Migel Altuna eskola, eraikin berriaren ondotik, San Martin edo Agirre deritzon auzorantz abiatu gara. AgIrre baserriak, gaur ere, harrituta utzi gaitu: haren tamaina, edertasuna, elementu arkitektonikoak, arkupea (lau arkuduna, Gipuzkoan bakarra), ateetako dekorazioak… Bejondeiela, jabeei.
Fatxada nagusiko ataria, garaiaren ondoan dagoena, ez zegoen hor hasieran. Ziur aski XVIII. mendean eraikiko zuten. Jatorrizko eraikinak ojiba-ateak eta egurrezko bilbadura ditu. Garaiak, baserriak eta inguruak osatzen duten multzoak duen balioa kontuan hartuta, probintziako «Monumentu Historiko-Artistiko» izendatzeko modukoa da. (Bergara.eus)
Garaia (Bergarako eran esanda «Garaixe»ra edo «trokia»ra) Agirre baserriaren ondoan dago. XV. mendearen lehen erdiko benetako garai bakarra dugu Gipuzkoan. 1983-1985ean Udalak konpondu egin zuen, bere jabetzakoa da eta. Telesforo Aranzadi jaunaren ikerkuntza-dokumentuen arabera, badirudi baserria gure Done Martin Agirreren (1567 – 1597) etxea izan zela. MDCCXLI urteko beatifikazioari buruzko grabatuan dagoen baserria ere Agirre omen da. (Bergara.eus)
Gure lagun Idoiak, garaixeri buruzko zenbait azalpen eman dizkigu: bere egitura guztia egurrezkoa dela, iltzerik gabekoa; barruan kutxa handi bat zerealak gordetzeko dagoela, eta ganbararen bi aldeetan fruituak gorde eta lehortzeko erabiltzen zituztela…
San Martin gurutze ingurutik, ikusmira ederra dago Bergara zein Arrasaterantz. Hemendik aurrera, aldaparik apenas, San Martzial ermitarantz. Giro lasaian eta aldarte alaian, bagoaz.
Bira polita gaurkoa ere. Zenbat txoko politak gure inguruan, esku-eskura. Turismo berdea, baztar ederrak ezagutzeko, ez dago urruti joan beharrik, ez horixe!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2022/02/11/bergara/
https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2023/05/16/bergara-san-martzial-bira/