Apotzagara!

Marijek proposatuta, San Blasetan Aretxabaletako ermitara joateko plana egin genuen, baina, covid-a dela eta, herritik ezin irten gelditu ginen, mugak itxita. Aurrerago, Elik Aretxabaletatik Apotzako bidea egitea eskaini zigun; aurrez prestatu, nondik norakoa, bidea eta denborak neurtu zituen. Horrela, buseko ordutegiei begiratu, eguna finkatu eta hor non, gaurkoan, kuadrillan bertaratu gara.

Aretxabaletara busean eta Portasoletik, Txarapea kaletik Apotzaga-Etxeberriko bidea hartu eta gorantz.

San Bernabe ermita 1996an zaharberrituta, eraikin dotorea. Barruan, San Roke eta San Trokazen irudiak, beraien ermitak jausi eta horra ekarri zituzten. Aldarean XIII.eko tailla bat dago, San Migel parrokiatik ekarria.

Apozagako hilerria da Eskoriatza udalerriko izen bereko elizatearen osagai nagusietako bat, XX. mendearen bigarren erdian eraikia. Garai bateko hileta tradizioak (harrespil/cromlech) gogoratzen dituen harrizko harresi txiki batez inguraturiko eraikin zirkularra da, oso bitxia.

Anastasio Otadui Apotzagako erretorea zen kanposantua berriztu beharra sortu zen garaian; sormen handikoa eta ekintzailea izanik, euskal tradizioan oinarritutakoa eraikitzea proposatu zuen, eta López de Goikoetxeak gauzatu. Horrela azaldu digu bere alabak, Mª Carmenek.

Parrokia honek aztarna arkitektoniko erromaniko eta gotikoak ditu, eta baditu hainbat ezaugarri aipagarri, batez ere, arku zorrotzeko lau arkiboltadun portada.

Apotzaga toki estrategikoa da, garai batean Arabatik Gipuzkoarako pasua; egun, auzo polita eta zaindua, dotorea! Bertako Pilarrek eta Pilik oso ondo hartu gaituzte, parrokiako ateak zabaldu, azalpenak eman batek; besteak, auzoko bideak eta paseo aukerak erakutsi eta azkenik, bertako gereziak probatzeko aukera eskaini. Mila esker biei!

Umore onean eta atseginez agurtu dugu auzoa, Eskoriatzarako bidea hartu eta etxera bueltatu. Ederra gaurko irteera ere eta eguraldia, paregabea.

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/apozagako-hilerria/hilerri-irekia/eskoriatza/-apotzaga-elizatea-auzoa/fichaconsulta/2003

https://sitioshistoricos.com/anteiglesia-de-apotzaga/

https://eu.wikipedia.org/wiki/Anastasio_Otadu

ihttps://www.turismodebagoiena.eus/eu/zer-egin/izurieta-galartza-gellao-eta-apotzaga-elizateak-pr-gi-92/

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *