Fernando Alonso

Atzo hasi zen Bat Formulako 2006ko denboraldiko munduko txapelketa. Urteak joan urteak etorri beti goiz jaiki behar ginen urteko lehenengo lasterketa ikusteko, Australian ospatzen baitzen. Baina aurten hori aldatu egin da, beste gauza asko bezala. Bahrein-eko basamortuan hasi zen ekitaldi berria. Eta a zer nolako denboraldia ikusiko dugun. Uste dut azken urteetako onenetakoa izango dela.

Atzo Fernando Alonsok eta Renault-ek erakustaldi bikaina eman zuten. Pilotuak bere abilezia erakutsiz gidatzerakoan eta taldeak estrategia bikain bat prestatuz garaipena eskura uzteko asturiarrari.

Larunbatean hasi zen benetako zirkua habian. Hor ikusi genuen denboraldi honetako nobedadeetako bat. Kalifikazio sistema. Hasieran korapilotsu samarra dirudiena baina ondo azalduta egonda erraz ulertzen dena. Lehenengo sorpresa ikusi genuen, Raikkonen lehenengo txandan kanpoan geldituta eta igandeko lasterketa azken postuan irten beharra ikustean bere burua. Eta Michael Schumacher alemaniarraren pole position-a lortu zuenean denok nahiko harrituta geratu ginen. Bere bizitzako 65. errekor berri bat ezarriz. Airton Senna brasildarra berdinduz.

Eta iritsi zen lasterketarako eguna. Alonso laugarren tokitik irteten zen, baina hori ez zen izan eragozpen lehenengo bihurgunetan kaisser-aren atzean jartzeko, bigarren postuan. Eta orduantxe hasi ziren estrategia planak lantzen. Pit stop-etan erabakiko zen dena.

Bigarren geldialdian Alonso eta Schumacher berdinduta irten ziren, baina alde ona lehenengoak hartu zuen. Hor egon zen asturiarraren garaipenaren gakoa. Hurrengo 18 biratan alemaniarra zuen atzetik baina hau ez zen Imola, kasu honetan biak berdin zihoazen.

Azkenean Fernando lehenengo, Michael bigarren eta Kimi harrigarri bat hirugarren. Ondorioak ateratzeko garaian ikusi daiteke aurtengo txapelketa ez dela izango birena bakarrik, eta kotxe fidagarrienak irabaziko duela ziurtatu genezake.

Ea datorren astean horrelako antzerako beste ikuskizun polit bat ikusteko aukera dugun. Pena mereziko du goiz jaikitzea igande batean.

Gustatu zitzaidan : Alonsoren pozak adierazteko era, Nico Rosberg gidari alemaniarraren birarik azkarrena eta larunbateko kalifikazioa.

Ez zitzaidan gustatu : Gauza ugari. Ide, Coulthard, Toyota, Barrichello, Montoya, Massa… Batzuk ez dutelako kalitaterik Bat Formula bat gidatzeko eta beste batzuk ez zutelako eman beren maila onena. Publiko eza ere aipatzekoa da, argi ikusi zen gauza ugari diru kontua dela soilik. Telebistako errealizazioa zer esanik ez…

Anekdota bitxi bat : Bahrein-en irabazten duen pilotuak ondoren munduko txapeldun bihurtzen da. Bestela ikusi zer gertatu den azken bi urte hauetan 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude