Naparrena baserrirantz, Murugain, abiatu gara Ekutiano (Ikutixo) baserri inguruko bidetik. Arretaz ibili beharreko bidea eta markei (zuri-horiak) ondo erreparatuta, desbideraketa asko baitago; guztietatik gorantz egiten dela dirudi, baina… ez genuke galduta ibili nahi!
Inguru politak, zainduak, landak lorategia dirudi ; eta etxeak ere, dotore, pake-pakean edertasunean murgilduta.
Baztergain-azpi
Murugain bidea Naparrena MJ.U.
Naparrena aurrez-aurre, Aretxabaletako mugetan gaude eta baserriaren izenaren zergatia galdetuta, zera esan digute: garai baten Nafarroako «obispaduarena» zela eta hor arrazoia; Jose Letona historian adituak etxeak 300 urtetik gora zituela adierazi omen zien. Makina bat historia kontatuko lituzkete bere hormek… 1936ko gerran oso kaltetuak gelditu ziren, eta bertako jabeak (hargina ofizioz) berregin zituen. Gertu dagoen Etxezuri baserriak, hori ere Aretxabaletako lurretan, garai baten Murube izena omen zuen. Mila esker hori guztia kontatzeagatik, gustuz hartzen dugu inguruko historiak ezagutzea eta.