EKAINA

sasoibide+, ERRONKA: HAITZULO eta ORKATZATEGI 869.m (2025-06-04)

Ekaineko lehen irteera erronka ziragarria, ametsetako toki liluragarria: Haitzulo. Araotz bidean, formazio berezia da Haitzulo; urak sortutako koba. Mila, gure laguna, izan dugu gidari. Taldean abiatu eta kobara heltzean, halako harridura sortu da sekula bertan egon gabekoen artean. Ezin ase eszenatoki eder honi angelu guztietatik begira; argazkiak egin, oihartzuna probatu… Ikusgarria!!

Hemendik mugitzea kosta, liluratuta baikaude, baina Orkatzategira abiatu gara. Bidean aurrera, tontorretik gertu gaudenean, lainoa sartzen hasi zaigu. Zalantza izan dugu, baina aurrera ez jarraitzea erabaki. Hurrengo batean ere izango dugu panoramaz gozatzeko aukera. Goazen ba beherantz, eta txalo bero bat gure gidariari, Milari. Bejondeizula!

ORO, Aretxabaleta (2025-06-04)

Gaur, Martin, Udaleko kirol teknikaria, gurekin etorri da. Ibilbidea hasi aurretik beroketa dinamiko eta dibertigarria egiten jarri gaitu. Eta gu, gustura! Atal fisikoaz gain, arreta eta memoria landu ditugu. Oinak, erreflexuak, bernak, besoak… minutu gutxitan, astindu bizia. Bejondeizula, Martin!

Gorputza zeharo esnatuta, Ororantz abiatu gara. Aretxabaletako kanposantutik gora, mendiko bidea berde-berde; udaberri euritsuak, epel horrek, indar berezia eman dio naturari. Eta guk berarekin bat egin dugu. Heldu gara, aska , arropak garbitzeko harria, iturria… Auzoko etxeak behatu, eta badago aniztasuna horretan, panorama, bistak, laburbilduz, toki atsegina bezain baketsua. Nondik itzuliko ote garen, Bedoñatik edo Aretxabaletatik, zalantza, eztabaida. Lokatzaren beldur, bigarrena izan da gaur gure aukera.

E.A.

sasoibide+: ARRAGA, Aramaio (2025-06-11)

ERRONKA: DONOSTIA, ULIATIK PASAIARA (2025-06-12)

Ulia mendiak hainbat bitxikeria biltzen ditu, horietako bat: Ulia toponimoa gaskoia da, Miramón, Amara eta Aiete bezalaxe. XX. mendearen hasieran jolas parkea eraiki zen. 1902an, Ategorrietatik bisitariak jolas-parkera hurbiltzen zituen tranbia inauguratu zen; garai hartakoa da Uso-tiro jatetxea, Errota Zaharra kafetegia, hiru begiratoki: arranoaren haitza, baleazaleen haitza, erregearen haitza. 1907an, 280 metro luzeko aire-funikularra inauguratu zen, Torres Quevedok asmatua. Funikular horrek, aldi berean, 14 pertsona eraman zitzakeen, 28 metroko desnibela gaindituz. Hala ere, Uliako jolas-parkea desagertu egin zen, Igeldoko parke berriaren bultzadaren ondorioz, eta 20ko hamarkadan, tranbia-zerbitzua ere eten egin zen. (www.donostiasecreta.com)

Erronka lortua!! Bazkaldu, atsedena hartu, ikusi eta egindako guztia hausnartuz, bizitakoaz gozatzen jarraituko dugu.

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://www.donostiasecreta.com/monte-ulia-de-donostia-san-sebastian/

sasoibide+: ERRONKA, TELLAMENDI 834m. (2024-06-18)

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://alavaentusbotas.blogspot.com/2021/03/belamendi-el-monte-de-los-cuervos.html

https://es.wikipedia.org/wiki/Tellamendi

ARRASATEKO BALKOIA eta OHIKO ASANBLADA (2024-06-19)

Ikasturteko azken irteera honetan, jada, eguzkiaren beroa sumatzen da; beraz, gustura hartuko ditugu ibilbideko gerizpeak. Bide ezaguna izan arren, ohikoa izaten da aldaketak aurkitzea, horrela, kontu-kontari horretan, arretaz goaz. Zelako aldaketak zelaietan, zuhaitzak indartuta, loreek bere kolore ederrak eskaintzen, baserri atariak edertuta, begien atsegina; mendiko markak PR (hori eta zuria), GR (zuri eta gorria)… Eliren azalpena arretaz jasotzen dugu oraingoan ere. Ibilbide motza eta atseginaren bukaeran, Musakolarantz, urteroko bilera egitera.

Ibilaldiaren ondoren, 2025eko Ohiko Asanbladari ekin diogu, Musakolako Jubilatuen Elkartean

2024-2025 ikasturteko datuak hauexek dira: astean bi irteera egin ditugu, asteazken arratsaldean mendi aldera (sasoibide+), eta ostegunetan irteera arrunta. Guztira 62 egin dira eta 1.226 lagunek parte hartu dute. Partaide kopurua goraka doa, bereziki irteera berriak egiten diren horietan. Guztiok berri zaleak garen seinale, halajaina. Lehiaketetan, aldiz, partaidetza urritu egin da: VI Argazki Lehiaketan bi lagunek bidali dituzte beraien lanak, Bego Arrietak eta Luis Rozasek, hain zuzen. III Ibilbide Berrien Lehiaketan, aldiz, inork ez du lanik aurkeztu. Hala ere, aipamen berezia jaso dute Milak, Idoiak eta Marijek, ibilbide berriak prestatzen eta gauzatzen egin duten lan bikainagatik. Txalo zaparradaren artean, hurrengo urterako, idatziz aurkeztea eskatu diegu.

Sasoibide zazpi urtetan zehar, ibilbideak antolatzen, gure ingurua hobeto ezagutzen, lagun taldea sortzen, eta pertsonen arteko sareak ehuntzen saiatu izan da. Hurrengo ikasturtean, zortzigarrenean, sasoibideko antolaketan aldaketak izango dira. Gutariko lagun batzuk ardura berriak hartuko dituzte, bai ibilbideak antolatzen eta gauzatzen, baita komunikazio lanetan ere. Aurrera begira, guztion indarrak batuta, sormen eta umore horrekin, ilusioz ekingo diogu etapa berri horri. Bai horixe, zalantza barik!!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://mondraberri.eus/sasoibideko-23-lagunek-irteera-bat-egin-dute-arrasateko-balkoira/

https://goiena.eus/komunitatea/Sasoibide/1750331387354-arrasateko-balkoian-izan-gara-sasoibidekoak

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *