Hileko artxiboak: iraila 2011

Oñatiko jaixak 2011

Hasi dira. Urte bat gehiago,
urte bat gutxiago. Pasa dira ia 365 egun azkeneko San Migeletako jai
egunetik. Atzo eman zitzaion hasiera Oñatiko 2011ko jaiei.
Txantxikuaren jaitsierak eta Nagusien Danborradak hartu zuten
protagonismoa atzo.

Iaz ez nintzen egon herrian
(arrazoi pertsonal batzuk medio). Aurten hasieran egon naiz eta
onartu beharra daukat pixka bat ahaztua nuela nolakoa zen herriko
giroa. Atzoko anbientea oso polita iruditu zitzaidan. Txantxikuaren
jaitsieran jende asko zegoen. Gainera, edade guztietakoa. Lekua jende
guztiak duen ezaugarrietako bat. Aldarrikapenez beteta, gauza bat
erabat zuzena. Jaia eta aldarrikapena uztartu daitezkeelako, eta
horrek ez duena usten atzo, adibidez ez zen egon Txantxikuaren
jaitsieran. Ez litzateke arrotza edo probokazio bezala hartu behar
horrelako gauza bat.

Ondoren, gauean, plazara
hurbildu nintzen Danborradaren amaiera ikustera. Irudi politaz
gozatzeko aukera izan genuen: plaza jendez inguraturik, berriro edade
guztietako pertsonekin, danborradaren azken minutuak ikusi eta
entzun.

Programa konpletoa deritzot.
Faltan bota dezakegu gauz bat edo beste (adibidez Mendi Bizikleta
ibilaldia), baina Oñatiarroi eta kanpotik etortzen direnentzat
ondo pasatzeko aukerarik ez zaigu faltako.

Zorionak Oñatiar
guztioi! Ongietorri kanpotar guztiak! Ondo pasau Oñatiko
jaixak!


Emakumezkoen Txirrindularitza, Munduko Txapelketa

Kopenhagen
Txirrindularitzako Munduko Txapelketa errepidean ospatzen ari
egunotan. Bihar izango da plater nagusia, gizonezkoen elite
probarekin. Bitartean astean zehar kategoria txikiagoak eta emakumeak
aritu dira erlojuz kontrako eta iraupen probetan, baita eliteko
gizonezkoak asteazkenean erlojuz kontrako proban.

Gaur emakumezko
eliteak aritu dira. 140 kilometro izan dute aurretik helmugara iritsi
aurretik (14 kilometroko zirkuitu bati 10 itzuli). 13:30etan ekin
zaio probari eta hiru ordu eta 20 minutu eta gero Bronzini italiarrak
irabazi du urrezko domina, Vos holandarrak zilarrezkoa eta
Teuntenberg alemaniarrak brontzezkoa. Hauek ziren proba irabazteko
hautagai nagusiak. Aipatu behar da Eneritz Iturriaga euskalduna 25.
postuan iritsi dela. Guztira 40 txirrindulari baino gehiago iritsi
dira lehen multzoan, seinale zirkuitua ez dela batere gogorra.

Junior mailan,
70 kilometroko proban, Garner Britainiarra gailendu da. Bere atzetik
Druyts belgikarra eta Siggaard danimarkarra. Irene Usabiagak 13.
postua lortu zuen. Erlojupeko probetan berriz, elite mailan Arn
alemaniarrak gailendu zen. Zeelanda Berriko Villumsen izan zen
bigarren eta Pooley britainiarra hirugarren. Leire Olaberriak 26.
postua eskuratu zuen, eta horrekin datorren urteko olinpiadetan parte
hartzeko aukera, eta Eneritz Iturriagaetxebrriak 35. amaitu zuen.
Junior mailan espezialitate berean garaipena Allen
australiarrarentzat izan zen. Bigarren Barker britainiarra eta
hirugarren Kröger alemaniarra. Irene Usabiagak 16. tokian amaitu
zuen.

P.d.
Lotsagarria Teledeporteren jarrera. Munduko Txapelketa bateko probari
baino ATP250eko partida bati eman diote lehentasuna. Lotsagarria!!!
(gero esaten dute kalitateko telebista gauzatzen dutela).

Bipolarrak dira

Hezkuntza
arloan, “murrizketarik gabeko” lurraldea izango da Euskadi
(irekia atarian)

Azken
aldi honetan hori entzun ahal izan diogu Isabel Celaa Eusko
Jaurlaritzako hezkuntza sailburuari. Hauteskundeak gertu daude eta
hori oso nabaria da. Talka egiten du ikustea agintarien jarrerak
bipolarrak direla. Hots, A esaten dut baina mikrofonoak eta kamerak
ez daudenean nire aurrean aurrean B egingo dut. Bipolarrak dira.

Eta
hori zergatik esaten dut? Ez dago dudarik: hezkuntzan murrizketak
jasaten ari gara. Nafarroan 200 irakasle kalera, beno beraien
hitzetan, ez dituzte kontratatu. Ondorioz Foru Erkidegoko irakasleek
greba deitu dute urriaren 27rako. Araban, diputazioak ez ditu eskola
liburuak dohain izatea nahi. Eta zeinen laguntzarekin gobernatzen du
UPNk Nafarroan eta Alderdi Popularrak Arabako Diputazioan?.
Erauntzuna oso erraza da: Nafarroako Alderdi Sozialista eta Euskadiko
Alderdi Sozialistarekin hurrenez urren.

Aurrekontuak
onartzen direnean eta armagintzan eta errege etxean sarrerak igo egin
dituztela esan dezatela berriro hezkuntzan edo osasunan ez dituztela
murrizketarik egiten. Ja!

Nabari
da bi hilabete barru hauteskunde orokorrak izango direla. Alderdi
Sozialistako kideen ezkerreko diskurtsoa agerikoa da (gutxienez iazko
garai ez oso urruti batekin konparatuz gero: lan, pentsio eta
negoziazio kolektiboaren erreformen garaia). Horrela uste dute
salbatuko direla, edo gutxienez hartuko duten kolpea ez dela oso
handia izango baina…

Pilak kargatuta!

Hasierak beti izaten dira gogorrak. Esperientziak esaten dit zerbaitetan murgiltzen denean bat lehenengo pausoak direla zailenak. Erritmoa pixka bat hartu ez gara ongi sentituko.

Gizaki gehienoi gertatzen zaiguna gure egunerokoan irailean aipatutako hori izaten da. Udako egunik beroenak igaro dira (teorian – badirudi irailean tenperatura beroez gozatu ahalko dugula). Oporrak gehientsuenentzat amaitu dira, batez ere langile eta ikasleentzat. Abuztua eta uztaila deskantsatzeko garaia izan da. Bi hilabete horiek urtean zehar egiten ez ditugun gauzak egiteko aprobetxatu ditugu askok.


Iraila hasi da. Gure bailaran nabaritu da biztanleen itzulera egunerokotasunaren errealitatera. Goizetan eskoletan pertsianak igo egiten dira eta leihoetatik eguzkia berriro sartzen hasi da eraikin hauetara. Errekreo orduan ikasleen builak entzun daitezke leku hauetara hurbiltzen bagara. Inguruko lantegien eraginez mugitzen diren kotxe kopuruak gora egiten du goizeko lehen ordu eta bazkalorduetan. Eta aldaketa hori nabaritzen da goizetan herri batetik bestera mugitzen baldin bagara.


Urtero bezala, pertsonalki, pilak kargatu ditut 2011-2012 ikasturteari aurre egiteko. Aurretik erronka interesgarri ugari, helburuak ere. Horietako bat blog honetan maizago idaztea. Anjel Lertxundik bere azken eleberria atera zuenean aipatu zuen asko lagundu ziola egunero Berrian idaztea. Askok ikusiko zenuten Oriotarra euskarazko egunkarian egunero daukala bere tokia Iritzi atalean. Ez ditu hitz asko erabiltzen, baina hitz kopuru txiki horiekin gauza asko esaten ditu.


Amaitzeko animoak eman berriro zereginetan hasten zareten guztioi eta ez ezazue burua jaitsi arazoen aurrean. Bizitzari burua jasota aurre egin behar diogu!

Bero-bero dago itsasoa!

Urte batzuk dira irailean ez nintzela kantauri itsasoan bainatzen. Azken aldia Donostiako Klub Nautikoko igeriketa zeharkaldian izan zen, iraileko bigarren astebukaeran izaten dena.


Atzo iparraldera joan nintzen arratsalde pasa, nengoen tokitik hurbil zegoen eta aprobetxatu beharra zegoen. Lapurdiko Getaria ikusi nahi nuen. Ingurua ezagutu, baina herrira joan aurretik Bidarteko hondartzan pasa nuen pare bat ordu. Aipatzen dute hegoaldeko euskal kostako hondartzak eta iparraldekoak ezberdinak direla. Beno momentuz bakarra zapaldu dut eta hori horrela dela esan dezaket. Hegoaldean ohituta gaude hondartzak areazkoak izatera. Bidartekoa hondartza mixto bat dela esan dezaket, hots, area badauka baina harria ere. Hala ere, oso ondo dago arratsalde pasa egoteko iraileko egun batean: kotxea aparkatzeko tokia, jende askorik ez, leku ikusgarria…


Gainera atzoko baldintza klimatikoek lagundu zuten arratsaldea ona izan zedin. Tenperatura beroak agian eguzkipean egoteko baina ura… ura bero zegoen! Beno, 22 gradutan Andoni Aizpuruk esan zuen bezala ordu batzuk lehenago ETB1eko eguraldi iragarpenean… baina ur freskoak atsegin zaizkion batentzat ura bero zegoen! Ta olatuen egoerak bainua perfektua izan zedin lagundu zuen. Metro eta erdiko altuerakoak. Uste dut inoiz ez naizela bainatu itsasoan horrelako olatu motekin. Ertzetik nahiko hurbil apurtzen ziren. Dibertitu nintzen hauek harrapatzen saiatuz, hori bai, surf taula gabe.


Badirudi, aurreko urteekin konparatuz gero eta batez ere uztail-abuztua hilabeteekin alderatuz gero, eguraldi ona egingo duela. Aprobetxatu beharko dugu eta kosta inguruan bagabiltza hondartzara hurbilduko gara bainu bat edo beste ematera. Oñatin bagaude aldiz, Usakoko inguru berdeetara joango naiz (again uren tenperatura baxuek toki honetan ez didate ausardia nahikoa emango bainu bat emateko baina atsalde goxo bat gerizpean egoteko balioko dit).