2026-2027 ikasturtea. URRIA

ADINEKOEN NAZIOARTEKO EGUNA ARRASATEKO ITURBIDE EGOITZAN (2026-10-01)

ARRASATEKO NAGUSIEN ASTEA: Iturbideko egoiliarrekin belaunaldien arteko paseo alaia egitera hurbildu dira: txistulari taldea, Arizmendi Ikastolako Erizaintzako ikasleak, sasoibide kideak eta zenbait herritar.

Arrasateko Pertsona Nagusien Astearen barruan, eguraldiaren iragarpenaren ondorioz, Sasoibidek Iturbideko egoiliarrekin ostegunerako antolatutako paseoa bertan behera utzi behar izan da. Horren ordez, bingo saioan murgilduta, giro alaia eta hunkigarria sortu da. Txistularien soinu goxo eta alaiak lagun izan dira linea eta bingo kantatzerakoan. Egoiliarren poza, ikasleen ospatzeak, laguntzaile guztien irribarreak, irrintzi indartsuak… Eta saioa amaitzeko, kalejira alaia bitartekoz, egindako lagun berriak elkar agurtu dute. Laster arte, hunkituta!!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://mondraberri.eus/euriak-zapuztutako-paseoa-bingoa-bihurtu-dute-iturbideko-egoiliarrek/

sasoibide+: SAN BALERIO, MEATZERREKA, ETXALDEBARRI (2026-10-07)

Gaur, asteazkena, ikasturte berriaren lehen irteeran hamabost lagun elkartu gara, horietako bi berriak, ongi etorriak, beraz. Eguraldi iragarria iluna da, euri zaparrada ugariak… Baina orain, 15:00etan, ateri dago eta eguzkia zulatu nahian, beraz, lasai abiatu gara. San Balerio inguruan geundela, lehen zaparrada. Aterkiak zabaldu, eta bertan aterpea hartu dugu! Atertu duenean, bideari jarraitu diogu. Baina ez du asko iraun. Oraingoan, inongo zalantzarik gabe, aurrera. Aterkiak zabalik eta kontu kontari oinez jarraitu dugu ibilbide guztia egin arte. Hau arratsalde bustia, zaparrada indartsu eta etengabeak gaurkoak. Aurtengo bataioa jaso dugu, zalantza barik!.

Udazkena heldu dela bistan da, bidea orbelaz estalia, mendiko koloreak gorritzen hasiak… Lurra bigunduko duen euria goxo, etengabe bustitzen. Bazegoen premia, bai. Beraz, ONGI ETORRIA!!

ARRASATEKO BEGIRATOKIA (2026-10-08)

Gaur giroa atseginagoa; eguzkia ere keinuka ibili zaigu. Gure gidari Amelia eta Enkarniri jarraika, San Joxepeko zubitik gora. Tentazioa ezin pasatzen utzi, eta panoramika hori argazkian islatu dugu. Udazken koloreak nabarmentzean hasiak daude, izan dugun lehortea ere ikusgai… Bira lasai hori giro onean egin dugu. Bukaera aldera, Elik mendietan ikusten ditugun marken esanahia birgogoratu digu: GR (marra zuria eta gorria); PR (zuria eta horia), Bertako mendi bideak (zuri eta berdea). Beti dator ongi kontzeptuak argitzea. Eskerrik asko, lagun.

Paseo polit eta suabe horri bukaera Zigarrolan eman diogu amaiera, kafetxo bat hartuaz. Hasi dugu ikasturtea gogoz eta alai… Datorren astera arte!!

sasoibide+: SALBURUA, GASTEIZ (2026-10-14)

Gaurko beroa, urriaren garai honetarako sinestezina, 30 gradu ere ikusi dugu termometroetan. Salburuara joateko, paregabea. Horko zuhaizpean gustura, gerizpe atsegina, hala ere, egarri gara eta ura freskagarririk egokiena. Idoiaren argazkietan islatzen den guztia erakargarria da, natura, lasaitasuna, adiskidetasuna… Zalantzan bazaude, zatoz gurekin!

GARAGARTZA (2026-10-15)

Garagartzarantz abiatu gara, Gernika paseotik Garaia ingurura. Han, Edertektik bidean aurrera, ezkutuan dauden etxe batzuekin topo egin arte. Bidea moztuta, ezin aurrera egin. Gero beste bide bat probatu dugu, baina ea Garagartzara helduko ote garen zalantzan murgilduta, azkenean atzera jo dugu. Hurrengo batean, denboraz etorriko gara, guretzat ibilbide berririk ba ote dagoen aztertzera. Giro epel eta eguzkitsu honekin, sasoibideko lagunekin kontu kontari, martxan… Gustura guztiok!!!

sasoibide+: URIBARRI GANBOA (2026-10-21)

Paseo atsegina gaurkoa ere bai.

BIXI BIZI TAILERRA: INDARRA, PROPIOZEPZIOA (2026-10-22)

Gustoz, irrikaz, hurbildu gara Bixi Bizi tailerra egitera. Xabinek eta hiru ikaslek egin digute ongietorria. Haiekin batera, Beñat, eta gure Angelines, hura ikustean, harrituta. Txikitan, bere besoetan izan zuen, zainketa lanetan… Gaur, bien arteko goxotasuna, konplizitatea nabaria da, hunkigarria.

Xabinek gaur oso berri ona eman digu: azarotik aurrera, asteazkenero, guretzat indar tailerra antolatuko dute, SASOIFIT, hain zuzen. Guztiontzat jakina da egun indarra lantzeak duen garrantzia, beraz, aukera izango dugu eta bere onurak jaso. Oso begi onez hartu dugu berria, bada osasuntsu eta indartsu ikusi nahi baitugu elkar.

Bixi Bizi tailerra amaitu ondoren, ibiltzeari ekin diogu. Kalean, dendetako zenbait erakusleiho behatu ditugu, gau beltzarako bereziki girotuta daude eta. Dendarien lana, gustua eta imajinazioa nonahi ikusgai. Herrian daudenak ikusi eta gero, Ibaiarteri adierazi diezaiokegu zein den norberaren gustukoena. Guri Joslekoa gustatu zaigu.

sasoibide+: ZUBILLAGA (2026-10-28)

Gaur Zubillagara joateko Etxezarretatik pasatu gara, hango lorategia txukunduta, ederra, gozagarria dago. Giro goxo honekin bertan gelditzeko tentazioa izatea ulergarria da. Geuk, aurrera jarraitu dugu, gure helburua Zubillagaraino heltzea da eta. Udazken koloreak bistaratzen ari dira, horiekin batera, udaberriko berde biziko belarra, kontraste bitxia, Naturaren oparia da gure begientzat.

Zubillagara heldu eta monolitoa ikustera hurbildu gara, eta bere inguruan sortu den kontakizuna osatzen saiatu gara. Nafarroako lantegi batetik ekarria, oparia izan zela… Milak telefonoan begiratuta, 2024ko notizia izan zela, 3.500 kiloko harritzarra dela… Gure blogean jasota dago. Beraz, 2024ko azaroako orrian begiratuko dugu. Eta hor, Zubillagan, bueltan, Arrasaterako bidea hartu dugu. Eguzkiaren indarra moteltzen, freskura ageri, beraz, pausua biziagoa markatu eta etxe aldera. Gustura, gaur ere bai!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://goiena.eus/oinati/1729364937600-bistaratu-dute-zizurtik-onatiko-zubillaga-auzora-ekarri-duten-harri-landua

https://goiena.eus/oinati/1729241531151-zizurtik-zubillagara-heldutako-harri-landua

ZIGARROLAKO BEGIRATATOKIA (2026-10-29)

Gu guztiontzat toki atsegina da Zigarrolako begiratokia, eta gaur bertara hurbildu eta gozamena izan da bertan, patxadan egotea, kontu-kontari. Beherakoan beste bide bat hartu, eta orbelaz estalitako bide galdua aurkitzen saiatu gara. Handik eta hemendik, batzuetan erraz, bestetan adarrei helduta, elkarri lagunduaz… Abentura parkea zirudien bueltako bidea. Tartean, barre batzuk… Gustura amaitu denean. Eta, are gusturako gure lagunen urtebetetzea ospatzeko hartu dugun mokadutxoaz. ZORIONAK neskak, eta URTE ASKOTARAKO!!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *