita martxa bat izanda ere.

Oporretan gora eta behera

Ezin naiz kexatu (asko). Orain dela aste bat lanean nengoen igerilekuan sorosle bezala. Ez zuen hainbeste bero egiten eta jende ugari ere ez zegoen. 30eko arratsaldean hasi nituen hain gogoko eta merezita nituen oporrak.

Aste osoan zehar gora eta behera ibili naiz. Gaur esaterako Gasteizen nengoen goizean, Lizarrara joan beharra izan dut pare bat gauza egitera eta Oñatira etorri naiz familia bisitatzera.

Gora eta behera goiz osoan zehar. Arazoa da autoak ez duela aire egokiturik. Eguraldi honekin bidaiak izerdi patsetan igarotzen ditut. Baina nik bizitza alde onetik begiratzen diodanez, zortea dudala pentsatzen dut, beste batzuek oraindik ez dutelako automobilik.

Bihar ere antzerako eguna izango dut. Gasteizera igo behar naiz bizikletan entrenatzera, aste bukaeran 24 orduko proba bat dudalako. Zorionez han geratuko naiz gaua igarotzera.

9 hilabete

Urrun gelditzen da Irailaren 18a. Goiz hartan Gasteizera iritsi nintzen unibertsitateko ikasketak hasteko asmoarekin. Egun ona izan zen hura, hamaiketan aurkezpena eta beste guztia nire betebeharretara.

Dagoeneko denbora asko eman dut hiria ezagutzeko, oraindik zonalde batzuk ezezagunak izan arren. Eta leku ugaritara joateko aukera ere izan dut: Santa Maria Katedrala, Naipes museoa, Armeria museoa, Boulevard merkatal gunea…

Unibertsitatean gustura sentitzeko aukera ere izan dut. Ikasgaiak orokorrean atsegin zaizkit (bat edo beste gehiago edo gutxiago). Baina orokorrean kurtso positibo bat izan dudala uste dut. Orain ekaineko azterketak datoz eta uste dut ondo egingo ditudala.

Orain udara dator, deskonektatzeko garai aproposa. Hala ere azken bi urteetan bezalaxe lan egin beharko dut, beste batzuk bere oporrak disfruta dezaten (kar, kar). Dirua ez zait batere gaizki etorriko kurtso berrirako, baina horiek hitz potoloak dira oraindik.

Lagun ugari egin ditut, gauza berri asko ikasi ditut eta hiri on baten bizi naiz. Pozik nago.

Astebukaera Lizarraldean

Astebukaera honetan Aiegin egon naiz. Lizarra hiritik hurbil dagoen herri txiki bat. Bertan ostiral gabean iritsi nintzen eta gaur eguerdira arte bertan egon naiz.

Larunbat goizean EGA-ko azterketa idatzia egin nuen. Euskal Autonomia Erkidegoan baino errazagoa, nire ustez. Gaindituko dudan? Maiatzaren 30ean jakingo dut emaitza.

Hori bukatu ostean nire gauzak egitera jardun naiz. Hasteko Bartzelonako Bat Formulako saria jokoan zen, beraz larunbatean eta igandean bi saioak ikusi ditut, pole positionarengatiko borroka eta lasterketa. Baina hori nola bizi izan dudan bihar kontatuko dut.

Beste alde batetik Sidney Tarrow-en El poder en movimiento hari naiz irakurtzen, eta egun hauetan orrialdea batzuk aurreratu ditut.

Eta azkenik unibertsitateko ikasketetan buru belarri sartu naiz. Dagoeneko azken zuzengunean gaude azterketak hasi baino lehenago.

Ikusten duzuenez astebukaera konpleto bat eduki dut. Eta oraindik bi egun falta zaizkit, bihar eta etzi irakasleek greba egin behar baitute EHUn.

Aloñako II. igoera

Gaur goizean “Aloñako bigarren igoera”:http://aloinakoigoera.webcindario.com/ jokatu da. 254 korrikalari elkartu gara Oñatiko plazan. Hamar eta erdietan minutuko isilune bat egin ondoren lasterketari hasiera eman zaio. Irabazlea, lehengo urteko berbera, Ionut Zinca gizonezkoetan, nesketan uste dut baita ere, Alicia Olazabal.

Lasterketa oso polita izan da. Ibilbide guztia jendez gainezka zegoen. Lau leku aipatzeko, Urtiagain, Belar, Aloñako gaina eta plaza. Gainera edari eta janari horniketa nahikoa zegoen eta antolatzaileek beraien lana txukun egin dute.

Txalotzekoa da animuak ematera hurbildu diren guztiei eta proba egin ahal izateko mugitu diren jende guztia. Eta masaje zerbitzua lasterketaren ondoren dohainik izatea ideia paregabea iruditzen zait antolatzaileen aldetik.

Nire partetik zorionik beroenak eta eskerrak hain proba ederra, zailtasun handiak ematen dituena hainbeste jenderekin, hain ongi antolatzeagatik.
Beste aldetik, esan beharra daukat ia bi ordu behar izan ditudala proba amaitzeko. Helburua bete dut eta pozik nago. Oso gogorra izan da, bai igoera baita jaitsiera ere. Baina jaitsiera gutxiago kostatu zait, ez baitago indarrik egin behar.

Igotzerakoan Urtiagaineraino beroarengatik nahiko gogorra egin zait, baina ibilbide osoko zatirik errazena zenez erraz egin dugu.

Hortik aurrera hasten zen benetako igoera. Belarreraino igotzea asko kosta zait, baina lortu dut eta atseden txiki baten ondorioz seigarren kilometrotik gaineraino berriro sufritzea tokatu izan zait. Baina ez zen hain gogorra.

Jaitsierak esfortzua eskatzen zuen. Baina lasterketa erdia igarota, burua amaieran izan dut. Pentsamendu positiboz josita nuen burua. Eta tipi tapa, tipi tapa Oñatiraino jaitsi naiz. Poz pozik gurutzatu dut helmuga.

Eguraldiak lagundu digu. Agian urtiagainera iritsi arte ez da batere ona izan bero zapa, baina metroak igotzen joan ahala haizea gero eta bortitzago zebilen eta horrek lagundu egin digu hainbeste bero ez edukitzeko.

Aurtengoz hori izan da guztia. Datorren urtean animu berdinarekin irtengo naiz lasterketa txiki baina handi onetara. Eskerrik asko alboan izan zareten guztioi. Zuen laguntzarik gabe amets txiki hau ez zen posible izango.

Lurraldebus edo Pesa

Azken aste hauetan askotan bidaiatzen dut Gasteizetik Oñatira eta alderantziz. Astearte eta ostegunetan ez dut klaserik edukitzen eta hori aprobetxatuz automobileko gidabaimena ateratzen saiatzen ari naiz.

Oñatira iristeko Gasteizetik edo nire herritik Arabako hiriburura iristeko betik bi autobus hartu behar izaten ditut eta bidaiaren iraupena ordu eta erdikoa da.

Orain dela gutxi Arrasaten hartzen nuen autobusa Oñatira joateko (eta alderantziz) Pesa konpainiakoa zen. Baina ibilgailuak izenez aldatu dira. Orain Lurraldebus daramate aldamenetan ohiko Pesa-ren ordez. Zerbitzua berbera da. Iraupenaren aldetik ere ez da egon aldaketarik. Prezioen aldetik igotzen jarraitzen dute, orain dela gutxi % 5 (KPI-aren gainetik, lapurreta egun argian). Oradin txarteletan Pesa enpresaren izena jarraitzen du. Beraz nire galdera hauxe da: zergatik izen aldaketa ia ezer ez baldin bada aldatu?

Ia ezer. Horretan ezin hanka sartu. Uste dut, eta ez banago oker, Lurraldebus autobusak berriak direla. Baina hala ere nire ustez ez zuten autobusek hobetu behar, zerbitzuek baizik.

Ez delako normala bidaiaren erdian gidariz aldatzea, hori normalagoa da geldialdi batean egitea. Adibidez. Edo norbaitek normal ikusten al du denda batean dendari batek laguntzea zerbait aurkitzen eta hortik bost minututara esatea: joan beharra daukat, hemendik gutxira nire bitartekoa etorriko da eta hark lagunduko dizu, non ikusi da hori? Inon ez, nire ustez.

Tarbes gogoan

Orain dela urte batzuk Aloña Mendiko igeriketa taldean nengoela txapelketa ugari genituen han eta hemen. Urtean bat nahiko berezia zen, Tarbesekoa alegia. Alde batetik atzerrira irteten ginelako, Frantziara, eta beste alde batetik igerileku olinpiko baten ospatzen zelako.

Egun hauetan bueltaka nabil egun horiek gogoratzen. Atzo joan zen berriro delegazio txiki bat gure herriaren izena jakitera ematera. Iragan urtean, oraindik kirol hau praktikatzen nuenean, joateko aukera ez nuen izan azterketen kontuagatik.

Oso giro onean pasatzen genuen astebukaera. Talde bezala hotel baten igarotzea hiru egun guretako gauza berri bat zen. Bizitzan gutxitan pasatzen direnen gauzen artean sartuko nuke esperientzia hau.
Nire garaian gainera Bergarako taldearekin batera joaten ginen. Horretarako beraz autobus handi bat alokatzen genuen. Ez badut gaizki gogoratzen lauzpabost ordu irauten zuen bidaiak, hamaika gauza bururatzen zitzaizkigun ez aspertzeko. Denetarik egiten genuen: xakean jokatu, aldizkariak irakurri, pelikulak ikusi…

Momenturik onena nire ustez larunbat arratsaldea zen. Larunbat jardunaldia bukatu ondoren hotelera joaten ginen eta afaldu baino lehenago bagenituen ordu batzuk libre nahi genuena egiteko.

Frantziako telebistan soilik gure intereserako Eurosport katea zegoen. Eta hor berriro agertzen ziren gure burutazioak monotonian ez jauzteko.

Gainera talde nahiko kosmopolita ginen edadearen aldetik. Generazio desberdinak elkartzen ginen. Kepa Aranbururekin joanda nago (nire baino 4 urte zaharragoa), adibide bat jartzearren.

Txapelketari dagokionez, igerileku olinpiko baten izatean emaitzak ez ziren gure onenak. Baina gogo guztiak uretan uzten genituen.

Nire modalitatea distantzia luzea zen, lehenengo urtean 1500 eta 400 krol egin nuen, 200 bizkar erako proban ere aritu nintzen. Eta bigarrengoz 1500, 400 eta 200 krol egin nuen.

Esan dezaket oroitzapen onak ekartzen dizkidala hiri hori. Eta tourreko etaparen bat hortik igarotzen baldin bada, begiminez ikusten dut egun hori.

Su-etena

Iritsi zen askok eta askok itxarondako notizia. Gehienentzat pozgarri bihurtu zen eguneko berria izan zen atzo eguerdikoa. ETAk su eten bat abiatuko zuela martxoaren 24an.

Ikasle munduan notizia azkar zabaldu zen. Eta oro har ere nahiko azkar ibili zen jendea bata besteari esanaz zer gertatu zen. Telebistak eta internet egiten dutena gaur egun ez du konparaziorik orain dela hogeita bost urteko komunikabideekin.

Leku guztietan pil-pilean zegoen gai bat zen. Kalean beste aire desberdin bat arnasten dela ematen du. Orain ondorioak ateratzeko garaia baino, lana hasteko garaia dela uste dut. Ondorioak eta hausnarketak egiteko denbora soberan dago. Baina lana egin behar da, poliki eta ondo.

Arkeologia historikoan esaldi esanguratsu bat irakatsi zidaten. Datu guztiak bildu ondoren eta aztarnategian lana bukatutzat ematen denean, orduantxe hasten da benetako arkeologia.

Hori gertatu da, hala dirudi, bake prozesuarekin. Irlandan gertatu zen bezala, orain da momentua prozesua habian jartzeko. Eta herritar guztiok egon behar dugu zaku berdinean sartuta.

Espero dut atzokoa amaiera polit baten hasiera izango zela.

Eskerrik asko Goienkariari

Ostirala sorpresatzat hartu nuen nire iritzi artikulu bat Ostiraleko Goinekarian ikustean. Fernando Alonsori buruzko idatzia iritzi atalean azaldu zen. Banekien lehenagotik ere goiena.net-eko blog komunitatean idazten diren pasarte batzuk ostiralero agertzen den egunkarian agertzen zirela.

Ez nuen batere espero. Alde batetik idatzi egiten dut gustuko dudalako eta ez obligazio bat bezala, gainera Nire etxeko leihoa adrenalina soltatzeko tresna bezala erabiltzen dut batzutan. Eta beste alde batetik ez nuelako halako artikulu bat Goienkariko orrietan agertzea espero. Hori bai, beti amets egin dut nire izena orrialde horietan ikustea. Horregatik eskertu nahi diet Goienkarian jarduten duten guztiei artikulua plazaratzea. 19.000 aletan hamaika pertsonak nire artikulua irakurri ahal izatea nolako sentimenduak sortzen didan deskribaezina da.

Eskerrik asko guztioi!!! Idazten jarraituko dudala zin egiten dut, eta beti ahal dudan ondoen. Hurrengora arte!

Fernando Alonso

Atzo hasi zen Bat Formulako 2006ko denboraldiko munduko txapelketa. Urteak joan urteak etorri beti goiz jaiki behar ginen urteko lehenengo lasterketa ikusteko, Australian ospatzen baitzen. Baina aurten hori aldatu egin da, beste gauza asko bezala. Bahrein-eko basamortuan hasi zen ekitaldi berria. Eta a zer nolako denboraldia ikusiko dugun. Uste dut azken urteetako onenetakoa izango dela.

Atzo Fernando Alonsok eta Renault-ek erakustaldi bikaina eman zuten. Pilotuak bere abilezia erakutsiz gidatzerakoan eta taldeak estrategia bikain bat prestatuz garaipena eskura uzteko asturiarrari.

Larunbatean hasi zen benetako zirkua habian. Hor ikusi genuen denboraldi honetako nobedadeetako bat. Kalifikazio sistema. Hasieran korapilotsu samarra dirudiena baina ondo azalduta egonda erraz ulertzen dena. Lehenengo sorpresa ikusi genuen, Raikkonen lehenengo txandan kanpoan geldituta eta igandeko lasterketa azken postuan irten beharra ikustean bere burua. Eta Michael Schumacher alemaniarraren pole position-a lortu zuenean denok nahiko harrituta geratu ginen. Bere bizitzako 65. errekor berri bat ezarriz. Airton Senna brasildarra berdinduz.

Eta iritsi zen lasterketarako eguna. Alonso laugarren tokitik irteten zen, baina hori ez zen izan eragozpen lehenengo bihurgunetan kaisser-aren atzean jartzeko, bigarren postuan. Eta orduantxe hasi ziren estrategia planak lantzen. Pit stop-etan erabakiko zen dena.

Bigarren geldialdian Alonso eta Schumacher berdinduta irten ziren, baina alde ona lehenengoak hartu zuen. Hor egon zen asturiarraren garaipenaren gakoa. Hurrengo 18 biratan alemaniarra zuen atzetik baina hau ez zen Imola, kasu honetan biak berdin zihoazen.

Azkenean Fernando lehenengo, Michael bigarren eta Kimi harrigarri bat hirugarren. Ondorioak ateratzeko garaian ikusi daiteke aurtengo txapelketa ez dela izango birena bakarrik, eta kotxe fidagarrienak irabaziko duela ziurtatu genezake.

Ea datorren astean horrelako antzerako beste ikuskizun polit bat ikusteko aukera dugun. Pena mereziko du goiz jaikitzea igande batean.

Gustatu zitzaidan : Alonsoren pozak adierazteko era, Nico Rosberg gidari alemaniarraren birarik azkarrena eta larunbateko kalifikazioa.

Ez zitzaidan gustatu : Gauza ugari. Ide, Coulthard, Toyota, Barrichello, Montoya, Massa… Batzuk ez dutelako kalitaterik Bat Formula bat gidatzeko eta beste batzuk ez zutelako eman beren maila onena. Publiko eza ere aipatzekoa da, argi ikusi zen gauza ugari diru kontua dela soilik. Telebistako errealizazioa zer esanik ez…

Anekdota bitxi bat : Bahrein-en irabazten duen pilotuak ondoren munduko txapeldun bihurtzen da. Bestela ikusi zer gertatu den azken bi urte hauetan 🙂