EKAINA, 2026

sasoibide+: ASUELA, BEDOÑA (2026-06-03)

Arratsalde beroa gaurkoa, udako giroa, beraz arbola arteko bidetik gustura. Eta meriendatxoa egiteko aitzakia topatzea erraza da. Egun polita gaurkoa ere.

SALBURUA (2026-06-04)

Eguraldi eskasa izan arren, Salburuara joatea beti da atsegina. Naturak eskaintzen dizkigunak behatzeko gaitasuna gugan dago, sarritan bere edertasuna, bakea eta bitxikeriek egiten dute bisita hori berezia izatea. Gaurkoan ere ala izan da. Bazkari goxo eta umore onean eman diogu bukaera irteera honi.

sasoibide+: GARAIA, GARAGARTZA… (2026-06-10)

Gaurkoan norabide aldaketa, gure inguruak zenbait aukera eskaintzen digu eta ez da zaila bide galduetan ibiltzea. Beti ere atsegina. Hau gozamena!

MIRABALLES (2026-06-11)

Miraballes igotzea gustukoa dugu, bide ezaguna, erraza eta berehala ikusmira ederra eskaintzen diguna. Beherakoan ere, trial parkean, entrenamendua ikusteko aukera izan dugu. Jolas parke berezia da

sasoibide+: GASTEIZ (2026-06-17)

Udako arratsalde honetan, plazer bat izan da lagunekin Gasteizen paseatzea, beste hiri bat deskubritu dugu. Ederra izan da!

IRTEERA BEREZIA ETA IKASTURTEKO AZKENA: ENKARTERRIA (2026-06-18)

Enkarterri Bizkaiko mendebaldeko muturrean dago, Bilbotik oso gertu. Enkarterrirantz abiatu gara, Zallara heldu eta hor hasi dira gure zalantzak; gpsak ez du beti informazio zuzena eman, bide estuak, seinale adierazgarri falta… baina azkenik, Galdameseko Loizaga Dorrearen sarrera gure aurrean azaldu da. Zer ikusiko museo horretan? Sorpresa nagusi, Rolls-Royce munduko bilduma onenetakoa bertan dago ikusgai. Guztira 75 autoz osatua, ikusgarria: Rolls-Royce amerikarrak zein Europakoak; besteak beste, baita ere, Hispano-Suitza, Ferrari, Isotta Fraschini, Ford, Maserati… Sekulako espektakulu estetikoa, horien artean, filmetan ikusitako auto ezagunak, agintari historikoek erabilitakoak… Zein aukeratu galdetuz gero, ez genuke berehalako erantzuna botako, alajaina. Hain ederrak dira…

“Museo paregabea da munduan, Erdi Aroa eta mekanika, eskualde baten historia eta automobilak mendeetan zehar izan duen bilakaera batzen dituena”

Abellanedako Batzar Etxea (Sopuerta) mendeetan zehar eskualdeko askatasun politikoen ikur izan zen. Eta bertara joan gara. Abellanedako bilerei buruzko berririk zaharrenak 1394koak dira. 1500. urteaz geroztik, Enkarterriko kontzeju bakoitzak ordezkari bat bidali zuen batzarretara. Orduan eraiki zen lehen Batzar Etxea, eta birmoldaketa sakonak jasan ditu gaur egun duen itxura hartu arte. Gernikan bezala, hemen ere haritza arbolaren inguruan biltzen ziren ordezkariak.

Sasoibideko, urteko asanblada egiteko unea heldu da, eta ikasturtean zehar egindako lana eskertzekoa ere bai. Komunikazio mailan egindako guztiagatik (hileroko kartelak, oharrak…) Lourdes, Loli eta MªJoseri, batetik; eta bestetik, irteeren diseinua eta egindako gida lanagatik Miren Argi, Marije eta Idoiari. Blog hau elikatzeko, sortu dituen argazki kopurua eta edertasunagatik, aurtengo Argazki Saria, eta ongi irabazita, Idoiari.

Hurrengo ikasturterako, sasoibideren antolaketa berrirako egin den proposamena aho batez onartu da. Beraz, hiruhile bakoitzeko irteerak diseinatu eta gidatuko dituzten hiruko taldeak osatu dira. Hau guztiaren zehaztapenak uztailan egingo den bileran adostuko dira.

Eta azken bisitari ekin diogu, Enkarterrietako hiri nagusira, Balmasedara. Balmaseda, Bizkaiko lehenengo hiribildua, Enkarterriko hiriburua da eta Gaztela eta Leonera sartzeko Euskadiko atea. Giza bizitzaren lehenengo aztarnak historiaurrekoak badira ere, hiribilduaren titulua 1199ko urtarrilaren 24an eman zion Lope Sánchez de Mena Bortedoko jaunak, Logroñoko forua eman zionean; horrela, Bizkaiko jaurerrian sortutako lehenengo hiribildua izan zen. Hiribildua sortzeko arrazoi nagusiak hauexek izan ziren: batetik, kokalekua oso egokia zen mendien eta ibaiaren artean hiri gotortua eraikitzeko eta bestetik,Gaztelaren eta Bizkaiaren arteko merkataritza ibilbideak, antzinako galtzada erromatar baten gainean eraikitakoak. Erdi Aroan Balmaseda merkataritzako gunea izan zen eta Gaztelako Erresumako aduana nagusia Kantauri aldean. Badirudi Juan II.ak berak ezarri zuela Balmasedan «lehorreko portua» izenekoa, Gaztela eta Kantauri itsasoko portuen (Laredo, Castro Urdiales edo Bilbo) arteko itsas trafikoaren ondorioz hamarrenak biltzen zituena. Alde horretako gainontzeko «lehorreko portuak» Balmaseda, Urduña eta Gasteiz ziren. Balmaseda.eus

Egun borobila gaurkoa, Euskal Herriaren historian sakondu eta toki esanguratsuak ezagutzeaz gain, lagunartekoa ere oso atsegina izan da. 2026-2027 ikasturteari heltzeko guztiok ilusioz eta indarberriturik. Bejondeigula!!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://www.visitbiscay.eus/eu/loizaga-dorretxea

https://torreloizaga.com/museo-del-automovil/

https://www.alboanenkarterri.com/museo-de-enkarterri/

https://www.balmaseda.eus/eu-ES/Udala/Gertakari-Historikoak/Orriak/default.aspx

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *