Hileko artxiboak: urria 2007

Igandeko paseoa

Ohitura bitxi bat bilakatu zait igande
arratsaldetan Gasteizen egiten dudana. Kasualitatea izan da azken bi aste bukaera
hauetan Gasteizera etorri behar izan naizela eta bietan arratsaldean pasiora
irten naizela zeregin batzuk nituelako.

Gainera kasualitatea diot, bi kasu horietan
goizean zerbait egin izan dudalako. Iragan astean Urduñako mendi duatloia eta
aste honetan San Roman de Campezon mendi bizikleta irteera bat.

Baina hala ere gustura irten naiz bi aldi
horietan eta Gasteizeko haize freskoa aurpegian sentitzea izugarria iruditu
zait. Uste dut aste bukaeratan gehiagotan etortzen banaiz eta zereginik ez
eduki harren kalean, paseo hori ematera irtengo naizela (eguraldiak laguntzen
badu, kar, kar, kar…).

Periostitisa, berriro amesgaizto ez mesedez

Iragan urtean azaro bukaeran eta abendu
hasieran Gasteizeko maratoi erdia prestatzen ari nintzela min galanta jasaten
hasi nintzen peroneetan. Mediku batek esan zidan periostitis izan zitekeela, hasierako
fase bat. Horregatik zapatiletako loturak aldatu behar izan nuen (batzuetan
harritu egiten da jendea nire zapatiletako loturak ikustean).

Gainera ikusten nuen ez nindoala aurrera nahi
bezain arin eta emaitzak ez izan harren onak, denborak mantendu egiten ziren
baina asko sufrituz. Beldurra izan nuen denboraldian lehen aldiz, kolokan jarri
nuen nire parte hartzea Gasteizeko maratoi erdian, baina zorionez deskantsuarekin
min hura pasa zitzaidan eta lasterketan parte hartzeko eta amaitzako aukera
izan nuen.

Orain berriro iazko mamuak itzuli zaizkit nire
barrenera. Min beldurgarri horrekin ari naiz borrokatzen ez galarazteko nire
aurtengo helburuak betetzen (Behobia-Donostia herri lasterketa eta Gasteizeko
Maratoi Erdia besteak beste). Gauetan izotza jartzen hasi naiz. Entrenamendu
gogorrak eta asko egin harren orain bi asteko tarte bat daukat entrenamendu
lasaiagoak egiteko. Ea horrela den eta iazko minak ez zaizkidan etortzen.

Hotz Gasteizen

Badirudi udazkenean eduki dugun txolloa
eguraldiarekin amaitu zaigula Gasteiz aldean. Iragan ostiralean mendiko
bizikleta hartu nuen eta Landara egin nuen joan etorria. Gezurra badirudi ere
kulote motza eta maillot bat mahuka gabekoa eraman nuen. Arratsalde hartan tenperatura
ez zen oso beroa bizikletaz ibiltzeko, ezta ere larregiko hotza.

Gaur ordea eguna goizean goiz lainotuta irten
da eta horrek kalean neguko freskoa jasatea eragin du. Beraz hemendik aurrera
etxetik irteten garenean arropa gehiago eraman beharko dugu.

Hala ere, ni ez naizenez oso normala eguraldiarekin (gehiengoaren kontra
gustatzen zaidalako joatea batez ere) nahiago dut hotza beroa baino, kar, kar,
kar.

Nafarroa Oinez 2007 Vianan

Gaur Gorka Julioren Teketen 2.0 blogean
irakurri ahal izan dut SOS bat Nafarroa oinez-eko antolatzaileen eskutik. Horregatik
nik ere mezu bera hel nahi dizuet, ez dago oso ondo tratatua, baina ezer baino
gehiago bada:

Aupa!!
Urriak 21ean jende asko behar da lan egiteko Nafarroa Oinezen eta itota gauz.
Txoznetan, zainketan, dendan e.a. etan behar da laguntza.
Zuetako batzuk ezin izango zarie honaino gerturau baie ziurrenik ezagun pila
edukiko dozuez egun horretan lan egiteko prest. Beraz, hemen lagatzen dizuet
Oinezeko mugikorra: 688609913 edo bestela ikastolara hots egin dezakezue
(Erentzun ikastola, Biana): 948446265
Pasa telefonoak hortikan ta zabaldu beharra zeuen lanpostuetan edo ingurutik.
Zeuen laguntza barik jaia ez da aurrera aterako eta ikastolak latzak igaro
ditzazke.

Besterik gabe, ahal baldin baduzue, ez ezazue
galdu aukera Nafarroako ikastolen jaiaz gozatzeko!!!

Kirol txartela, edo nola burokraziak izugarrizko indarra duen

Gasteizen nagoenetik ikasten urtero unibertsitateko
kirol txartela atera izan dut. Aurten lehen aldiz Gasteizeko udalak kudeatzen
du zerbitzu hori eta nola ez hamaika gauza egin behar dira ditxosozko agiria
lortzeko.

