Xabierada 2006

Iragan larunbatean zerbait ezohikoa egitea tokatu zitzaidan. Oinez 55 kilometro egitea. Mendillorritik (Iruñea) Xabier-eraino. Goizeko zazpietan habiatu ginen eta hamabi ordu geroago Xabierreko gazteluaren aurrean geunden (tartean hamarretakoa eta bazkaria egin genuen).

Aitarekin eta Nafarroako lagun batzuekin joan nintzen. Koadrila polita elkartu ginen, hamabost lagun inguru. Edade eta lanbide desberdineko jendea zegoen. Gazteena ni hogei urterekin eta zaharrena 60 urtetatik gorakoa zen.

Gauzak aspaldi zeuden antolatuta. Gainera lehenengo urtea ez zenez, esperientzia bazegoen horrelako ekitaldi batean. Hamarretakoa ez genuen eraman beharrik izan, bi lagunek eramango baitzuten ibilbideko hitzartutako leku batera. Horrek asko lagundu zuen, horrela ez baikenuen pisurik eraman behar. Ni motxila gabe irten nintzen. Eta azkenean hori asko eskertzen da. Beste batzuek eraman zuten beraien motxila, baina azken finean xirak eta ura eramateko.

Ni bigarren gazteenarekin, 26urte inguru, egin nuen ibilbidearen lehenengo zatia, eta berak bai eramaten zuen ura. Aliatu bikaina bihurtu zitzaidan Irunberriraino. Buruan iritsi ginen.

Irunberrira iritsi baino lehenago aipatu dudan bezala hamarretakoa egin genuen. Ordubete inguru egon ginen geldi, baina zutik. Ez zegoen non jesarri bat. Eta ondoren aipatu dudan lehengo lagunarekin Irunberriraino.

Ordu biak aldera iritsi ginen. Harrezkero bagindoazen 40 kilometro baino gehiago eta zazpi ordu, horietatik sei oinez. Oraindik beste pare bat ordu eta erdi gelditzen zen.

Bazkaldu ostean berriro ekin genion martxari. Laurak eta erdi inguru ziren. Irunberriko fox-a zeharkatu genuen. Bizitzan ikusi dudan paisai ederrenetakoa. Oso polita iruditu zitzaidan, eta oinez ibiltzeko leku paregabea dela iruditzen zait. Gainera laua da eta antzinan trena igarotzen zen lekutik joaten da bat.

Hori zeharkatu ondoren Yesara bideratu ginen. Dagoeneko erromes ugari ikusten genuen gu bezala. Errepidea izan zen bigarren zatiko elementu nagusia. Hankentzako ez zena batere ona, asko berotzen baitziren eta belaunek asko sufritzen dutelako asfaltoan.

Portu txiki bat igo ondoren % 9ra, Xabier ikusi genuen lehenengoz. Bagekigun ordubete baino gehiago beharko genuela, baina erromesaldian goazen eta Gaztelua eskura zegoen.

Azkeneko kilometroetan asko sufritu harren burua oso alai nuen. Lortu nuen Xabierrera iristea. Zortzi ordu eta erdiren ostean, Xabierrera iritsi ginen.

Orain dela zazpi urte

Orduan hamahiru urte nituen. Xabierrera joatea ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen lortu. 30-35 bat kilometro egin nituen. Urte hura egin zigun euriarengatik gogoratzen dut. Mela-mela bukatu nengoen eta neraman xira ez zuen ura geldiarazteko gai izan.

Azkenean ezezkoa esan nion bideari. Baina aurtengoan baietz esan diot. Irabazi egingo niola, bera eta nire arteko borroka bat zen. Gogo handiarekin habiatu nintzen, eta gauza bat alde izan nuen, euririk ez zigula egin. Egin zuen, baina gu bazkaltzen ari ginen bitartean.

Bideak errespetatu zidan, eta nik errespetatu nion. Azkenean orain dela zazpi urtetatik nuen zorra kitatu dut. Xabierren bosgarren mendeurrenean.

Argazkirik ez, tamalez

Argazki kamara eraman bai, baina ez nuen burua argazkitarako. Tamalez ez nuen argazki bat bera ere ez atera. Sentitzen dut, baina burua gauza batean jarrita duzunean beste gauza guztiak alde batera uzten dituzu.

Ea datorren urtean berriro egiten dudan, eta orduan bai, argazkiak aterako ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude