Tenperatura hotzak negua amaitzeko

Harrigarria badirudi ere 2006-2007ko negua elurrarekin agurtuko da. Zaila da sinestea egingo duen eguraldia aste honetan, orain dela egun gutxi udako arropekin entrenatzen nuen.

Astelehen eta ostegunean bizikletan ibili nintzenean goiko zatia manga motzekoa neraman eta asteazken eta ostegunean arratsaldez korrika fraka eta kamiseta motzekin egiten nuen lasterka.

Aste honetan ematen duenez hotz egingo du eta tenperaturak izugarri jaitsiko dira. Tenperatura aproposa etxean goxo-goxo egoteko. Hori bai, planeatuta nituen entrenamenduak babesean egin beharko ditut, baina hala ere ostegunean eguraldia ez baldin bada izaten txarra Armentiako basoa joango naiz elurretan korrika egitera.

Atzerritar sentitzen naiz nire unibertsitatean

2006an zapaldu nuen lehenengo aldiz EHUko Filologia, Geografia eta Historia fakultatea unibertsitateko ikasle bezala. Iaz oso gustura egon nintzen pasilo eta gela horietan. Aurten aldiz gauzak asko aldatu dira.

Obrak ari dira egiten gure fakultateko eraikin osoan zehar, eta horregatik gela ugari kendu behar izan dituzte. Ondorioz, historiako klase gehienak Elurretako eraikinera pasa dituzte.

Elurreta eraikina, edo bestela esanda izen anitz dituen eraikina (Las Nieves, Liburutegia, Koldo Mitxelena eraikina…), ez da oso erosoa nire ustez. Fakultateak zuen goxotasun guztia galdu dugu. Gelak handiagoak dira eta akustika oso txarra dute. Irakasleek esaten dutena kosta egiten da ulertzea eta aldiz irakasleek ikasleek esaten dutena ez dute entzuten.

Gustukoago ditut gela txikiak, jende gehiena ezagutzea… Nieves Cano kalean kokatuta dagoen eraikinean adar ezberdineko karrerak elkartzen gara, ingeniaritzako klaseak ematen dira adibidez.

Lehenengo lau hilabetean astearte, ostegun eta ostiraletan fakultatean nituen klaseak, baina orain soilik lau klase ditut. Egun gogorrenak, astelehen eta asteazkenak, Elurretan izaten ditut.

Hala ere, emigrazio honek badu bere alde ona. Ordenagailuak (interneten nabigatzeko aukera) eta liburutegia gertuago dugu.

Hori guztiagatik atzerritar sentitzen naiz nire kanpusean. Ohitu egin gara Elurretara, baina faltan botatzen dugu historialarion fakultatea.

Kirol astebukaera oso ona

Hiru egun hauek kirol munduan murgilduta ibili
naiz. Edo entrenamenduak egiten, edo txapelketetan lehiatzen edo hitz ordu batzuetan
egon naiz.

Ostirala.
Entrenamenduak eta Oñatiko duatloia.

Ostiral goizean bizikletaz irten nintzen
Gasteiz inguruan. Trebiño aldera joan nintzen, lehen aldiz joaten nintzela eta
lurralde polita iruditu zitzaidan bizikletaz ibiltzeko. Haizeak gogor joten
zuen, baina entrenamendu saio polita burutu nuen. Gustura geratu nintzen nire buruarekin.

Arratsaldean Oñatin egon nintzen eta orduan
korrika egitea tokatzen zitzaidan, Olatera joan eta etorri lasai-lasai eta progresioan. Gero Oñatiko
Triatloi Taldeko bilera izan nuen martxoaren 17an jokatuko den Oñatiko 16. duatloia
antolaketa lanak nola zihoazen jakiteko. Dena lotuta dago eta badirudi larunbat
hori egun handia izango dela.

Larunbat
goizean, bizikletan eta Kalaña jarraian.

Goizean entrenatzera irten nintzen Segura
aldera, hankak arnasa hartzeko eta urduritasuna pixka bat kentzeko. Igandean
urteko zita garrantzitsuenetako bateri egingo bainion aurre: Duatloiko
denboraldiaren hasiera.

Bi orduz bizikleta gainean ibili ondoren eta
dutxa on bat hartu ondoren Ibarrara hurbildu nintzen Oñatiko Herriko futbol
txapelketako beteranoetako nire bihotzeko taldea ikustera, Kalañatasaray. Galdu
egin genuan 1-2, baina partidu ona jokatu zuten mutilek, batez ere bigarren zatia
(orduantxe iritsi bainitzen).

Tauk
izugarrizko jokoa erakutsiz garaipena lortzen du.

Berriro Baskoniak garaipen garrantzitsu bat
lortu zuen. Gainera ondo jolastuz eta erakutsiz momentu gozo batean dagoela. Gainera
Real Madrilen porrota Grupo Capitol Valladoliden aurrean ACBko lidergoari
hurbiltzen dio.

Momentu honetan Araban kalitate onena duen
kirola Buesa Arenan ikusi daiteke.

Igandea,
egun handia iritsi da.

Azkenean, hainbeste itxaron eta gero Lasarteko
I duatloian
lehiatu naiz. Banuen gogoa lasterketa hasteko, hala ere taldeko
txapelketetako arropak ez direnez iritsi aitaren kulote bateaz eta Aloñako
Igoerako kamisetaz egin dut lasterketa.

Lehenengo lasterketa zen, emaitza oso
positiboa izan da. Denboraldian inoiz baino azkarrago joan naiz, batez ere
bizikletan. Oso pozik nago eman dudan emaitzarekin eta jadanik gogoa beteta
hurrengo lasterketa egiteko Basaurin.

Portland
txapeldunen ligan aurrera.

Portland-ek bost goleko errenta zuen kontran
europako txapeldunen ligan aurrera egiteko. Egia esateko bigarren zatia ikusi
dut, gol batera jarri denean matxada egiteko. Lortu du, emozio handiarekin eta
joko ikusgarri bateaz Iruñako taldeak iazko txapeldunari, Ciudad Reali, zortzi
goleko errentarengatik irabazi dio.

Zorionak Portland eta segi aurrera!!!

Meme bateri erantzuna

Nahikari Ayo getxotarrak bota dit erronka niri
buruz bost gauza kontatzeko. Benetan gauza zaila, niri buruz hitz egitea lotsa
ematen didalako, baina saiatuko naiz ahalik eta hobekien egiten.

  1. Batxilergo teknologikoa hasi nintzen egiten, baina ez nuenez
    arrakastarik izan, lehenengo urtea ez nuelako gainditu, humanistikora
    pasatzea erabaki nuen. Hortik bi urtera gainditu nuen batxilergoa eta
    orain historia ari naiz ikasten Gasteizeko Euskal Herriko Unibertsitate
    publikoan.
  2. Futbola asko ez zait gustatzen, baina txikitatik izan naiz talde txikien
    jarraitzailea. Denboraldi batez Extremadura taldeko jarraitzaile egin nintzen
    lehenengo mailara igo zenean eta Mallorcarekin antzerakoa gertatu
    zitzaidan. Gaur egun berdina ez dut egiten, gustuko dudalako baliabide
    gutxi duten taldeek arrain handiak jaten dituztela ikustea.
  3. Iazko Korrikan, 2005eko edizioan, Udanako bigarren kilometrotik (testigua
    hartu nuen tokitik eta Oñatirantz bidean) Bergararaino egin nuen korrika. Furgonetan
    Goitb-ko langileak zeuden eta nik kilometro hartako petoa neramanez elkarrizketa
    bat egin zidaten San Prudentzio eta gero. Ondoren etxean ikusi nintzenean,
    ez nintzen errekonozitzen baina polita iruditu zitzaidan.
  4. Txirrindularitzan gaztetan aritutakoa naiz. Nire garaipenik
    handienak Atzeko Kaleko jaietako txirrindulari lasterketa irabaztea (1998
    urtea zen, ia 2000 pezeta irabazi nuen) eta La Miguel Indurainen parte
    hartzailerik gazteena izatea izan ziren. Gainera Gipuzkoako txapelketako
    taldekako erlojupeko batean hirugarren gelditu ginen. Kadeteetara iritsi
    nintzenean ezinezkoa egiten zitzaidan txirrindularitza eta igeriketa
    batera eramatea beraz bigarrena aukeratu nuen.
  5. Nire lehenengo igeri zeharkaldia egiten genuenen artekoa,
    gogorrena aukeratu nuen. Nojakoa hain zuzen ere, 3.500 metrokoa. Baselina
    gutxi eman nintzen gorputzean (hau da igurtzimendu guneak gorri-gorri bukatu
    zuten), ura hotza, noraezean zeharkaldi osoan zehar… Kostata bukatu nuen
    eta esperientzia gehien eman didan igeriketa zeharkaldia izan da.

Eta hau da guztia. Orain meme hau honako hauei
pasatzen diet: Amaia Txintxurreta, Imamon, Teketen, Faka-fakako Iban
Arantzabal
, Faroko Joxe eta Mikel Irizar, piperrautsekoa. Eta nola ez Zuriñe Madinabeitiari.

Euskadiko 6 orduak: festa bat guztiaren gainetik

Atzo berriro ere, bi urte ospatu gabe egon
ostean, Anoetako belodromora itzuli zen Euskadiko pistako txirrindularitzako
probarik garrantzitsuena: Euskadiko 6 orduak.

Ni bi aldiz joanda nago belodromora. Lehenengo
aldian ama eta aitarekin, bigarrenean aitarekin soilik. Familian oso
txirrindularizaleak gara: aitak askotan egin du Quebrantahuesos proba (besteak beste) eta
koinatua berriz profesional ohia da, hori guztiari familia beti atzean dutela gehitu
behar zaio. Doazen lekura doazela ere gu beraien atzean egongo gara. Orain ni
duatloietan hasiko naiz eta antzerakoa gertatuko da.

Atzoko edizioa berezia izan zen. Kirol
emaitzen gainetik, zer esan nahi duen horrelako ekitaldi bat niretzako eta nire
ingurukoentzat azaldu nahi dut.

Euskaldunon afizio garrantzitsuenetakoa

Afizio handia diogu euskaldunok
txirrindularitzari. Kapazak gara orduak eta orduak igarotzeko telebistaren
aurrean etapa lau bat ikusten itzuli txiki batekoa.

Behin profesional bateri entzun nion
defenditzen bere lankide bateri horrelako etapa batean. Irratikoek esaten zuten
ohiko etapa aspergarria zela. Emozioa esprintean egongo zela, ihesaldian zioan
Kelmeko txirrindulari bat pelotoi nagusiari minutu ugari atera arren
harrapatuko zutela.

Txirrindulariak esan zuen etapa hauek ere
politak direla, mutil horrek bere helburua lortzen bazuen izugarria izango zelako.
Zorionez etapa ez zen amaitu bukaerako esprintarekin.

Pista etapa lau bat bezala irudikatu dezakegu.
Birak eta birak eraztun bati ia etenik gabe. Baina berezitasun batekin, esprintak
irabazten dituenak ez du zergatik lasterketa irabazi behar. Horretarako uneoro adi
egon behar dira txirrindulariak, adi egon behar dira nor ausartzen den itzulia
irabazteko saikerakin edo nork erasotzen duen sprintak baino bira batzuk
lehenago.

Espezialitateak ikusgarriak dira: puntuazioa,
scratch, keirin… Emozioz beterik daude helmuga zeharkatu arte ezin baitezakegu
nor den irabazlea esan.

Galvez gogoan

Txirrindularizaleok gogoan dugu Isaac Galvez. Ganten
hil zen
berari gustatzen zitzaiona egiten. Ez zen soilik pistard bat,
errepidean zenbait garaipen lortu zituen. Horra hor bere berezitasunetako bat,
ez zen soilik pistako tituluekin konformatzen.

Astarlozak bete zuen bere tokia. Beste
txirrindulari bikain bat. Pistakoa ez izan arren bikain bete zuena Galvez-en
tokia. Baina Isaac egon izan bazen Llanerasekin, agian azken ematza beste bat
izango zen (2000. urtean garaipena lortu zuten). Paper bikaina burutu zuten
euskaldunak eta munduko txapeldunak.

Oso hunkigarria eta ona Galvezi egindako omenaldia,
bere arrebak jaso zituen lore sorta eta txaloak.

ETB 1 ondo, belodromoa utzik

Aurrenekoz ikusteko aukera izan dut Euskadiko
6 orduak zuzenean telebistatik. Aurreko edizioetan ez dakit ETB1ek zuzenean
ematen zituen, ziur bai ez zuzenean ematen zutela.

Aurten ekitaldi gehiena telebistatu dute
(lauretatik bederatziak arte). Behingoan txalotu egingo dut kanal publikoari. Bigarren
mailako futbola alde batera utzita garrantzia handiagoa eman diote kirol
txikiago bateri.

Hala ere pena eman zidan atzo Anoetako belodromoak. Ez zegoen beteta. Ni
joan nintzenean izugarrizko giroa zegoen eta belodromoa jendez lepo. Atzokoa
ere giroa ziur bikaina zela, gainera inauteriak zirela kontuan hartu behar da,
baina hala ere belodromoa horrelako ekitaldi batean utzik ikustea pena eman
zidan.

Abarzuza inguruan mendi bizikletarekin

Astebukaeran Aiegin izan naiz aitarekin eta beraien lagunekin. Mendi bizikleta hartu eta inguru horretako orografian ibili gara. Argazki hauek adibide garbitzat hartu ditzakegu ze nolako bi egun igaro ditugun hango mendietan.

Elurretan aldapa behera 2

Aldapa behera bizikletatik jaitsita. Sinesgaitza benetan!!! (kar, kar)

Elurretan aldapa behera 1

Hamarretako merezita irabazi genuen.

Hamarretakoa egiten

Ziklokrosa, mugimendu handiko kirola

Gaur pasa den asteko Ostiraleko goienkaria
ikusten Lokatza Ziklismo Eskolakoen artikulu bat irakurtzeko aukera izan dut.
Bertan galdetzen dira ea gure herrian ziklokros lasterketarik ikusiko ote
dugun.

Nire ustez, beraiek esaten duten moduan, kirol
hau berpizten doa urtetik urtera. Hedabideek gero kasu gehiago egiten diete
kirol honi. Eta gure lurraldean Ziklokros proba garrantzitsuak burutu izan dira.
Ez dezagun ahaztu Oñatin munduko txapelketa jokatu zela.

Garrantzitsuena hasteko txirrindulari taldeak
edukitzea da eta hurrengo pausua probak antolatzea izango litzateke. Kirol
taldeak dauden lekuetan antolatzen dira txapelketak.

Oinarria jarrita dugu gure bailaran, orain ona izango litzateke beste
pausu bat aurrerago joatea eta adorea eta kemena erakustea proba bat
antolatzeko.

Ametsak eta helburuak ni bezalako kirol zaletu batentzat (momentuz)

Ni bezalako kirolari batek helburu batzuk
finkatzen ditu denboraldia hasi aurretik eta hau aurrera doan heinean ikusten
ditu gauzatzen edo ez, eta betetzen badira aurrera egiten du bestela planak
aldatu behar dira.

Pentsatzen jarrita zeintzuk diren nire ametsak
eta helburuak zaku berdinean sartu ditut eta hauek direla ondorioztatu dut.
Badakik batzuk eskuragarriagoak ditudala beste batzuk baino baina argi dudana
da gogor egin beharko dudala lan markatutako helburuak betetzeko.
 

  1. Maratoi erdia 1:30etik behera (saiakera
    Maiatzaren 13an).
  2. Aloñako III igoera 1:45etik behera.
  3. Nueva York-eko maratoia egunen batean egitea.
  4. Quebrantahuesos proba burutzea.
  5. 10 kilometroko proban 40 minututik jaistea.
  6. Oñatiko duatloia bo ordutan egitea.
  7. Arrasate Oñati 45 minututan gauzatzea.

Mugikor gogaikagarriak liburutegietan

Mugikorrak gure bizitzaren parte bilakatu
dira. Eta gaur egungo teknologia aurreratuei esker egunak eman ditzakete itzali
gabe. Leku askotan mugikorra erabiltzea debekatua dago eta horretarako jendeak
amatatu beharrean isilarazi egiten du aparailua.

Liburutegietara joaten den jendearen jarrera
gehienetan hori izaten da, baina oraindik pertsona ugari dago ez duena
mugikorra isilarazten. Errespetu falta bat iruditzen zait isilik egon behar den
leku batean jendeak etxean bezala ibiltzea teknologia hauekin besteekin
pentsatu gabe.

Oso gogaikarria da ikasten edo irakurtzen
zaudela, kontzentrazio altua eskatzen duten ekintzak, jarduera eten behar
izatea pertsona batek sakelekoa isilaraztea ahaztu zaiolako. Are gehiago, gero
eta gehiagotan gertatzen dira horrelakoak, eta hori oso larria dela uste dut.

Oñatin ez hainbeste, baina Gasteizen
Elurretako eraikinaren liburutegian jende ugari ikusi dut lotsagabe mugikorrez
hitz egiten. Bakoitzak egin dezala bere autokritika, nik nire kontzientzia
garbi edukitzeko liburutegira sartzen naizen bakoitzean (edo lekuren batera
mugikorra erabiltzea debekatuta dagoena) nire mugikorra itzali egingo dut.

Elurretan korrika

Pasa den astearte arratsalde-gabean Gasteizeko taldekideekin entrenatzera irten nintzen. Elurra bazegoen, baina gutxi. Egunean zehar elurra jausten egon zen, baina korrika egin genuenerako gelditu zen. Gaur ostera arratsaldean berriro hurbilduko naiz Mendizorrotza ingurura korrikan irteteko.

Elur gehiago dago kalean eta gusturago joango gara, seguruago ere ziur asko. Aldapa goran ez dago arazorik, baina aldapa beheran elurra ez dagoen tokitik zapaldu behar dugu eta gogor gainera. Horrek arrisku txiki bat ekarri dezake, baina berdin du.

Lehengo egunean ordu erdi eskas egin genuen lasai-lasai, baina sentsazioa 50 minutu egin genuena izan zen. Alde on bat du horrek, entrenamendu “mamu” bezala hartu dezakegu eta ondorio zuzenak izango ditu iganderako 10 kilometroko Idiazabaleko lasterketarako.