Lehenik eta behin esan beharra dago nire
lehenengo urtean (2005-2006 ikasturtean) txartelak soilik 6 bat euro balio
zuela, eta bigarren urtean izugarrizko gorakada jaso zuela 22 eurora arte.

Aurreko urteetan txartela egiten genuenean Arabako
kanpuseko errektoreordetzan, momentuan ordaintzen genuen bankuko txartelaren
bitartez. Aurten gauzak aldatu egin dira, lehenengo Arabako Vital Kutxara
hurbildu behar zara eta kontu batean sartu aipatutako 22 euroak. Ondoren joan
Herritarraren laguntzarako bulegoren batera eta han egin txartela. Horretarako
diru sarketaren froga eraman behar duzu eta matrikularen orria, baina,
sinatuta!!! Hori da gehien harritu nauena.

Matrikula egiterakoan ez ziguten eman
matrikularen agiririk, helbide elektronikora bidali ziguten, ezer sinatu
gabe!!! Nola nahi dute ba sinatzea soilik matrikularen agiria eskatzen
badute???

Aurten ikusi dut burokrazia handiagotu egin
dela Euskal Herriko Unibertsitatean eta zerbitzu bat oinarrizkoa izan beharko
zena ikasleentzako, abentura batean bilakatu da.

Biharamuna

Atzoko bi gertaera Bilbo inguruan zapore
mikatza utzi digu euskaldunoi. Lehenengoa ETAren atentatua, horri buruz aipamen
txiki bat egin nahi dut blog honetan, ez delako gai bat albo batera utzi
daitekeena. Atzoko erasoa PSEko bizkartzain bateri gaitzetsi beharra dago
indarra ez delako bidea gauzak lortzeko. Horregatik blog honetatik eskatu nahi
dut utzi dezagula alde batera biolentzia eta has gaitezela hitz egiten guztiak
guztiekin. Gatazka konpontzeko entzuten jakin behar da eta bi aldeetatik ekintzak
egin behar dira.

Beste gertakaria, ez dena atentatuarekin
konparatu behar inola ere eta beste maila batean ikusi behar dena. Gainera,
aldi berean, notizia ona izan daitekeena batzuentzat eta aukera galdu bat
besteentzat: Bruce Springsteen-ek emango dituen kontzertuan sarreren agorpena
izan zen.

16.000 sarrera ordu eta erdian. Horrek esan nahi duelako Euskal Herrian
jarraitzaile ugari dituelako The boos jaunak. Eta beste alde batetik, gutxi
batzuek gozatuko dute magiaz beteriko gau batez. Horiei, nire zorionik beroena
sarrera lortu izanagatik. Eta besteoi esan, ni bezala seguruenik beste
aukeraren bat izango dugula Bruce Springsteen ikusteko.

Ron Dennis, urteko punkia

Orain dela hilabete inguru Eskorbutoren Historia triste liburua
irakurri nuen Diego Cerlanek idatzia. Bertan aipatzen zuen punk mundua
kontraesanez beteta zegoela eta hori azaltzeko Eskorbutoko taldekideen hainbat
esaldi erabiltzen zituen. Adibiderik garbienetakoena beraiek esan zutela HB-ren
kontzertu batean jo zutela eta beste egun batean HB-ren aurkako kontzertu
batean aritu zirela.

Esan dudan bezala, azkenengo bi esaldi horiek
punk munduan agertzen den kontraesana dakar azalera. Atzo, bat formulako
Txinako saria ospatu ostean, urteko punkarra agertu zen prentsan. Ron Dennis
dugu pertsona hori, Lewis Hamilton eta Fernando Alonsoren nagusia.

Bere herrialdeko prentsaren aurrean deklaratu
zuenean atzokoan Fernando Alonsoren aurka aritu zirela eta ez Kimi Raikkonenen
aurka esan zuen, azken hau aurkako taldean egon arren eta asturiarra bere
gidarietako bat izan arren. Txanda Espainiako medioen aurrean iritsi
zitzaionean aldiz aipatu zuen McLaren dela munduko txapelketako talderik
garbiena eta bere bi gidariak berdin tratatzen dituela.

Bi deklarazio horietan ez al dago
kontraesanik? Zerbitzari baten ikuspuntutik bai. Azken finean punk mundua ez
dago hilda eta alde guztietatik agertzen dira kultur mugimendu honen
jarraitzaileak.

Eta
galdetzen naiz:
Agertuko al dira punk gehiago urteko
azkenengo sari nagusian? Noiz azalduko ditu Renault-ek bere datorren urterako gidariak? Alonsoren familia Renaulteko motorhomean McLarenean izango al du zerikusirik? Egongo al da McLaren taldean poztuko den norbait
Asturiarrak irabazten badu munduko txapelketa? (Eta ez ditut galdera gehiago egingo bestela bihar amaituko nuke artikulua).