Etiketa honen artxiboa: aktualitatea

Su-etena

Iritsi zen askok eta askok itxarondako notizia. Gehienentzat pozgarri bihurtu zen eguneko berria izan zen atzo eguerdikoa. ETAk su eten bat abiatuko zuela martxoaren 24an.

Ikasle munduan notizia azkar zabaldu zen. Eta oro har ere nahiko azkar ibili zen jendea bata besteari esanaz zer gertatu zen. Telebistak eta internet egiten dutena gaur egun ez du konparaziorik orain dela hogeita bost urteko komunikabideekin.

Leku guztietan pil-pilean zegoen gai bat zen. Kalean beste aire desberdin bat arnasten dela ematen du. Orain ondorioak ateratzeko garaia baino, lana hasteko garaia dela uste dut. Ondorioak eta hausnarketak egiteko denbora soberan dago. Baina lana egin behar da, poliki eta ondo.

Arkeologia historikoan esaldi esanguratsu bat irakatsi zidaten. Datu guztiak bildu ondoren eta aztarnategian lana bukatutzat ematen denean, orduantxe hasten da benetako arkeologia.

Hori gertatu da, hala dirudi, bake prozesuarekin. Irlandan gertatu zen bezala, orain da momentua prozesua habian jartzeko. Eta herritar guztiok egon behar dugu zaku berdinean sartuta.

Espero dut atzokoa amaiera polit baten hasiera izango zela.

Eskerrik asko Goienkariari

Ostirala sorpresatzat hartu nuen nire iritzi artikulu bat Ostiraleko Goinekarian ikustean. Fernando Alonsori buruzko idatzia iritzi atalean azaldu zen. Banekien lehenagotik ere goiena.net-eko blog komunitatean idazten diren pasarte batzuk ostiralero agertzen den egunkarian agertzen zirela.

Ez nuen batere espero. Alde batetik idatzi egiten dut gustuko dudalako eta ez obligazio bat bezala, gainera Nire etxeko leihoa adrenalina soltatzeko tresna bezala erabiltzen dut batzutan. Eta beste alde batetik ez nuelako halako artikulu bat Goienkariko orrietan agertzea espero. Hori bai, beti amets egin dut nire izena orrialde horietan ikustea. Horregatik eskertu nahi diet Goienkarian jarduten duten guztiei artikulua plazaratzea. 19.000 aletan hamaika pertsonak nire artikulua irakurri ahal izatea nolako sentimenduak sortzen didan deskribaezina da.

Eskerrik asko guztioi!!! Idazten jarraituko dudala zin egiten dut, eta beti ahal dudan ondoen. Hurrengora arte!

Kinttuak

2006ko kinttuak pasatu dira. Aurten gainera nobedade eta guzti. Neskak eta mutilak elkarrekin kantatzen aritu dira. Igandean eduki zuten beraien egun handia. 1988an jaiotakoak kalez kale ibili ziren Santa Agedari abesten.

Ika mika ugari sortzen duen gai bat da kinttuena. Galdera ugari sortzen dira beraien inguruan eta jende ugarik gaizki ikusten ohitura hau. Alde batetik soldaduska dagoeneko ez delako derrigorra eta beste alde batetik gauza ugari puskatzen dituztelako. Lehenengo argudioarekin hasiko naiz. Ados soldaduska dagoeneko ez dela derrigorrezkoa, baina zergatik ez ikusi kinttuan ohitura beste festa baten moduan? Nik horrela ikusten dut. Eta seguru nago askok eta askok ez dutenak Santuetan eta Amabirginetan sinisten abuztuak 15ean jai hartuko dutela.

Zergatik egun hori jai eta kinttuena ez? Ez al dira bi ohitura?

Bigarren argudioari buruz esan behar dudana da denak garela bekatariak. Denok puskatu dugu noizbait zerbait. Ez gara izan txintxo txintxoak jaio izan garenetik. Edo gaurko autopistek ez al dute natura puskatzen eta guk erabili egiten ditugu?

Gainera esan beharra dago, kinttoen ondorengo astelehenean puskatuta agertzen diren gauza guztiak ez dira kolektibo honengatik egindakoak. 10.711 biztanle ditu Oñatik. Edonor izan daiteke erruduna. Eta esperientzak laguntzen nau esaldi honetan.

Horregatik herritarrei dei bat luzatu nahi diet esanez kinttoei uzteko bakean eta festara gehitzeko. Eta zerbait gertatzen baldin bada, pertsona batzuk daude beraien lana dena gauzak normal joatea.

PostData: Eta ez dezagun dena bola berdinean sartu. Esaldi maltzur ugari entzuten baitira, adibidez, “Kinttuak ez dakozue errespetorik”. Kintto denak edo batzuk? Horrelakoak ez gertatzeko bakoitza berera. Edo ez?

Tabakoaren Aurkako Legea

Gaur eguerdian ogia erostera joan naiz, okindegi-kafetegi horietako batera. Atean *Aquí se puede fumar* idatzita agertzen zen nota batean. Atea ireki dudanean jendean hasi naiz erreparatzen, zigarroak erretzen ari zirenak zeuden. Eta harritzekoa bada ere, umeak ere. Legea hausten duten faktorea momentu horretan. Tabakoaren Aurkako Legearen arabera 16 urtetik beherako inor ezin daiteke egon erretzen uzten duten kafetegi edo tabernetan. Lau zeuden.

Lege hau % 100 betetzea oso zaila izango da. Denok jarri beharko dugu zerbait gure partetik, bestela goi agintariek agindu dutena ez baldin bada betetzen, etorkizun batean aldaketak ezartzeko zailtasun handiak egongo dira.

Elurra!

Tenperaturak zero azpitik. Elurra 600 metrotik gora. Negua… hilabete falta da oraindik. Gaur egungo egoera hori da. Eta ni Gasteizen bizi naiz!

Pasa den ostegunetik eguraldia asko hoztu zen, baina ostiral gabetik aurrera are okerrago bilakatu zen. Baina astebukaeran ez naiz gelditu hirian, Lizarrara etorri naiz lasaitasun bila. Hori bai, bihar bueltatu egingo naiz klaseak ditudalako. Eta eguraldi iragarpena ez da ona. Ea zortea dugun eta ez duen hainbesterainoko hotza egiten… Gainera astearte eta ostegun arratsaldetan entrenamenduak. Eguraldi txarra egiten duelarik ere, korrika egin behar da. San Silbestrerako prestatu beharra dago, kar kar.

Beno, gaurkoz banoa. Bihar unibertsitatetik idatziko dizuet. Liburutegian bero egoten baita. Agurrr!!!

Gipuzkoako Aldundia eta blogak

Gipuzkoako Aldundiak DV-rekin blog lehiaketa bat atera zuen. Hasiera batean erdara hutsez izatea erabaki zen. Baina hori ez zen gauza bakarra izan. Aldundiak blog euskaldunen aitzindaritza egunkariari eman zion, eta hori guztiz faltsua da. Blog euskaldunak sustatun hasi baitziren. Ondoren eibar.org-ek zerbitzu publiko bezala eman zuen eta goiena.net-ekoek otsailean hasi zuten ekimen hau.

Hori denagatik nire kexa aditzera ematen dut. Gipuzkoako Aldundira bidali den eskutitzean nire izena jartzeko baimena eman dut guztiz ados nagoelako gutunarekin. Komunitateko blogari gehienko baiezkoa eman diogu eskutitzari.

Gutuna irakurtzea nahi baldin baduzu, jarraitu irakurtzen. Goiena.net-eko blogariok bidali diogun bloga Gipuzkoako Aldundiari:

Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen El Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. http://blogs.diariovasco.com/ Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DV-rekin ezkondu zen.

Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez: Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako; edo saritzea nahi zutelako blog onena, baina horretarako ezinbestekoa zelako blog hori Diariovasco.com-en egitea; edo, oro har, aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.

Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DV-ri emateko ez daukan aitzindaritza. Eta hori ez diogu onartuko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du E-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jardunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Press-eko ordezkari bat, eta beste bat DV-koa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DV-ren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio: ³Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs².

Blogei dagokienez, hori ez da egia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DV-k badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu, 2001ean kaleratu zela, Code&Syntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. Goiena.net-ek 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela bere blog komunitatea Koldo Mitxelena kultura gunean, Donostian. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. BainaŠ, hor egon liteke aitortu gabeko koska Gipuzkoako Diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudelako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.

Bada beste bidegabekeria bat egin duena Gipuzkoako Diputazioak eta da hauxe: asko gara gaudenak izena emanda e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Oraingo astean etorri denak, konpentsatzeko-edo, berritasunetan zekarren lotura bat: Goiena.net. Berritasuna, non eta 2003ko udazkenetik dabilenean ekimen hau sarean!. Nola hartuko gaituzte kontuan Deba ibarrean, San Vicente de la Barqueraren parean… Horientzat Gipuzkoa hasten da DV-ko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu eta izan dezala errespetu apur bat punta-puntako teknologia erabiliz euskarazko ekimen berriak bultzatzen dihardutenekiko.

Joxe Aranzabal, ŒEibar.Org¹ eta ŒGoiena.Net¹ komunitateetako blogarien izenean

Maiatzak 24

Emakumeareen mundu martxa Euskal Herrira iritsiaz batera, blog hau sarean jarri da. Goiena.net -eko globosferan blog bat bat gehiago dago.

Eskerrak eman nahi dizkiet Ibaneri eta Maiderreri, beraiek irakatsi baitzidaten zelan editatu blog batean. Eskerrak baita ere diseinatzaileari (barkamena eskatzen diot ez dakidalako bere izena) head polit eta elegante bat egin didalako. Eta irakurleei, batez ere Leire Kortabarriari eta Iban Aranzabaleri, lehenengo erantzunak ematearren.

Ezin dut daukadan poza hitzez azaldu. Esker mila.

Post data: Badirudi mundua Iban-ez dagoela josita (Ikastaroan hiru gizonezkoetatik hirurak ginen Iban eta jaso ditudan erantzun bietatik, gizonezkoa ere Iban deitzen da).