Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Lurraldebus edo Pesa

Azken aste hauetan askotan bidaiatzen dut Gasteizetik Oñatira eta alderantziz. Astearte eta ostegunetan ez dut klaserik edukitzen eta hori aprobetxatuz automobileko gidabaimena ateratzen saiatzen ari naiz.

Oñatira iristeko Gasteizetik edo nire herritik Arabako hiriburura iristeko betik bi autobus hartu behar izaten ditut eta bidaiaren iraupena ordu eta erdikoa da.

Orain dela gutxi Arrasaten hartzen nuen autobusa Oñatira joateko (eta alderantziz) Pesa konpainiakoa zen. Baina ibilgailuak izenez aldatu dira. Orain Lurraldebus daramate aldamenetan ohiko Pesa-ren ordez. Zerbitzua berbera da. Iraupenaren aldetik ere ez da egon aldaketarik. Prezioen aldetik igotzen jarraitzen dute, orain dela gutxi % 5 (KPI-aren gainetik, lapurreta egun argian). Oradin txarteletan Pesa enpresaren izena jarraitzen du. Beraz nire galdera hauxe da: zergatik izen aldaketa ia ezer ez baldin bada aldatu?

Ia ezer. Horretan ezin hanka sartu. Uste dut, eta ez banago oker, Lurraldebus autobusak berriak direla. Baina hala ere nire ustez ez zuten autobusek hobetu behar, zerbitzuek baizik.

Ez delako normala bidaiaren erdian gidariz aldatzea, hori normalagoa da geldialdi batean egitea. Adibidez. Edo norbaitek normal ikusten al du denda batean dendari batek laguntzea zerbait aurkitzen eta hortik bost minututara esatea: joan beharra daukat, hemendik gutxira nire bitartekoa etorriko da eta hark lagunduko dizu, non ikusi da hori? Inon ez, nire ustez.

Tarbes gogoan

Orain dela urte batzuk Aloña Mendiko igeriketa taldean nengoela txapelketa ugari genituen han eta hemen. Urtean bat nahiko berezia zen, Tarbesekoa alegia. Alde batetik atzerrira irteten ginelako, Frantziara, eta beste alde batetik igerileku olinpiko baten ospatzen zelako.

Egun hauetan bueltaka nabil egun horiek gogoratzen. Atzo joan zen berriro delegazio txiki bat gure herriaren izena jakitera ematera. Iragan urtean, oraindik kirol hau praktikatzen nuenean, joateko aukera ez nuen izan azterketen kontuagatik.

Oso giro onean pasatzen genuen astebukaera. Talde bezala hotel baten igarotzea hiru egun guretako gauza berri bat zen. Bizitzan gutxitan pasatzen direnen gauzen artean sartuko nuke esperientzia hau.
Nire garaian gainera Bergarako taldearekin batera joaten ginen. Horretarako beraz autobus handi bat alokatzen genuen. Ez badut gaizki gogoratzen lauzpabost ordu irauten zuen bidaiak, hamaika gauza bururatzen zitzaizkigun ez aspertzeko. Denetarik egiten genuen: xakean jokatu, aldizkariak irakurri, pelikulak ikusi…

Momenturik onena nire ustez larunbat arratsaldea zen. Larunbat jardunaldia bukatu ondoren hotelera joaten ginen eta afaldu baino lehenago bagenituen ordu batzuk libre nahi genuena egiteko.

Frantziako telebistan soilik gure intereserako Eurosport katea zegoen. Eta hor berriro agertzen ziren gure burutazioak monotonian ez jauzteko.

Gainera talde nahiko kosmopolita ginen edadearen aldetik. Generazio desberdinak elkartzen ginen. Kepa Aranbururekin joanda nago (nire baino 4 urte zaharragoa), adibide bat jartzearren.

Txapelketari dagokionez, igerileku olinpiko baten izatean emaitzak ez ziren gure onenak. Baina gogo guztiak uretan uzten genituen.

Nire modalitatea distantzia luzea zen, lehenengo urtean 1500 eta 400 krol egin nuen, 200 bizkar erako proban ere aritu nintzen. Eta bigarrengoz 1500, 400 eta 200 krol egin nuen.

Esan dezaket oroitzapen onak ekartzen dizkidala hiri hori. Eta tourreko etaparen bat hortik igarotzen baldin bada, begiminez ikusten dut egun hori.

Su-etena

Iritsi zen askok eta askok itxarondako notizia. Gehienentzat pozgarri bihurtu zen eguneko berria izan zen atzo eguerdikoa. ETAk su eten bat abiatuko zuela martxoaren 24an.

Ikasle munduan notizia azkar zabaldu zen. Eta oro har ere nahiko azkar ibili zen jendea bata besteari esanaz zer gertatu zen. Telebistak eta internet egiten dutena gaur egun ez du konparaziorik orain dela hogeita bost urteko komunikabideekin.

Leku guztietan pil-pilean zegoen gai bat zen. Kalean beste aire desberdin bat arnasten dela ematen du. Orain ondorioak ateratzeko garaia baino, lana hasteko garaia dela uste dut. Ondorioak eta hausnarketak egiteko denbora soberan dago. Baina lana egin behar da, poliki eta ondo.

Arkeologia historikoan esaldi esanguratsu bat irakatsi zidaten. Datu guztiak bildu ondoren eta aztarnategian lana bukatutzat ematen denean, orduantxe hasten da benetako arkeologia.

Hori gertatu da, hala dirudi, bake prozesuarekin. Irlandan gertatu zen bezala, orain da momentua prozesua habian jartzeko. Eta herritar guztiok egon behar dugu zaku berdinean sartuta.

Espero dut atzokoa amaiera polit baten hasiera izango zela.

Eskerrik asko Goienkariari

Ostirala sorpresatzat hartu nuen nire iritzi artikulu bat Ostiraleko Goinekarian ikustean. Fernando Alonsori buruzko idatzia iritzi atalean azaldu zen. Banekien lehenagotik ere goiena.net-eko blog komunitatean idazten diren pasarte batzuk ostiralero agertzen den egunkarian agertzen zirela.

Ez nuen batere espero. Alde batetik idatzi egiten dut gustuko dudalako eta ez obligazio bat bezala, gainera Nire etxeko leihoa adrenalina soltatzeko tresna bezala erabiltzen dut batzutan. Eta beste alde batetik ez nuelako halako artikulu bat Goienkariko orrietan agertzea espero. Hori bai, beti amets egin dut nire izena orrialde horietan ikustea. Horregatik eskertu nahi diet Goienkarian jarduten duten guztiei artikulua plazaratzea. 19.000 aletan hamaika pertsonak nire artikulua irakurri ahal izatea nolako sentimenduak sortzen didan deskribaezina da.

Eskerrik asko guztioi!!! Idazten jarraituko dudala zin egiten dut, eta beti ahal dudan ondoen. Hurrengora arte!

Fernando Alonso

Atzo hasi zen Bat Formulako 2006ko denboraldiko munduko txapelketa. Urteak joan urteak etorri beti goiz jaiki behar ginen urteko lehenengo lasterketa ikusteko, Australian ospatzen baitzen. Baina aurten hori aldatu egin da, beste gauza asko bezala. Bahrein-eko basamortuan hasi zen ekitaldi berria. Eta a zer nolako denboraldia ikusiko dugun. Uste dut azken urteetako onenetakoa izango dela.

Atzo Fernando Alonsok eta Renault-ek erakustaldi bikaina eman zuten. Pilotuak bere abilezia erakutsiz gidatzerakoan eta taldeak estrategia bikain bat prestatuz garaipena eskura uzteko asturiarrari.

Larunbatean hasi zen benetako zirkua habian. Hor ikusi genuen denboraldi honetako nobedadeetako bat. Kalifikazio sistema. Hasieran korapilotsu samarra dirudiena baina ondo azalduta egonda erraz ulertzen dena. Lehenengo sorpresa ikusi genuen, Raikkonen lehenengo txandan kanpoan geldituta eta igandeko lasterketa azken postuan irten beharra ikustean bere burua. Eta Michael Schumacher alemaniarraren pole position-a lortu zuenean denok nahiko harrituta geratu ginen. Bere bizitzako 65. errekor berri bat ezarriz. Airton Senna brasildarra berdinduz.

Eta iritsi zen lasterketarako eguna. Alonso laugarren tokitik irteten zen, baina hori ez zen izan eragozpen lehenengo bihurgunetan kaisser-aren atzean jartzeko, bigarren postuan. Eta orduantxe hasi ziren estrategia planak lantzen. Pit stop-etan erabakiko zen dena.

Bigarren geldialdian Alonso eta Schumacher berdinduta irten ziren, baina alde ona lehenengoak hartu zuen. Hor egon zen asturiarraren garaipenaren gakoa. Hurrengo 18 biratan alemaniarra zuen atzetik baina hau ez zen Imola, kasu honetan biak berdin zihoazen.

Azkenean Fernando lehenengo, Michael bigarren eta Kimi harrigarri bat hirugarren. Ondorioak ateratzeko garaian ikusi daiteke aurtengo txapelketa ez dela izango birena bakarrik, eta kotxe fidagarrienak irabaziko duela ziurtatu genezake.

Ea datorren astean horrelako antzerako beste ikuskizun polit bat ikusteko aukera dugun. Pena mereziko du goiz jaikitzea igande batean.

Gustatu zitzaidan : Alonsoren pozak adierazteko era, Nico Rosberg gidari alemaniarraren birarik azkarrena eta larunbateko kalifikazioa.

Ez zitzaidan gustatu : Gauza ugari. Ide, Coulthard, Toyota, Barrichello, Montoya, Massa… Batzuk ez dutelako kalitaterik Bat Formula bat gidatzeko eta beste batzuk ez zutelako eman beren maila onena. Publiko eza ere aipatzekoa da, argi ikusi zen gauza ugari diru kontua dela soilik. Telebistako errealizazioa zer esanik ez…

Anekdota bitxi bat : Bahrein-en irabazten duen pilotuak ondoren munduko txapeldun bihurtzen da. Bestela ikusi zer gertatu den azken bi urte hauetan 🙂

Xabierada 2006

Iragan larunbatean zerbait ezohikoa egitea tokatu zitzaidan. Oinez 55 kilometro egitea. Mendillorritik (Iruñea) Xabier-eraino. Goizeko zazpietan habiatu ginen eta hamabi ordu geroago Xabierreko gazteluaren aurrean geunden (tartean hamarretakoa eta bazkaria egin genuen).

Aitarekin eta Nafarroako lagun batzuekin joan nintzen. Koadrila polita elkartu ginen, hamabost lagun inguru. Edade eta lanbide desberdineko jendea zegoen. Gazteena ni hogei urterekin eta zaharrena 60 urtetatik gorakoa zen.

Gauzak aspaldi zeuden antolatuta. Gainera lehenengo urtea ez zenez, esperientzia bazegoen horrelako ekitaldi batean. Hamarretakoa ez genuen eraman beharrik izan, bi lagunek eramango baitzuten ibilbideko hitzartutako leku batera. Horrek asko lagundu zuen, horrela ez baikenuen pisurik eraman behar. Ni motxila gabe irten nintzen. Eta azkenean hori asko eskertzen da. Beste batzuek eraman zuten beraien motxila, baina azken finean xirak eta ura eramateko.

Ni bigarren gazteenarekin, 26urte inguru, egin nuen ibilbidearen lehenengo zatia, eta berak bai eramaten zuen ura. Aliatu bikaina bihurtu zitzaidan Irunberriraino. Buruan iritsi ginen.

Irunberrira iritsi baino lehenago aipatu dudan bezala hamarretakoa egin genuen. Ordubete inguru egon ginen geldi, baina zutik. Ez zegoen non jesarri bat. Eta ondoren aipatu dudan lehengo lagunarekin Irunberriraino.

Ordu biak aldera iritsi ginen. Harrezkero bagindoazen 40 kilometro baino gehiago eta zazpi ordu, horietatik sei oinez. Oraindik beste pare bat ordu eta erdi gelditzen zen.

Bazkaldu ostean berriro ekin genion martxari. Laurak eta erdi inguru ziren. Irunberriko fox-a zeharkatu genuen. Bizitzan ikusi dudan paisai ederrenetakoa. Oso polita iruditu zitzaidan, eta oinez ibiltzeko leku paregabea dela iruditzen zait. Gainera laua da eta antzinan trena igarotzen zen lekutik joaten da bat.

Hori zeharkatu ondoren Yesara bideratu ginen. Dagoeneko erromes ugari ikusten genuen gu bezala. Errepidea izan zen bigarren zatiko elementu nagusia. Hankentzako ez zena batere ona, asko berotzen baitziren eta belaunek asko sufritzen dutelako asfaltoan.

Portu txiki bat igo ondoren % 9ra, Xabier ikusi genuen lehenengoz. Bagekigun ordubete baino gehiago beharko genuela, baina erromesaldian goazen eta Gaztelua eskura zegoen.

Azkeneko kilometroetan asko sufritu harren burua oso alai nuen. Lortu nuen Xabierrera iristea. Zortzi ordu eta erdiren ostean, Xabierrera iritsi ginen.

Orain dela zazpi urte

Orduan hamahiru urte nituen. Xabierrera joatea ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen lortu. 30-35 bat kilometro egin nituen. Urte hura egin zigun euriarengatik gogoratzen dut. Mela-mela bukatu nengoen eta neraman xira ez zuen ura geldiarazteko gai izan.

Azkenean ezezkoa esan nion bideari. Baina aurtengoan baietz esan diot. Irabazi egingo niola, bera eta nire arteko borroka bat zen. Gogo handiarekin habiatu nintzen, eta gauza bat alde izan nuen, euririk ez zigula egin. Egin zuen, baina gu bazkaltzen ari ginen bitartean.

Bideak errespetatu zidan, eta nik errespetatu nion. Azkenean orain dela zazpi urtetatik nuen zorra kitatu dut. Xabierren bosgarren mendeurrenean.

Argazkirik ez, tamalez

Argazki kamara eraman bai, baina ez nuen burua argazkitarako. Tamalez ez nuen argazki bat bera ere ez atera. Sentitzen dut, baina burua gauza batean jarrita duzunean beste gauza guztiak alde batera uzten dituzu.

Ea datorren urtean berriro egiten dudan, eta orduan bai, argazkiak aterako ditut.

Txapeldunak

Igandean Tau Ceramica Baskonia saskibaloi taldea 2006 denboraldiko errege kopa lortu zuen. Partidua ikaragarri baten ostean 80-85 gailendu zion Pamesa Valenciari . Gasteiztarren bosgarren kopa da txapelketa honetan. Atzo arratsaldean 20.000 – 25.000 pertsonak inguruk ongietorria eman genion taldeari. Giro bikaina sortu zen Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30etan zen zita jokalariekin. Ni ikaskide batekin eta erresidentzian bizi diren birekin joan nintzen ikuskizunera. Zortziak baino pixka bat lehentxeago iritsi ginen eta ia utzik zegoen, baina jokalariak iristeko gero eta gutxiago falta zenean, plaza leporaino bete zen.

Sorpresa izan da niretzako gaur goizean bertan 20.000 pertsona egon ginela irakurtzeak. Ez nuen espero zifra hori.

Hasieran Buesan Arenako speker-ak giroa berotzen saiatu zen. Eguraldiak ez zuen asko lagundu. Hasieran, uste dut, denok hotz geundela eta, ez genuen zarata askorik egin. Baina hamar minutura Baskoniako cheer leaders-ak agertu ziren plazako balkoian eta orduantxe hasi zen berotzen giroa. Beraiek musiken erritmoak txalokatzeko agintzen ziguten, eta egia esanda, Speaker bateri baino kasu gehiago egiten zitzaien.

Aker sarrera, izugarria.

Hortik denbora batera Speaker-ak pertsonaia garrantzitsu bat zuela aldamenean esan zuen. Nor izango zen? Aker maskota!!! Taldeko sinboloa. Ezbairik gabe giroa bero-bero zegoen.

Eta jokalarien autobusa azaldu zen.

Zoramena momentu horretan. Balkoiruntz igotzen ari zen momentuan autobusa, denak garrasi batean. Globoak alde batetik bestera. Ez du ahaztuko momentu horiek luzaroan.

Eta ondoren talde txapelduna agertu zen. Denak batera hasieran, eta ondoren binan. Batzuk beste batzuk baino ahots hobeagoarekin (kar, kar).

Baina momenturik hunkigarriena, nire ustez, talde teknikoa joan ostekoa izan zen. Pertsona bat falta zen oraindik aurkezteko. Speaker-ak ezer esan baino lehenago denok geuden: Pera, Pera, Sovic!!! Entrenatzailea. Lehenengo pertsona jokalari eta entrenatzaile bezala irabazten duela Errege Kopa.

Bere hitzak zuzenak eta argiak izan ziren. “Hamar urteetan gauza asko aldatu dira, bat izan ezik: zuek”. Eskerrik asko Perasovic, ez dut ahaztuko zure kirol jarduera Baskonian, eta orain entrenatzaile bezala zaudela, espero dut ez izatea azkeneko aldia Andre Maria Zuriaren plazara joaten naizela zuei ongietorria ematera.

Aupa Baskonia!!!

Ez zitzaidan gustatu: Spekear-ak denbora osoan Campeones, Campeones. Txapeldunak hitzak ere balio duelako.

Azterketa garaiak

Azterketa garai omen da. Batzuk dagoeneko bukatu ditugu, beste batzuk bukatzear daude eta azken batzuek hastear daude.

Azterketak ikasi dugunari buruzko kontrol bat izaten da. Batzuetan errealitatea islatzen da. Beste batzuetan esfortzua.

Batzuk ez dute ezer demostratzeko. Beste batzuek zein den beraien helburua jakin nahi dute.

Hutsegiten dutenek bigarren aukera bat nahi dute. Eta bigarren aukera eduki dutenek askotan ez dute hirugarrenik.

Adi azterketei, askotan islatzen baitute nolakoa den gure bizitza.

Kinttuak

2006ko kinttuak pasatu dira. Aurten gainera nobedade eta guzti. Neskak eta mutilak elkarrekin kantatzen aritu dira. Igandean eduki zuten beraien egun handia. 1988an jaiotakoak kalez kale ibili ziren Santa Agedari abesten.

Ika mika ugari sortzen duen gai bat da kinttuena. Galdera ugari sortzen dira beraien inguruan eta jende ugarik gaizki ikusten ohitura hau. Alde batetik soldaduska dagoeneko ez delako derrigorra eta beste alde batetik gauza ugari puskatzen dituztelako. Lehenengo argudioarekin hasiko naiz. Ados soldaduska dagoeneko ez dela derrigorrezkoa, baina zergatik ez ikusi kinttuan ohitura beste festa baten moduan? Nik horrela ikusten dut. Eta seguru nago askok eta askok ez dutenak Santuetan eta Amabirginetan sinisten abuztuak 15ean jai hartuko dutela.

Zergatik egun hori jai eta kinttuena ez? Ez al dira bi ohitura?

Bigarren argudioari buruz esan behar dudana da denak garela bekatariak. Denok puskatu dugu noizbait zerbait. Ez gara izan txintxo txintxoak jaio izan garenetik. Edo gaurko autopistek ez al dute natura puskatzen eta guk erabili egiten ditugu?

Gainera esan beharra dago, kinttoen ondorengo astelehenean puskatuta agertzen diren gauza guztiak ez dira kolektibo honengatik egindakoak. 10.711 biztanle ditu Oñatik. Edonor izan daiteke erruduna. Eta esperientzak laguntzen nau esaldi honetan.

Horregatik herritarrei dei bat luzatu nahi diet esanez kinttoei uzteko bakean eta festara gehitzeko. Eta zerbait gertatzen baldin bada, pertsona batzuk daude beraien lana dena gauzak normal joatea.

PostData: Eta ez dezagun dena bola berdinean sartu. Esaldi maltzur ugari entzuten baitira, adibidez, “Kinttuak ez dakozue errespetorik”. Kintto denak edo batzuk? Horrelakoak ez gertatzeko bakoitza berera. Edo ez?

Enrike Aranari elkarrizketa

Azkenean lortu dut Enrike Arana oñatiarrari elkarrizketa egitea. Amerikaren Historiarako Sarrera asignatura daukat. Lau hilabeteko lana asignatura hau gainditzeko elkarrizketa bat egitea zen Ameriketara joandako Euskaldun bateri. Nik Henry aukeratu nuen eta 11 traba eduki ondoren azkenean nire helburua bete dut. Bidaiatu beharra nuela eta ezin izan diot lehenago egin elkarrizketa.

Orain astearteko azterketa prestatzen hari naiz beste hirurak ahaztu gabe. Goizeko hamarretan izango da. Lau hilabete osoan emandako materia sartzen da. Beraz, datorren astean bi azterketa. Asignatura: Mediterraneoaren Historia K.a. lehenengo milaurtekoan. Hurrengoa ostiralean: Arkeologia Historikoaren Hastapenak.

Zorte on guztioi eta azterketetan zaudenoi animo.