Gaur Untzillara, Aramaioko elizatea, ibilbide berria guretzat. Olandiotik gora, Murugaineko bidean, Naparrena baserriraino; hortik Etxezurirantz, aurrera egin, eta, marka zuri-horia azaltzen den horretan, gorantz doan bidea hartu. Eskuinerantz, Murugainera darama. Paisaia ederra aurrean duguna. Bidea ona, lasaia.
Muru, etxe taldeak atentzioa deitu digu, orain artekoak baserri solteak, hemen, aldiz, hirurak elkarrekin, oso gertu. Etxe ederrak; horietako baten atarian loreontzian fruta arbolak: limoiondoa, laranjaondoa eta mandarinaondoa; fruituak ikusita, gustuko tokian daude, argitsua eta iparretik babesean. Bertan zegoen lagunak zenbait azalpen eman digu, horien artean, antzinean leku horretan dorretxe bat zegoela (1592), Galartzakoaren antzerakoa. Toki estrategikoa hau ere.
Untzilla eliz atarian bueltako bidea nondik egingo dugun aztertu eta erabaki dugu. Hiru aukeretatik, Suñatik jaitsi eta Gesalibarreraino; han nekearen arabera, Aramaioko busa hartu edo oinez Arrasateraino. Beherantz, ba!
Gaurko paseoa neurtu dugu: Biteritik abiatu eta Gesalibarreko elizaraino 10 kilometro eskas izan dira. Neurri egokia guretzat eta oso gustuko ibilbidea, gomendagarria. Eskertzekoa gaurkoa prestatu duten taldekideei (Loli, Elena, Begoña, Idoia…), bejondeizuela, lagunok!!
INFORMAZIO OSAGARRIA
- ELIZATEA, eliza baten inguruan dagoen auzoa edo baserri multzoa da. Euskal Herriko udal egituraren oinarrizko unitatea zen eta erabakiak hartzeko herriko elizaren atarian auzokide guztiak biltzetik zetorkion izena. Gaur egun, Aramaion gehiago erabiltzen da auzoaren kontzeptua. (Aramaio.eus)
- https://aramaio.eus/aramaio-ezagutu/elizateak/